33/2017 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 19KOA, ESKUBIDE SOZIALETAKO KONTSEILARIAK EMANA, ETXEBIZITZA ARLOKO V. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA ONESTEN DUENA, 2017RAKO ETA 2018RAKO
BON N.º 38 - 23/02/2017
ERANSKINA. ETXEBIZITZA ARLOKO V. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA 2017RAKO ETA 2018RAKO
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak Nafarroari aitortzen dio eskumen esklusiboa etxebizitzaren arloan, baita lurraldearen antolamenduaren arloan eta hirigintzarenean ere. Nafarroako Gobernuari gai horietan dagozkion botere eta eginkizun publikoen gaineko lege multzoan zehazten da eskumen hori. Eginkizun horietako bat ikuskatzea da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40.1.c) artikuluak xedatu bezala.
Nafarroako Etxebizitzaren Babes Publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea onesteak bultzada handia ekarri zion ikuskatze lanari etxebizitza arloan. Arauak bazuen titulu bat, osoa, etxebizitza arloko iruzurra kontrolatu eta aurreikusteari buruzkoa, eta hura garatuz onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen plana, 2009an eta 2010ean indarra izan duena.
Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeak ere, bere aurrekoaren ildoari jarraituz, titulu oso bat du etxebizitza arloko iruzurraren kontrolari eta aurreikuspenari buruz. Arau honetan nabarmendu behar da lehen aldiz arautzen dela etxebizitza arloko ikuskatze lana, baita horren eginkizunak eta hura baliatzearen ondoriozko akten edukia ere eta, 60. artikuluan, Foruzaingoaren laguntza aurreikusten du.
10/2010 Foru Legearen 57. artikuluak etxebizitza arloko biurteko kontrol eta ikuskapen planak prestatzen jarraitu beharrari ekiten dio; izan ere, ikuskatze lanari aplikatutako plangintzaren teknikak hark eskatzen duen objektibotasuna ziurtatzen du, eta indar handiagoa ematen die arauei berezkoak dituen ahalak erabiltzeko orduan.
Etxebizitza arloko biurteko kontrol eta ikuskapen planaren helburuak zehazteko eta zenbateraino betetzen diren ebaluatzeko lankidetza organo gisa, Nafarroako Gobernuak, 2008ko maiatzaren 12ko bilkuran, departamentu arteko Koordinazio Batzordea sortu zuen Nafarroan etxebizitza arloko iruzurra kontrolatzeko.
Hauek dira onetsi eta abian jarritako plangintzako tresnak: Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako I. kontrol eta ikuskapen plana (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa), 2009ko eta 2010eko ekitaldietan indarra izan zuena; Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urtarrilaren 18ko 7/2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako II. kontrol eta ikuskapen plana (2011ko martxoaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), 2011ko eta 2012ko ekitaldietan indarra izan zuena; Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 24ko 115/2012 Foru Aginduaren bidez onetsitako III. kontrol eta ikuskapen plana (2013ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 22koa), 2013ko eta 2014ko ekitaldietarako; eta Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 29ko 97/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako etxebizitza arloko IV. kontrol eta ikuskapen plana (2015eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 5ekoa), 2015eko eta 2016ko ekitaldietarako.
IV. kontrol eta ikuskapen planaren indarraldia amaiturik, 2010 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz, Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 6ko 460/2016 Foru Aginduaren bidez sortu da etxebizitza arloko V. kontrol eta ikuskapen planaz 2017an eta 2018an arduratuko den departamentuarteko taldea; etxebizitza arloko iruzurra kontrolatzeko departamentuarteko koordinazio batzordeak proposatuta onesten diren helburuei jarraituz prestatu beharko da plan hori.
Plan berri honek azken 8 urtean metatutako esperientzia aprobetxatzen du, urte horietako planen egitura eta planteamendu orokorra jasota, egungo egoeran baliotsuak eta bateragarriak direnez, eta lortutako emaitzak erabiltzen ditu, alde batetik, lan ildoei jarraitzeko, eta bestetik, kontrol eta ikuskapenerako beste ildo batzuk urratzeko.
Hortaz, aurreko planekin jarraitzeko, haien egitura mantendu da, eta jarduketa bideak lau ardatz estrategikotan banatu dira:
1. ardatza.-Etxebizitza libreak, babestuak, eta zaharberritze babestukoak sustatu eta eraikitzea.
Arlo honetako helburua argia da: ziurtatzea eraikinek eta etxebizitzek bizigarritasun eta irisgarritasun baldintzei buruzko Nafarroako araudia eta eraikuntzari buruzko Estatuko oinarrizko araudia (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) betetzen dituztela. Etxebizitza libreetarako ezarritako helburuei sustapena gauzatzea galaraz dezakeen edozein oztopo kendu nahi duen kontrola gehitu behar zaie etxebizitza babestuen kasuan. Horregatik, honako hauei buruzko dokumentazio administratiboa gainbegiratzen da: sustatzailea, orubearen egoera, hirigintza araudia betetzea eta etxebizitza babestuaren baldintza berariazkoak.
2. ardatza.-Etxebizitza babestuko esleipenak, bai jabetzaren araubidekoak, bai alokairukoak.
Helburua da etxebizitza babestuaren esleipen-hartzaileak hura eskuratzeko baldintza orokorrak betetzen dituela segurtatzea, behar adinako kontrol administratibo egokien bidez.
Orobat, atal honetan etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan alta hartutako inskripzioen kontrola planifikatu gogo da; izan ere, erregistro horretako datuen arazketak etxebizitza babestuen esleipena arintzen du.
3. ardatza.-Etxebizitza babestuen transmisio eta lagapenak, kostu bidezkoak zein dohainekoak.
Legezko baldintzak betetzen dituztenek etxebizitza babestua erabiltzea izanik helburu nagusia, kontrola ezin da lehen esleipenetara bakarrik murriztu, eta bigarren transmisio eta lagapenetan ere kontrolatu behar da; horregatik ezarri da hirugarren ardatz estrategiko hau, non jarduketa horiek direla bide, Administrazioak egiaztatzen baitu ez bakarrik hartzaileak baldintzak betetzen dituela, baita jabaria eskuz aldatzeko negozio juridikoaren prezioa eta gainerako ezaugarriak legezkoak direla ere.
4. ardatza-Etxebizitza babestuen erabilera eta destinoa.
Helburua da etxebizitza babestuak haien jabe edo errentarien ohiko bizileku iraunkorrak direla zaintzea; beraz, ikuskapen eta zaintzako jarduketa da, bete-betean.
Ardatz estrategiko bakoitzaren barrenean, jarduketa lerroak deskribatu dira bilatzen diren helburuekin lerrokatuta, eta ondoren, alde batetik, jarduketa administratiboaren aldez aurreko kontrola zehaztu da, batez ere egiaztapenean oinarritutako prebentzio lana egitea helburu, eta, bestetik, kontrol, zainketa eta ikuskapen neurriak zehaztu; horretarako, Nafarroako Gobernuko beste departamentuen laguntza eta koordinazioa behar da.
Jarduketa lerroen artean, aurreko planetan ezarrita daudenekin jarraituko da, eta beste batzuk erantsiko dira, eta helburu nagusia da eremu hauetara iristea:
-Kontrolatzea etxebizitza babestuak nola ematen zaizkien errentan toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei, esleiturik dituzten helburu sozialetarako etxebizitza behar dituztenei. Horretarako, aldez aurretik departamentuak baimendu beharko ditu errentamendu horiek, kontuan izanik, orobat, ezen sustapen bakoitzean irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei errentan eman beharreko gehieneko etxebizitza kopurua izanen dela etxebizitza guztien %6.
-Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan, batez ere esleiturik dituen informazio betebeharrak. Horretarako, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari bidali beharko dio eraikineko elementu komunak kudeatzen ondoriozko urteko kontuen kopia bat; informazio hori urtero argitaratuko da etxebizitzaren arloko informaziorako webgunean.
-Egiaztatzea benetan errenta bermatuaren jasotzailea izatea, egoki den diru-laguntza jasotzeko, errentamendua berritzeko edo luzatzeko, etxebizitza babestuaren, alokairuko poltsako etxebizitzen eta zaharberritze babestuaren kasuetan.
-Egiaztatzea ea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen diren erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.
-Egiaztatzea ea horretarako diru-laguntza publikoak jaso dituzten sustatzaile publikoek eta toki entitateek benetan errentamendurako erabili dituzten etxebizitza zaharberrituak edo lokalen erabilera izatetik etxebizitza erabilera izatera iragan diren etxebizitzak.
-Kontrolatzea ea betetzen diren etxebizitzaren alokairu partekaturako erregelamenduz ezarritako beharkizunak.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Etxebizitza arloko V. kontrol eta ikuskapen plana, foru agindu honen eranskinean ageri dena, onestea 2017rako eta 2018rako.
2. Behar diren ondorioetarako, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webguneko (www.vivienda.navarra.es) “aktualitatea” atalean ere.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 19an.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
ERANSKINA. ETXEBIZITZA ARLOKO V. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA 2017RAKO ETA 2018RAKO
0. Jarduketaren ardatzak.
-I. ardatza.-Etxebizitzen sustapena eta eraikuntza.
-II. ardatza.-Etxebizitza babestuaren esleipena.
-III. ardatza.-Etxebizitza babestuaren transmisioa eta lagapena.
-IV. ardatza.-Etxebizitza babestuaren destinoa eta erabilera.
I. ardatza.-Sustapena eta eraikuntza:
1. Helburuak:
-Eraikuntza eta zaharberritze babestuko obren kalitate teknikoa hobetzea.
-Eraikuntzari buruzko oinarrizko araudia beteko dela ziurtatzea.
-Eraikinen erabiltzaileei haien gastu energetikoaren ezagutza bermatzea, gizartearen efizientzia energetikoari buruzko sentsibilizazioa sortzen lagunduz.
-Etxebizitza babestuen jabeen erreklamazioetan esku hartzea, ezkutuko akatsak salatzen direnean haien behin betiko kalifikaziotik 3 urtean.
-Zaharberritzeko diru-laguntza izan duten etxebizitza zaharberrituen edo horretarako sortutakoen errentamendua egiaztatzea.
-Eraikinaren liburuaren entrega kontrolatzea, eraikinaren liburua arautzen duen urriaren 2ko 322/2000 Foru Dekretuan ezarritako betebeharraren arabera.
2. Jarduketa lerroak:
A.-Proiektuan:
a) Etxebizitza libreak: obra hasi aurretik, proiektuak araudi aplikagarria (bizigarritasun baldintzak, irisgarritasuna, Eraikuntzaren Kode Teknikoa...) betetzen duela egiaztatuko da.
Orobat, dokumentu bidez egiaztatuko dira:
-Proiektuak zer dokumentu dituen: memoria, planoak, baldintza-agiria eta aurrekontua.
-Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana izatea (1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa).
-Eraikinaren ziurtagiri energetikoa (Apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua eta maiatzaren 30eko 199/2013 Foru Agindua, eraikinen efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistroa aldatzen duena).
-Oinarrizko proiektua aurkezten bada, agiri horretan egiaztagarria den horretara mugatuko da ikuskapena. Kasu hauetan, exekuzio proiektua berriz ikuskatzen da udalak igortzen duenean.
Kontrol maila: espedienteen %100.
b) Etxebizitza babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei dagokienez (etxebizitza libreek bezala) bai etxebizitza babestuak sustatzeko baldintza juridiko administratibo berariazkoei dagokienez. Batez ere, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan jasota daude.
Egiaztatu beharreko dokumentazioari dagokionez, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa), dagokion atalean aurreikusitakoa hartuko da kontuan.
Kontrol maila: espedienteen %100.
c) Zaharberritze babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei bai baldintza juridiko administratiboei dagokienez. Halaber, zaharberritzearen sustatzaileei eskatzen ahal zaizkien baldintzak egiaztatuko dira.
Kontrol maila: espedienteen %100.
B) Obra bukaera:
a) Etxebizitza libreak: obrak txostenaren xedeko proiektuaren arabera gauzatu direla ziurtatuko da. Horretarako, obraren nahitaezko azken ziurtagiria badela eta etxebizitzek udal lizentziak dituztela egiaztatuko da, eta eraikinaren liburuaren parte diren eraikinaren datu orokorrei buruzko orrien kopia sinatuak eskatuko dira.
Hasierako txostenaren xedeko proiektuan aldaketarik izan bada, proiektuaren fasean adierazitako araudia betetzen dela egiaztatuko da.
Kontrol maila: espedienteen %100en dokumentazioa kontrolatuko da.
Obra bukaerako ikuskapena: Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko 3. Planaren 10.4 azpieremuko udalerrietan diren 10 etxebizitzatik gorako eraikin bukatu guztiak ikuskatuko dira eta, ausaz, lurralde eremu horretatik kanpo diren horrelako eraikinak.
b) Etxebizitza babestua: etxebizitza libreetan bezala, obra proiektuaren arabera eta behin-behinekoz kalifikatutako determinazioen arabera gauzatu dela egiaztatuko da. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa) eta dagokion araudi aplikagarrian xehakatutako dokumentazioa egiaztatuko da.
Azkenik, eraikinaren liburuaren entrega kontrolatuko da, eraikinaren liburua arautzen duen urriaren 2ko 322/2000 Foru Dekretuan ezarritako betebeharraren arabera. Obligazio hori betetzen dela kontrolatzeko, planaren indarraldian behin betiko kalifikazioaren eskaera aurkezten duten etxebizitza babestuaren sustatzaile guztiei eskatuko zaie eraikinaren liburuaren harrera-akta aurkez dezatela 3 hilabeteko epean, gehienez ere.
Kontrol maila: espedienteen %100en dokumentazioa kontrolatuko da.
Ikuskapen maila: babestutako espedienteen %100.
Etxebizitza babestuak esleipen-hartzaileei eman ondoren, behar bezala eraiki direla kontrolatuko da, horrelako etxebizitzen jabeek ezkutuko akatsei buruz lehen 3 urtean aurkezten dituzten salaketa eta erreklamazioei jarraipen egokia eginez.
c) Zaharberritze babestua: obrak proiektu baimenduaren arabera gauzatu direla egiaztatuko da, eta gastuak behar adina justifikatzen direla diru-laguntza hartu ahal izateko. Ondorio horietarako, jatorrizko behin-behineko kalifikazioa, obra bukaerako ziurtagiria, proiekturik izan ote den, jarduketari dagozkion ordainagiriak eta diru-laguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera gainbegiratuko dira.
Ikuskapen maila: babestutako espedienteen %100; dagokion EZABUak (Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoa) egin ohi du ikuskapena.
Zaharberritutako etxebizitza gutxienez ere 5 urtez errentan emateko konpromisoa hartzeagatik diru-laguntza lortzen duten sustatzaileen zaharberritze babestuaren espedienteetan, diru-laguntza ordaindu behar den unean errentamendu kontratua aurkezteko eskatzen jarraitzeaz gain, etxebizitzak, espedientearen behin betiko kalifikaziotik urtebete gutxienez ere iraganik, alokairuan segitzen duela froga dezatela eskatuko zaie horrelako diru-laguntzen onuradunei.
Ikuskapen maila: espedienteen %100.
Egiaztatuko da horretarako diru-laguntza publikoak jaso dituzten sustatzaile publikoek eta toki entitateek benetan errentamendurako erabili dituztela etxebizitza zaharberrituak edo lokalen erabilera izatetik etxebizitza erabilera izatera iragan diren etxebizitzak.
3. Ezarri beharreko neurriak:
-Behin betiko kalifikaziotik edo bizigarritasun zedula lortzen denetik urtebeteko epean, eskatuko da toki entitateek edo sustatzaile publikoek aurkez dezatela zaharberritutako etxebizitzen edo lokalen erabilera izatetik etxebizitza erabilera izatera iragan diren etxebizitzen errentamendu kontratua.
-Eskubide Sozialetako Departamentuari behar den informazioa eskatzea, errenta bermatuaren jasotzailea dela egiaztatzeko, egoki diren diru-laguntzak hartzearen ondorioetarako.
4. Prozeduren araubide juridikoa:
-Aldez aurreko txostena eta bizigarritasun zedula, etxebizitza libreen kasuan.
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 34. artikulua. Bizigarritasunaren gutxieneko baldintzei buruzko martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 9.etik 13.era bitarteko artikuluak eta I. eta II. eranskinak.
-Behin-behineko kalifikazioa eta behin betiko kalifikazioa, jarduketa babestuentzat.
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 35. artikulua eta, 2011ko abenduaren 31 arte, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 2. artikulua. Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 20. artikulutik 26.era (etxebizitza babestuaren kalifikazioa) eta 44. artikulutik 60.era.
5. Unitate arduraduna:
-Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala, EZABUen (Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoa) laguntzarekin, etxebizitzen zaharberritze babestuko obren kasuan.
II. ardatza.-Etxebizitza babestuaren esleipena.
1. Helburuak:
-Etxebizitza babestu guztiak legez ezarritako prozeduraren arabera esleitzen direla bermatzea eta, kasu bakoitzean, legezko baremoa zorrotz aplikatuta.
-Etxebizitzaren esleipen-hartzaile, erosle eta errentari izan daitezkeenek etxebizitza babestua eskuratzeko eta diru-laguntzak jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituztela bermatzea.
-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuak behar bezala funtziona dezala zaintzea.
-Errentamendu araubidean egiten diren etxebizitza babestuen esleipenen kudeaketa kontrolatzea.
-Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua kontrolatzea.
-Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan.
-Egiaztatzea ea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen diren erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.
2. Jarduketa lerroak:
2.1. Administrazioak ikus-onetsia emateko, lehen transmisioko etxebizitza babestuaren salerosketaren kontratua edo esleipenarena edo, behin betiko errentamendurako kalifikatuta den etxebizitza babestu baten alokairua (erosteko aukera izanik edo izan gabe) aurkeztean eginen dira kontrol jarduketak. Sustatzaileek kontratuak sinatzeko baimena eskatzen duten unean ere eginen da kontrol hori.
Horretarako, etxebizitzen esleipen-hartzaileek etxebizitza babesturako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko da, baremoa zuzen aplikatu dela eta esleipena legez ezarritakoaren arabera egin dela.
Kontrol jarduketa gisa, honako hauek eginen dira:
-Datuak erkatzea Nafarroako Zerga Ogasunarekin, zenbait baldintza egiaztatzearren, hala nola: ahalmen ekonomikoa; aurrezki kontuan, gordailuan edo antzeko finantza produktuan azaltzen den antzinatasuna; edo erakunde horretan egindako errenta aitorpenen kopurua.
-Behar den informazioa eskatzea Nafarroako Gobernuko beste departamentuei, egiaztatzeko genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima dela edo desgaitasuna duela edo errenta bermatuaren hartzaile dela.
-Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko datu baseetan sartzea, esleipen-hartzaileak beste etxebizitzarik ez duela egiaztatzeko.
Kontrol maila: ikus-onetsi administratiboa emateko aurkezten diren kontratuen %100.
2.2. Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuen esleipenen kontrol zorrotza, batez ere lehendik beste errentari batzuek okupatu dituzten etxebizitza babestuen errentari berriei egindako esleipenak kudeatzeari dagokionez. Horretarako, bertaratuta egiaztatuko da errentariek zer egunetan utzi dituzten benetan etxebizitza babestuak.
2.3. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua. Baliabide publikoen kudeaketa eraginkor baterako eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobea izan dadin, beharrezkoa da programa honen onuradunak ezagutzea, baita sinatzen dituzten errentamendu kontratuen eduki zehatza ere. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtseko etxebizitzen entitate administratzaileari edo, gizarte entitate laguntzaileari, sinatzen dituzten errentamendu kontratu guztiak aurkezteko eskatzea, baita desegiten dituzten kontratuak ere.
2.4. Kontrol bat ezartzea honako hauen gainean: etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuko inskripzio-datuen eguneratzea, zentsuan izena emanik daudenek baldintzak betetzen ote dituzten, eta inskripzioa indarrean izateko betebeharra. Horretarako, honako hau egin beharko da:
-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien diru-sarrerei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, datuak Nafarroako Zerga Ogasunarekin erkatuta.
-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien familiaren diru-sarrera ponderatuei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, eta dagokien errenta-tartean sailkatzea.
-Iragarki oholean aldez aurretik abisatuta, zentsuan baja ematea 2 urteko epean inskripzioa aldatu edo eguneratu ez dutenei.
2.5. Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan, batez ere esleiturik dituen informazio betebeharrak.
2.6. Egiaztatzea ea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen diren erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.
3. Ezarri beharreko neurriak:
-Baimena ematea etxebizitza babestuak errentan emateko toki entitateei eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei, esleiturik dauden helburu sozialetarako etxebizitza behar dituztenentzat. Kontuan hartu beharko da ezen, sustapen bakoitzean, irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoei errentan emandako etxebizitzak etxebizitza guztien %6 izanen dela gehienez ere.
-Eraikineko elementu komunak kudeatzen ondoriozko urteko kontuen kopia bat eskatzea errentamendu babestua kudeatzen duten entitateei, informazio hori urtero argitaratua izan dadin etxebizitzaren arloko informaziorako webgunean.
-Eskubide Sozialetako Departamentuari behar den informazioa eskatzea, errenta bermatuaren jasotzailea dela egiaztatzeko.
-Egiaztatzea ea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen diren erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan. Horretarako, salerosketa kontratua ikus-onespenerako aurkezten denean ere eginen da egiaztapena.
-Behar diren datuak eskatzea, frogatzeko ea betetzen diren etxebizitzaren alokairu partekaturako erregelamenduz ezarritako beharkizunak.
4. Prozeduraren araubide juridikoa:
-Etxebizitza babestuaren 1. transmisioko salerosketa kontratuaren eta alokairukoaren ikus-onetsi administratiboa.
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua; batez ere, 32. eta 45. artikuluak. Orobat, aplikagarria da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.
-Errentamendu araubideko etxebizitza babestuen errentamenduaren kudeaketa, eta dagozkien diru-laguntzen onarpena.
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maia+tzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikagarria da etxebizitza arloan babesa izan dezaketen jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa.
-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua.
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikagarria da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.
-Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa.
Erregulazioa: etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorra eta Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duen abenduaren 16ko 89/2014 Foru Agindua.
5. Unitate arduradunak:
-Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.
-Navarra de Suelo y Vivienda SA (NASUVINSA), etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsurako aurreikusitako kontrol eta ikuskapen jarduketak kudeatzeko; horretarako, Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atalak eta Laguntzen eta Plangintzen Atalak lagunduko dute.
III. ardatza.-Etxebizitza babestuaren transmisioa eta lagapena.
1. Helburuak:
-Etxebizitza babestuaren hartzailea haietako bat eskuratzeko legez ezarrita dauden baldintzak betetzen dituen norbait izan dadila bermatzea.
-Babes publikoko edozein araubideri loturiko etxebizitzaren erosleak ordaindu beharrekoa ez beste kopuru bat edo edozein gainprezio edo primarik hartzeko debekua kontrolatzea.
-Etxebizitza babestua eskuratzeko lortutako laguntzak itzultzen direla bermatzea, baldin transmititzaileak haiek jaso eta 5 urte baino gutxiago igaro badira etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikaziotik.
-Egiaztatzea ez direla batera transmititzen etxebizitza eta etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazio zedulan eranskin gisa sartu gabe dagoen lokala.
-Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea, Nafarroako Gobernuak onartua duena, erabili ahal izatea.
2. Jarduketa lerroak:
Transmisioaren edo alokairuaren berri ematen den unean:
a) Trasmisioa kostu bidezkoa denean, honako hauek egiaztatuko dira:
-Etxebizitzak prezio mugarik ote duen saltzeko eta errentan emateko, eta transmisioaren prezioa bat ote datorren legez ezarritakoarekin.
-Emandako laguntzak itzuli ote diren, halakorik egin behar izanez gero.
-Etxebizitzaren kokalekua eta eskualdean etxebizitza babesturako eskaerarik ote den.
-Etxebizitzaren egoera eta ezaugarriak, eta gizarte programetara bidera daitekeen.
-Eskuratzaileak etxebizitza babestuaren hartzaile izateko baldintzak betetzen dituenetz (diru-sarrerak eta beste etxebizitza baten titulartasuna).
-Lotura familiarrik ote den transmititzailearen eta eskuratzailearen artean.
b) Transmisioa dohainik bada, honako hauek egiaztatuko dira:
-Lagapen-hartzaileak etxebizitza babestu baten hartzaile izateko baldintzak betetzen dituela.
-5 urte iragan direla etxebizitzaren behin betiko kalifikaziotik.
c) Etxebizitza babestuaren salerosketari buruzko eskritura publikoa aurkezten den unean, honako hauek egiaztatuko dira:
-Transmisioaren berri aldez aurretik eman dela.
-Komunikazio horretarako ezarritako baldintza guztiak bete direla.
-Jabetzaren edo eskubide errealaren transmisioa ez dela gertatu aldez aurreko komunikazioaren ondorioak iraungi ondoren, edo ez dela izan adierazitakoez bestelako baldintzetan.
Aurreko baldintza horietako bat bete ez dela frogatuz gero, etxebizitza atzera eskuratzeko eskubidea baliatzen ahalko da.
d) Jabetza araubidean kalifikatuta den etxebizitza babestu baten errentamendu kontratua aurkezten denean, honako hauek egiaztatuko dira:
-Errentarako hitzartutako prezioa ez dela Nafarroako Gobernuak urtero finkatutako gehienekoa baino handiagoa.
-Maizterrak legez ezarritako baldintzak betetzen dituela.
-Emandako laguntzak itzuli ote diren, halakorik egin behar izanez gero.
-Aurkezten den errentamendu kontratuak ezartzen diren gutxieneko klausulak bederen izan beharko ditu.
-Orobat, etxebizitza babestuaren alokairuak egiaztatzeko, datu hauek erkatuko dira:
? Emantzipatzeko Oinarrizko Errenta jasotzeko aurkeztutako kontratuak.
? Alokairu poltsan sartutako etxebizitzak.
? Alokairuagatik desgrabatzen duten zergadunen datu fiskalak.
Kontrol maila: etxebizitza babestuari buruz jakinarazitako transmisio eta lagapenen %100.
3. Prozeduren araubide juridikoa:
-Etxebizitza babestuen transmisioaren edo lagapenaren kontrola.
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 43.etik 51.era bitarteko artikuluak eta 1. xedapen gehigarria, eta Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuaren 11. artikulua eta 3. xedapen gehigarria.
4. Unitate arduraduna:
-Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.
IV. ardatza.-Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera.
1. Helburua:
-Etxebizitza babestuak jabearen edo errentariaren ohiko etxebizitza iraunkorrak direla ziurtatzea, eta ez direla inoiz 2. egoitza eta ez daudela okupatu gabe.
-Jendea jabetzen jarraitzea, etxebizitza babestuek okupatuta egon behar dutela.
-Ziurtatzea etxebizitza babestuko alokairuek errentamendu kontratuaren beharrezko ikus-onetsia dutela.
-Errentamendu araubideko etxebizitza babestuak haien errentarien ohiko etxebizitza iraunkor izateko erabiltzen direla egiaztatzea.
-Hutsik dauden etxebizitzak mugiaraztea, eta, egoki denean, “Akokairu poltsa” izeneko etxebizitza programarako erabiltzea.
2. Jarduketa lerroak:
Kontrol jarduketak egiteko, baliabide hauek banaka edo batera erabiltzen ahalko dira:
a) Etxebizitza babestuetako argindar, ur eta gas kontsumoak eskatzea (bai zuzenean jabeari bai zerbitzu horien entitate hornitzaileei).
b) Foruzaingoaren ikuskapena.
Hurrengo kasuetan eskatzen ahalko dira argindar, ur eta gas kontsumoak:
1. 2013an eta 2014an ikus-onetsitako kontratuak dituzten etxebizitza babestuaren jabeei errekerimendua igortzea, ahal dela irizpide hauen arabera:
-Iruñean eta Iruñerrian diren etxebizitzak.
-Lurzoru publikoan sustatutako etxebizitzak (Sarriguren, Erripagañako edo Lezkairuko lurzati batzuk, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren lurzatiak, lurzoruaren udal ondarea...).
-Laguntza ekonomikoak jaso dituzten titularren etxebizitzak.
-Babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazioa duten etxebizitzak.
-Behin betiko kalifikaziotik urtebete baino gehiago duten etxebizitzak.
Kontrol maila: 300 etxebizitza babestu urtean.
2. Desokupazio salaketa duten etxebizitzak.
3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.
4. Etxebizitza bat hainbat aldiz ikuskatzera joan eta jabearekin harremanetan jartzea ezinezkoa izan denean, etxebizitza okupatua izanaren aztarnak izanik.
Bestetik, hurrengo kasuetan egiten ahalko dira Foruzaingoaren ikuskatze bisitak:
1. Etxebizitza arloko departamentu eskudunak eskatuta, urtero 50 etxebizitza babestu ikuskatuko dira kontsumoak eskatzeko ezarritako irizpideei jarraituz. Orobat, errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuak ikuskatuko dira.
Kontrol maila: 50 etxebizitza babestu urtean.
2. Desokupazio salaketa duten etxebizitzak, edo behar bezalako ikus-onespenik gabe alokairuan daudenena.
3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.
4. Etxebizitza bateko kontsumoak aterata, okupatua dagoela ulertzeko nahikoa ez direnean.
5. Etxebizitzaren jabeari kontsumoak eskatuta, hark aurkezten ez dituenean. Gainera, arrazoi horregatik, zehapen espedientea irekitzen ahalko zaio.
6. Etxebizitza okupatu gabe izateagatik edo bezalako ikus-onespenik gabe alokatzeagatik zehatu diren guztiei, zehapena ezarri eta hurrengo urtean.
Kontrol maila: zehatuen %100.
Aurreikusitako kontrol jarduketen ondorioz zehapen espedientea irekitzen bada, ezarri beharreko zehapenak mailakatzean, bereziki kontuan hartuko da zer ondorio duen gizartearentzat etxebizitza babestuak hutsik egoteak eta zer eskaera dagoen etxebizitza babestuetarako zehatutako jabearen etxebizitza babestuaren inguruan.
3. Prozeduren araubide juridikoa:
-Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera kontrolatzea:
Erregulazioa: Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 56.etik 74.era bitarteko artikuluak. Azaroaren 2ko 322/1998 Foru Dekretua, arau-hausteen zehapen prozedura arautzen duena eraikuntzaren kontrolerako etxebizitza arloan. Etxebizitza arloan babesa izan dezaketen jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 42. eta 43. artikuluak, desokupazioaren gaineko administrazio baimenari dagokionez.
4. Unitate arduradunak:
-Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atala, laguntzaileak Foruzaingoa eta Laguntzen eta Plangintzen Atala izanik.
Iragarkiaren kodea: F1701015