(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2017 FORU LEGEA, martxoaren 9koa, zeinaren bidez indargabetzen baita otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa.

BON N.º 58 - 23/03/2017



ATARIKOA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ahalegin handia egin du, eskualde-industrialdeak eraikiz industriarako lurzorua sustatzeko. Jarduketa horien osagarria izan da udal industrialdeen garapenerako laguntza. Helburu horrekin eman zen otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa.

Gaur egun, industrialde urbanizatuen eskaintza nahikoa da balizko eskariari erantzuteko, nahiz eta batzuetan bat ez etorri azken ekitaldietan atzemandako beharrak eta dagoen lurzoru eskaintza. Behar berri horiek aldakorrak dira, eta mota askotakoak: lurzorua prestatzea lehendik kokatuta dauden jarduerak areagotzeko; lanak egitea, egun dauden industrialdeei zerbitzu berriak emateko; enpresen eskura jartzea lurzorua ez, baizik eta lokal txikiak, enpresa ekintzaileak hasierako fasean bertan ezartzeko, etab.

Behar berri horien ondorioz, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea ez da jada hain tresna eraginkorra enpresei kokalekuak emateko behar berriei erantzuteko.

Toki mailako industrialdeak sustatzeko laguntzak arautzeko foru lege bat egiteko arrazoia izan zen Diru-laguntzei buruzko Foru legea egin gabe zegoela garai hartan, eta lege horrek ezartzen zuela, laguntza-mota gisa, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren hobari bat. Gaur egun, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubideri lotu behar zaizkion Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen laguntzak; horrenbestez, ez da beharrezkoa lege mailako arau baten bidez arautzea toki mailako industrialdeetarako laguntzak.

Aitzitik, laguntzak lege mailakoa ez den xedapen baten bidez antolatzea egokiagoa da, aukera emanen baitu unean-unean malgutasunez ezartzeko atzemandako beharrei erantzuteko behar diren laguntza neurriak. Hori dela eta, bidezkoa da indargabetzea otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa, indarrean utziz Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren 100eko 95eko hobaria, 4. artikuluko c) letran araututakoa.

Artikulu bakarra.–Indargabetzea otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa.

Indargabetzen da otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzkoa, 4. artikuluko c) letra izan ezik, zeinaren bidez Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren 100eko 95eko hobaria ezartzen baita, jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sortzeko helburuz toki entitateei egindako lur-eskualdatzeetan, baita toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenetan ere.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko martxoaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1703234

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web