(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2017 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, zergadunak zoru-klausulei dagokienez babesteari buruzkoa.

BON N.º 71 - 11/04/2017



ATARIKOA

2013ko maiatzaren 9an, Auzitegi Gorenak zoru-klausulen neurrigabetasuna aztertu zuen 241/2013 zenbakidun epaian, eta klausula horien deuseztasuna deklaratu zuen. Hala ere, deuseztasunak ez zuen eraginik izanen gauza epaituaren indarra duten ebazpen judizialen bidez behin betikoz erabakitako egoeretan, ez eta 2013ko maiatzaren 9a baino lehen ordaindutako kopuruetan.

Auzitegi Gorenak denbora-muga ipini zion atzeraeraginari. 2015eko martxoaren 25eko epaiaren bidez, Auzitegi Gorenak atzeraeraginkortasunaren muga berretsi zuen. Doktrina gisa hauxe ezarri zuen: 2013ko epaian ezarritako doktrina aplikatzearen ondorioz zoru-klausula bat neurrigabetzat jotzen denean, mailegu-hartzaileari 2013ko epaiaren argitaratze-datatik aurrera ordaindutakoa itzuliko zaio.

Hala ere, Espainiako zenbait auzitegik, Europar Batasunaren zuzenbidean oinarrituta, zalantzan jarri zuten Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean, auziaurreko zenbait igorpenen bidez. 2016ko abenduaren 21ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-154/15, C-307 /15 eta C-308/15 gaiei buruzko epaia eman zuen, eta epai horretan erantzuna eman zien aurkeztutako auziaurreko arazoei.

Epai horren bidez, Justizia Auzitegiak esan du Kontsumitzaileekin egindako kontratuetako abusuzko klausulei buruzko Kontseiluaren 93/13/EEE Zuzentarauaren 6.1. artikulua zentzu honetan interpretatu behar dela: hain zuzen ere, aurka egiten diola harako jurisprudentzia nazionalari, zeinaren bidez denbora-muga ezartzen baitzaio kontsumitzaile baten eta profesional baten arteko kontratu bateko klausula baten abusuzko izaeraren deklarazioarekin –zuzentarauaren 3.1. artikuluaren araberakoa– lotura duen itzulketa-eraginari, halako moldez non itzulketa-eragin horiek mugatzen diren aipatu klausularen abusuzko izaera deklaratu zuen ebazpen judiziala eman zenetik aurrera klausula hori aplikatzearen ondorioz bidegabeki ordaindutako kopuruetara soilik.

Horren ondorioz, 2017ko urtarrilaren 21ean argitaratu zen “Estatuko Aldizkari Ofizialean” Zoru-klausulen alorrean kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urtarrilaren 20ko 1/2017 Errege Lege-dekretua. Zioen azalpenean adierazten denez, araudi berriaren xedea da “bide erraz eta ordenatua ezartzea, kontsumitzailearentzat borondatezkoa izanen dena, ahalbidetuko duena kreditu-entitatearekin akordio batera iristea, haien arteko desadostasunak kopuru horien itzulketaren bidez konpontzeko”. Kontuan hartuta itzulketa horrek eragin fiskalak sortzen dituela, horretaz gain arautzen da entitate finantzarioekin eginiko akordioetatik eratorritako maileguen interes-tipoak mugatzeko klausulak itzultzeagatik jasotako kopuruen trataera fiskala. Horretarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudia aldatu da.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoak xedatzen du Nafarroak, foru araubidea dela-eta, ahalmena daukala bere tributu araubidea ezartzeko, mantentzeko eta arautzeko. Ahalmen horri dagozkion eskumenak erabilita, arautu beharrekoa da Nafarroako zergadunentzat zer zerga-eragin dituen maileguen interes-tipoak mugatzeko klausuletatik eratorritako kopuruen itzulketak, entitate finantzarioekin eginiko akordioen ondoriozkoak.

Horregatik guztiagatik, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari –ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia–, eragina izanen duena indarrean sartu zenetik urtarrilaren 20ko 1/2017 Errege Lege-dekretua, Zoru-klausulen alorrean kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzkoa, eta preskribatu gabeko lehenagoko ekitaldietatik.

Artikulu bakarra.–Xedapen gehigarri berri bat, berrogeita hamabigarrena, gehitzea ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginari.

“Berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria.–Maileguen interes-tipoak mugatzeko klausuletatik eratorritako kopuruak entitate finantzarioekin eginiko akordioen ondorioz itzultzeagatik edota epaiak edo arbitraje-laudoak betetzeagatik jasotako kopuruen trataera fiskala.

1. Zerga honen zerga-oinarrian ez da sartuko maileguen interes-tipoak mugatzeko klausulak aplikatu izateagatik lehenago sorturiko interesak direla-eta entitate finantzarioei ordaindutakoak diren kopuruen itzulketa, haiekin eginiko akordioen ondoriozkoa, esku-diru nahiz bestelako konpentsazio-neurrien bidezkoa, ezta haiei dagozkien ordain-interesak ere.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako itzulketaren xede diren kopuruek, zergadunak aurretiaz ordaindu dituenek, ondoko trataera fiskala izanen dute:

a) Zenbateko horiek aurreko ekitaldietan ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkariaren zati izan baziren, zenbateko horiek direla-eta kenkaria aplikatzeko eskubidea galduko da; hala, entitate finantzarioarekin akordioa egin zen ekitaldian sorturiko kuota likidoari gehitu beharko zaizkio; soilik, kasuko likidazioaren bidez tributu-zorra zehazteko Administrazioak duen eskubidea preskribaturik ez dagoen ekitaldietan bidegabeki kendutako kopuruak, berandutza-interesak sartu gabe.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako gehikuntza ez zaie aplikatuko entitate finantzarioak, ukitutako zergadunarekin akordioa egin ondoren, maileguaren printzipala murriztera zuzenean bideraturiko zenbatekoei.

b) Zenbateko horiek gastu kengarritzat hartu baziren halako ekitaldietan non Administrazioak kasuko likidazioaren bidez tributu-zorra zehazteko duen eskubidea preskribaturik ez dagoen, izaera hori galdu eginen dute eta ekitaldi horiei dagokien autolikidazio osagarria eginen da, zehapen, berandutza-interes edo errekargurik gabe, akordioaren dataren eta zerga honen autolikidazioa aurkezteko hurrengo epea amaitzen den dataren arteko epean.

c) Zergadunak zerga honengatiko autolikidazioa aurkezteko epea amaitu gabeko ekitaldietan eta entitate finantzarioarekin kasuko zenbatekoak itzultzeko akordioa egin baino lehen ordaindutako zenbatekoak eta aurreko a) letrako bigarren lerrokadan aipatzen diren zenbatekoak ez dira sartuko ohiko etxebizitzan egindako inbertsioagatiko kenkari-oinarrian, eta, halaber, ez dira gastu kengarritzat hartuko.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, era berean, 1. idatz-zatian aipatutako kopuru-itzulketa egin bazen ebazpen judizialak edo arbitraje-laudoak exekutatzearen edo betetzearen ondorioz.

4. Finantza-entitateek Nafarroako Foru Ogasunari ziurtagiri bat igorri beharko diote, eta hartan jaso beharko dituzte epaiketaz kanpoko akordioen, epai judizialen edo arbitraje laudoen exekuzioaren edo betetzearen terminoak, aurreko idatz-zatietan xedatutako neurrien tributu-kudeaketa errazte aldera.

Horretarako, honako hauei buruz informatu beharko dute:

–Itzultzen diren kopuruez, edozein dela ere horretarako hautatutako modua (eskudirutan itzultzea, mailegua gutxitzea edo beste batzuk), zein urtetako ordainketak diren zehaztuta.

–Ukitutako zergadunaren edo zergadunen identitateaz.

Informazio-betebehar horren ez-betetzea tributu arloko arau-haustea izanen da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 72. eta 74. artikuluekin bat”.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko apirilaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1704446

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web