5/2017 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 9KOA, ESKUBIDE SOZIALETAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ ONESTEN DA GIZARTE ZERBITZUETAKO EDO GARAPENERAKO LANKIDETZAKO ENTITATE SOZIALEK MEZENASGO SOZIALEKO ARAUBIDEA ESKATZEKO ETA ARAUBIDE HORI MANTENTZEA ESKATZEKO EREDUA (FUNDAZIOEN ETA BABES-JARDUEREN TRIBUTU ARAUBIDEA ERREGULATZEN DUEN UZTAILAREN 2KO 10/1996 FORU LEGEAREN HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIAN JASO DA MEZENASGO SOZIALAREN ARAUBIDEA)
BON N.º 19 - 27/01/2017
ERANSKINA
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 25/2016 Foru Legearen bidez hamargarren xedapen gehigarria erantsi zitzaion Fundazioen eta Babes-jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeari. Xedapen gehigarri horrek onura fiskal batzuk ezartzen ditu gizarte zerbitzuetako edo garapenerako lankidetzako entitate sozialentzat, baldin bere 2. idatz-zatiko beharkizunak betetzen badituzte eta lortu badute xedapen gehigarri horrek aurreikusitako araubidearen aginduzko aitorpena Eskubide Sozialetako Departamentutik.
Hamargarren xedapen gehigarri horren 3. idatz-zatiak aurreikusten du entitate interesdunek Eskubide Sozialetako Departamentuari eskatu beharko diotela xedapen gehigarri horretan ezarritako araubidean sartzea, departamentu horren titularrek onesten duten eredua erabiliz, eta 2. idatz-zatian aipatzen diren betebeharrak betetzearen frogagiriak erantsiz eskabideari, kasua bada. Ez da beharrezkoa izanen betebehar horiek betetzearen frogagiriak aurkeztea ondorioztatzen bada horietako bat betetzen dela administrazio publiko baten erregistro batean inskribatuta egoteagatik edo Nafarroako administrazio publikoetatik diru-laguntzak jasotzeagatik, edo administrazio publiko bati edozein prozedura edo tramitetan emandako dokumentazioaren azterketatik. Kasu horietan, aski izanen da dagokion prozedura edo erregistroa aipatzea.
Horregatik, bidezko da aipatutako eredua orain onestea, entitate eskatzaileek beren eskaerak egiteko, beren datuak agerraraziz, baita dokumentazioa edo informazioa biltzen duten erregistroak edo prozedurak ere, Departamentuak egiaztatu ahal dezan mezenasgo sozialaren araubidea lortzeko beharkizunak betetzen dituztela, edo, horren ordez edo horretaz gainera, behar den dokumentazioa aurkezteko beharkizun horiek egiaztatu ahal izateko, aipatutako araubidean sartzea aitortzeko ebazpena emate aldera.
Bestalde, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarriaren 4. idatz-zatiak aurreikusten du, halaber, ezen, behin xedapen gehigarri horretan ezarritako araubidea lortu ondoren, entitate onuradunek Eskubide Sozialetako Departamentuari eskatu beharko diotela, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko zortzi hilabeteko epean, araubide hori mantentzea, departamentu horretako titularrak onetsiko duen ereduaren arabera.
Ereduari buruzko kontsulta egin da, aldez aurretik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren bidez izendatutako ordezkariekin.
Horrenbestez, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarriak esleitutako ahalmenekin bat,
AGINDU DUT:
1. Gizarte zerbitzuetako edo garapenerako lankidetzako entitate sozialek mezenasgo sozialeko araubidea eskatzeko eta araubide hori mantentzea eskatzeko eredua onestea (Fundazioen eta Babes-jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian jaso da mezenasgo sozialaren araubidea).
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 9an.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
ERANSKINA
>ENTITATE SOZIALENTZAKO MEZENASGO ARAUBIDEA LORTZEKO ESKAERA EREDUA