(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

23/2016 FORU LEGEA, abenduaren 21ekoa, Osasun arloko langile diplomadunei, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikita daudenei izan ezik, aplikatu beharreko lanbide karreraren sistema ezartzen duena.

BON N.º 251 - 31/12/2016



SARRERA

Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeak, azaroaren 19ko 31/2002 Foru Legeak eta maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko osasun arloko langile fakultatiboentzako lanbide karreraren sistema ezarri dute Nafarroako Foru Komunitatean. Lanbide karreraren sistema hori ekainaren 8ko 54/2009 Foru Dekretuaren bidez garatu da.

Foru Komunitatearen Administrazioko eta hari atxikitako erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunek etengabe galdatu izan dute maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio-eremutik kanpo geratu zirela.

Hori dela eta, 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei gehitutako zenbait zuzenketaren bitartez, kontusail batzuk handitu egin ziren eta beste batzuk sortu ziren, 286.466 euroko zenbatekoarekin, “erizaintzako langileen zati bati lanbide karrera ordaintzea” helburu hartuta.

Hori dela eta, foru lege proposamen hau aurkeztu dugu, ekitaldi honi dagokion ordainketa egin ahal izateko.

1. artikulua. Xedea eta aplikazioeremua.

Foru lege honen helburua da Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadun finkoei, Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikita daudenei izan ezik, aplikatu beharreko lanbide karreraren sistema ezartzea.

2. artikulua. Definizioa.

Lanbide karrera da foru lege honen aplikazio-eremuan sartutako osasun langile tituludunek lortutako garapen-mailaren aitortza publiko, espres eta banakakoa, bai ezagutzei eta laguntza-, irakaskuntza- eta ikerketa-lanen arloko esperientziari dagokienez, bai zerbitzuak ematen dituzten unitatearen helburuak betetzeari dagokionez ere.

3. artikulua. Lanbide karrerako mailak.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuko langileen lanbide karreraren sistema lau ordainsari-mailatan ezartzen da.

2. Lanbide karrerako mailan gora egiteko, profesionalak frogatu beharko ditu lanbidean iraun duen urteei, laguntza arloko jarduerari eta prestakuntzako, ikerketako, garapen teknikoko eta zuzendaritzako zein kudeaketako jarduerei dagozkien merezimenduak, foru lege honetan eta haren garapenerako erregelamenduzko arauetan ezarritako moduan.

4. artikulua. Lanbide karreraren soldata.

1. Foru lege honetan arautzen den lanbide karrera berariazko osagarri bat emanez ordainduko da. Osagarri hori ordainsari osagarritzat joko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 40.1.b) artikuluaren ondorioetarako. Testu bategin hori abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. Lanbide karrerako osagarria hamalau hilekotan ordainduko da; horietako hamabi arruntak izanen dira, eta bi, apartekoak.

5. artikulua. Ebaluaziosistemak.

1. Osasun arloko profesional diplomadun bakoitzaren laguntza-jardueraren ebaluazioa, helburu eta emaitzen gainekoa, urtero eginen da, aurreko ekitaldiari dagokionez.

2. Zuzendaritzako, kudeaketako, prestakuntzako eta ikerketako jardueren ebaluazioa interesdunak eskatuta eginen da, maila aldatzeko gainerako baldintzak betetzen baditu.

3. Ebaluazio-prozedura erregelamendu bidezko araudian ezarritakoa izanen da.

6. artikulua. Ebaluazio batzordeak.

1. Ebaluazio batzordeek lau kide izanen dituzte; horietatik bi Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu, eta lehendakaritza eta idazkaritza postuak beteko dituzte. Beste biak osasun arloko diplomadunen kasuko kolektiboko kideen artean hautatuko dira: bata dagokion lanbide elkargoak hautatuko du eta bestea enplegatua atxikitzen zaion eremuko langileen batzordeak.

2. Erregelamendu bidez ezarriko dira ebaluazio batzordeek funtzionatzeko arauak. Halakorik ez dagoen bitartean, 8/2008 Foru Legean eta bera garatzeko araudian xedatutakoa aplikatuko da.

7. artikulua. Egiaztapena.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, kasuan kasuko ebaluazio batzordeak eskatuta, osasun arloko diplomadun bakoitzak lanbide karreran lortutako mailaren frogatze formala.

Lehenengo xedapen gehigarria .–Aldi baterako emandako zerbitzuak.

1. Osasun arloko langile diplomadunek aldi baterako kontratu baten bitartez emandako zerbitzuak, foru lege honen aplikazio-eremuan eta hark indarra hartzen duenetik aurrera, ebaluatuko dira erregelamendu bidezko garapenerako araudian ezartzen diren arauen arabera.

2. Ebaluazio horretan lortutako puntuazioa aintzat hartuko da enplegatua finko bilakatzen denean, mailaz igotzearen ondorioetarako, erregelamenduz zehazten den moduan.

3. Halaber, aintzat hartuko dira foru lege honek indarra hatzen duenetik aurrera aldi baterako kontratu baten bidez emandako zerbitzuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari eta hura finantzatzeko kreditu gehigarri bat onesteari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio-eremuan.

Bigarren xedapen gehigarria .–Egoera bereziak.

1. Foru lege honetan araututako lanbide karrerako sistema aplikatzekoa izango zaie haren aplikazio-eremuan sartzen diren langileei, osasun arloko profesional tituludunen lanpostuak atxikitzen zaizkieneko administrazio-unitateetako burutzak betetzen ari diren bitartean, foru lege honen erregelamendu bidezko garapenerako araudian ezarritako arauei jarraituz.

2. Foru lege honetan araututako lanbide karreraren sistema bere aplikazio-eremuko langileei aplikatuko zaie langileen ordezkaritza organoetako kide diren bitartean, legez ezarritako ordu-kredituaz lanaldi osoan baliatzen direnean. Kasu horretan, mailaz igotzeko, iraunaldiak betetzeaz gain, prestakuntzako, ikerketako eta garapen teknikoko jarduerei buruzko baremoaren ataleko betebeharrak baizik ez zaizkie eskatu eta ebaluatuko, foru lege honen erregelamendu bidezko garapenerako araudian ezarritako arauei jarraituz.

Hirugarren xedapen gehigarria .–Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunei aplikatzea.

1. Foru lege honek indarra hartzen duen unetik, daukaten lanbide karrera aitortuko zaie beren egoeran foru lege honen aplikazio-eremuko osasun arloko behar den titulazioa exigitzen den lanpostu bat betetzen ari diren Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako langile diplomadunei.

2. Aplikatzekoa den araubidea foru lege honetan eta bera erregelamendu bidez garatzeko araudian ezarritakoa izanen da.

Laugarren xedapen gehigarria .–Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan aplikatzea.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren osasun arloko langile diplomadunei lanbide karrera beren egoeran aitortuko diete Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek, eremu horretako lanpostuak betetzen ari badira. Kasu horretan, aplikatzekoa den karrera-araubidea izango da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean jasotakoa.

2. Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek aintzat hartuko dituzte osasun arloko langile diplomadunek aldi baterako kontratu baten bitartez emandako zerbitzuak, foru lege honen aplikazio-eremuan eta hark indarra hartzen duenetik aurrera, baldin eta foru lege honen erregelamendu bidezko garapenerako araudian finkatutako arauen arabera ebaluatu badira, osasun arloko diplomaduna eremu horretan sartzen den kasuetan.

3. Foru lege honek indarra hartzen duen unetik aurrera, Osasun Departamentuak eta haren erakunde autonomoek aitortuko dituzte Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunek emandako zerbitzuak, langileak eremu horretan berriz sartzen direnean, baldin eta langile horiek foru lege honen aplikazio-eremuko lanpostuak aldi baterako betetzen ari badira eta foru lege honen arabera ebaluatu badira.

Bosgarren xedapen gehigarria .–Lanbide karrerako osagarriaren zenbatekoak.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren osasun arloko langile diplomadunen lanbide karrerako osagarriak zenbateko hauek izanen ditu urtean:

–I. maila: 1.766,80 euro.

–II. maila: 3.533,88 euro.

–III. maila: 5.300,68 euro.

–IV. maila: 7.067,76 euro.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako zenbatekoak urtero eguneratuko dira, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsarietarako ezartzen diren igoera-portzentajean oinarrituta.

Lehenengo xedapen iragankorra .–Osasun arloko langile diplomadunei lanbide karrerako hasierako maila ematea.

1. Foru lege honen aplikazio-eremuan sartutako osasun arloko langile diplomadunen hasierako maila emanen da kasuko lanbide karreraren maila esleituz Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakundeetan osasun diplomadun gisa, jabetzako lanpostu batean, emandako zerbitzu-urteen arabera; halaber, kontatu eginen dira Europar Batasuneko kideak diren estatuetako osasun sistema publikoetan osasun diplomadunarenaren baliokidea den izendapen batekin emandako zerbitzu-urteak, honako eskala honen arabera:

a) I. maila emanen zaie 5 urte zerbitzuan egin badituzte.

b) II. maila emanen zaie 14 urte zerbitzuan egin badituzte.

c) III. maila emanen zaie 22 urte zerbitzuan egin badituzte.

d) IV. maila emanen zaie 29 urte zerbitzuan egin badituzte.

2. Zerbitzuan emandako urteak behar direnak baino gehiago izanez gero, kontuan hartuko dira etorkizunean mailaz igotzeko. Mailaz igotze hori eginen da foru lege honetan eta bera erregelamendu bidez garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraituz.

3. Hasierako maila emanda, kasuan kasuko zenbatekoen ordainketa 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eginen da.

Bigarren xedapen iragankorra .–Mailaz igotzea.

Aurreko xedapenean ezarritakoaren arabera langileek hasieran eman zaien mailatik gora igotzeko, laguntzako eta hobetzeko jardueren eta lanbidean eguneratzeko jardueren kontzeptuan exijitutako puntuazioa modu proportzionalean egokituko da foru lege honek indarra hartzen duen egunetik aurrera iragan den denboraren eta mailaz igotzeko exijitzen den iraupen-aldia betetzen deneko dataren arabera.

Hirugarren xedapen iragankorra .–Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadun finkoek foru lege honen aplikazioeremuan foru lege honek indarra hartu aurretik emandako zerbitzuak aitortzeko ezohiko prozedura.

1. Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadun finkoek, baldin eta lanbide karreraren sistema ezarrita ez zegoen Foru Komunitatearen Administrazioko lanpostuetan osasun arloko langile diplomadun finko gisa lan egin badute, zerbitzu horiek aitortzeko eskatu ahalko dute.

2. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak indarra hartu ondoren emandako zerbitzuen kasuan, baldin eta horiek aitortzearen ondorioz osatzen bada mailaz igotzeko exigitzen den iraupen-aldia, igoera hori gauzatu eginen da baremoan eskatzen den puntuaziora iristen bada, laguntzako jarduerarengatiko puntuazioa proportzionalki egokituz Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan emandako zerbitzuen aldiaren arabera. Lanbidean hobetzearen eta eguneratzearen kontzeptuari dagokion puntuazioa osorik frogatu beharko da.

3. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak indarra hartu aurretik emandako zerbitzuak kontuan hartuko dira hasierako maila berritik emateko, erregelamenduz ezartzen denaren arabera.

4. Emandako maila berritik heldu diren zenbateko ekonomikoak jasotzeko eskubidea sortuko da eskaera aurkezten den egunaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Azken xedapenetan lehenengoa .–Foru lege hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena .–Osagarritasuna.

Foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarrita ez dagoenerako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari eta hura finantzatzeko kreditu gehigarri bat onesteari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean eta hura garatzen duen ekainaren 8ko 54/2009 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du <<Nafarroako Aldizkari Ofizial>>ean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko abenduaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1614629

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web