(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

28/2016 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra hein batean aldatzen duena.

BON N.º 251 - 31/12/2016; corr. err., BON 19/01/2017



ZIOEN AZALPENA

Foru lege honek Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren aldaketa partzial bat egitea du xede, jabeturik lege horrek Nafarroako tributu sistemaren oinarrizko printzipioak garatzen dituela eta Foru Komunitateko zerga arloko antolamenduko oinarrizko araua dela. Horrela, zioen azalpenean esaten duenez, zergadunen eta Foru Komunitateko zerga administrazioaren arteko harremanen funtsezko euskarri da, eta tributuen aplikaziorako ardatz Nafarroan.

Hori kontuan hartuta eta ikuspegi horretatik ikusita, honen bidez egiten diren aldaketen asmo orokorra da tributu arloko prozedurak modernizatzea eta herritarren eta zerga administrazioaren arteko harreman horiek sendotu eta hobetzea, Nafarroako herritarrek zerga betebeharrak osokiago bete ditzaten ziurtatzeko, betiere segurtasun juridikoa eta zilegizko konfiantza gero eta handiagoak diren esparru batean.

Gogoratu beharra dago Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeko zazpigarren artikuluak jadanik heldu ziola Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra egokitzeko lanari, hura doitze aldera errealitate sozialean eta tributuen arloko harreman juridikoan eragiten duten inguruabar juridiko eta ekonomikoen bilakaera etengabeari.

Foru lege honek, beraz, aipatutako 23/2015 Foru Legeak ezarritako ildoari jarraitzen dio, eta erdietsi nahi dituen xedeak hiru multzo nagusitan sailka daitezke.

Lehenengo eta behin, zerga administrazioaren eskumenak eta ahalmenak sendotzea iruzur fiskalaren prebentzioari eta haren kontrako borrokari begira. Arlo horretan azpimarratu beharra dago Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari V. titulu berri bat eransten zaiola, “Ogasun publikoaren kontrako delituaren kasuetarako jarduketak” izenekoa, osoki eskainia administrazio prozedura bat arautzeari, zeinak Nafarroako Zerga Ogasunari bide emanen baitio ikertutako zerga egitateei dagozkien tributu likidazioak egin eta likidazio horien zenbatekoak kobratzeko diru-bilketako jarduketak egiteko, delitu fiskalaren zantzuak egoteagatik zigor prozedura bati hasiera eman zaionean ere.

Bigarrenik, foru legeak zerga arloko foru araudia egokitu nahi du Europar Batasuneko zuzenbidearen eskakizunetara, bi gai hauei dagokienez: bata, Estatuko laguntzak berreskuratzea; eta bestea, finantza entitateei informazioa ematearen betebeharrak ezartzea, izan beharreko arretaren eta elkarrekiko laguntzaren esparruan.

Hirugarrenik, tributu arloko araudian hobekuntza tekniko batzuk sartzen dira, bai eta araudi hori Nafarroako Zerga Ogasunaren funtzionamenduan pilatu den eguneroko esperientziara egokitzekoak ere. Arlo horretan aipatzekoak dira gai hauekin lotutako neurrietan gertatutako aurrerapausoak: preskripzioa; tributu zor bat bidegabea deklaratu denean haren exekuzioa bertan behera uzteko aurkeztutako abal eta bermeen kostua itzultzea zergadunei; eta tributu arloko datuak Nafarroako administrazio publikoei lagatzea beren eginkizun eta eskumenak bete ditzaten.

Foru legeak sustatzen dituen aldaketak zehatzago azaltzeko, bidezkoa da proposatutako xedeen lehen multzoari begiratzea, zeina baita tributu arloko Administrazioak iruzur fiskalaren prebentzioan eta haren kontrako borrokaren arloan dituen eskumenak eta ahalmenak sendotzeari dagokiona. Esan dugunez, arlo honetan nabarmentzekoa da jarduketen eta prozeduraren arautze berritzailea, zerga arloko ikuskaritzak Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak aurkitzen dituen kasurako. Ezarritako jarduketen eta prozeduraren oinarria Zigor Kodearen 305.5 artikuluan dago (abenduaren 27ko 7/2012 Lege Organikoaren bidez egindako aldaketaren araberakoan), zeinean aukera bat irekitzen baita Zerga Administrazioaren diru-bilketarako prozedura ez dadin eten, prozedura penalaren hasieraren ondorioz, delitu fiskalaren kasuan. Arautze berri honen alderdi nagusiak hauek dira:

1. Aipatutako lege organikoaren jarraibideak betetzen dira: delitu fiskalaren zantzuak dituzten tributu prozeduretan, arau orokorra izanen da Nafarroako Zerga Ogasunak bere jarduketak ez gelditzea, baizik eta tributu likidazio bat egitea, eta tributu zorrari dagozkion kasuko diru-bilketako jarduketak garatzea. Horrenbestez, tributu-zorra tributu-likidazio aipatu horren bidez zenbatetsiko da kasu gehienetan, baina ezertan galarazi gabe epailearen erabaki bat egotea geroago, hari kontrajarria edo hura eten dezakeena. Aurrekoa gorabehera, zenbait kasu murriztu zedarritzen dira, zeinetan tributu jarduketak geldiarazten ahalko baitira tributu likidaziorik egin gabe.

Azken finean, zerga prozedura bat ezartzen da, halakoa non kasu gehienetan Zerga Administrazioa behartuko baitu tributu likidazioak eta haien diru-bilketa egitera, are zigor prozedura bat tramitatzeari ekiten zaion kasuetan ere.

2. Jarduteko modu berri horrek egungo egoera nabarmen hobetzea ahalbidetuko du; izan ere, gaur egun ez dira nahikoak zigor arloko epaitegiek diru-bilketarako eta kautelazko neurriak hartzeko aurrera eramandako jarduketak, eta horrek ahalbidetzen du, askotan, ustezko arau-hauslearen ondarea “desager” dadin.

3. Arauaren eduki berriari esker, gainera, Ogasun Publikoaren kontrako delitu baten ustezko egileei eman zaien mesedezko tratua amaituko da. Izan ere, zerga arloko arau-hauste administratibo baten egilea gaur egun behartuta dago likidazioaren zenbatekoa ordaintzera edo likidazio-egintza administratiboaren exekutibotasunaren etetea bermatzera. Delitu fiskal baten ustezko egilea, ordea, ez. Proposatzen den araudiarekin, delitu fiskalaren ustezko egileak ere ordaindu edo abala eman beharko du zerga administrazioak agindutako likidazioaren tributu-egintzaren exekutibotasunaren etetea bermatzeko.

4. Aurrekoa gorabehera, ordena penalaren jurisdikzioaren lehentasuna mantentzen da, zigor arloko epaileak diru-bilketarako egintza administratiboak eten edo aldatzen ahalko baititu eta, horrekin batera, egokitzat jotzen dituen kautelazko neurriak hartu eta Zerga Ikuskaritzak agindutako tributu-likidazioaren exekutibotasuna eteteko baimena eman; horrez gain, ordena penalaren lehentasuna berretsita gelditzen da epaileak bere epaian behin betikoz frogatutzat deklaratzen dituen egitateek tributu-likidazioaren aldean izanen duten gailentasunarekin. Egitate horien ondorioz, kasua bada, zigor bat ezarriko da eta, halaber, tributu-iruzurraren behin betiko zenbatespena eta kalifikazioa eginen dira.

5. Beste berritasun nagusi bat hau da: Zigor Kodean xedatutakoarekin bat, Zerga Ikuskaritzak bi zerga likidazio desberdin egiten ahalko ditu: lehenbizikoan sartuko dira Ogasun Publikoaren kontra egindako balizko delituarekin lotura daukaten zerga betebeharraren elementuak; eta bigarrenean, berriz, balizko delitu fiskalarekin loturarik ez daukaten zerga betebeharraren elementuak. Delituarekin loturarik ez daukaten elementuei dagokien azken likidazio horren tramitazioak ikuskapen prozedura arruntaren araberakoa beharko du izan. Beste likidazioak, aldiz, hau da, delituarekin lotutako elementuenak, bere tramitazioan ez du beteko ikuskapen prozedura arrunta, eta berariazko prozedura ezartzen zaio.

Zerga administrazioaren ahalmenak indartzeko neurrien multzoan, ezin da aipatu gabe utzi tributu erantzukizunaren deribazioaren arloko jarduketen hobekuntza. Zerga Iruzurraren aurkako Planean jasotako proposamen baten ildotik, lehen aldaketa da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 32. artikuluaren 3. idatz-zatian jasotako erantzukizunaren izaera aldatzea (“beloa altxatzea” izenekoaren kasuei dagokiena), erantzukizun subsidiarioa izatetik solidarioa izatera igaroaraziz.

Proposatutako aldaketaren xedea da sozietate-sareen zorrak kobratzeko aukerak areagotzea, beloa altxatzearen doktrinaz baliatzea beharrezkoa denean.

Bigarren aldaketa 32.2 artikuluan gertatzen da, zeinak arautzen baitu konkurtso-administratzaileen eta sozietate-likidatzaileen erantzukizun subsidiarioa, konkurtso-egoeran edo likidazio-prozesuan dauden zergadunek dituzten tributu-betebeharrak betetzeko beharrezkoak diren zuzemenak egin ez dituzten kasurako.

Aipatutako 32.2 artikuluaren aldaketaren funtsa da, batetik, zabarkeriak edo asmo txarrak utz diezaiotela erantzukizuna baieztatu ahal izateko baldintza izateari. Horren arrazoia da maiz zaila izaten dela, erantzukizuna baieztatze aldera, zabarkeria edo asmo txarra frogatzea. Pilatutako esperientziak dio, aldiz, Diru-bilketa Zerbitzuak halako kasu batzuk aurkitu izan dituela, eta horietan erantzukizun-baieztatzea eragotzia suertatu dela. Eta gogoratu behar da gure inguruko zerga administrazioek hala dutela araututa.

Bestetik, arau horretan berean erantzukizun subsidiarioko beste kasu bat ezartzen da konkurtso-administratzaileentzat eta sozietateen likidatzaileentzat, tributu kredituen aldean lehentasunik ez duten hirugarrenen kredituak ordaindu direnekoa, eta muga gisa izanen du bidegabeki ordaindutakoaren zenbatekoa.

Garrantzizko beste aldaketa bat zeharkako zenbatespenaren araubideari dagokiona da, eta helburu du hark egun dituen akatsak eta gabeziak zuzentzea. Horrela, zeharkako zenbatespenean erabili beharreko datuen jatorriak eta sorburuak zehazten dira: zeinu, indize eta moduluenak, zergadunak zenbatespen objektiboko metodoa aplikatzea izan badu; enpresak berak emandako informazioarenak; azterlan estatistikoenak edo zerga administrazioak hartutako lagin batenak. Adierazten da, halaber, zeharkako zenbatespena aplikatzen ahal zaiela salmenta eta diru-sarrerei soilik, edo erosketa eta gastuei soilik, edo biei aldi berean, ezkutatutako datuei edo ez daudenei begiratuta. Eta jasandako BEZ kuoten kengarritasuna onartzen da, zergaren araudiak oro har eskatzen dituen fakturak edo agiriak ez daudenean ere, betiere Administrazioak datuak edo zantzuak eskuratzen baditu, frogatzen dutenak ezen zergadunak egiaz jasan dituela kasuko BEZ kuotak.

Horrez gain, fakturaren froga-balioa zehazten da. Faktura izanen da, aurrerantzean ere, gastu kengarriak eta zerga-oinarriko edo kuotako kenkariak justifikatzeko bide nagusia. Aurrekoa gorabehera, faktura ez da frogabide pribilegiatua izanen eragiketen existitzeari dagokionez; horregatik, Administrazioak arrazoizko zalantzak dituelarik eragiketaren egiazkotasunaz (hau da, zalantzan jartzen duenean ondasun-entregaren edo zerbitzu-ematearen errealitate edo izatea), faktura ez da aski froga izanen, eta zergadunak aurkeztu beharko ditu eragiketen errealitateari buruzko frogak.

Foru legearen helburuen bigarren multzoak zerga arloko foru araudia Europar Batasuneko zuzenbidearen eskakizunetara egokitzea du xede. Jakina denez, lehia askearen printzipioa Europar Batasuneko merkatu bakarraren funtsezko zutabeetako bat da. Printzipio horren ondorioa da kide diren estatuek lehia askea faltsutu edo oztopatzeko hartutako neurri guztiak ezabatu behar direla. Baldin eta Europako Batzordeak, kasuan kasuko neurria aztertu ondoren, ondorioztatzen badu laguntza bateraezina dela Batasuneko legeriarekin, estatu kideak laguntza berreskuratu beharko du, berandutze-interesak barne. Gaur egun, estatu-laguntzak berreskuratzearen betebeharra 2015/1589 EB Erregelamenduan araututa dago. Estatu-laguntzak berreskuratzea ahalbidetzen duen tributu-prozedura berariazkorik ez izatea hutsune bat da araudian, foru legeak bete egin nahi duena. Horretarako, Tributuei buruzko Foru Lege orokorrari titulu berri bat eransten dio, VI.a, zerga arloko estatu-laguntzak berreskuratzeko erabaki horiek betetzeko prozedurak arautzen dituena.

Argitu beharra dago ezen, estatu-laguntzen berreskurapenean, Foru Komunitateko zerga administrazioa Europako Batzordeak inposatzen duen erabaki baten betearazle hutsa dela, eta bere esku-hartzea gai horri buruz Batasunean onartutako araudira egokitu behar duela.

Estatu-laguntzak berreskuratzeko prozeduren oinarrizko ezaugarriak hauek dira:

a) Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat, irmo bihurtu diren egintza administratiboak aldatzeko aukera ezartzen da.

b) Laguntza berreskuratzeak sortzen dituen tributu zorrak ezin izanen dira geroratu, ez eta zatikatu ere.

c) Preskripzioari dagokionez funtsezko aldaketa bat ezartzen da. Epea hamar urtekoa izanen da, halaxe eskatzen baitu Batasunaren araudiak. Horregatik, kasu hauetan ez dira aplikatuko Nafarroako araudian jasotako preskripzio epeak, Batasunaren erabakia betetzetik heldu den tributu-zorrari dagokionez.

d) Berreskuratze-erabakiak betetzeko bi prozedura ezartzen dira. Bata, berreskuratze-erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuetakoren bat erregularizatu beharra dagoenerako; eta bestea, erregularizazio hori beharrezkoa ez denerako.

Horrez gain, adierazten da berreskuratze-erabaki horiek ikuskapen prozedura arruntaren bidez ere betetzen ahalko direla, zergadunari beste betebehar batzuk edo betebeharraren beste elementu batzuk egiaztatzen zaizkionean, berreskuratze-erabakiaren xede ez direnak.

Bestalde, hamaseigarren xedapen gehigarria aldatzen da, Nafarroako foru araudian tokia izan dezaten informazio-betebeharrek eta behar bezalako arretari dagozkion betebeharrek, finantza kontuei dagozkienak elkarrekiko laguntzaren esparruan. Ezartzen den informazio-betebeharrak finantza entitateak behartuko ditu finantza kontuen titularrak identifikatzera, bai eta haien saldoak eta sarrera- eta irteera-mugimenduak ere. Informazio hori betetzeak bide emanen du nazioartean informazio horren trukea egiteko, eta tresna paregabea izanen da tributu administrazioek egiaztatu ahal izan dezaten zergadunek behar bezala betetzen dituztela beren zerga-betebeharrak. Bistan denez, iruzur fiskalaren kontrako borrokan konprometituta dauden zerga administrazioen aurrerapauso bat da, bai Europar Batasunean bai ELGA-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko kide diren zenbait herrialdetan.

Informazioa trukatzeko betebehar horrek bi sorburu ditu:

1. Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentaraua, 2011ko otsailaren 15ekoa, fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa, zeina Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentarauak aldatu baitzuen, fiskalitatearen arloan informazio-truke automatikoa egin beharrari dagokionez.

2. ELGAren esparruan Finantza-kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunean xedatutakoa.

Hitzarmen Ekonomikotik eratorritako beharkizunaz gain, zeinak Foru Komunitateari errespetarazi egiten baitizkio Europako Batasunaren arauak eta Espainiako Estatuak izenpetutako nazioarteko tratatu eta itunak, Foru Komunitateko zerga administrazioak uste osoa du nazioarteko informazio-trukea iruzurraren kontra borrokatzeko bide egokia dela. Horregatik, Foru Komunitatean ezartzeko prozesuan daude, halaber, tributu arloan nazioarteko informazio trukea egiteko beste bide paralelo batzuk ere, hala nola tax rulings direlakoak, mugaz haraindiko eragina daukatenak, eta herrialdez herrialdeko informazioa, enpresa-talde multinazionalei eskatuko zaiena.

Foru legearen hirugarren helburu-multzoan tributu araudiaren hobekuntza tekniko batzuk inplementatzen dira, araudia gaurkotzeko eta Nafarroako Zerga Ogasunaren funtzionamenduan pilatu den eguneroko esperientziara egokitzeko. Horietako bost nabarmendu daitezke:

Lehenengo eta behin, 9.1.c) eta 149. artikuluak aldatzen dira. Bi arau horiek zergadunaren eskubide hau dute hizpide: tributu zor bat epai edo administrazio ebazpen irmoz bidegabe deklaratzen denean, horren exekuzioa eteteko asmoz jarritako abalen eta bermeen kostua itzul dakion. Horren helburua da eskubide horren edukia eta aplikazio eremua handitzea, zenbait alderdi barnean hartzeko:

1. Itzulketarako eskubideak abalak eta bermeak hartuko ditu haiek zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko aurkeztu direnean ere (hau da, ez bakarrik egintza administratibo baten exekuzioa eten denean), zor hori osorik edo zati batean bidegabea dela deklaratzen bada.

2. Itzulketaren zenbatekoan legezko interesaren ordainketa ere sarturik egonen da, horretarako eskaerarik egin beharrik gabe. Legezko interesaren sortzapena kostuak egin direnetik ordainketa agindu den egunera artekoa izanen da.

Multzo honen bigarren aldaketa 36.4 artikuluari dagokio. Proposatutako aldaketa honek ere iruzur fiskalaren kontrako planean du jatorria, eta helburu du zordunaren jaraunsle ezezagunei eskatzen zaizkien zorrak kobratzeko aukerak sendotzea.

36. artikuluak zergadunen ordezkaritza arautzen du. Artikulu horren 4. idatz-zatiak, berriz, nortasun juridikorik gabeko entitateen ordezkaritza arautzen du; esate baterako, ondasun-komunitateena eta jaraunspen jasogabeena. Egungo arauaren edukia ez da aldatzen (baina aurrerantzean arauaren lehen lerrokada izanen da), eta, horregatik, entitate horien ordezkari jardunen da ordezkaritza hori duena, hura modu fede-emailean frogatzen bada; eta inor ez badago ordezkari izendatuta, itxuraz kudeaketa edo zuzendaritza lanetan aritzen dena hartuko da halakotzat, eta halakorik ez bada, entitatea edo komunitatea osatzen duten bazkide edo partaideetako edozein.

Aurrekoa gorabehera, arau horri gehitzen zaizkion hurrengo lerrokadetan zerga administrazioaren jokabidea arautzen da, kasu honetan: jaraunspen jasogabeak izan eta, pertsona baten heriotza behar bezala justifikatu ondoren, jaraunspenaren ezein ordezkarirengana jotzerik ez dagoenean ezezagunak direlako; dela testamenturik ez egoteagatik, dela testamentuan izendatutakoek jaraunspenari uko egiteagatik. Arautze berri honek konponbidea jarri nahi dio arazo bati; izan ere, Nafarroako Zerga Ogasunak diru-bilketako prozedura bat kudeatzen duenean zordunaren jaraunsle ezezagunekin, jabetzaren erregistratzaileek ezezkoa ematen diote zordunaren jabetzakoak diren ondasun higiezinen gaineko enbargo idazpenak egiteari jaraunsle ezagunik ez dagoenean (ez dago testamenturik edo jaraunspenari uko egin zaio), enbargoa ez zaiolako jakinarazi jaraunsle izaera duenari. Horren ondorioa da diru-bilketako prozedura gelditu egiten dela zuzeneko ahaideek uko egin diotenean jaraunspenari edo ezezagunak direnean, ia ezinezko bihurtzen baita frogatzea nor den jaraunslegaia. Arau aldaketaren xedea da, hortaz, jaraunsle ezagunik ez dagoenean (testamenturik ez dagoelako edo bertan izendatutakoek uko egin diotelako) eta hori espedientean frogatuta uzten denean, modua egon dadila zordunaren/kausatzailearen jaraunspenean interesa dutenei dei egiteko, prozeduran ager daitezen; agertu ezean, tramiteak aurrera eginen luke jakinarazpen gehiagorik egin gabe.

Hirugarren aldaketan jasotzen da “zerga betebehar lotuak” deitzen direnen preskripzioaren etena. Erregulazio berri horrek xedatzen duenez, zerga betebehar baten preskripzioa eteteak berarekin ekarriko du, legez aginduta, harekin nolabaiteko lotura duten gainerako zerga betebehar guztien etena ere. Zerga betebehar lotu horien adibide da zergaldi jakin batean sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarri negatiboak gutxitu edo kentzea, ikuskapen-ekintza baten ondorioz. Horrela, zergaldi horretako zerga betebeharraren preskripzioa eteten denean, eten eginen dira, halaber, harekin lotutako zerga betebeharrak; hau da, lehenago erregularizatutako alditik datozen zerga-oinarri negatiboen gutxitzea ondorengo zergaldietan aplikatzearekin lotuta daudenak.

Laugarren aldaketaren xedea da n) letra 105.1 artikuluari gehitzea, eta hori beste salbuespen bat da tributu arloko datuen isilpeko izaerari dagokionez. Berezitasun berri hori dela-eta, zerga administrazioak zenbait datu laga ahalko dizkie Nafarroako administrazio publikoei, baldin eta haiek beren eskumenak betetzeko behar badituzte. Laga daitezkeen datu horiek pertsona fisiko eta juridikoen identifikazioari eta helbideei dagozkienak izanen dira.

Legearen aldaketaren helburua da egungo arauak eragiten dituen zenbait disfuntziori aurre egitea; horiek sortzen dira Nafarroako administrazio publikoek pertsona fisikoak eta juridikoak egokiro identifikatu eta lokalizatzeko datuak eskatzen dituztenean beren eskumeneko eginkizunak beterik, hala nola diru-laguntzen kudeaketa, diru-bilketako zereginak eta zehapen-espedienteen abiarazpena.

Amaitzeko, hogeita seigarren xedapen gehigarriak 2017an egiten diren tributu zorraren geroratzerako edo zatikatzerako eskaerei aplikatzen zaizkien neurri berariazko batzuk ezartzen ditu. Nabarmendu behar dugu aurrenekoz 2012. urtean aurreikusi zirela arlo honi buruzko berariazko neurriak, eta hurrengo urteetan eutsi egin zaiela, aldaketa txiki batzuk eginda. Funtsean, eta krisi ekonomikoaren ondorioz, neurri horien asmoa zen lehen bezain zorrotza ez izatea geroratzeen onarpenean, horrela zergadunei tributu zorrak ordaintzen laguntzeko. Pentsa daiteke gaur egun krisi ekonomikoa lasaitzen edo arintzen joan dela; horregatik, 2017rako neurria aurreko urteetakoa baino murriztaileagoa da, eta hurbilago dago Diru-bilketaren Erregelamenduko arautze orokorretik. Bistan denez, geroratzeak onartzeko baldintza zorrotzago hauek nabarmen handituko dute diru-bilketa 2017. urtean.

Hauek dira berritasunak:

1. Oro har, ez da bermerik eskatuko gehienez ere bi urteko epea duten geroratzeetan, eta beti eskatuko da %30eko sarrera egitea. Lehen, kasu batzuetan %20ko sarrera bakarrik eskatzen zen, eta hiru urte arteko geroratzea onartzen zen.

2. Salbuespenez, ez da bermerik ez aurretiko sarrerarik eskatuko 6.000 eurotik beherako geroratzeetan (lehen, 12.000 euro), sei hilabete arteko epearekin (lehen, urtebete).

3. Ukatze automatikorako arrazoia izanen da (borondatezko epean dagoen zorraren kasuan) osorik kitatu gabe hiru geroratze (lehen, lau ziren) edo gehiago izatea.

Horrenbestez, esan daiteke geroratzeak erabakitzeari buruzko arau berri zorrotzago horiek zuzenduta daudela, oro har eta baldintza gehigarriekin, 6.000tik 12.000 eurora bitarteko zorra duten zordunengana (2017an zorraren %30 ordaindu beharko dute; lehen, ordea, ez zuten konturako sarrerarik egiten) eta 12.000 eurotik 200.000 eurora bitarteko zorra duten zordunengana (zorraren % 30 ordainduko dute; lehen, ordea, %20, kasu zehatz batzuetan).

Artikulu bakarra.–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren aldaketa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren agindu hauek honako eduki hau izanen dute:

Bat. 9.1.c) artikulua.

“c) Eskubidea du itzul dakion, foru lege honek agintzen duen moduan, egintza baten exekuzioa eteteko edo tributu-zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko jarri dituen abal eta beste bermeen kostua, baldin eta epai edo administrazio-ebazpen irmo batek egintza edo zor hori osorik edo hein batean bidegabea dela deklaratzen badu; eta legezko interesa ere ordainduta, horretarako eskaerarik egin beharrik gabe; eskubidea du, halaber, jarritako bermea proportzionalki gutxitzeko, aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa hein batean baiesten denean.”

Bi. 27.5. artikuluko azken lerrokada.

“Bereziki, zehaztuko da zein kasutan aurkeztu edo eraman behar diren erregistro liburuak aldizka eta baliabide telematikoak erabiliz”.

Hiru. 30.4. artikulua. e) letra kentzea.

Lau. 30. artikulua. Idatz-zati berri bat gehitzea, bosgarrena.

“5. Balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboak ordaindu beharreko tributu-zorraren erantzule solidarioak izanen dira zerga-jasanarazpen egokia saihesten duten eragiketen hartzaileak, baldin eta saiheste horretan egite edo ez-egite erruzko nahiz dolozkoa izan badute.”

Bost. 30. artikulua. Idatz-zati berri bat gehitzea, seigarrena.

“6. Ordaintzeko dagoen tributu-zorraren eta, kasua bada, tributu zehapenen erantzule solidarioak izanen dira, halaber, honakoak:

a) Pertsona juridikoen egiazko kontrola, erabatekoa nahiz partziala, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, duten pertsona edo entitateak, edo pertsona juridikoekin amankomuneko zuzendaritza-borondatea dutenak, betiere frogatzen baldin bada pertsona juridikoak gehiegikeriaz edo iruzurrez sortu edo erabili direla Ogasun publikoaren aurrean dagoen ondare-erantzukizun unibertsala saihesteko, eta pertsonen edo esfera ekonomikoen bakartasuna badago, edo ondare-nahasketa nahiz -desbideratzea.

b) Tributudunek osorik edo parte batean egiazki kontrolatzen dituzten pertsona edo entitateak, edo tributudun horiekin amankomuneko zuzendaritza-borondatea dutenak, tributudun horien tributu-betebeharrengatik, frogatzen baldin bada pertsona edo entitate horiek gehiegikeriaz edo iruzurrez sortu edo erabili direla Ogasun publikoaren aurrean dagoen ondare-erantzukizun unibertsala saihesteko; betiere, pertsonen edo esfera ekonomikoen bakartasuna badago, edo ondare-nahasketa edo -desbideratzea.”

Sei. 32.2 artikulua.

“2. Erantzule subsidiario izanen dira kasuan kasuko konkurtso-administrazioaren partaideak eta sozietate eta entitateen likidatzaileak oro har, ez bazituzten egin egoera horiek baino lehenagotik sortutakoak izanik kasuan kasuko zergadunei egoztekoak diren zerga betebeharrak oso-osorik betetzeko beharrezkoak ziren zuzemenak. Egoera horien ondotik exigitzekoak diren tributu betebeharrei eta ezartzen diren zehapenei dagokienez, administratzaile gisa erantzunen dute administrazio-eginkizunak esleituak dituztenean.

Aipatutako zerga betebehar horien erantzule izanen dira, halaber, hirugarrenen kredituak ordaindu direnean, tributu izaera dutenen gainetik lehentasuna ez dutenak, bidegabeki ordaindutako zenbatekoak muga izanik betiere.”

Zazpi. 32. artikulua. 3. idatz-zatia kentzea.

Zortzi. 36.4 artikulua.

“4. Unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat diren entitate, elkarte, jaraunspen jasogabeen eta ondasun komunitateen kasuan, haien ordezkaritza duen pertsonak jardunen du ordezkari, ordezkaritza hori modu fede-emailean frogatzen bada; inor ez badago ordezkari izendaturik, halakotzat hartuko da kudeaketa edo zuzendaritza lanetan itxuraz aritzen dena, eta halako pertsonarik ez bada, entitatea edo komunitatea osatzen duten bazkide edo partaideetako edozein.

Nolanahi ere, jaraunspen jasogabearen kasuan, behin heriotza behar bezala justifikatu ondoren ezinezkoa bada aurreko lerroaldean aipatzen diren ordezkariengana jotzea denak ezezagunak direlako, testamenturik ez egoteagatik edo bertan izendatutakoek uko egin izateagatik, Zerga Administrazioko organoek abian den prozedura jaraunspenean interesa dutenei jakinarazteko eginbidea emanen dute.

Eginbide horretan, kausatzailea hil zen egunean jakinarazteko zegoen azken tramitea aipatuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ediktu baten bidez jakinaraziko da. Kausatzailearen azken helbideari eta heriotza gertatu zen tokiari dagozkien toki entitateetako iragarki oholetan ere argitaratzeko igorriko da, zabalkunderako beste bitarteko batzuk erabiltzeko aukera baztertu gabe. Ediktuek hilabetez egon beharko dute ikusgai.

Epe horretan, jaraunspenean interesa dutenek beren eskubidea frogatzen ahalko dute zerga administrazioaren organoetan, eta horrek, eskubide hori frogatutzat ematen badu, jaraunspen jasogabearen ordezkaritzat hartuko ditu idatz-zati honen lehen lerrokadan jasotzen den moduan; kausatzailea hil zen egunean jakinarazteko zegoen azken tramitea jakinaraziko die, bai eta abian den prozedurak hortik aurrera eragiten dituen guztiak ere, eskubideari uko egiten ez dioten bitartean.

Jaraunspenean interesa duenik epe horretan agertu ezean, ulertuko da jaraunsle ezezagunei jakinarazi zaiela kausatzailea hil zen egunean jakinarazteko zegoen azken tramitea, bai eta prozedura horretan hortik aurrera egiten diren jarduketak eta eginbideak ere, eta prozeduran beste edozein unetan agertzeko eskubidea gordeko dute. Nolanahi ere, prozeduran egiten diren likidazioak eta enbargatutako ondasunak besterentzeko ebazpenak 99. artikuluan ezarritako moduan jakinarazi behar dira betiere.”

Bederatzi. 43 artikulua. 4. idatz-zatia aldatzea eta 5., 6. eta 7. idatz-zatiak gehitzea.

“4. Zeharkako zenbatespenaren araubidea aplikatzeko erabilitako datu eta aurrekarien sorburua hauetako edozein izan daiteke:

a) Zenbatespen objektiborako metodorako ezarritako zeinuak, indizeak eta moduluak, lehentasunez erabiliko baitira metodo horri uko egin dioten zergadunen kasuan. Nolanahi ere, zerga administrazioak frogatzen badu jarduera ekonomikoak eragindako etekinak edo kuotak daudela, zenbateko handiagoa egiten dutenak, zenbateko hori hartuko da aintzat erregularizazioaren ondorioetarako.

b) Zergadunak berak emandako datu ekonomikoak eta ekoizpen prozesuari buruzkoak.

Erregularizatutakoaren aurreko edo ondorengo ekitaldietako datuak erabiltzen ahalko dira, horietaz informazio aski eta fidagarria izanez gero. Bereziki, kudeaketa edo ikuskapen jarduketa egin zen uneari buruzko informazioa erabiltzen ahalko da, aurreko ekitaldietan aplikatzeko modukoa irizten bazaio, salbu eta zerga administrazioak edo zergadunak berak justifikatzen badu datu horietan doikuntzak egin behar direla eta zenbatekoak diren.

Metodo hori aplikatzen bada ezaugarri homogeneoetakoak diren zergadunaren beste eragiketa batzuk zenbatesteko eta zergadunak horri buruzko informaziorik aurkezten ez badu, edo informazio okerra edo aski ez dena aurkezten badu, edo eragiketa horien lagin batean oker errepikatuak daudela ikusiz gero, zerga administrazioak laginen arabera erregularizatzen ahalko ditu. Kasu horietan, laginetik ateratzen den batez bestekoa aplikatzen ahalko zaie aztertutako aldiko eragiketa guztiei, salbu eta zergadunak frogatzen badu berariazko arrazoiak daudela, proportzio hori bidegabea dela justifikatzeko.

c) Erakunde publikoek edo pribatuek teknika estatistiko egokiekin sektoreaz egindako azterlanetatik ateratako datuak, erregularizazioaren xede den aldiari dagozkionak. Kasu horretan azterlanen jatorria identifikatuko da, zergadunak horiei dagokienez bere eskubidearentzat egokitzat jotzen duena adierazi ahal izan dezan.

d) Zerga administrazioko organoek enpresa, jarduera edo produktu batzuei buruz lortutako lagin bateko datuak, horien ezaugarri nagusiak eta zergadunak dituenenak antzekoak direnean. Kasu horretan, zerga administrazioak identifikatu egin beharko du aukeratutako lagina, hori zergadunaren ezaugarriekin bat datorrela bermatzeko, eta adierazi beharko du datuak zein erregistro publikotan edo sorburutan lortu ziren. Baldin eta erabilitako datuak zerga administrazioak berak emandakoak badira, lagina erregelamenduz xedatutakoarekin batera eginen da.

5. Zuzeneko ezarpenaren kasuan, zeharkako zenbatespenaren metodoaren bidez zehazten ahalko dira salmentak eta prestazioak, erosketak eta gastuak edo jardueraren etekin garbia. Posible da zeharkako zenbatespena salmenta eta prestazioen gainekoa soilik izatea, baldin eta kontabilitatean edo erregistro fiskaletan ageri diren erosketak eta gastuak behar adina frogatu direla ulertzen bada. Era berean, posible da erosketa eta gastuen gainekoa soilik izatea, salmentak eta prestazioak behar adina frogatu direnean.

Kontsumoaren gaineko ezarpenaren kasuan, zeharkako zenbatespenaren metodoaren bidez ezartzen ahalko dira jasanarazitako kuota eta oinarria, kalkulaturiko kuota jasana eta kengarria edo bi zenbatekoak. Kalkuluen arabera ateratzen den jasandako kuota kengarria kalkulatzeko, kasuko salmentak edo prestazioak lortzeko normalki beharrezkoak liratekeen ondasun eta zerbitzuei legozkiekeen kuotak hartuko dira aintzat, baina zerga jasanarazi den zenbateko kalkulatuan soilik, eta zergadunak zerga egiaz jasan duela ikusita. Zerga administrazioak kuotak jasanarazi direla ikusteko moduko informaziorik ez badu, zergadunari dagokio zerga jasanarazi zioten pertsonak edo entitateak identifikatzeko bide emanen duen informazioa aurkeztea eta haren zenbatekoa kalkulatzea.

Zeharkako zenbatespenaren bidez erregularizatutako ekitaldi bati dagozkion jasandako gastu edo kuotak ezin izanen dira beste ekitaldi batean izan kenkariaren xede.

6. Likidazioaldia urtebetetik beherakoa duten tributuen kasuan, zerga administrazioak urterako kalkulatutako kuota modu linealean banatuko da kasuan kasuko likidazioaldien artean, non zergadunak ez duen justifikatzen beste denbora-banaketa bat egin behar dela.

7. Zeharkako zenbatespenaren araubidea aplikatzea eragin zuten inguruabarrekin lotutako datuak, agiriak edo frogak kontuan hartzen ahalko dira aurkeztutako errekurtso edo erreklamazioak ebazteko baldin eta, soilik, ikuskapen-prozedura amaitu aurretik aurkeztu badira, salbu eta zergadunak frogatzen badu ezinezkoa izan zela datu, agiri edo froga horiek prozeduran zehar aurkeztea.”

Hamar. 52. artikulua, 6. idatz-zatia gehitzea.

“6. Zergadun baten zorraren sarrera osorik edo zati batean etenda geldituko da, bermerik aurkeztu gabe, egiaztatzen denean eragiketa horregatik beragatik Administrazio berari edo beste bati tributu zor bat ordaindu zaiola edo beste zerga baten jasanarazpena jasan dela; betiere, egindako ordainketa edo jasandako jasanarazpena bateraezina bada eskatutako zorrarekin eta, gainera, azken kasu horretan, subjektu pasiboak eskubiderik ez badu bidegabeki jasandako zenbatekoaren kenkaria osorik egiteko.

Erregelamenduz arautuko da aurreko lerrokadan aipatzen diren tributu zorrak azkentzeko prozedura eta, kasuan bi zerga administraziok esku hartzen dutenean, elkarren arteko konpentsaziorako bideak.”

Hamaika. 55. artikulua. Epeak.

“Honako eskubide eta akzioek lau urteren buruan preskribatuko dute:

a) Administrazioak kasuko likidazioa eginez tributu zorra zehazteko duen eskubidea.

b) Administrazioak tributu-zor likidatu eta autolikidatuen ordainketa eskatzeko duen eskubidea.

c) Tributu-zehapenak ezartzeko akzioa.

d) Tributu bakoitzaren araudiaren araberako itzulketak, sarrera bidegabeen itzulketak eta bermeen kostuaren itzulketa eskatzeko eskubidea.”

Hamabi. 57. artikulua, 5. idatz-zati berria gehitzea.

“5. 55. artikuluaren a) letrak aipatzen duen eskubidearen preskripzio epea, zerga betebehar bati dagokiona, eteten bada, artikulu horren beraren a) eta c) letretan aipatzen diren eskubideen preskripzio epea ere etenda geldituko da; letra horiek zergadunaren beraren zerga betebehar lotuei buruzkoak dira, betebehar horietan bestelako zergapetzea gertatzen denean edo gertatu behar denean, Zerga Administrazioak edo zergadunek zerga betebehar lotuekin lotura duen betebeharraren erregularizazioaren oinarri diren irizpideak edo elementuak aplikatzen dituztelako.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren ondorioetarako, zerga betebehar lotuak hauek dira: haietako elementuren bat beste betebehar bati edo aldi desberdin bati dagozkion elementuek ukitzen dutenean edo horien arabera zehazten denean.”

Hamahiru. 58.1 artikulua.

“1. Preskripzio lortua baliagarria da zerga zorra ordaintzera beharturik dauden guztientzat, aurreko artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoa kenduta.

Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, zerga zorra ordaindu den kasuetan ere, zergadunak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

Preskripzio lortuak zerga zorra azkentzen du.”

Hamalau. 66.3. artikulua, b) eta c) letrak.

“b) Talde fiskalaren entitate ordezkaria zerga-kontsolidazioaren araubidean.

c) Beren bazkide edo kideei errentak egotzi edo esleitzera beharturik dauden entitateak.”

Hamabost. 66. artikuluaren 6. eta 7. idatz-zatiak. Kentzea.

Hamasei. 99.5. artikulua, hirugarren lerrokada.

“Jakinarazpen elektronikoaren sistemak aukera emanen du jakiteko zer egun eta ordutan uzten den interesdunaren eskura jakinarazpenaren xedeko egintza, baita interesdunak noiz ikusi duen edukia ere, jakinarazpena une horretatik aurrera egindakotzat joko baita legezko ondorio guztietarako. Halere, bitarteko elektronikoen bidez egindako jakinarazpenak jasotzera beharturik dauden edo borondatez aukera hori egin duten subjektuen kasuan, ulertuko da prozeduren iraupenaren gehieneko epean jakinarazteko betebeharra bete dela zerga administrazioaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpena eskuragai jartzen denean”.

Hamazazpi. 105.1. artikulua. Letra bat gehitzea, n) letra.

“n) Nafarroako Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzea, haien eskumenen esparruan pertsona fisikoen eta juridikoen identifikaziorako behar dituzten datuak eta helbideak izateko.”

Hemezortzi. 105.1 artikulua. ñ) letra berria gehitzea.

“ñ) Etxebizitzaren arloan eskuduna den Nafarroako Gobernuko departamentuarekin lankidetzan jardutea, etxebizitzarako sarbidea sustatzeko, laguntza publikoak kudeatzeko eta bere ardurapean dituen etxebizitza-erregistroak mantentzeko eginkizunez baliatzearen arloan.

Lankidetza hori foru lege honen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz eginen da”.

Hemeretzi. 107. artikulua. Artikuluaren egungo edukia 1. idatz-zatia izanen da aurrerantzean, eta 2. idatz-zatia gehitzen da.

“2. Gastu kengarriak eta egindako kenkariak, enpresaburuek edo profesionalek egindako eragiketek eragindakoak direnean, justifikatu beharko dira, lehentasunez, zerga araudian adierazitako baldintzak betetzen dituen eragiketa egin duen enpresaburuak edo profesionalak entregatutako fakturaren bidez.

Aurrekoa gorabehera, faktura ez da eragiketak gauzatu izanaren frogabide nagusia, eta, beraz, Administrazioak arrazoiekin zalantzan jartzen badu egiaz gauzatu diren, zergadunari dagokio eragiketen errealitateari buruzko frogak aurkeztea.”

Hogei. 112.4. artikulua.

“4. Gainerako kasuetan behin-behinekoak izanen dira, direla konturakoak, direla osagarriak, kauziozkoak, partzialak edo osoak.

Behin-behinekoak izanen dira, halaber, 160.2 eta 163.b) artikuluetan xedatutakoaren babesean emandako likidazioak.”

Hogeita bat. 118.5. artikulua. Letra bat gehitzen da, e) letra.

“e) 163. artikuluan deskribatutako prozedura tramitatzen den bitartean edo amaitu ondoren hartzen direnean. Kasu horietan, haien ondorioak hartzen direnetik hogeita lau hilabeteko epean amaituko dira.

163. artikuluan deskribatutako tramitazioa hasi aurretik hartu baziren, 160.2 artikuluan aipatzen den likidazioa behin eginda, epea handitzen ahalko da erabaki arrazoituaren bidez, baina hartutako neurrien luzapena ez da izanen guztira 18 hilabetetik gorakoa.

e) Letra honek aipatzen dituen neurriak egindako likidazioa kobratzeko hasitako premiamendu prozedurako enbargo bihurtzen ahalko dira.”

Hogeita bi. 118.7. artikulua, lehen lerrokada.

“Egiaztatzeko edo ikertzeko ikuskapen prozedura bat dela-eta, salaketa edo kereila formalizatu denean Ogasun Publikoaren aurkako delituagatik edo, delitu horrengatik, prozesu judiziala bideratu denean, 160.2 artikuluan aipatzen den likidazioa eman gabe, zerga administrazioko organo eskudunak artikulu honetan araututako kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, hemeretzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa galarazi gabe”.

Hogeita hiru. 139.3.a) artikulua.

“a) Espedientea Fiskaltzara edo jurisdikzio eskudunera igortzea 161. artikuluan aipatzen denarekin bat likidazioa egin gabe”.

Hogeita lau. 139.3. artikuluko azken lerrokada.

“Behin etena amaituta, prozedurak jarraituko du, 1. idatz-zatian aurreikusitako epea amaitu arte falta den denboran edo sei hilabetez, azken epe hori luzeagoa izanez gero”.

Hogeita bost. 149. artikulua. Bermeen kostuak itzultzea.

“1. Zerga administrazioak egintza baten exekuzioa eteteko edo tributu zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko jarri dituen abalen eta beste bermeen kostua itzuliko du, zenbatekoa frogatu ondoren, epai edo administrazio ebazpen irmo batek egintza edo zor hori bidegabea dela deklaratzen badu. Egintza edo zorra zati batean bidegabea dela deklaratuz gero, itzulketa bermeen kostuaren kasuko zatiari dagokiona izanen da.

Erregelamenduz arautuko dira itzulketarako prozedura eta bermeen kostua zehazteko modua.

2. Bermeen kostuen itzulketarekin, zerga administrazioak sortzapenaren aldian indarra duen legezko interesa ere ordainduko du, zergadunak eskatu beharrik izan gabe. Ondorio horietarako, legezko interesa sortzapena kostuak egin diren egunetik (behar bezala frogatua) ordainketa egiteko agintzen den bitartekoa izanen da.

3. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko tributu bakoitzaren araudian zerga betebeharrak beteko direla ziurtatzeko ezarritako bermeen kasuan.”

Hogeita sei. V. titulua gehitzea. Ogasun Publikoaren kontrako delitu kasuetarako jarduketak.

Hogeita zazpi. 160. artikulua. Likidazioak egitea Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak daudenean.

“1. Zerga administrazioak Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak ikusten dituelarik, prozeduraren tramitazioak aurrera eginen du aplikatzekoak diren arau orokorrekin bat, horrek galarazi gabe erruduntasun-testigantza jurisdikzio eskudunera igortzea edo espedientea Fiskaltzara, titulu honetan ezartzen diren arauekin bat betiere.

Hurrengo artikuluan aipatzen diren kasuetan salbu, zerga betebeharraren elementuen likidazioa ematen ahalko da, egiaztapenaren xede diren elementuena alegia, likidazio desberdinetan bereiziz, alde batera Ogasun Publikoaren kontrako ustezko delituarekin lotura dutenak, eta beste batera Ogasun Publikoaren kontrako ustezko delituarekin loturarik ez dutenak.

2. Ematen den likidazioa, Ogasun Publikoaren kontrako ustezko delituarekin lotura duten zerga betebeharraren elementuei dagokiena, bat etorriko da titulu honetan ezarritakoarekin.

Idatz-zati honek aipatzen dituen kasuetan, Administrazioak ez du hasiko edo jarraituko egitate horiei beraiei dagokien zehapen prozedura. Zehapen prozedura bat hasita baldin badago, eta lehenago amaitu ez bada, amaiera hori gertatu dela ulertuko da, betiere, erruduntasunaren testigantza jurisdikzio eskudunera igortzen denean edo espedientea Fiskaltzara, horrek galarazi gabe beste zehapen prozedura bat hasteko aukera, idatz-zati honen azken lerrokadan aipatzen diren kasuetan.

Agintari judizialek kondena-epaia emanez gero, ezin izanen da administrazio zehapena jarri egitate berberengatik.

Delitua dagoenik ikusten ez bada, zerga administrazioak zehapen prozedura administratiboa hasiko du, bidezkoa denean, epaitegiek frogatutzat eman dituzten egitateekin bat.

3. Ogasun Publikoaren kontrako balizko delituarekin loturarik ez duten tributu kontzeptuei dagokienez ematen den likidazioaren tramitazioa bat etorriko da foru lege honen IV. tituluko VI. kapituluan xedatutakoaren arabera dagokionarekin, eta IV. titulu horren beraren VII. kapituluan ezarritako berrikuspen araubideari jarraituz.”

Hogeita zortzi. 161. artikulua. Salbuespenak, Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak daudenean likidazioak egiteko.

“1. Zerga Administrazioak Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak ikusten dituenean, erruduntasunaren testigantza igorriko du jurisdikzio eskudunera edo espedientea Fiskaltzara, eta ez du eginen 160.2 artikuluan aipatzen den likidazioa kasu hauetan:

a) Likidazio administratiboaren tramitazioak delituaren preskripzioa eragin dezakeenean Zigor Kodearen 131. artikuluan aurreikusitako epeekin bat.

b) Ikuskapena edo egiaztapena eginda ere zehatz-mehatz ezartzerik ez dagoenean likidazioaren zenbatekoa edo zergadun zehatz bati egozteko modurik izan ez denean.

c) Likidazio administratiboak moduren batean kaltetu dezakeenean iruzurraren ikerketa edo egiaztapena.

Lehenago aipatutako kasuetan, zerga administrazioak aurkeztutako salaketa edo kereila idatziarekin batera, likidazioa ez emateko erabaki administratiboa eragin duten inguruabarretako bat dagoela justifikatzen duen erabaki arrazoitua ere igorriko da.

Kasu horietan, zergadunari ez zaio emanen entzuteko tramitea edo alegazioak aurkeztekoa.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren kasuetan, Administrazioak ez du prozedura administratiboa hasiko edo, kasua bada, jarraituko, eta etenda geldituko da agintari judizialek epai irmoa eman arte, jarduketen largespena edo artxiboa gertatu arte edo Fiskaltzak espedientea itzuli arte.

Halere, zehapen espedientea hasita baldin badago, ulertuko da amaituta dagoela erruduntasunaren testigantza jurisdikzio eskudunera igortzen denean edo espedientea Fiskaltzara. Hori guztia, zehapen prozedura berri bat hasteko aukera ukatu gabe azkenean deliturik ikusten ez bada eta epaitegiek frogatutzat eman dituzten gertaerekin bat.

Erruduntasun testigantza edo espedientea igortzeak eten eginen ditu tributu zorra zehazteko eta zehapena ezartzeko eskubidearen preskripzio epeak, 57.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Agintari judizialek kondena-epaia emanez gero, ezin izanen da administrazio zehapena jarri egitate berberengatik.

Egiaztapen eta ikerketa prozedurako jarduketak, salatutako egitateen gainean etendura aldian egiten direnak, ez direla izan ulertuko da.

3. Aurreko kasuetan, deliturik izan denik ikusi ez bada, zerga administrazioak jarduketak hasi edo aurrera eramanen ditu, organo jurisdikzionalek frogatutzat eman dituzten egitateen arabera, 139.1 artikuluan aipatzen den epea amaitu arteko aldian edo 6 hilabeteko epean, hura luzeagoa izanez gero; epe hori prozedurarekin jarraitu behar duen organo eskudunak kontatu beharko du, ebazpen judiziala edo Fiskaltzak itzulitako espedientea jasotzen denetik aurrera.

Preskripzio epeen zenbaketa berriz hasiko da ebazpen judiziala zerga administrazio eskudunaren erregistroan sartzen denetik aurrera.”

Hogeita bederatzi. 162. artikulua. Borondatezko erregularizazioa.

“Zerga Administrazioak ez du erruduntasun testigantza jurisdikzio eskudunera igorriko, ez eta espedientea Fiskaltzara, egiaztatzen bada zergadunak erregularizatu duela bere zerga egoera, tributu-zorra osorik onartu eta ordainduz erregularizazioaren xede den tributu-zorra zehazteko egiaztapen edo ikerketa jarduketak hasi direla jakinarazi aurretik, edo, halako jarduketak gertatu ez badira, Fiskaltzak, Estatuko abokatuak edo kasuko autonomia erkidegoko, foru edo toki administrazioaren ordezkari prozesalak, zergadunaren kontra zuzendutako kereila edo salaketa aurkeztu aurretik, edo eginbideak hasi direla modu formalean jakiteko bide emateko, Fiskaltzak edo Instrukzioko epaileak jarduketak egin aurretik.

Tributu-zorra 50. artikuluan aipatzen diren elementuek osatzen dutela ulertzen da, eta zergadunak hauen autolikidazioa eta sarrera egin beharko du aldi berean: kuota, berandutze-interesak eta sarreraren egunean legez sortutako errekarguak. Halere, borondatez erregularizatutako tributuak autolikidazioaren prozeduraren bidez eskatzen ez direnean, zergadunak kasuko aitorpena aurkeztu beharko du, eta Administrazioak likidatutako tributu zor osoaren sarrera egin beharko du tributuaren araudian ordainketarako ezarritako epean.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, erregularizazioa gertatzen denean Administrazioak tributu-zorra zehazteko duen eskubideak behin preskribatu ondoren ere.

Artikulu honen lehen lerroaldean aipatzen den bezala, zor osoaren onarpena eta sarrera egin direla ezartzeko, Zerga Administrazioak bidezkoak diren egiaztapen eta ikuskapen jarduketak egiten ahalko ditu, horien xede diren zergaldien eta kontzeptuen preskripzioa, 55.a) artikuluan arautzen dena, gertatu bada ere.”

Hogeita hamar. 163. artikulua. Ikuskapen prozeduraren tramitazioa likidazioa egin behar denean.

“1. Zerga administrazioak Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak ikusiz gero eta 161.1 artikuluarekin bat likidazioa ematea galarazten duten inguruabarrak tartean ez badira, bidezkoa izanen da delituarekin lotutako likidazio proposamen bat formalizatzea, bertan adierazita haren oinarri diren egitateak eta zuzenbideko oinarriak.

Proposamen hori zergadunari jakinaraziko zaio, eta entzuteko tramitea emanen zaio bere eskubideen alde komeni zaiona alega dezan 15 egun naturaleko epean, proposamena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tramitazio administratiboan egin diren prozedura akatsek, egin badira, ez dituzte inola ere delituarekin lotutako zerga betebeharra osorik edo zati batean azkentzeko ondorioak sortuko, ez eta 139.6 artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitakoak ere zerga administrazioak tributu-zorra likidatzeko egindako jarduketei dagokienez; horrek ez du galaraziko haiek eragin ditzakeenak izatea, baldin eta Fiskaltzak espedientea itzultzen badu edo ebazpen judizial irmoa ematen bada, 167.2.c) artikuluan aurreikusitako doikuntza egitera behartzen duena Ogasun Publikoaren kontrako delitua dagoenik ez ikusteagatik.

Entzutea emateko tramiterako aurreikusitako epea iraganik eta alegazioak aurkeztu baldin badira, horiek aztertu ondoren, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak likidazio administratibo bat emanen du, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen aldez aurreko edo aldibereko baimenarekin, bera baita salaketa edo kereila aurkezteko eskumena duena, bidezkoa den erregularizazioak agerian uzten badu bere ustez Ogasun Publikoaren kontrako delitua egon daitekeela.

Likidazio administratiboa eman ondoren, zerga administrazioak erruduntasun testigantza igorriko du jurisdikzio eskudunera, edo espedientea Fiskaltzara, eta egiaztapen prozedura amaitzeko, likidazio horren bidez erregularizatutako zerga betebeharraren elementuei dagokienez betiere, zergadunari horren jakinarazpena eginez, eta bertan ohartaraziko da sarrera egiteko borondatezko epea hasiko dela kasuko salaketa edo kereila tramitera onartu dela jakinarazi ondoren, 165. artikuluan ezarri bezala.

Erruduntasun testigantza edo espedientea igortzeak eten eginen ditu tributu zorra zehazteko eta zehapena ezartzeko eskubidearen preskripzio epeak, 57.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. Salaketa edo kereila ez onartzeak atzera eramanen ditu ikuskapen jarduketak, delituarekin lotutako likidazio proposamena eman aurreko unera, eta, kasu horretan, dagokion akta formalizatuko da, eta foru lege honetan eta haren garapen araudian ezartzen denarekin bat tramitatuko.

Ikuskapen jarduketak 135. eta 136. artikuluetan xedatutakoarekin bat amaituko dira.

Prozedura amaitu beharko da jarduketak atzera eramandako unetik hasita 139. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatzen den epea amaitu arteko aldian, edo sei hilabetean, epe hura luzeagoa baldin bada. Ebazpen judiziala jasotzen denetik hasita kontatuko da epe hori, edo Fiskaltzak edo prozedurari jarraipena eman behar dion organo eskudunak itzulitako espedientea jasotzen denetik hasita.

Prozedurari amaiera ematen dion likidazio berriagatik berandutze-interesak eskatuko dira. Berandutze-interesa kontatzen hasteko eguna baliogabetutako likidazioari zegokiokeen berbera izanen da, eta interesa likidazio berria ematen den unera bitarte sortuko da.

Kasu horietan, tributu-zorra zehazteko eta zehapena ezartzeko eskubidearen preskripzio epeen kontaketa hasiko da, 57.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

3. Zergaldi eta zerga kontzeptu berberetarako, bereizi behar badira, alde batetik elementu batzuk, zeinetan Ogasun Publikoaren kontrako delitua izan daitekeen dolozko jokabidea dagoela ikusten baita, eta, beste alde batetik, erregularizatu beharreko beste elementu batzuk, zeinetan ez baita dolozko jokabide hori ikusten, bi likidazio eginen dira, bereizita.

Bi likidazioak zenbatestearen ondorioetarako, delituarekin lotutako likidazio proposamen bat formalizatuko da eta ikuskapen akta bat, arau hauen arabera:

a) Delituarekin lotutako likidazio proposamenean deklarazioaren xede izan ziren elementuak egonen dira sartuta, kasua bada, eta horiei gehituko zaizkie beste batzuk, horietan doloa dagoela ikusten denean; zergadunak doikuntzetarako eskubidea izanez gero, horiek deskontatuko zaizkio, bai eta, oinarrian edo kuotan konpentsatu edo kendu beharreko partidak ere, gehigarri gisa dagozkionak tributu bakoitzaren araudian ezarritakoarekin bat. Aurkeztutako aitorpenak kuota bat ezartzen badu, sartu beharrekoa, hura deskontatu eginen da likidazio proposamen horren kalkulurako.

b) Aktan jasotako likidazio proposamenean egiaztatutako elementu guztiak sartuko dira, balizko delituarekin loturik egon nahiz ez, eta likidazio proposamenetik kenduko da aurreko letran aipatzen den zenbatekoa.

Nolanahi ere, zergadunak hauta dezake bi kuoten kalkulurako sistema bat aplikatzea, oinarrian edo kuotan konpentsatu edo kendu beharreko partidak proportzioan aplikatzean oinarritua, erregelamenduz ezartzen den moduan. Hautu hori Administrazioari jakinarazi beharko zaio delituarekin lotutako likidazio proposamena jakinarazi ondoko alegazio epean.”

Hogeita hamaika. 164. artikulua. Likidazioen inpugnazioa.

“1. 160.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioz emandako likidazio administratiboaren kontra ez da bide administratiboko errekurtsorik ez erreklamaziorik aurkezterik izanen, baina horrek ez du ukatzen doikuntza egitea, zigor prozesuan ezartzen denaren arabera bidezkoa dena, Zigor Kodearen 305. artikuluan eta foru lege honen 167. artikuluan xedatutakoarekin bat; zigor arloko epaileari dagokio epai bidez zehaztea zenbatekoa den iruzurraren kuota, Ogasun Publikoaren kontrako delituekin lotutakoa, Zigor Kodearen 305. artikuluko 5. idatz-zatian eta titulu honetan aurreikusitakoaren babesean likidatu dena.

Tramitazio administratiboan egin diren prozedura akatsek, egin badira, ez dituzte inola ere delituarekin lotutako zerga betebeharra osorik edo zati batean azkentzeko ondorioak sortuko, ez eta 139.6 artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitakoak ere zerga administrazioak tributu-zorra likidatzeko egindako jarduketei dagokienez.

2. Delituarekin lotuta ez dauden elementuen eta zenbatekoen erregularizaziotik ateratako likidazioaren kontra IV. tituluko VII. kapituluan aurreikusitako errekurtsoak eta erreklamazioak aurkezten ahalko dira.”

Hogeita hamabi. 165. artikulua. Likidatutako zorraren diru-bilketa egitea Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak daudenean.

“160.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan, Ogasun Publikoaren kontrako delituak eragindako zigor prozedura izateak ez ditu geldiaraziko likidatutako tributu zorra kobratzeko jarduketa administratiboak, salbu eta epaileak erabaki badu exekuziorako jarduketak etetea.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren jarduketa administratiboak, kobratzeko xedea dutenak, IV. tituluko V. kapituluan ezarritako arau orokorrek zuzenduko dituzte, titulu honetan ezarritako berezitasunekin.

Ogasun Publikoaren kontrako delitua dela-eta salaketa edo kereila onartu dela jasota gelditu ondoren, Zerga Administrazioak zergadunari jakinaraziko dio ordainketarako borondatezko epearen hasiera, eta likidatutako tributu-zorraren sarrera egiteko eskatuko dio.”

Hogeita hamahiru. 166. artikulua. Diru-bilketa egiteko jarduketei kontra egiteko arrazoiak.

160.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz likidatutako tributu zorra kobratzeko egiten diren diru-bilketako prozeduraren egintzen kontra, kasu bakoitzean erabiltzen ahal diren arrazoi bakarrak 128. artikuluan aurreikusitakoak izanen dira, bai eta enbargo eginbidearen eta enbargatutako ondasunak besterentzeko erabakiaren kontra aurreikusitakoak ere, eta horien berrikuspena IV. tituluko VII. kapituluan xedatutakoaren arabera eginen da.”

Hogeita hamalau. 167. artikulua. Ebazpen judizialak tributu likidazioan dituen ondorioak.

“1. Zerga administrazioak 160.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan emandako likidazioa bat etorriko da zigor prozesuaren amaieran ezartzen denarekin iruzurraren existentziari eta zenbatekoari dagokienez.

2. Doikuntza honela eginen da:

a) Zigor prozesuan Ogasun Publikoaren kontrako delituagatik zigorra ezartzen duen epaia ematen bada, eta prozesu horretan ezartzen bada iruzurraren kuota bide administratiboan likidatutako bera dela, ez da beharrezkoa izanen egindako likidazioa aldatzea, horrek ukatu gabe, nolanahi ere, dagozkion berandutze-interesen eta errekarguen likidazioa egitea.

Zigor prozesuan zehazten den iruzurraren zenbatekoa bide administratiboan finkatu dena baino handiagoa edo txikiagoa baldin bada, 160.2 artikuluaren babesean emandako likidazioa aldatu egin beharko da. Kasu horretan, hasierako egintzak iraunen du, eta epaiaren edukiarekin bat zuzenduko da, zigor prozesuan zehaztutako iruzurraren kuotaren zenbatekora egokitzeko.

Zerga administrazioak aurreko lerrokadan xedatutakoaren babesean egindako aldaketa horrek ez du eraginik izanen diru-bilketarako egindako jarduketen balioan, zigor prozesuan berretsitako zenbatekoari dagokionez.

Aldaketaren erabakia exekuziorako eskumena duen epaimahaira igorriko da, bai eta ordaintzera behartuta dagoenari eta zigor prozeduran agertutako gainerako aldeei ere.

Zigor prozesuan zehaztutako iruzurraren zenbatekoa bide administratiboan finkatutakoa baino txikiagoa baldin bada, aplikatzekoak izanen dira tributu araudian horretarako ezarritako arau orokorrak, sarreren itzulketei eta bermeen kostuaren itzulketari dagozkionak.

b) Zigor prozesuan ez bada ikusten azkenean delitua dagoenik, zerga betebeharrik ez dagoelako, likidazio administratiboa baliogabetu eginen da, eta aplikatzekoak izanen dira tributu araudian horretarako ezarritako arau orokorrak, sarreren itzulketei eta bermeen kostuaren itzulketari dagozkionak.

c) Zigor prozesuan ebazpen irmoa ematen bada, baina horretarako arrazoia ez bada zerga betebeharrik ez izatea, bidezkoa izanen da ikuskapen jarduketak atzera eramatea, delituarekin lotutako likidazio proposamena, 163.1 artikuluan aurreikusitakoa, eman aurreko unera, kontuan hartuta organo judizialak frogatutzat eman dituen egitateak, eta akta formalizatuko da, eta ondoren foru lege honetan eta haren garapen araudian ezarritakoarekin bat tramitatuko.

Ikuskapen jarduketak 135. eta 136. artikuluetan xedatutakoarekin bat amaituko dira.

Prozedura amaitu beharko da jarduketak atzera eramandako unetik hasita 139. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatzen den epea amaitu arteko aldian, edo sei hilabetean, epe hura luzeagoa baldin bada. Jarduketei ekiteko eskumena duen organoak espedientea jasotakoan hasiko da kontatzen epe hori.

Prozedurari amaiera ematen dion likidazio berriagatik berandutze-interesak eskatuko dira. Berandutze-interesa kontatzen hasteko eguna baliogabetutako likidazioari zegokiokeen berbera izanen da, eta interesa likidazio berria ematen den unera bitarte sortuko da.

Likidazio hori tributu likidazio orori dagozkion berrikuspen eta errekurtsoen araubidearen menpe egonen da –IV. tituluko VII. kapituluan araututakoa–, baina epai judizialean frogatutako egitateen kontrako inpugnaziorik ezin izanen da egin.

Kasu horietan, zorra zehazteko eta zehapena ezartzeko eskubidearen preskripzio epeen kontaketa hasiko da, 57.3 artikuluan adierazitakoarekin bat.”

Hogeita hamabost. 168. artikulua. Erantzuleak.

“1. 160.2 artikuluan agindutakoarekin bat likidatutako tributu-zorraren erantzule solidarioak izanen dira likidazio hori eragin duten egintzen kausatzaileak edo partaide aktiboak izan direnak, salatutako delituagatik hasitako zigor prozesuan inputaturik daudenak edo prozesu horren ondorioz zigorra jaso dutenak.

Likidazio prozeduran lortu diren eta artikulu honetan ezarritako erantzukizuna eskatzeko prozeduran kontuan hartu behar diren datuak, frogak edo inguruabarrak ebazpen proposamena egin aurretik gehitu beharko zaizkio formalki prozedurari.

2. 160.2 artikuluan aipatzen diren likidazioei dagokienez, aplikatu beharrekoak izanen dira, halaber, 30.4 artikuluan araututako erantzukizun kasuak.

3. Aurreko 1. idatz-zatian aurreikusitako erantzukizuna deklaratzen duen erabakiaren kontrako errekurtsoan edo erreklamazioan erantzukizun horren irismen orokorra baizik ez da inpugnatzen ahalko.

4. Zigor prozesuan erabakitzen bada largestea edo absolbitzea 1. idatz-zatian aipatzen diren erantzuleetako edozein, haren erantzukizunaren deklarazioa baliogabetu eginen da, eta tributu araudian ezarritako arau orokorrak aplikatuko dira, sarreren itzulketei eta bermeen kostuaren itzulketari dagozkienak.

5. 57.4 artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, 1. idatz-zatian aipatzen diren erantzukizun kasuetan, zergadun batentzako preskripzio epea etenda, ondorio horrek gainerako zergadunak ere hartzen ditu, erantzuleak barne.

6. 1. eta 2. idatz-zatietan araututako kasuetan, erantzukizuna deklaratzeko erabakiak emateko eskumena diru-bilketaren organoari dagokio.

7. Erantzukizuna deklaratzeko prozedurarako epea etenda dagoela ulertuko da salaketa edo kereila Fiskaltzan edo organo judizialean aurkezten denetik auzipetuen inputazio formala egin arte iragaten den denboran.

Artikulu honetan erantzukizuna deklaratzeko aurreikusten den prozedura tramitatu bitartean hartutako kautelazko neurriei 118.5.e) artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie”.

Hogeita hamasei. VI. titulua gehitzea. Zerga arloari eragiten dieten Estatuko laguntzak berreskuratzea.

Hogeita hamazazpi. I. kapitulua. Xedapen orokorrak.

Hogeita hemezortzi. 169. artikulua. Xedapen orokorrak.

“1. Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio Estatuko laguntzak berreskuratzeko erabakiak betetzeko behar diren jarduketak egitea, laguntza horien esparruaren gaineko tributu ahalmena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat.

2. Tributu kudeaketako prozeduratzat jotzen dira, batetik, Estatuko laguntzak berreskuratzeko erabakiak betetzeko beharrezkoak diren jarduera administratiboak egitea, laguntza horiek tributu arlokoak badira, eta, bestetik, zergadunen jarduketak, erabaki horietatik datozen eskubideak baliatzeko edo zerga betebeharrak betetzeko egindakoak.

3. Artikulu honen aurreko idatz-zatietan aipatzen diren kasuez gain, titulu honetan xedatutakoa beste kasu batzuetan ere aplikatuko da, baldin eta horietan, Europar Batasuneko zuzenbidea betez, bidezkoa bada eskatzea tributuen esparruko Estatuko laguntza gisa jasotako zenbatekoen itzulketa.”

Hogeita hemeretzi. 170. artikulua. Estatuko laguntzak berreskuratzeko erabakiak betetzeko prozedurak.

“1. Estatuko laguntzak berreskuratzeko erabakiak betetzeko prozedurak hauek dira:

a) Berreskuratzeko prozedura, erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan.

b) Berreskuratzeko prozedura beste kasu batzuetan.

2. Estatuko laguntzak berreskuratzeko erabakiak betetzeko, IV. tituluko VI. kapituluan araututako ikuskapen prozedura ere erabiltzen ahalko da, prozedura horren irismenak 174.1 artikuluan xedatutakoa gainditzen badu.

Kasu horietan, egiaztapenaren xede diren zerga betebeharraren elementuen likidazioa emanen da, likidazio desberdinetan bereizita erabakiaren xede direnak, batetik, eta horrekin loturarik ez dutenak, bestetik.”

Berrogei. 171. artikulua. Preskripzioa.

“1. Berreskuratzeko erabakia betetzetik sortzen den tributu-zorra zehazteko eta haren ordainketa eskatzeko Administrazioak duen eskubideak hamar urtera preskribatuko du.

2. Erregularizazioaren xede den zerga betebeharra betez Estatuko laguntzaren aplikazioak, tributu araudiarekin bat, ondorio juridikoak izan eta biharamunean hasiko da kontatzen preskripzio epea.

3. Preskripzio epea kasu hauetan etenda geldituko da:

a) Europako Batzordeak edo, Batzordeak berak eskatuta, zerga administrazioak Estatuko laguntzarekin lotuta egindako edozein jarduketagatik.

b) Zerga administrazioaren edozein egintzagatik, zergadunak horren berri formalki duelarik, berreskuratzeko erabakiak ukitzen dituen elementuetatik sortutako tributu-zorra onartu, erregularizatu, egiaztatu, ikuskatu, ziurtatu eta likidatzeko denean, edo ordainketa eskatzekoa.

c) Zergadunaren edozein jarduketa frogatugatik, tributu-zorra likidatu edo ordaintzeko helburua duena, edo bidezkoak diren errekurtsoak aurkezteagatik.

4. Preskripzio epea etenda geldituko da berreskuratzeko erabakia Europar Batasuneko Justizia Auzitegian prozedura baten xede den denboran.”

Berrogeita bat. 172. artikulua. Berreskuratzeko erabakia betetzeak dituen ondorioak.

“1. Estatuko laguntza berreskuratzeko erabakiak ukitutako zerga betebeharrari dagokionez zerga administrazioak aurrez emandako ebazpen edo likidazio bat dagoenean, erabakia betetzeak ebazpena edo likidazioa aldatzea ekarriko du, irmoa bada ere.

2. Berandutze-interesak Europar Batasuneko araudian xedatutakoak arautuko ditu.”

Berrogeita bi. 173. artikulua. Betetzeko egintzaren kontrako errekurtsoak.

“Berreskuratzeko erabakia betetzeak eragindako ebazpenaren edo likidazioaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, bai eta, kasua bada, erreklamazio ekonomiko administratiboa ere, foru lege honetan aurreikusi bezala.

Ebazpena edo likidazioa aurreko lerrokadarekin bat berrikusten bada, egintza administratiboen exekuzioaren etena onartuko da, soilik, bermea aurkezten bada Nafarroako Zerga Ogasunaren Diruzaintzan egindako diru-gordailua eginez.”

Berrogeita hiru. II. kapitulua. Berreskuratzeko prozedura, berreskuratzeko erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan.

Berrogeita lau. 174. artikulua. Berreskuratzeko prozedura, berreskuratzeko erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan.

“1. Berreskuratzeko erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan, zerga administrazioak erabaki horrek ukitzen dituen betebeharraren elementuak egiaztatu besterik ez du eginen.

2. Prozedura horretan Zerga Administrazioak jarduketa hauek baizik ez du egiten ahalko:

a) Zergadunek beraien aitorpenetan jarritako datuen eta aurkeztutako agirien edo eskatzen direnen azterketa.

b) Zerga administrazioak dituen datuen eta aurrekarien azterketa.

c) Tributu araudiak eskatzen dituen erregistroen eta gainerako agirien azterketa, bai eta beste edozein liburu, erregistro edo agiri ofizialena, merkataritza kontabilitatea barne, eta liburu, erregistro edo agiri horietan sartutako eragiketak justifikatzen dituzten faktura edo agiriena ere.

d) Hirugarrenei egindako informazio eskaerak.

3. Prozedurako jarduketak zerga administrazioaren bulegoetatik kanpo egiten ahalko dira, eta horretarako aplikatzekoak izanen dira 131.2, 132. eta 133. artikuluetan jasotako arauak.

4. Ulertzen da aurreko idatz-zatietan aipatzen diren agiri eta jarduketen azterketa egiten dela, soilik, Estatuko laguntzaren berreskurapena bidezkoa den ezartzearen ondorioetarako, eta hori ez dela eragozpena ez eta muga ere izanen geroago egitate edo agiri horiek berak egiaztatzeko.”

Berrogeita bost. 175. artikulua. Hasiera.

“1. Erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan, berreskuratzeko prozedura ofizioz hasiko da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emandako erabakiaren bidez.

2. Prozedurako jarduketak hasi direla jakinarazi beharko zaie zergadunei jakinarazpen baten bidez, bertan adierazita jarduketen izaera eta irismena eta jarduketa horietan zergadunak dituen eskubide eta betebeharren berri emanez.

Zerga administrazioaren esku dauden datuak aski baldin badira likidazio proposamena egiteko, prozedura proposamena jakinaraziz hasten ahalko da.”

Berrogeita sei. 176. artikulua. Izapidetzea.

“1. Erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan, berreskuratzeko prozedurako jarduketak Zerga Ikuskaritzak eginen ditu, eta horien berri jasoko da foru lege honen 134. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduaren 46. eta 47. artikuluetan aipatzen diren komunikazio eta eginbideak erabiliz. Erregelamendu hori ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. Zergadunek harrera egin beharko diote zerga administrazioari, eta eginkizunak betetzeko behar duen laguntza emanen diote.

Eskaera jasotzen duen zergadunak jarduketak egiteko adierazitako tokian, egunean eta orduan agertu beharko du, eta dokumentazioa eta eskatutako gainerako elementuak jarri beharko ditu Administrazioaren eskura.

3. Behin-behineko likidazioa egin aurretik, zerga administrazioak likidazio proposamena jakinarazi beharko dio zergadunari, 10 eguneko epean bere eskubidearen alde komeni zaiona alega dezan.”

Berrogeita zazpi. 177. artikulua. Amaiera-egintzak.

“1. Berreskuratzeko erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan, berreskuratzeko prozedura modu hauetako batean amaituko da:

a) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen espresaren bidez, eduki honekin, gutxienez:

1. a Berreskuratzeko erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuak eta jarduketen xede den denbora-eremua.

2. a Ebazpena arrazoitzen duten egitateen eta zuzenbideko oinarrien zerrenda.

3. a Behin-behineko likidazioa edo, kasua bada, adierazpen espresa, berreskuratzeko erabakiaren ondorioz zerga egoera erregularizatu beharrik ez dagoela dioena.

b) Ikuskapen prozedura bat hasteagatik, berreskuratzeko prozeduraren xedea barne biltzen duena.

2. Prozeduraren iraupen epea, 87. artikuluan araututakoa, ez betetzeak ez du prozeduraren iraungipena ekarriko, eta prozedurak amaitu arte jarraituko du. Kasu horretan, preskripzioa ez da etentzat emanen epe horretan egindako jarduketa administratiboen ondorioz.

Kasu horietan, ulertuko da preskripzioa eten dela aurreko lerrokadan aipatzen den epea amaitu ondoren jarduketak egiten badira, interesdunak horren berri formala izanik.

3. Ebazpen judizial batek akats formalak daudela ikusi, eta jarduketa administratiboak atzera eramatea agintzen duenean, horiek epe honetan bukatuko dira: jarduketak atzera eramaten diren unetik 87. artikuluan adierazitako epea bukatzen den arte, edo hiru hilabetean, baldin eta beste epea luzeagoa bada. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak espedientea jasotakoan hasiko da kontatzen epe hori.”

Berrogeita zortzi. III. kapitulua. Berreskuratzeko prozedura beste kasu batzuetan.

Berrogeita bederatzi. 178. artikulua. Berreskuratzeko prozedura beste kasu batzuetan.

“1. Berreskuratzeko erabakia betetzeak ez badakar berarekin zerga betebehar bat erregularizatzea, bete beharreko prozedura kapitulu honetan araututakoa izanen da.

2. Berreskuratzeko erabakia betetzeko, zerga administrazioak 123. artikuluan aurreikusten diren ahalmenak erabiltzen ahalko ditu, han jarritako baldintzekin.”

Berrogeita hamar. 179. artikulua. Hasiera.

“Berreskuratzeko prozedura ofizioz hasiko da.

Prozedurako jarduketak hasi direla jakinarazi beharko zaie zergadunei jakinarazpen baten bidez, bertan adierazita jarduketen izaera eta jarduketa horietan zergadunak dituen eskubide eta betebeharren berri emanez.

Hasieraren jakinarazpenean ebazpen proposamena jasoko da, eta 10 eguneko epea emanen zaio zergadunari bere eskubidearen alde komeni zaiona alega dezan.”

Berrogeita hamaika. 180. artikulua. Izapidetzea.

“1. Erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazioa ekartzen ez duen kasuetan, laguntza berreskuratzeko prozedurako jarduketak zerga kudeaketarako organoek eginen dituzte, eta horien berri komunikazio eta eginbideak erabiliz eginen da.

2. Zergadunek harrera egin beharko diote zerga administrazioari, eta eginkizunak betetzen behar duen laguntza emanen diote.

Eskaera jasotzen duen zergadunak jarduketak egiteko adierazitako tokian, egunean eta orduan agertu beharko du, eta dokumentazioa eta eskatutako gainerako elementuak eman beharko ditu edo administrazioaren eskura izan”.

Berrogeita hamabi. 181. artikulua. Amaiera-egintzak.

“1. Berreskuratzeko prozedura Zerga Kudeaketa Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen espresaz amaituko da, eta zergadunari prozeduraren hasiera jakinarazten zaionetik lau hilabeteko epean jakinarazi beharko da, salbu eta berreskuratzeko erabakiak beste epe bat ezartzen badu, 177. artikuluan xedatutakoa aplikatuko baita.

2. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean honako eduki hau jaso beharko da, gutxienez:

a) Administrazioak aurretik emandako ebazpena aldatzeko erabakia, berreskuratzeko erabakiak ezartzen duena betetzeko, edo, kasua bada, berreskuratzeko erabakiaren ondorioz inolako aldaketarik ez dela egin behar dioen adierazpen espresa.

b) Ebazpenaren oinarri diren egitateen eta zuzenbideko oinarrien zerrenda.

c) Likidazioa, berreskuratzeko erabakia betetzeak tributu-zorra eskatzea ekartzen badu berarekin, bereziki berandutze-interesen sortzapenetik datorrena 172.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen judizial batek akats formalak daudela ikusi, eta jarduketa administratiboak atzera eramatea agintzen duenean, horiek epe honetan bukatuko dira: jarduketak atzera eramaten diren unetik 1. idatz-zatian adierazitako epea bukatzen den arte, edo bi hilabetean, baldin eta beste epea luzeagoa bada. Epe hori Zerga Kudeaketa Zerbitzuko zuzendariak espedientea jasotzen duenetik aurrera hasiko da kontatzen.”

Berrogeita hamahiru. Hamaseigarren xedapen gehigarria aldatzea. Elkarren laguntzaren gaineko zerga araubidea. Finantza kontuei dagokienez informazio eta izan beharreko arreta betebeharrak elkarren laguntzaren esparruan.

“1. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 5.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, araubide berekirik ezean, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren III. tituluko VI. kapituluan elkarren laguntzari buruz aurreikusitako zerga araubidea aplikatuko da Nafarroan, baita arau horretan arlo horri buruz dauden gainerako xedapenak ere, eta, zehazki, honako hauei buruzkoak: berandutze-interesak kobratzea, ordainketa geroratzea eta zatikatzea, preskripzio epeak etetea, kredituen lehentasuna eta bermeak, tributu arloko datuak lagatzea, frogen bitartekoak eta balorazioa, kautelazko neurriak hartzea eta ordainarazpen aldian errekarguen sortzapena.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, halaber, bertako erregularizaziorik izan ezean, finantza kontuei dagokienez informazio eta izan beharreko arreta betebeharrak elkarren laguntzaren esparruan, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren hogeita bigarren xedapen gehigarrian eta harekin lotutako xedapenetan araututakoak aplikatuko dira Nafarroan.

Ondorio horietarako, finantza erakundeek finantza kontu batzuen titularitatea edo kontrola duten pertsonen bizilekua identifikatu beharko dute, eta zerga administrazioari informazioa eman beharko diote kontu horiei buruz, fiskaltasunaren arloko lankidetza administratiboari buruz Kontseiluak 2011ko otsailaren 15ean emandako 2011/16/EB Zuzentarauan xedatutakoari jarraikiz (Zuzentarau hori Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentarauak aldatu zuen, fiskaltasunaren arloan informazio truke automatikoaren betebeharrari dagokionez); era berean, kontuan hartu beharko da Finantza-kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztunean xedatutakoa.

Horrekin batera, finantza kontuen titularitatea edo kontrola duten pertsonak beharturik egonen dira beren egoitza fiskala identifikatzera kontu horiek irekita dauden finantza erakundeetan. Erregelamendu bidez garatuko dira egoitza identifikatzeko eta informazioa emateko betebeharrak, bai eta izan beharreko arretari dagozkionak ere, hain zuzen ere finantza erakundeek bertan irekitako finantza kontuei dagokienez aplikatu beharrekoak haien titularitatea edo kontrola duten pertsonen egoitza fiskala identifikatzeko.

Hogeita bigarren xedapen gehigarri horretan xedatutakoa aplikatzekoa izanen da, halaber, finantza kontuen gainean informazio eta izan beharreko arreta betebeharrei dagokienez Amerikako Estatu Batuen eta Espainiako Erresumaren arteko Akordioan xedatutakoari jarraikiz, gai fiskalak nazioartean betetzea hobetzeko eta Foreign Account Tax Compliance Act-FATCA inplementatzeko Akordioan alegia.

Idatz-zati honetan aipatzen diren aitorpen informatiboak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak ezartzen duen moduan, tokian eta epean aurkeztu beharko dira.”

Berrogeita hamalau. Hogeitaseigarren xedapen gehigarria gehitzea. Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2017an egiten diren eskaerei aplikatzen zaizkien neurri berariazkoak.

“Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2017an egiten diren eskaerei, betiere horien diru-bilketa kudeatzeko lana Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari badagokio, honako xedapen berariazko hauek aplikatuko zaizkie:

Lehena. Geroratzeetan ez da bermerik eskatuko baldin eta zorraren zenbatekoa, guztira, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 51.1.b) artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa bada, betiere zerga edo geroratu beharreko zorrari dagokion kontzeptua ez badago aipatutako Erregelamenduaren 48.3 artikuluan adierazitako salbuespenen artean, maiztasuna hilerokoa bada, epea ez bada bi urte baino handiagoa, eta eskatzaileak geroratzea eskatutako zorraren 100eko 30 ordaintzen badu tramitatu aurretik.

Bigarrena. Bai borondatezko epean bai ordainarazpen aldian egindako geroratze edo zatikatze eskaeretan, betiere geroratu edo zatikatu beharreko zenbatekoa 6.000 eurotik beherakoa bada, geroratze edo zatikatze epea hamabi hilekoa gehienez, eta maiztasuna hilerokoa, ez da bermerik eskatuko, ez eta ordainketa tramitazioaren aurretik egin beharra ere.

Hirugarrena. Premiamendu bidez geroratu edo zatikatu beharreko zorren artean baldin badaude bide horretan berean lehenago geroratu edo zatikatutako zorrak, kitatuta daudenak, zor horien saldoaren 100eko 30, arestian aipatutako lehen xedapenean aipatzen dena, ordaintzeko eskatuko da, bai eta bete gabeko geroratze edo zatikatzean kontuan hartu ziren zorrei dagozkien ordainarazpen aldiko errekarguak eta interesak ere, osorik, horiek ordaintzeko beharra atzeratu egin baitzen geroratzea onartu zenean, 117.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zenbateko horiek exijituko dira, halaber, bermea eratzeko beharra dakarten geroratze edo zatikatzeetan, Diru-bilketaren Erregelamenduaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Geroratu edo zatikatzeko eskaeran sartutako gainerako zorretarako, baldin badago, aurreko lehen eta bigarren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Laugarrena. Borondatezko epeko zorren kasuan, geroratze edo zatikatze eskaera automatikoki ezetsiko da baldin eta erabat kitatu gabe badaude hiru tributu-zor edo gehiago edo Nafarroako Ogasun Publikoaren bestelako eskubide ekonomiko batzuen hiru sarrera edo gehiago, salbu eta geroratzeko eskatutako zergak bermatzen badira edo aurrekoak bermatuta badaude, soil-soilik aipatutako Diru-bilketa Erregelamenduaren 50.1 eta 50.2.a) artikuluetan adierazitako berme motekin bermatuta egon ere.”

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek 2017ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Nolanahi ere, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren V. eta VI. titulu berrietan xedatutakoa 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako prozeduretan aplikatuko da.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1614852

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web