276E/2016 FORU AGINDUA, EKAINAREN 21EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUN MENTALAREN ARLOKO PREBENTZIOAREN ETA ARRETAREN ESTRATEGIAREN HELBURUAK ETA ERANTZUKIZUNAK EZARTZEN DITUENA
BON N.º 149 - 03/08/2016; corr. err., BON 27/12/2016
Osasun mentalik eza, haren manifestazioa edozein delarik ere, arazorik garrantzitsuenetakoa da gizarte garatuetan. Gobernuek eta gizarteak, oro har, gero eta kontzientzia handiagoa dute osasun mentala funtsezkoa dela gizakia, gizartea eta herrialdeen ekonomia garatzeko.
Nahasmendu mentala Europako eritasunaren eta desgaitasunaren kargarik handiena da, eritasun kardiobaskularren eta minbiziaren gainetik. Herritarren %9k gutxienez dauka nahasmendu mental bat, eta %15ek, gutxienez, bat izanen du bere bizialdian. Gainera, eritasun mentala duten pazienteen %46k beste eritasun kroniko fisiko batzuk ere badituzte. Pronostikoa okerragoa ere badute, eta patologia psikiatrikorik ez duten pazienteek baino baliabide gehiago kontsumitzen dituzte.
Datu horiekin bat, Europako gobernuek ekin diote nahasmendu mentalak osasun publikoko arazotzat jotzeari, eta osasun mentala helburu estrategikotzat hartzeari osasun plan nazionaletan.
Nafarroan, 1986ko erreforma psikiatrikoak Osasun mentaleko plan bat jarri zuen martxan, Osasunari buruzko Lege Orokorrak sustatutako erreforma psikiatrikoaren testuinguruan. Osasun mentaleko planak ikuspegi biopsikosoziala du oinarri, gizarteratzea errazten duena, baita eritasunari lotutako estigma soziala murriztea ere.
Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legeak osasun mentala erreformatzeko bigarren fasea ekarri zuen. Laguntza komunitarioaren eredua du oinarri, baita Nafarroako Osasun Sistemako osasun mentalaren estrategia ere, eta bere helburua da herritarrei ahalik eta arretarik onena ematea osasun mentalaren arloan. Horren ondorioz, Nafarroako osasun mentalaren 2012-2016 Plan Estrategiko berria sortu da.
Gure autonomia erkidegoan osasun mentala sustatu beharra dago herritarren artean eskuarki eta talde zehatz batzuetan, eta jardun behar da nahasmendu mentalak prebenitzeko eta estigma desagertzeko. Halaber, osasun mentalaren sarea berrantolatu behar da, jardun klinikoaren aldakortasuna murrizteko eta nahasmendu mentalen gehiegizko medikalizazioa saihesteko, koordinazioa sustatuz oinarrizko osasun laguntzarekin eta prozedura psikoterapeutiko eraginkorrak garatuz.
Nafarroak zerbitzuen mapa zabala eta anitza dauka, dela osasun sarean dela sozialean, baina egonaldi ertain eta luzeko baliabide okupazional eta asistentzial urriak ditu, eta sektoreen arteko koordinazio prozedurak areago garatu behar ditu.
Nafarroako 2014-2020 Osasun Planak (Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak 2014ko irailaren 16an onetsia) esku hartzeko printzipioak, helburuak eta ekintza plan bat ezartzen ditu, lehentasunezko 12 osasun estrategiatan zehazten direnak. Horietako bat osasun mentalaren prebentzioa eta arreta da, eta haren garapenak bat egin behar du Osasun Mentalari buruzko 21/2010 Foru Legearekin eta Plan Estrategikoarekin.
Osasun Planean ezartzen da ezen, izaera estrategikoa duenez, beharrezkoa dela berariazko egitura tekniko batzuk sortzea, haren jardunbidea arautuko duten praktika eta politikak finkatzeaz arduratuko direnak, eta segimendua eta ebaluatzeko baliabideak ere behar direla.
Horregatik, beharrezkoa ikusi da erantzukizun maila batzuk ezartzea estrategia bakoitzerako, eta, hala, honako figura hauek sortzea: estrategiaren arduradun teknikoa, programaren koordinatzaileak eta batzorde teknikoa. Horietako bakoitzaren eginkizunak eta izendapena kasuan kasuko foru aginduetan finkatuko dira.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Osasun mentalaren arloko prebentzioaren eta arretaren estrategiaren helburuak onestea. Honako hauek dira oro har:
-Hilkortasun goiztiarra eta saihesteko modukoa murriztea, batik bat suizidioak eragindako hilkortasun goiztiarra, eta nahasmendu mental larria dutenen bizi-itxaropena hobetzea.
-Morbilitatea eta larritasuna gutxitzea, batik bat eskizofrenia edo depresioa dutenena.
-Nahasmendu mentala dutenen desgaitasuna gutxitzea eta autonomia sustatzea.
-Norberak hautemandako osasuna eta osasunarekin ikusteko duen bizi kalitatea hobetzea osasun mentaleko nahasmenduak dituztenentzat.
-Bizimodu osasungarriak sustatzea eta osasun arazoak murriztea osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteentzat.
-Osasun arloan ahalduntzea eta autozainketa sustatzea osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteentzat.
-Desberdintasunak gutxitzea osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteen osasun emaitzetan, estigma soziala eta osasun mentaleko eriaren diskriminazioa murriztuz.
-Osasun sistema jasangarria izaten laguntzea, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pazienteak ospitaleratzea eta larrialdiak erabiltzea murriztuz eta egokitzeko bizi prozesuak desmedikalizatuz.
2. Estrategiaren ardura teknikoen eginkizunak eta egitura onestea.
a) Honako hauek osatuko dute estrategiaren egitura teknikoa:
1. Osasun mentalaren arloko prebentzioaren eta arretaren estrategiaren arduradun teknikoa.
2. Estrategiaren programetako koordinatzaileak.
3. Estrategiaren batzorde teknikoa.
b) Estrategiaren arduradun teknikoaren eginkizunak: arduradun tekniko bat izendatuko da Osasun mentalaren arloko prenbetzioaren eta arretaren estrategiaren buru gisa. Eginkizun hauek izanen ditu:
-Bere gain hartzea Osasun mentalaren arloko prebentzioaren eta arretaren estrategiaren zuzendaritza teknikoa.
-Osasun mentalaren arloko prenbentzioaren eta arretaren estrategiaren garapen osoa sustatzea, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean aurreikusitako helburuak lortzeko, osasun mentalaren alorrean.
-Estrategiaren garapena sustatzea osasun mentalaren arloko beste berariazko plan batzuekin bat.
-Berariazko web orri bat kudeatzea Osasunaren atarian, osasun mentalaren arloko prebentzioari eta arretari buruzkoa, gehiago jakiteko atalean.
-Osasun mentalaren arloko prestakuntza jarduera bateratuak sustatzea osasun mentaleko eta oinarrizko osasun laguntzako zerbitzuetako langileen artean.
-Estrategiaren batzorde teknikoaren bilkuren deialdia egitea, eta egiaztatzea bilkurak egiten direla eta kideak joaten direla.
-Osasun Departamentua ordezkatzea beste erakunde eta instituzio batzuek osasun mentalari buruz bultzatutako foro teknikoetan.
-Pazienteek parte hartzeko tresnak bultzatzea osasun mentalaren alorrean.
-Osasun mentalaren alorreko prebentzioaren eta arretaren emaitzak ebaluatzeko sistemak garatzea.
-Estrategia ebaluatzeko urteroko txostena eta dagokin urterako aurreikusitako ekintza plana prestatu behar ditu urte bakoitzeko lehenbiziko hiruhilekoan.
c) Osasun mentalaren arloko prebentzioaren eta arretaren estrategiaren programetako koordinatzaileak: Programa bakoitzaren burutzan, koordinatzaile bat izendatuko da, eginkizun hauek izanen dituena kasuan kasuko programari dagokionez:
-Irizpideak eta protokoloak ezartzea kasuan kasuko programa bakoitzerako aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta eraginkortasunez aplikatzeko jarraibideak proposatzea.
-Osasun programan aurreikusitako ekintzen garapena bultzatzea, kasuan kasuko programari dagokionez.
-Arretaren emaitzak erregistratu eta ebaluatzeko irizpideak zehaztea.
-Hobetzeko ekintzak proposatzea, eskura dauden frogen argitan, antolaketako aldaketak eta teknologia egokien erabilera barne, kasuan kasuko programa hobeki ezartzeko.
-Osasun mentalaren arloko edukiak proposatzea kasuan kasuko programan.
-Ikerketa erronkak proposatzea kasuan kasuko programan.
-Programaren ebaluazioa prestatzea.
d) Estrategiaren batzorde teknikoa estrategiaren koordinaziorako eta aholkularitzarako organo teknikoa da. Eginkizun hauek izanen ditu:
-Beharrezko neurriak proposatzea Osasun mentalaren arloko prebentzioaren eta arretaren estrategia ezartzeko.
-Sostengua ematea estrategiaren arduradunari.
-Estrategia eraginkortasunez hedatzeko plangintza prestatzea eta gako-adierazleak eta helburuak prestatzea, estrategiarekin lotutako kudeaketa itunetan eta programa kontratuetan sartu beharrekoak.
-Estrategiaren hedapen eraginkorraren segimendua egitea, oztopoak analizatzea eta horiek zuzentzeko neurriak proposatzea.
-Estrategiaren aldaketa operatiboak proposatzea.
-Programen arteko jarduketak koordinatzea.
-Prestakuntza plana diseinatzea.
-Koordinazioa erraztea osasun mentalaren eta oinarrizko osasun laguntzaren artean, esku-hartzea egokia izan dadin nahasmendu mental larrien kasuetan kontsultetan egokitzapen arazoengatik, baita arrisku psikosozialeko pertsonak identifikatzean eta esku hartzean ere.
-Nafarroako Droga-mendekotasunaren aurkako II. Plana garatzen laguntzea.
-Errehabilitazio programen eta ekintzen garapena bultzatzea.
-Adierazleak ezartzea eta emaitzak aztertzea osasun mentalaren arretari dagokionez, osasun barrutien eta osasun eskualdeen arabera.
-Osasun Estrategiaren urteroko azken ebaluazioa onestea, Osasun Planeko batzorde koordinatzaileari igorriko zaiona.
-Batzorde teknikoak bere funtzionamendu araubidea ezarriko du, baita bileren maiztasuna ere, eta Batzordeko idazkaria izendatuko du, bai eta prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloko arduraduna ere.
-Estrategiaren kontrolaren eta segimenduaren jarraitutasuna bermatzeko asmoz, Batzorde teknikoak ahalmena du batzorde iraunkor bat sortzeko. Batzordeak berak onetsiko ditu haren kideak eta eginkizunak.
3. Alfredo Martínez Larrea, Osasun mentalaren arloko zuzendari kudeatzailea, osasun arloko prebentzioaren eta arretaren estrategiaren arduradun izendatzea.
4. Honako hauek izendatzea programen koordinatzaile:
-Begoña Flamarique Chocarro, Nahasmendu mental larriari laguntza soziosanitarioa emateko programako koordinatzaile.
-Sara Chivite Lasheras, Haur eta gazteen osasun mentaleko prebentzioaren eta arretaren programako koordinatzaile.
-Germán Jusué Erro, Nahasmendu mental larrian zailtzaileari gaitasuna eta sostengua emateko programako koordinatzaile.
-Víctor Peralta Martín, Nahasmendu mental larriari arreta integrala emateko programako koordinatzaile.
-Marga Echauri Ozcoidi, Osasun mentaleko prebentzioaren programako koordinatzaile.
5. Honako hauek osatuko dute pazienteen segurtasunaren estrategiaren Batzorde teknikoa:
-Estrategiaren arduraduna, batzordeko burua izanen dena.
-Programa bakoitzeko koordinatzaileak.
-Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendariordea: M.ª del Mar Malón Musgo.
-Osasun Planeko unitate teknikoko sostenguko langile bat: Idoia de Gaminde Inda, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketako Ataleko burua.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko ekainaren 21ean.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1607792