(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

149/2016 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 9KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, 289 EREDUA, “ELKARREN LAGUNTZAREN ESPARRUKO FINANTZA-KONTUEI BURUZKO URTEKO INFORMAZIO-AITORPENA” IZENEKOA, ONESTEN DUENA

BON N.º 245 - 22/12/2016



Atariko

Azken urteotan, informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapen azkarrari esker, Estatu bateko zergadunak inbertsioen titularrak izaten ahal dira beren egoitza fiskala duten jurisdikzioan ez beste batean. Praktikak erakutsi du fenomeno hori ihes fiskalerako tresna izan daitekeela, eta estatu askok interes bizia dute mekanismo komunak ezartzeko, beren tributu sistemaren integritatea mantentze aldera.

2013ko maiatzaren 14an, Madrilen gauzatu zen Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Akordioa, nazioarteko zerga betebeharra hobetzeko eta atzerriko kontuen zerga betebeharrari buruzko Estatu Batuetako legea aplikatzeko. Akordio horrek informazioa trukatzeko sistema automatiko bat ezartzen du bi estatuen arteko laguntzaren esparruan, zerga arloko helburuekin; hori guztia, Madrilen, 1990eko otsailaren 22an Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean gauzatutako Hitzarmenaren 27. artikuluko baimenarekin bat, ez dadin ezarpen bikoitzik izan, ez eta errentaren gaineko zergei buruzko ihes fiskalik ere.

Ekainaren 30eko HAP/1136/2014 Aginduan zehazten da trukearen xedeko informazioa; agindu horretan zenbait gai arautzen dira, Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko akordioan ezarritako informazioaren eta behar adinako arretaren betebeharrekin zerikusia dutenak, nazioarteko zerga betebeharra hobetzeko eta atzerriko kontuen zerga betebeharren gaineko Estatu Batuetako legea aplikatzeko, eta zenbait estatubatuarren finantza-kontuen urteko informazio-aitorpena, 290 eredua, onesten du.

Nafarroan, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 11ko 477/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen 290 eredua, “Zenbait estatubatuarren finantza-kontuei buruzko urteko informazio-aitorpena” izenekoa, eta lehen aldiz aplikatu zen 2014ko aitorpenak aurkezteko.

Tributu informazioa trukatzeko sistema automatiko hori nazioartera zabaltzearren, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, horren parte baita Espainiako Erresuma, sistema bat, “Tributu arloko finantza-kontuen gaineko informazio truke automatikorako estandarra” izenekoa garatu du azken urteotan, Common Reporting Standard edo CRS (aitorpenaren estandar komuna) delakoan definitzen diren aitorpenaren eta behar adinako arretaren prozeduretan oinarrituta.

Espainiako Erresumaren kasuan, Zerga arloko Elkarren Laguntza Administratiborako Hitzarmena da sistema hori hartzeko arauen euskarria; 1988ko urtarrilaren 25ean egin zen hitzarmen hori Estrasburgon, eta zuzenketa protokolo bidez aldatu 2010eko maiatzaren 27an, eta haren 6. artikuluak aukera ematen du tributu arloko informazioaren truke automatikorako hura sinatua duten estatuen artean, baina badaude araugintzako beste tresna batzuk, truke automatikoan erabiltzen ahal direnak.

Horrela, 2014ko urriaren 29an, Espainiako Erresumak Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Aldeaniztuna (AMAC) sinatu zuen Berlinen finantza-kontuen informazio truke automatikoari buruz; horren bidez, gure herrialdeak bere asmoa adierazi zuen, 2017an hasteko informazioaren truke automatikoa 2015eko bukaeran irekita dauden finantza-kontuen informazioari buruz eta data horretatik aurrera irekitzen diren kontuei buruz.

Akordio horrek, alde batetik, Espainiako finantza erakundeen betetebeharra ezartzen du, sinatzaile diren herrialde edo jurisdikzioetan bizi direnen titulartasuna edo kontrola duten kontuak identifikatzekoa eta, bestetik, finantza-kontu horiei buruzko informazioa urtero eman beharra Espainiako zerga administrazioari, bi kasuetan Common Reporting Standars edo CRS delakoan araututako prozeduren arabera.

Geroago, 2014ko abenduaren 9an onetsi zen Kontseiluaren 2014/107/EB Zuzentaraua, 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu zuena fiskalitate arloko informazioaren truke automatikoaren nahitaezkotasunari dagokionez. Arau horrek Europar Batasuneko estatu kideak beren artean trukatzera behartuta dauden informazio eremua zabaltzen du, parez pare jartzen baititu betebehar horiek eta tributu arloko finantza-kontuei buruzko informazioaren truke automatikorako estandarrekoak. Horrela, Europar Batasuneko estatu kideen eta hirugarren estatuen arteko administrazio lankidetza berdintzen da eta finantza erakundeek hura betetzeko dituzten kostuak txikitzen dira, araudi komuna erabiliko baitute finantza-kontuak identifikatu eta aitortzeko. Orobat, informazio truke hori beste edozein herrialde edo jurisdikziorekin ere egin daiteke, baldin eta Espainiak harekin akordiorik egin badu herrialde edo jurisdikzio hori informazioa ematera behartzen duena, informazioa trukatzeko elkarrekikotasuna dagoelako.

Aurrekoari loturik, Estatuak finantza-kontuei buruzko informazioaren eta behar adinako arretaren betebeharrak arautzen ditu elkarren laguntzaren eremuan, eta hori Tributuari buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren hogeita bigarren xedapen gehigarria dela medio, lege hori hein batean aldatu zuen irailaren 21eko 34/2015 Legeak sartu baitzuen, eta zerga arloko kudeaketa eta ikuskapen prozedurak eta jarduketak arautu eta zergak aplikatzeko prozeduren arau komunak garatzen dituen Erregelamendu Orokorraren 37 bis artikulua dela medio; uztailaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori, eta ekainaren 6ko 410/2014 Errege Dekretuaren bidez erantsi zitzaion artikulua. Arlo hori azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren bidez garatzen da (zenbait finantza-konturen titulartasuna edo kontrola dutenen egoitza fiskala identifikatzeko betebeharra ezartzen du, eta haiei buruz informatu beharra elkarren laguntzaren eremuan), bai eta urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduaren bidez ere (289 eredua onesten du, eta informazio-aitorpenaren edukia ezartzen).

Foru araubideari dagokionez, Tributuari buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, bertako erregulaziorik izan ezean, finantza-kontuei buruzko informazioaren eta behar adinako arretaren betebeharrak, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren hogeita bigarren xedapen gehigarrian arautuak, eta horiekin bat datozen xedapenak aplikatuko direla Nafarroan elkarren laguntzaren eremuan.

Ondorio horietarako, finantza erakundeek zenbait finantza-konturen titulartasuna edo kontrola dutenen egoitza identifikatu beharko dute, eta informazioa eman kontu horiei buruz zerga arloko administrazioari. Orobat, finantza-kontuen titulartasuna edo kontrola dutenak behartuta daude beren egoitza fiskala identifikatzera, kontu horiek irekita dituzten finantza erakundeetan.

Abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen hamaseigarren xedapen gehigarri horrek ezartzen du Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak erabakitzen duen moduan, tokian eta epean eginen direla xedapen horretan aipatzen diren informazio-aitorpenak.

Bestetik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduari (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) uztailaren 1eko 42/2015 Foru Dekretuaren bidez erantsitako 62.22 artikuluak ezartzen du finantza erakundeek haietan irekitako finantza-kontuei buruzko informazio-aitorpena aurkeztu beharko dutela kasu bakoitzean aplikatzekoa den elkarren laguntzari buruzko araudian ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, eta kontuen titulartasuna edo kontrola dutenen egoitza edo, zein den kasua, nazionalitatea, identifikatuko dutela, araudi horretan ezarritako moduan. Eman beharreko informazioan elkarren laguntzari buruzko arauditik datorrena sartuko da eta, betiere, aipatu pertsonen kontuen identifikazio osoa eta izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta, zein den kasua, identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, bai eta dagokion eredua onesten duen foru aginduan ezartzen den beste edozein datu garrantzitsu ere.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluak ezartzen du zerga arloko informazioa emateko betebeharrak, legez eskatzen direnak, betetzeko xedea duten aitorpenak, jarduera horiek ikuskatzeko eskumena duen administrazioan aurkeztu beharko direla enpresa eta lanbide jarduerak garatzen dituzten tributudunak direnean.

Hitzarmen Ekonomikoaren 5.3 artikuluak ezartzen du Estatuak eta Foru Komunitateak informazioa trukatzeko prozedurak taxutuko dituztela, Estatuaren nazioarteko itun eta hitzarmenak behar bezala bete daitezen bermatzeko.

Aipatu arauzko xedapenak betez, bidezko da 289 eredu berria onestea, finantza-kontuen urteko informazioa aitortzekoa elkarren laguntzaren eremuan, aurretik aipatutakoaren arabera Nafarroan informazioa ematera behartuta dauden entitateentzat.

Bestetik, foru agindu honek Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 11ko 477/2014 Foru Agindua, “Zenbait estatubatuarren finantza-kontuei buruzko urteko informazio-aitorpena” izeneko 290 eredua onetsi zuena, aldatzen du, 290 eredua aurkezteko epea 289 eredu berriarenarekin berdintzeko.

Horrenbestez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Lege Orokorraren zazpigarren eta hamaseigarren xedapen gehigarrietako gaikuntzekin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 62.23 artikuluan ezarritako eskudantziarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua . 289 ereduaren onespena.

1. “Elkarren laguntzaren esparruko finantza-kontuei buruzko urteko informazio-aitorpena” izeneko 289 eredua onesten da.

2. Urtero aurkeztuko da 289 eredua, 6. artikuluan aurreikusitako formatua eta diseinua duten mezu informatikoak igorriz, urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduaren III. eranskineko edukia dutela, gutxienez ere.

2. artikulua . 289 eredua aurkeztera behartuak.

Urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduaren 2. artikuluan aipatzen diren finantza entitateak daude behartuta 289 eredua aurkeztera, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 a) artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroan aurkeztu behar badituzte beren aitorpenak.

Inbertsio kolektiboko erakundeei dagokienez, aipatu HAP/1695/2016 Aginduaren xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoa hartuko da kontuan.

3. artikulua . Informazioaren xedea.

Urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduaren III. eranskinean zehaztutako informazio guztia aitortu beharko da 289 ereduan, finantza-kontuen titulartasuna edo kontrola izan eta azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren 4. artikuluan aipatzen diren herrialde edo jurisdikzioetako batean (aipatu aginduaren I. eranskinean jasoak) egoitza fiskala duten pertsonei edo entitateei dagokienez.

4. artikulua . 289 eredua aurkezteko epea.

289 eredua urtero aurkeztuko da, urtarrilaren 1etik maiatzaren 31 arte, aurreko urteari buruzko finantza informazioa daramala.

5. artikulua . Finantzakontuen urteko informazioaitorpena aurkezteko baldintzak elkarren laguntzaren eremuan.

1. artikuluan aipatzen diren mezu informatikoak bereizita beharko dira aurkeztu, urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduaren I. eranskineko zerrendarekin bat, nolakoak diren:

a) Europar Batasuneko estatu kideei dagokien egoitza jurisdikzioko kontuen erregistroak, 2011/16/EB Zuzentaraua, Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentarauak aldatua, aplikatzen zaion edozein lurralde, edo beste edozein herrialde edo jurisdikzio, harekin Europar Batasunak akordiorik badu herrialdea edo jurisdikzioa behartzen duena azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren 5. artikuluan zehaztutako informazioa ematera.

b) Gainerako herrialde edo jurisdikzioetako kontuen erregistroak, haietan ondorioak izan baditu Finantza-kontuei buruzko Informazioaren Truke Automatikoaren gaineko Agintaritza Eskudunen arteko Akordio Eleaniztunak, informazioa trukatzeko elkarrekikotasuna dagoelako, bai eta Espainiak akordioa egina duen herrialde edo jurisdikzioen kontuena ere, hura dela-eta herrialdea edo jurisdikzioa behartua badago azaroaren 13ko 1021/2015 Errege Dekretuaren 5. artikuluan zehaztutako informazioa ematera, informazioa trukatzeko elkarrekikotasuna dagoelako.

Aitorpenak akatsik badu, errefusatzeko arrazoirik ez duten kontuen erregistroak bakarrik onartuko dira. Kasu horretan, erantzunaren mezu informatikoak kontu onartuen eta errefusatuen erregistroen zerrendak jasoko ditu, zergatik ez diren onartu adierazita. Errefusatuz gero, finantza entitateak beharrezko zuzenketak egin beharko ditu, eta beste aurkezpen bat egin beharko du, errefusatuak izan diren kontuen erregistroak sartuta. Kontuen erregistroetako bat onartuz gero, erantzunaren mezu informatikoak 16 karaktereko egiaztatze kode segurua jasoko du, bai eta zein egun eta ordutan aurkeztu den ere.

6. artikulua . Mezu informatikoen formatua eta diseinua.

Informazio-aitorpena osatzen duten mezu informatikoen formatua eta diseinua une bakoitzean Zerga Administrazioko Estatu Agentziak Interneten duen egoitza elektronikoan www.agenciatributaria.es. dagoena izanen da; orobat, aitorpen horren edukia, urriaren 25eko HAP/1695/2016 Aginduaren III. eranskinean zehaztua, osatzen duten elementuak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, indarrik gabe geldituko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 5eko 99/2006 Foru Agindua; horren bidez onetsi baitziren, batetik, Europar Batasuneko beste estatu batzuetan eta informazio trukea ezarria duten beste herrialde edo lurralde batzuetan bizi diren pertsona fisikoek lorturiko errenta batzuen urteko aitorpena egiteko 299 eredua eta, bestetik, aitorpen hori ordenagailuek zuzenean irakurtzeko moduko euskarrien bidez aurkezteko diseinu fisikoak eta logikoak, eta, bestalde, aitorpenak telematika bidez, Internet erabiliz, aurkezteko baldintzak ezarri baitziren.

Aurrekoa gorabehera, eta 2016ko ekitaldirako bakarrik, behartuta egonen dira 299 eredua aurkezten jarraitzera apirilaren 5eko 99/2006 Foru Agindu horretan ezarritakoaren arabera Austrian, Aruban eta San Martinen bizi direnak.

Azken Xedapenetan Lehenengoa . Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 11ko 477/2014 Foru Aginduaren aldaketa; hartan, “Zenbait estatubatuarren finantzakontuei buruzko urteko informazioaitorpena” izeneko 290 eredua onetsi zen.

Abenduaren 11ko 477/2014 Foru Aginduaren 3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“3. artikulua. Aurkezteko epea.

Urtero aurkeztuko da informazio aitorpena, urtarrilaren 1etik maiatzaren 31 arte, aurreko urteko finantza informazioari buruz.”

Azken Xedapenetan Bigarrena . Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016. urteko 289 eta 290 ereduetako informazio aitorpenak aurkezteko aplikatuko da lehen aldiz, 2017an.

Iruñean, 2016ko abenduaren 9an.-Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1613945

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web