(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2017 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legea indargabetzen dueña Nota de Vigencia.

BON N.º 71 - 11/04/2017



ATARIKOA

Nafarroako Foru Parlamentuak 1981eko urriaren 26an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako banderari eta armarriari buruzko Araua. Hauxe dio haren 4. artikuluak: “Arau honen funtsezko edukia Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko oinarrien negoziazioetatik irteten den testuari gehituko zaio”.

Nafarroako banderari eta armarriari buruzko Arau horretan xedatutakoa betetze aldera, Foru Diputazioak 1981eko azaroaren 12ko Erabakiaren bidez onetsi zuen Nafarroako armarriaren grabatuaren eredu ofiziala, bai eta haren banderarena ere.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak Nafarroako armarria eta bandera definitzen ditu 7. artikuluan, honela:

“1. Nafarroako armarria osaturik dago hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez, kate-mailazko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela, eta ororen gainean, berriz, errege koroa, antzinako Nafarroako Erresumaren sinboloa.

2. Nafarroako bandera gorria da, erdian armarria duela.”

Nafarroako sinboloei buruzko maiatzaren 28ko 7/1986 Foru Legearen bidez zehaztu zen ezen Nafarroako sinboloak zirela Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 7. artikuluan jada jasotakoak; hau da, bandera eta armarria; eta, horiez gain, ereserki gisa Gorteen Himnoa, zeinak, atarikoan adierazten zenez, jatorria Erresumaren sarrerarako martxa-n baitu, Nafarroako Gorteak beren bilkurak egitera Ederraren Aretorantz iragaten zirenean Iruñeko Katedralaren klaustroan interpretatua.

Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen atarikoan honela esaten da: “Gai honi buruzko aurreko lege-arautzeek ez dute izan Nafarroan behar adina elementu juridiko botere publikoek modua izan zezaten eragingarritasunez zuzendu ahal izateko afera honetan izan diren eta gaur egun ere izaten diren irregulartasun ugari: zenbait udaletan Euskadiko Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala baizik ez dute jartzen, beste batzuetan Euskadiko Autonomia Erkidegoko bandera Espainiakoarekin eta Nafarroakoarekin batera, nahiz eta ageri-agerikoa den Nafarroa ez dela autonomia erkidego horretako parte. Euskadiko erkidegoaren sinboloa agertzeak irudi okerra eman dezake, erakundeen aldetiko errealitate faltsu batena hain zuzen”.

24/2003 Foru Legeak, Nafarroaren oinarrizko hiru sinboloen erabilera erabat arautzeaz gain, “botere publikoei egintza jurisdikzional eta administratiboetarako aukerak eskaini nahi dizkie sinbolo horien erabilera sustatzeko eta, bereziki, babesteko”. Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak hainbat demanda aurkeztu dituzte administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, foru lege horren 4.1. artikuluan oinarrituta, zeinak ondokoa xedatzen baitu: “Foru lege honetan xedatutakoaren kontra doazen egintzak eta ebazpenak, edozein korporazio edo aginterenak, erabat deusezak izanen dira. Horien inpugnaziorako ekintza publikoa izanen da eta Nafarroako Gobernuak administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan inpugnatu ahalko ditu, errekerimendua egin ondotik betiere, toki araubideari buruzko legerian ezarritako baldintzetan”. Halaber, “administrazio arau-haustetzat hartuko dira lege honetan jasotako aginduak urratzea dakarten jokabideak”. Seigarren artikuluaren arabera, “eraikuntza edo egoitza administratiboetan Nafarroako bandera bereizgarri gisa publikoki erabiltzeak ezinezko bihurtzen du haren ondoan aldi berean besterik jartzea, non ez den Espainiakoa, Europakoa, eta Nafarroako toki entitate bakoitzak duena”; horrenbestez, zuzenbidez guztiz deuseza da bestelako banderen erabilera.

1981ean lehen aldiz arautu zenetik Nafarroako armarriaren eta banderaren erabilera, metaturiko esperientziak erakutsi du ofizialki Nafarroako sinbolo gisa ezarritakoak ez diren beste batzuen bazterketaren eta debekuaren bideak ez duela ezer ere konpontzen. Aitzitik, azken batean bultzatu den lege-arauketak bidea eman du konfrontaziorako eta toki entitate desberdinetan sinbolo ofizialekin batera gehiengoen onespena zuten sinboloen debekurako.

Nafarroan akordio politiko eta instituzionala lortu arte, herritarren asmo zilegi guztiak biltzen dituen eta barne-hartzailea den sinboloen foru lege berri bati buruzkoa, beharrezkoa da indarrean dagoen Sinboloei buruzko Foru Legea indargabetzea, sinboloei buruzko tolerantzia- eta integrazio-politika demokratiko bat garatu ahal izateko.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legea indargabetzen da.

Xedapen iragankorra .–Sinboloei buruzko foru lege berri bat onetsi arte, Nafarroako ereserki gisa mantenduko da “Gorteen Himnoa” deiturikoa.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko apirilaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1704447

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web