(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

20/2016 FORU LEGEA, ABENDUAREN 13KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO LANGILE PUBLIKOEI 2012AN ETENDAKO APARTEKO ORDAINSARIAREN PARTE ORDAINDUGABEA ORDAINTZEKOA.

BON N.º 241 - 16/12/2016



Atariko

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO LANGILE PUBLIKOEI 2012AN ETENDAKO APARTEKO ORDAINSARIAREN PARTE ORDAINDUGABEA ORDAINTZEKOA.

SARRERA

Espainiako Gobernuak langile publikoei zuzendutako hainbat neurri hartu zituen 2012an zehar; besteak beste, urte hartako abenduan ordaindu beharreko aparteko ordainsaria etetea. Neurri hori foru erkidegoko administrazio publikoen zerbitzuko langileei ere aplikatu zien Nafarroako Gobernuak.

Urte haren amaiera aldean, Nafarroako Parlamentuak abenduaren 28ko 28/2012 Foru Legea onetsi zuen, zeinaren bidez aldi baterako osagarri pertsonal bat sortu zen erosahalmenaren galera berdintzeko, eragina 2012an berean izanen zuena, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsariari dagokionez neurri hark izanen lukeen ondorena arintzera bideratua. Halere, foru lege hori ezin izan zen aplikatu, Konstituzio Auzitegiak horren eraginkortasuna eten zuelako, Estatuko Gobernuko lehendakariak kasuko inpugnazioa aurkeztu ondoren.

Krisi ekonomikoaren ondorioz administrazio publikoen zerbitzuko langile guztiek azken urteotan egindako ahalegina dela-eta (langileria-murrizketak, lansariak izoztea), eta sektore publikoari eman behar zaion bultzada dela-eta, neurriak ezarri beharra dago, langile publikoek albait lasterrek berreskura dezaten galdutako erosahalmena.

Halatan, Nafarroako Gobernu berriak egutegi bat finkatu zuen Nafarroako Foru Komunitateko langile publikoek modu mailakatuan jaso dezaten 2012an etendako aparteko ordainsariaren parte ordaindugabe hori, halako moduan non 2018ko urtarrilean eginen bailitzateke azken ordainketa.

Halaber, Nafarroako Parlamentuak 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legea onetsi zuen, eta foru lege horren hogeita hamabosgarren xedapen gehigarriak, aurrekontu gehikuntzei buruzkoak, honako hau dio: “2016ko aurrekontu-ekitaldiaren barruan, ‘Laugarren xedapen gehigarria. Toki entitateek parte hartzeko funtsaren tratamendua’ delakoaren barruan adierazitakoa kendu gabe, bai Ospitaleguneko sukaldeen itzulketa, bai 2012an kendutako aparteko soldatatik ordaintzeko dagoen zatiaren itzulketak lehentasunezkoak izanen dira beren kopurua 2016ko ekitaldian zehar handitzeko orduan, diru-sarrerei buruzko aurreikuspenak horretarako bidea ematen dutenean”.

Xedapen hori indarrean da, nahiz eta gaur egun ez dagoen ziurtasunik azken baldintza hori 2016a bukatu aitzin beteko ote den. Halakorik gertatuko ez balitz ere, eta Nafarroako Gobernuak itzulketa egiteko hasiera batean finkatutako egutegia aurreratzeko xedez, honako foru lege hau onesten da.

Artikulu Bakarra

Nafarroako Gobernuak era honetan ordainduko du 2012an langile publikoei kendutako aparteko ordainsaritik ordaindu gabe dagoen partea.

1. Etendako aparteko ordainsariaren 100eko 25, 2017ko urtarrilaren lehen bost egunetan.

2. Gainerakoa, 2017ko ekitaldian zehar itzuliko da, baldin eta inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

- Aurrekontuan aurreikusitakoa baino diru-sarrera handiagoak gertatzea.

- Estatuarekin Hitzarmen Ekonomikoa gaurkotzeko lortzen den akordiotik etortzea aurrekontuan jasotakoa baino funts-fluxu handiagoak Foru Komunitatearen alde.

- Aparteko diru-sarrerak gertatzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotakoez harago, legeak aldez aurretik ezarritako xedea ez dutenak, edo aurrekontuetan aldez aurretik jasotako finantza-gastuen murrizketak gertatzea.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web