(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

72/2016 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 21EKOA, NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDUAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

BON N.º 196 - 10/10/2016



  I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. TITULUA. NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDUA

  I. KAPITULUA. ANTOLAMENDUAREN EGITURA

  II. KAPITULUA. ARLOAK ETA DIBISIOAK

  1. ATALA

  2. ATALA. IKUSKAPEN OROKORRAREN ARLOA

  3. ATALA. BARNE SEGURTASUNAREN ETA POLIZIA ADMINISTRATIBOAREN ARLOA

  4. ATALA. TRAFIKOAREN ETA BIDE SEGURTASUNAREN ARLOA

  5. ATALA. HERRITARREN SEGURTASUNAREN ARLOA

  6. ATALA. IKERKETA KRIMINALEKO ARLOA


  III. TITULUA. FORUZAINGOAREN FUNTZIONAMENDUA

  I. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

  II. KAPITULUA. ERREGELAMENDUZKO AGURRA

  III. KAPITULUA. ARMAK


Zioen azalpena

Uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zen. Erregelamendu horrek Foru Komunitateko herritarren beharrei oso-osorik erantzuteko moduko antolaketa eredua ezarri zuen, eta baliabide operatibo eta funtzional gisa taxutu zuen, berariaz, erkidegoko polizia kidegoa. Lehen aldiz, Foruzaingoaren lurralde-hedapenari heldu zitzaion, eta Foruzaingoaren foruzain etxeak definitu ziren.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak, Nafarroako polizia kidego guztiendako oinarrizko araubidea ezartzeaz gain, zernahi zela bakoitzaren jarduketa eremua, jarduketa oinarri batzuk eta tamaina berri batzuk ekarri zituen polizia modernoa eta garapen betean dagoena taxutzeko.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak ekarritako ikuspegi berri hori izan zen Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamenduaren lehen aldaketa egiteko arrazoi nagusia; hura azaroaren 30eko 76/2010 Foru Dekretuaren eskutik etorri zen. Foru dekretu horrek Foruzaingoko goi mailako unitate organiko gehiago ekarri zituen, hots, arlo eta dibisio gehiago.

Gaur egun, apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak aldatu berri du martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea. Orobat, gastu publikoa murrizteko politikak mantentzen dira eta agerian gelditu da Foruzaingoaren funtzionamenduan arrazionalizazioa lortzeko premia. Horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da unitateak berrantolatzea, dibisio bat desagertuz eta beste bost dibisio brigada bihurtuz. Horren ondorioz, azken horien burutzetan inspektoreak izanen dira komisarioen ordez, eta horrek aurrekontuak murriztea ekarriko du. Hala izanagatik, Foruzaingoak alde batera deus utzi gabe segituko du bere eskumenak erabiltzen, desagertzen diren unitateen jarduketa esparruak polizia-egituraren gainerako unitateek bere gain hartuko dituzten heinean.

Bestetik, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak, bere 11. eta 12. artikuluetan, geroago eginen diren erregelamenduzko arauetara igortzen du agurrari eta armei buruzko kontuen garapena.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

Onetsi egiten da Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua. Haren testua foru dekretu honi erantsi zaio.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretua.

Azken xedapenetan lehena

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena

Foru dekretu honek 2016ko azaroaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko irailaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

NAFARRROAKO FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDUAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

1. Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Foruzaingoari bere eginkizunetan aritzea ahalbidetuko dion erakunde-egitura finkatzea eta haren funtzionamenduari, erregelamenduzko agurrei eta armei buruzko arauak ezartzea.

2. Barne antolaketari, eginkizunei eta funtzionamenduari dagokienez, erregelamendu honek eta gainerako xedapen aplikagarriek arautuko dute Nafarroako Foruzaingoa.

2. artikulua . Jarduteko eremua.

1. Foruzaingoak Nafarroako Foru Komunitatea izanen du jarduteko eremua.

2. Aurreko atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe, Foru Komunitateko lurraldea, Foruzaingoa ezartzeari begira, polizia eremuetan banatzen da. Lurraldeari dagokionez, polizia eremu bakoitzak foruzain etxe bakoitza sortzen denean adierazten diren udalerriak hartuko ditu bere baitan.

3. Erregelamendu honen ondorioetarako, Foruzaingoaren egituran dauden unitateak zentralak edo lurraldekoak izan daitezke, ohiko egoeretan dagokien eragin eremua Nafarroako lurralde osokoa edo zati batekoa den, hurrenez hurren, kasuan kasuko unitatea sortzeko arauan ezartzen denari jarraikiz.

3. artikulua . Eginkizunak.

Foruzaingoak Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu.

4. artikulua . Atxikipen organikoa.

Barne aferen arloan eskumena zein departamentuk duen, horrexen mendean egonen de Nafarroako Foruzaingoa.

II. TITULUA. NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDUA

I. KAPITULUA. ANTOLAMENDUAREN EGITURA

5. artikulua . Foruzaingoko burua.

1. Barne zuzendari nagusiaren agintearen pean eta haren mende zuzen-zuzenean, Foruzaingoko buruari dagokio Nafarroako Foruzaingoaren zuzendaritza eta agintaritza operatiboa bere gain hartzea, indarra duten arauetan herritarren babes eta segurtasunari buruz kidego horretarako ezartzen diren politika eta helburuak bete daitezen.

2. Horrez gainera, honako eskudantzia hauek ere dagozkio Foruzaingoko buruari:

a) Nafarroako Foruzaingoa osatzen duten unitate guztien jarduera bulkatu, koordinatu eta haien segimendua egitea.

b) Foruzaingoaren Plan Estrategikoaren prestaketa, hedapena, ebaluazioa eta berrikuspena sustatzea, herritarrek herritarren segurtasunaren arloan dituzten premia eta igurikapenekin bat etorriz.

c) Antolamenduaren, funtzionamenduaren eta erakunde-egituren gainean xedapen egokienak sustatzea, Foruzaingoak segurtasun arloan dituen premiei erantzuteko.

d) Organo eskudunari prestakuntza arloko premiak zein diren adieraztea, eta diseinaturiko planak prestatzen eta betearazten laguntzea.

e) Urteko aurrekontu beharrak aurreikustea eta Barneko zuzendari nagusiari helaraztea.

f) Epaileekin, epaitegiekin eta fiskalekin behar diren harremanak izatea, polizia judizialaren arloan Foruzaingoari dagozkion lanetan.

g) Diziplinako arau-hauste arinen ondoriozko espedienteak irekitzea, horiei zehapenak jartzea eta, arau-hausteak larriak eta oso larriak direnean, espedienteak ireki daitezela eskatzea.

h) Merezi duten foruzainei esker onaren adierazpen publiko edo pribatua bideratzea, ez badu behintzat barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilariak hori bere gain hartzen, eta beste esker-sari batzuk emateko proposamenak egitea.

i) Beste polizia kidego batzuekin behar diren harremanak izatea, lankidetza eta koordinazio egokia izateko asmoz.

j) Beste agintari eta erakundeen aurrean Foruzaingoaren ordezkaria izatea, beste kargu edo agintari batzuei dagokien ordezkaritza deusetan galarazi gabe.

k) Komunikazio eraginkorra sustatzea herritar guztien aldera, delinkuentziari aurrea hartzeko eta Foruzaingoaren jarduera zabaltzeko asmoz.

l) Herritarrei zerbitzu ematean, kalitatea bermatzeko sistemetan oinarrituriko hobekuntza sustatzea etengabe.

m) Foruzaingoaren jardueren urteko memoria sustatzea, baita haren zabalkundea ere.

n) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

3. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du Foruzaingoko burua, barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak proposaturik. Foruzaingoko burua behin-behineko kargua da. Bai izendapena bai kargu-uztea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

4. Foruzaingoko burua kanpoan edo eri dagoenean edo aldi baterako beste edozein ezintasun suertatzen zaionean, barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak izendatzen duen komisario nagusiak beteko ditu, bitarte baterako, haren eginkizunak, harik eta itzultzen den arte. Izendapen espresik egiten ez bada, enpleguan antzinatasun handiena duen komisario nagusiak ordeztuko du Foruzaingoko burua, eta, berdinketarik izanez gero, bakoitzak bere deialdian lortutako azkeneko hurrenkeraren arabera erabakiko da ordezkoa.

5. Unitate guztiei manatzen zaizkien zereginak hobeki antolatzeko, Foruzaingoko buruak zilegi izanen du lantaldeak aldi baterako antolatzea, atxikipen organikoa alde batera utzita. Lantaldeak enpleguan graduaziorik eta antzinatasunik handiena duen agintari hierarkikoak zuzenduko ditu, Foruzaingoko buruak bertako kideen artetik izendapena eginda. Izendapen espresik egiten ez bada, taldeko kideen artetik enpleguan graduaziorik eta antzinatasunik handiena duen agintari hierarkikoak zuzenduko du taldea, eta, berdinketa izanez gero, bakoitzak bere deialdian lortutako azkeneko hurrenkeraren arabera erabakiko da.

6. artikulua . Unitate organikoak.

1. Nafarroako Foruzaingoa egiturazko maila hauen arabera antolatzen da operatiboki, garaienetik apalenera: arloak, dibisioak, brigadak eta taldeak.

2. Arloak eta dibisioak organo zentralak dira eta Iruñean kokatuko dira.

3. Buru batek zuzenduko du arlo, dibisio, brigada eta talde bakoitza, kasuan kasuko unitateko buru deituko dena.

4. Orokorrean, arloek komisario nagusi bat izanen dute buru, dibisioek komisario bat, brigadek inspektore bat, eta taldeek inspektoreorde bat.

Salbuespenez, taldeek kabo bat izan lezakete buru, horretarako behar bezalako arrazoiak daudenean tamainaren, espezializazioaren eta antzeko bestelako parametroen aldetik. Halakoetan, bere enpleguari dagozkion ordainsariak jasoko ditu, gehi burutzagatik dagokion osagarria.

7. artikulua . Arloa.

1. Arloa hainbat polizia-lan homogeneo egiten dituen unitate organiko zentrala da. Bera osatzen duten unitateen goi-agintaria da eta haien jarduera sustatzea, koordinatzea eta kontrolatzea dagokio.

2. Arloko buruak arloko gaietan dagozkion eginkizun orokorren gaineko agintea izanen du, eta eginkizun horiendako esparrua ezarriko duten jarraibide orokorrak emanen ditu.

8. artikulua . Dibisioa.

1. Dibisioak arloei atxikiriko organo zentralak dira. Polizia-lanaren esparru jakin batzuen zuzendaritza taktikoa dagokie.

2. Zuzendaritza taktikoaren barrenean lan hauek sartzen dira: polizia-lanen plangintza, programazioa, koordinazioa, gainbegiratzea eta ebaluazioa, eta, halaber, prozedura operatiboen gainean aholkua ematea eta haien homogeneotasuna bermatzea.

9. artikulua . Foruzain etxeak.

1. Foruzaingoa foruzain etxetan antolatuta egonen da lurraldearen arabera.

2. Buru batek zuzenduko du foruzain etxe bakoitza, kasuan kasuko foruzain etxeko burua deituko dena. Foruzain etxeetako buru lanetan komisarioak edo inspektoreak aritzen ahal dira. Buruak izendatzeko kontuan hartuko da foruzain etxeen tamaina, beren baitan dauden unitate espezializatuak eta gisako beste parametro batzuk, behar bezala arrazoituak. Dagokion foru aginduan ezartzen denari jarraikiz foruzain etxe batek inspektore bat izan behar badu buru, horrek bere enpleguari dagozkion ordainsariak jasoko ditu, gehi burutzagatik dagokion osagarria.

3. Foruzain etxeko buruak, organikoki, Ikuskapen Orokorraren Arloko buruaren mende egonen dira, eta eginkizunen ondorioetarako, berriz, Foruzaingoaren arlo bakoitzeko buruen mende, bere espezialitatearen esparruan.

4. Foruzain etxeko buruaren berezko eginkizuna da ziurtatzea kidegoko buruak ematen dituen jarraibide orokorrak betetzen direla eta arloko buruak oro har ematen dituen berariazko jarraibideak garatzen direla.

Orobat, foruzain etxeetako buruei honako eginkizun hauek dagozkie:

a) Hartzen duten lurralde eremuko herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea.

b) Lurralde eremu horretan Foruzaingoaren eledun eta ordezkaria izatea.

c) Foruzain etxearen barnean polizia arauak eta barne arauak betetzen diren begiratzea.

d) Bere lurralde eremuan destinoa duten unitate operatiboak zuzentzea eta koordinatzea.

e) Bere lurralde eremuko segurtasun egoeraren berri izatea eta toki horretarako ezartzen diren helburuak lortzen saiatzea.

f) Bere lurralde eremuan polizia lana hobetzeko dauden beharrak finkatzea.

g) Bere lurralde eremuko polizia lana aztertu eta ebaluatzea.

h) Herritarrei arreta emateko zerbitzuak, gizartearekiko harremanak eta bere lurralde eremuko segurtasunaren prebentzioa sustatzea.

i) Bere lurralde eremuko udaltzaingoekiko koordinazio lanetan laguntzea.

j) Bere lurralde eremuko segurtasun arazoei buruzko informazioa bermatzea eta zerbitzu zentralekin koordinatuta aritzea konponbidea bilatzeko.

5. Foruzain etxeen lurralde eremuan polizia arretarako bulegoak ezartzen ahalko dira, finkoak edo mugigarriak, polizia arreta eramateko kasuan kasuko foruzain etxetik urrutien dauden herrietara. Polizia arretarako bulegoak taldeekin parekatuko dira.

6. Foruzain etxeei atxikitako langileak foruzain etxeko buruaren mende arituko dira zuzenean.

10. artikulua . Brigadak.

1. Brigadak polizia lanak zuzenean egitearen ardura duten organo operatiboak dira.

2. Brigadak zentralak edo lurralde batekoak izan daitezke, sortzen dituen arauan ezarri bezala. Brigada zentralak, oro har, dibisio bati atxikiko zaizkio, eta lurraldekoak, berriz, foruzain etxe bati.

11. artikulua . Taldeak.

1. Taldeak, oro har, brigada baten barrenean izaten dira eta polizia lanaren eginkizun espezializatuak egiteaz arduratzen dira.

2. Taldeak zentralak edo lurralde batekoak izan daitezke, sortzen dituen arauan ezarri bezala.

12. artikulua . Unitate organikoak sortzea, aldatzea eta kentzea.

1. Barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrari dagokio arloak, dibisioak, foruzain etxeak, brigadak, taldeak eta polizia arretarako bulegoak sortzea, aldatzea edo kentzea, Barneko zuzendari nagusiak proposaturik.

2. Arloak, dibisioak, foruzain etxeak, brigadak, taldeak eta polizia arretarako bulegoak sortzeko edo kentzeko orduan, polizia eginkizun homogeneoak elkartu beharrari begiratuko zaio, hots: goi-zuzendaritzakoak, polizia lanaren alor zehatzen zuzendaritza taktikakoak, polizia lanak zuzenean gauzatzekoak eta lan espezializatuak zuzenean gauzatzekoak. Orobat, kontuan hartuko dira tamaina, interesa, eginkizunaren garrantzia, bateragarritasuna eta espezializazio maila, aplikatu gogo den egitura eredua eta egokitasunari dagozkion bestelako inguruabarrak, behar bezala arrazoituak.

13. artikulua . Burutzak betetzea.

1. Arloetako, dibisioetako eta foruzain etxeetako buruak barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak izendatuko eta kargutik kenduko ditu, askatasun osoz, Foruzaingoko buruak proposamena eginik eta hura Barneko zuzendari nagusiaren bitartez bideraturik.

2. Orokorrean, brigadetako, taldeetako eta polizia arretarako bulegoetako burutzak deialdi baten bidez beteko dira, kasuan kasuko antolaketa unitateari atxikitako langileen artean, Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduan aurreikusitako lehiaketa prozeduraren bidez, non eta plantilla organikoak ez duen aurreikusten izendapen librea erabiliz betetzeko aukera, salbuespenez eta burutzaren inguruabar berariazkoengatik.

3. Aurreko ataletan aipatu unitateetako buruak kanpoan edo eri daudenean edo aldi baterako beste edozein ezintasun suertatzen zaienean, Foruzaingoko buruak proposaturik Barneko zuzendari nagusiak izendatzen duen enplegu bereko agintariak betetzen ahalko ditu haren eginkizunak, edo, bestela, maila bat beheragoko enplegua duen batek, harik eta itzultzen den arte.

4. Eskatutako enpleguan langilerik ez bada, maila bat beheragoko enpleguko langileek betetzen ahalko dituzte 1. eta 2. ataletan aipatutako unitateetako burutzak, bitarteko gisa, egoera horrek iraun bitartean, aldez aurretik barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak izendaturik, arloen, dibisioen eta foruzain etxeen kasuetan, edo Barneko zuzendari nagusiak izendaturik polizia arretarako bulegoen, brigaden eta taldeen kasuan, betiere Foruzaingoko buruak proposaturik.

5. Proposamena prestatzeko eta burutzak esleitzeko, kontuan hartuko dira unitatearen tamaina, haren espezializazioa, izendatuaren eskarmentua eta trebakuntzari eta egokitasunari dagozkion bestelako inguruabarrak, behar bezala arrazoituak.

II. KAPITULUA. ARLOAK ETA DIBISIOAK

1. ATALA

14. Artikulua. Arloak.

Nafarroako Foruzaingoak honako arlo hauek ditu bere egituran:

a) Ikuskapen Orokorraren Arloa.

b) Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloa.

c) Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloa.

d) Herritarren Segurtasunaren Arloa.

e) Ikerketa Kriminalaren Arloa.

2. ATALA. IKUSKAPEN OROKORRAREN ARLOA

15. artikulua . Ikuskapen Orokorraren Arloa.

1. Ikuskapen Orokorraren Arloaren eginkizuna da Foruzaingoko buruari sostengua ematea langile eta materialen kudeaketarekin, informaziorako sistema eta teknologien hobekuntzarekin, erakundearen helburu orokorren lorpenarekin eta poliziaren administrazioarekin zerikusia duten ardura guztietan.

2. Dibisio Tekniko Orokorra Ikuskapen Orokorraren Arloaren mende dago.

16. artikulua . Dibisio Tekniko Orokorra.

Dibisio Tekniko Orokorrari eginkizun hauek dagozkio:

a) Informazioaren sistema eta teknologien diseinuan, ezarpenean eta hobekuntzan proposamenak egitea eta parte hartzea, Foruzaingoaren beharrak asetzeko, eta haien eraginkortasuna ebaluatzea.

b) Poliziari ematen zaizkion baliabide teknologikoak ongi erabil daitezen arduratzea eta poliziaren datu baseak mantentzeko lanak kudeatzea, datu pertsonalen babesari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz.

c) Poliziaren estatistikak egin eta azter daitezen sustatzea.

d) Datuak mekanizatzea, eta bitartekari aritzea kanpoko erakundeekin datu baseak koordinatzeko lanetan.

e) Europako, Estatuko, autonomia erkidegoetako edo udalerrietako beste administrazio eta erakunde batzuekin, polizialak edo teknikoak izan, egindako akordio eta hitzarmenak betetzen diren begiratzea, konpromisoak beteko direla bermatzeko, eta haien berrikuspena edo ez-betetzeen salaketa proposatzea.

f) Instalazioak mantentzeko lanen kudeaketa eta kontrola, poliziaren ekipamenduaren administrazioa, poliziaren baliabide teknikoen inbentarioa eta kontrola eta horiek erosteko proposamenak egitea.

g) Foruzaingoaren diru baliabideak kudeatzea, fakturak kontrolatzea eta Foruzaingoari esleitutako aurrekontua betetzeko moduaren jarraipena egitea.

h) Transmisio, telefonia eta mapagintza arloetan Foruzaingoari dagozkion lanetan jardutea.

i) Foruzaingoko buruari laguntza administratiboa eta teknikoa ematea bere eginkizunak bete ditzan.

j) Beste polizia kidego eta administrazioekiko polizia harremanak bideratzea.

k) Agiri sailkatuak erregistratu, artxibatu eta zaintzea. Halaber, akordioekin, lankidetza-protokoloekin, metodologiarekin eta poliziaren funtzionamendu arauekin zerikusia duten agiriak artxibatu eta zainduko ditu, kanpoko organoekiko postazko harremanez arduratuko da, Foruzaingoko buruari edo aholku eta eztabaida organoei beren lanerako laguntza emanen die eta behar dituzten laguntza dokumentuak prestatuko ditu.

l) Administrazioko eta auzitegietako agintarien eskaerak kontrolatzea eta erantzutea.

m) Polizia jardueren urteko memoria egitea.

n) Poliziaren lanari buruz herritarrek jaso behar dituzten ohar polizialak aztertzea, horiek egin eta tratatzeko aholkuak ematea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan komunikazioaren eta informazio politikaren arloko eskumenak dituzten organoekin harremanak izatea eta halako oharren tratamendua koordinatzea.

ñ) Kidegoko langileek prestakuntza arloan dituzten behar orokorrak eta berariazkoak bildu, atzeman eta aztertzea, prestakuntza planak egiten eta ikasleen prestakuntza prozesuak antolatzen parte hartzea Nafarroako Segurtasun Eskolarekin elkarlanean, eta poliziek tiro arloan behar duten prestakuntzaz arduratzea.

o) Lanpostu eta lantokietako arrisku faktoreen azterketan eta balorazioan parte hartzea.

p) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

3. ATALA. BARNE SEGURTASUNAREN ETA POLIZIA ADMINISTRATIBOAREN ARLOA

17. artikulua . Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloa.

1. Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak bete daitezen begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:

a) Bere ardurapean jartzen diren eraikin eta instalazioen babesa eta segurtasuna.

b) Segurtasun pribatuaren arloan bere ardurapean jartzen diren zerbitzuen ikuskapena eta kontrola, koordinazioa eta lankidetza.

c) ingurumenaren babesaren eta joko eta ikuskizunen arloetan prebentzioko polizia-lana egitea, ikertzea eta eta arau-hauste administratiboak salatzea.

4. ATALA. TRAFIKOAREN ETA BIDE SEGURTASUNAREN ARLOA

18. artikulua . Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloa.

1. Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren begiratzea ondoko polizia-jarduketa eremuetan:

a) Trafikoa eta garraioak zaindu, antolatu eta kontrolatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritakoari jarraikiz.

b) Atestatuak irekitzea zirkulazio istripuengatik eta bide segurtasunarekin eta automobilaren inguruko delinkuentziarekin loturiko delituengatik.

c) Bide segurtasunarekin zerikusia duten hobekuntzak sustatzea.

2. Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloaren mende Bide Segurtasunaren Dibisioa dago.

19. artikulua . Bide Segurtasunaren Dibisioa.

Bide Segurtasunaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:

a) Trafikoa eta garraioak zaindu eta antolatzea bide publikoetan, hiriarteko bideetan eta zeharbideetan, udaltzaingorik ez duten tokietan batik bat, eta udaltzaingoa badago, harekin lankidetzan.

b) Trafiko eta garraio arloko arau-hausteak salatzea.

c) Goian adierazitako gaien inguruan ematen diren egintzak nahitaez betearaztea.

d) Garraio berezietan eta kirol lehiaketetan laguntzea, bai eta, kirol probaren izaera edo parte-hartzaileen kopurua ikusirik, zirkulazioarentzat arrisku larria dagoenean ere.

e) Bide publikoetako istripu-indizeak kalkulatzeko azterlan eta ebaluazio lanetan laguntzea.

f) Alkoholemiaren, estupefazienteen, psikotropikoen, bizigarrien eta antzeko beste substantzia batzuen kontrolen emaitzak aztertzea.

g) Trafiko eta garraio arloetan administrazio baimena eman aurretiko txostenak prestatzea.

h) Trafikoaren segurtasunarekin zerikusia duten erakundeekin lankidetzan aritzea.

i) Foruzaingoko gainerako unitate operatiboekin lankidetzan aritzea, segurtasun arloko baterako ekintzetan.

j) Istripuei aurrea hartzeko baliabideak aztertu eta planifikatzea.

k) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

5. ATALA. HERRITARREN SEGURTASUNAREN ARLOA

20. artikulua . Herritarren Segurtasunaren Arloa.

1. Herritarren Segurtasunaren Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:

a) Delitu-egintzei aurrea hartzea, pertsona eta ondasunei babesa eta laguntza ematea, bereziki istripu eta larrialdietan, baita espazio publikoak zaintzea ere.

b) Bere zaintzapean jartzen diren agintarien segurtasuna bermatzea.

c) Ordena eta herritarren segurtasuna zaintzea eta, kasua bada, egoera bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez.

d) Atxilotuak epailearen esku jartzeko, zaintzeko eta lekuz aldatzeko zerbitzua egitea, eta lan horretan poliziaren zerbitzu eta unitateekiko koordinazioa bermatzea.

2. Herritarren Segurtasunaren Arloaren mende dibisio hauek daude:

a) Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioa.

b) Esku Hartzeko Dibisioa.

21. artikulua . Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioa.

Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:

a) Pertsona eta ondasunak babestu eta haiei laguntza ematea, bereziki larrialdietan, bere eskumeneko lurralde eremuan eta foruzain etxeekin koordinaturik.

b) Espazio publikoak zaintzea eta manifestazioak eta, oro har, elkarretaratze handiak babestu eta antolatzea.

c) Delituei eta gizartea asaldatzen ahal duten jarduerei aurrea hartzeko neurriak hartzea.

d) Herritarren segurtasunerako baliabideak garatzea, foruzain etxeekin, beste polizia kidego batzuekin edo herritarren segurtasunaren arloan diharduten erakundeekin koordinaturik eta elkarlanean.

e) Herritarren segurtasunerako zerbitzuak eskatzen dituzten polizia unitateei arreta ematea eta haiekin elkarlanean aritzea.

f) Polizia berehala laguntzera joateko eskatzen den guztietan informazioa eta laguntza eskaintzea.

g) Herritarren segurtasunaren arloan gizartearen eskariak eta gizartearekiko harremanak sustatu, koordinatu, kontrolatu eta bideratzea.

h) Herritarren segurtasunaren arloan jarduteko ildo orokorrak aztertu eta planifikatzea.

i) Herritarrei arreta ematearekin zerikusia duten lanak egitea, bai maila zentralean bai lurralde mailako hedapenean ere, foruzain etxeekin koordinaturik eta elkarlanean.

j) Segurtasun publikoa handitzeko neurriak eta jarduketa protokoloak garatzea, beste polizia unitate batzuek esku hartu behar dutenean.

k) Herritarrei arreta eta prebentzio zerbitzu hobea ematea helburu duten neurriak, hobekuntzak eta ekimenak proposatzea.

l) Atxilotuak epailearen esku jartzeko, zaintzeko eta lekuz aldatzeko zerbitzua egitea, eta lan horretan poliziaren zerbitzu eta unitateekiko koordinazioa bermatzea.

m) Agintzen zaion antzeko beste edozein.

22. artikulua . Esku Hartzeko Dibisioa.

Esku Hartzeko Dibisioak ardura hauek ditu:

a) Pertsonen eta ondasunen segurtasuna arriskuan jartzen duten gertakari eta egoeretan prebentzio lana egitea eta ordena eta herritarrak babesteko eta, kasua bada, egoera bere onera ekartzeko neurriak hartzea.

b) Gainerako arlo polizialei sostengu eta laguntza espezializatua ematea, arrisku egoerak deuseztatu eta haiei aurrea hartzeko asmoz, dibisio honen parte-hartzea beharrezkoa denean.

c) Prebentzioko operatibo arruntetan eta hondamendi edo ezbehar publikoei aurre egiteko operatibo berezietan parte hartzea.

d) Pertsona arriskutsuak edo armatuak edo gauzak indargabetu beharra dagoenean edo lehergailuak, estupefazienteak eta herritarrei edo ondasunei kalte egiteko arriskua dakarten gainerako elementuak bilatu behar direnean esku hartzea.

e) Estatuko edo atzerriko goi mailako pertsona ospetsuak babestea, Nafarroako Gobernuak hala eskatzen dionean.

f) Elkarretaratze handietan, manifestazioetan eta jendaurreko ikuskizunetan esku hartzea.

g) Terrorismo delituengatik nahiz delitu arruntengatik poliziaren alerta deklaratzen denean esku hartzea, eta kontrol eta neurri polizialak ezartzea.

h) Tokiak eta instalazioak babestea, goi mailako agintariek hala erabakitzen dutenetan.

i) Matxinadetan, etxe-husteetan eta antzeko arriskua duten egoeretan esku hartzea.

j) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

6. ATALA. IKERKETA KRIMINALEKO ARLOA

23. artikulua . Ikerketa Kriminaleko Arloa.

1. Ikerketa Kriminaleko Arloari dagokio, foru dekretu honetan ezarritako eginkizunen arabera, Nafarroako Foruzaingoaren helburu orokorrak betetzen diren begiratzea ondoko jarduketa eremuetan:

a) Delituak ikertzea eta delitugileak jazarri eta geldiaraztea.

b) Ikerkuntza zientifiko eta teknikoa, ikertzeko baliabide eta metodo espezializatuak erabiliz.

c) Herritarren segurtasuna hobetzeko interesgarria den informazioa bildu eta lantzea.

d) Nazioko nahiz nazioarteko agintari judizial eta polizialekiko koordinazioa eta elkarlana, Foruzaingoak sinaturiko hitzarmen, protokolo eta akordioei jarraikiz.

2. Ikerketa Kriminaleko Arloaren mende unitate hauek daude:

a) Polizia Judizialaren Dibisioa.

b) Polizia Zientifikoaren Dibisioa.

c) Informazio Dibisioa.

24. artikulua . Polizia Judizialaren Dibisioa.

Polizia Judizialaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:

a) Delituak ikertzea eta delitugileak jazarri eta geldiaraztea. Ondoren, behar diren atestatuak instruitzea eta agintari judizial eta fiskal eskudunen esku jartzea, antolamendu juridikoak agintzen duen moduan.

b) Agintari judizial eta fiskalei laguntza ematea, beren egoitzatik kanpora poliziaren laguntzaz egin behar dituzten jarduketetan.

c) Hertsatze lana egitea ekartzen duten jarduketak eta mota guztietako zereginak gauzatzea, agintari judizial edo fiskalek aginduta.

d) Ikerketa polizialaren arloan beste segurtasun indar eta kidego batzuekin sinatutako akordio eta protokoloak betetzea, kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.

e) Behar diren polizia unitateekin elkarlanean, delinkuentziaren kontrako borrokarako bitartekoak garatzea, eta herritarren segurtasuna zaintzeko edo prebentziorako lagungarriak diren gertaerak edo berriak beste zerbitzu batzuei jakinaraztea.

f) Izaera bereko beste kooperazio edo laguntza lan batzuk, eskumena duten agintari judizial edo fiskalek aginduta.

g) Delituak ikertzeko baliabideak kudeatzea eta ikerketa lanen kalitatea hobetzeko proiektuak egitea.

h) Delitugile taldeen edo banda profesionalen kontrako ikerketa planak garatzea.

i) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

25. artikulua . Polizia Zientifikoaren Dibisioa.

Polizia Zientifikoaren Dibisioari dagokio foru dekretu honek polizia lanaren esparru hauetan aurreikusten dituen eginkizunak betetzea:

a) Ikerkuntza teknikoa, kriminalistikaren eta identifikazioaren arloko ikerketa metodo espezializatuak erabiliz.

b) Eskatzen zaizkion peritu txostenak eta agiriak prestatzea.

c) Polizia zientifikoari dagozkion gai guztietan, metodologia teknikoa ezartzea.

d) Gainerako unitate organikoei laguntza zientifikoa ematea, eskatzen zaionean.

e) Dibisioak tramitatzen dituen agiriak zaindu eta artxibatzea.

f) Laborategi zientifikoa kudeatzea.

g) Foruzaingoak polizia zientifikoaren arloan sinatzen dituen akordio eta protokoloak betetzea.

h) Edozein delitu egiten denean begizko ikuskapena egitea, delitua egiteko erabilitako elementuak atzematea, frogak biltzea eta horiek gordetzeko katea aseguratzea.

i) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

26. artikulua . Informazio Dibisioa.

Informazio Dibisioak ardura hauek ditu:

a) Ordenari eta herritarren segurtasunari eusteko eta prebentzio lana egiteko interesgarria den informazioaren bilketa, tratamendua eta ustiapena antolatu eta kudeatzea, bai eta bere eskumeneko lurraldean diharduten delitugile taldeak ikertzea eta haiei aurrea hartzea ere.

b) Prebentzio eta ikerketa lanak egiten dituzten unitate organikoei sostengu ematea.

c) Beste administrazio batzuekin polizia arloko lotura lanak egitea Europar Batasuneko koordinazio polizialaren prozesuetan, Foruzaingoko buruak ematen dituen jarraibideei segituz.

d) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

III. TITULUA. FORUZAINGOAREN FUNTZIONAMENDUA

I. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA

27. artikulua . Burutzak.

1. Langileei eta unitatearen berezko eginkizunei dagokienez, unitate bakoitzeko buruak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Nagusiengandik jasotzen dituen aginduak helarazi eta betearaztea, eta berari dagozkionak ematea.

b) Bere unitatearen funtzionamendu ona eta diziplina zaintzea.

c) Unitateen jarduera gainbegiratzea eta hobetzeko proposamenak egitea, hobeki funtziona dezaten.

d) Nagusi hurrenari unitatearen berezko eginkizunak garatzean sortzen diren gorabehera guztien berri ematea.

e) Bere unitatearen ordezkaria izatea edozein agintari, erakunde edo pertsonaren aurrean, zerbitzuak eskatzen duenaren arabera.

f) Bere agindupeko langileek helarazten dizkioten eskaerak edo jakinarazpenak nagusiei jakinaraztea eta bere unitatean lan giro ona sustatzea.

g) Bere unitateari atxikitako baliabide materialen, ibilgailuen eta ekipamendu teknikoaren kontserbazio ona sustatzea.

h) Unitatearendako xede berariazkoak identifikatzea eta eskatzen zaizkion zerbitzu berezien plangintza egitea.

i) Nagusiei iradokizun edo ohar egokiak egitea, unitatearen funtzionamendua eta eraginkortasuna hobetzeko.

j) Lan prozeduren prestaketa, ebaluazioa eta berrikuspena sustatzea, unitateak hobeki funtziona dezan.

k) Unitateak prestakuntzaren eta baliabide materialen aldetik dituen premiak identifikatzea.

l) Hierarkiako nagusiek agintzen dizkien gainerako guztiak.

2. Edozein arrazoi dela-eta Foruzaingoaren jarduketaren bat gidatzeko agintaririk izendatzen ez bada, ardura hartuko du jarduketan parte hartzen dutenen artean maila handiena duen kideak, eta, maila bera duten kide bat baino gehiago badaude, maila horretan antzinatasun handiena duenak.

28. artikulua . Hierarkia naturala.

1. Foruzaingoaren funtzionamendua erregelamendu honetan ezartzen den bide hierarkikoaren bitartez eginen da.

2. Unitate bakoitzera atxikitako foruzainek unitateko buruaren, haren goragoko unitateetako buruen, Foruzaingoko buruaren edo goiko beste agintari batzuen aginduak jasoko dituzte arrunki.

3. Foruzainek, premia operatiboak direla-eta, goiko mailako edozein agintarik emandako aginduak ere bete beharko dituzte, nahiz eta agintari naturala ez izan. Halakoetan, agintari naturalari horren berri emanen diote, ahal bezain laster.

4. Foruzainek zerbitzuari buruz egiten dituzten jakinarazpen eta eskaera guztiak beren unitateko buruari zuzenduko zaizkio. Hark adierazten dionean, kanpoan dagoenean edo adierazi beharrekoak harengan eragin zuzena izan dezakeenean baizik ez dute joko goragoko agintari hurrenengana.

29. artikulua . Polizia Judiziala.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideak, Polizia Judizialeko unitateetara atxikitzen badituzte, epaileen, epaitegien edo Fiskaltzaren mende arituko dira haiek manatzen dizkieten eginkizunetan.

2. Zigor arloko Jurisdikzioko epaile eta epaitegiek eta Fiskaltzak, Polizia Judizialeko unitateetako kideei dagokienez, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoaren 35. artikuluan ezartzen diren ahalmenak izanen dituzte.

3. Polizia Judizialeko unitateetako buruek izanen dute agintari judizialengandik eta Fiskaltzatik etortzen diren errekerimenduak bideratzeko eskumena, beren unitateko funtzionario edo baliabideek ikerketa batean parte hartu behar duten erabakitzeko tenorean.

4. Polizia Judizialeko unitateetako kideek modu esklusiboan beteko dute eginkizun hori, eta burutu arte ezin izanen dira manatu zaien ikerketatik kendu edo bereizi, edo bestela hura sorrarazi duen prozedura judizialaren fasea burutu arte, non ez den epaile edo fiskal eskudunak erabakita edo baimenduta.

5. Polizia Judizialeko unitateetako kideei diziplina espedientea irekiz gero, haren xede diren egitateek ikusteko zuzena baldin badute manatu zaien ikerketarekin, txostena eskatuko zaio mendean dauzkan epaile, epaitegi edo fiskalari, beharrezkotzat jotzen diren beste batzuez aparte.

6. Foruzainek, Polizia Judizialeko unitateetan sartzeko, Polizia Judizialeko diploma eduki beharko dute, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana, eta aitzinetik, dagokion prestakuntza ikastaroa gainditu.

30. artikulua . Polizia Administratiboa.

Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloan eta Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloan sartuta dauden unitate organikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan trafikoaren, garraioaren, ingurumenaren babesaren edo joko eta ikuskizunen arloetan eskumena duten zerbitzuekin batera lan egin beharko dute, haiek ematen dituzten jarraibideak poliziaren lanetik atontzeko eta ezartzen diren helburuak lortzeko. Horretarako, zerbitzu horiek ematen dituzten jarraibideak betetzeko behar diren operazio eta neurriak programatu eta koordinatuko dituzte.

31. artikulua . Barne araubidea.

Barne Araubidearen Unitateari atxikitako foruzainak Foruzaingoko buruaren mende egonen dira organikoki, eta manatzen zaizkien ikerketak bukatu bitartean barne aferen arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularraren, Barneko zuzendari nagusiaren eta Foruzaingoko buruaren mende egonen dira eginkizunei dagokienez, ikertutako egitatea nolakoa den eta zein den.

II. KAPITULUA. ERREGELAMENDUZKO AGURRA

32. artikulua . Nahitaezko agurra.

1. Foruzainek, zerbitzuan ari direnean, agurra egin behar dute, eskuin eskua buruan eramaten duten jantziaren muturrera luzaturik, eskuin lokiaren ondora, tente jarreran, agintari hauek parean suertatuz gero:

A) Estatukoak:

-Espainiako errege-erreginak, Asturiasko eta Vianako printze-printzesak eta Espainiako infante eta infantak.

-Nazioko Gobernuko lehendakaria.

-Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakariak.

B) Foru Komunitatekoak:

-Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak.

-Nafarroako Parlamentuko lehendakaria.

-Barneko zuzendari nagusia.

C) Foruzaingoa.

-Bere nagusi hierarkikoak.

2. Orobat agurtuko dituzte kasu bakoitzean adierazten diren beste agintari edo pertsonak, kontuan harturik protokoloaren eta jendetasunaren arauak. Beste polizia kidegoetako edo Indar Armatuetako kideak ere agurtu beharko dituzte, inguruabarren eta jendetasun arauen arabera.

3. Ekitaldi handietan erregelamenduzko agurra egin beharko da ereserki nazionala edo Nafarroako ereserkia jotzen bada. Halaber, agurra egin beharko da beste erkidegoetako, estatuetako edo erakundeetako ereserkiak jotzen direnean, jendetasunaren arauek komenigarri egiten badute.

4. Uniformea edo burukoa jantzita ez eramateagatik erregelamenduzko agurra bidezkoa ez bada, egoeraren araberako jarrera eta duintasuna gorde beharko da aipatu agintarien aitzinean.

33. artikulua . Agurraren salbuespena.

1. Agurtu beharra desagertuko da foruzainak zerbitzuak berezko dituen eginkizunetan aritzean, hura egiteak traba egiten ahal badie.

2. Foruzainak agurtu beharreko pertsonaren batekin suertatzen direlarik lan egiteko ohiko tokietan, topaleku maizkoetan edo ekitaldi luzeetan, harekin suertatzen diren lehenbizikoan baizik ez dute agurtuko.

34. artikulua . Kortesiazko agurra.

Foruzainek erregelamenduzko agurra eginen dute, herritar batengana jotzen edo herritarrek errekerimendu egiten dieten guztietan. Konplimenduz, “egun on, arratsalde on edo gabon” erranen dute, betiere zuka, mespretxuzko keinuak saihestuz edo ika-miketan sartu gabe. Aldiz, gizabide eta begirunerik handiena agertuko dute, eta zorrotz begiratuko dituzte Segurtasun Indar eta Kidegoetako kide guztien jarduketarako ezarritako oinarrizko printzipioak.

III. KAPITULUA. ARMAK

35. artikulua . Armak.

1. Zerbitzuan ari diren guztietan, foruzainek erregelamenduzkotzat jotzen diren armetariko bat edo batzuk eramanen dituzte, hala ez izateko arrazoi zuzenen bat dagoenean izan ezik.

2. Foruzain guztiek jakin beharko dute, modu teknikoan nahiz praktikoan, armak eta jarduketa polizialetan enplegatzen diren gainerako baliabide hertsagarriak modu egokian erabiltzen; horretarako, behar den prestakuntza eta entrenamendua hartuko dituzte.

3. Norbanakoaren armamentua kasuan-kasuan atxikirik daukan poliziaren ardura da, eta erantzun beharra izanen du funtzionamendu eta ikuskapen egoera ezin hobean ez badago.

4. Tiro ariketetan izan ezik, su-arma erabiltzen den guztietan horren berri emanen zaio, idatziz, agintari hurrenari.

5. Norbanakoaren armamentua kenduko zaio haren titularrari Foruzaingoa behin-betiko uzten duenean, jarduneko zerbitzuaz besteko administrazio egoeran deklaratzen denean, kautelazko neurri gisa edo diziplina-zehapenaren ondorioz.

Iragarkiaren kodea: F1610814

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web