48/2017 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 20KOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, 2017-2019 ALDIRAKO TOKI INBERTSIOEN PLANA ARAUTZEN DUEN ABENDUAREN 13KO 18/2016 FORU LEGEARI BURUZKO ESKAERAK ETA AGIRIAK AURKEZTEKO MODUA ARAUTZEN DUENA
BON N.º 19 - 27/01/2017
2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea onetsi da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren babesean, toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da nahitaezkoak diren udal zerbitzuen estaldura Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan hedatzen direla bermatzea.
18/2016 Foru Lege horrek 2017ko urtarrilaren 1ean hartu zuen indarra, eta haren barrenean arautua dago toki entitateek eskaerak eta eskabideak aurkezteko modua, bai aurreikusten diren jarduketak planean sartzeko prozeduraren faseetan, bai ordaintzeko faseetan. Hortaz, bidezkoa da, orain, dokumentazio hori aurkezteko modua normalizatzea.
Zehazki, foru legearen IV. eranskinean, zehatz-mehatz adierazten da prozedura bakoitzeko fase bakoitzean aurkeztu beharreko dokumentazioa. Toki Programazioaren atalean sartzeko faseko eskaerei dagokienez, beharrezkoa da “Behar bezala betetako eskabide-orria” betetzea, aurrerago adieraziko den fitxa erabiliz, zeina, foru agindu honen arabera, eskaerak aurkezteko nahitaezko bidea baita.
2016ko urriaren 2an indarrean sartu da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedurari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea. Horrenbestez, foru agindu hau arau hartan jasotako aurreikuspenetara egokitu behar da, administrazioarekiko harremanetan teknologia berriak ezarriko direla bermatzeko eta gardentasun-betebeharrak betetzea errazteko, hain zuzen, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren kudeaketari buruzko informazio eguneratua arin eta bizkor emateko Nafarroako toki entitateei.
Hori horrela, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen azken xedapenetan lehenak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean araututako 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko eskaerak eta agiriak telematika bidez aurkeztu behar dira, honela:
A) Inbertsio Programak. Dokumentazioa honela aurkezten ahalko da:
-Edo Nafarroako Gobernuaren Atariaren barreneko katalogoan “2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana (Inbertsio Programak eta Toki Programazioa)” izeneko zerbitzuen fitxa betez.
-Edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
B) Toki Programazioa:
B.1) Toki Programazioa izeneko atalean sartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuaren Atariaren barreneko katalogoan dagoen zerbitzuen fitxa hau betez aurkeztuko dira: “2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana (Toki Programazioan sartzeko eskaerak)”.
B.2) Gainerako dokumentazioa aurkezteko, bide hauek erabil daitezke:
-Edo Nafarroako Gobernuaren Atariaren barreneko katalogoan “2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana (Inbertsio Programak eta Toki Programazioa)” izeneko zerbitzuen fitxa betez.
-Edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
C) Libreki erabaki beharrekoak. Libreki erabaki beharrekoen atalerako egokitasun txostenen eskaerak eta ordainketak egitekoak honela aurkezten ahal dira:
-Edo Nafarroako Gobernuaren Atariaren barreneko katalogoan “2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana (Libreki erabaki beharrekoak)” izeneko zerbitzuen fitxa betez.
-Edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
2. Kasu guztietan, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital bat eta gaitutako helbide elektroniko bat edukitzea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren espedienteei buruz Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak egin beharreko jakinarazpen eta komunikazio guztiak helbide horretara eginen baitira.
3. Memoriak eta proiektu teknikoak biltzen dituzten fitxategi informatikoen tamaina handiagoa bada aurreko 1. zenbakian adierazitako bideen gehieneko edukiera baino, fitxategi horiek Nafarroako Gobernuaren proiektuen gordailuaren bidez (Kontsigna) aurkeztu beharko dira. Dokumentazio horren inguruko eskaera guztietan proiektuaren zenbakia eta sartzeko gakoa adierazi beharko dira.
4. Administrazio honen egoitza elektronikoan agerian geldituz gero akatsen bat gertatu dela edozein agiri elektroniko bidaltzean edo jasotzean, bidezkoa izanen da posta elektronikoaren bidez aurkeztea pil@navarra.es helbidera igorriz, egindako akatsa aipatuta.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 20an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1701053