291E/2016 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 18KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUR ETA NERABEEN ARLOKO PREBENTZIORAKO ETA SUSTAPENERAKO ESTRATEGIA EZARTZEN DUENA
BON N.º 194 - 06/10/2016
Biziaren hasiera osasuntsua bermatzea, haurtzaroan gizarte eta osasun baliabide eta gaitasunen garapena sustatzea eta ingurune egoki bat sortzea haurrek beren ahalmen fisiko, emozional eta soziala garatzeko aukera izan dezaten, osasuna sustatzeko oinarrizko planteamenduak dira, Guztiendako Osasunaren xedeetan daudenak XXI. mende honetan (Osasuna 21, OME, 1999).
Epe ertain eta luzerako, haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan egiten den prebentzioa eraginkorra eta efizientea da, emaitza aipagarriak sortzen ditu osasunaren hobekuntzan, eta, ondorioz, eritasunaren karga arinagoa da herritar guztien gainean.
Esku hartzen bada babes eta arrisku biologikoaren faktoreetan, adingabe bakoitzaren garapen arrunta eta osasuna ukitzen dituzten horietan, sortzetikoak edo hartutakoak izan, desgaitasunak murriztu egiten dira, halako ondorioak uzten dituztenak familietan, osasun sisteman eta gizartean oro har.
Aurretik adierazitakoarekin bat egiten duen jarduketa bultzatzeko programak eta foru aginduak eman dira, esaterako: haurtzaroko desgaitasun psikikoa prebenitzeko programari dagozkionak, 1988ko irailaren 14ko Foru Agindua, edo Osasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 170/1998 Foru Agindua, jaioberrien hipoakusiak garaiz harrapatzeko programa ezarri zuena. Otsailaren 24ko 102/2016 Foru Agindua argitaratu da berriki, Arreta Goiztiarraren Administrazio Batzorde Teknikoa eratu zuena.
Bestalde, 2000tik aurrera, haurrak oinarrizko osasun laguntzan aztertzen dira, “Oinarrizko osasun laguntzan haurrei eta nerabeei laguntza ematea” jarduteko gidari jarraituz. Horren jarraipenak estaldura zabala eta emaitza garrantzitsuak lortu ditu, baina, Asociación Española de Pediatría de Atención Primariak egindako gomendioen argitan, beharrezkotzat jotzen da hura gaurkotzea alderdi psikosozialak sustatuz eta kontrolen maiztasuna dibertsifikatuz arriskuaren arabera.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua buru-belarri ari da lanean osasunaren potentzialitatea guztiz garatzeko haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan, adin horietako ingurune psikosozialaren garrantzia azpimarratuz, eta, horretarako, familiarekin, eskolarekin eta komunitatearekin batera dihardu.
Halaber, azpimarratu beharra dago haurren obesitatea goraka ari dela, eta larriki mehatxatzen duela Foru Komunitatean heldu diren belaunaldien osasuna, Nafarroan jotakoen tasak oso altuak baitira. Aintzat hartu behar da ezen, obesitateak jotako haurrek diabetesaren edo eritasun hepatikoen gisako osasun arazoak jasateaz gain gazteak direlarik, badagoela lotura bat bihotz-hodietako eritasunak, minbizia, hipertentsioa edo depresioa pairatzearekin helduaroan. Hortaz, obesitatea lehentasunezko arazoa izatera pasatu da Europar Batasun osoaren barrenean.
Hori guztia jakinda, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean, Haur eta nerabeen arloko prebentziorako eta sustapenerako estrategia funtsezko ekintza-lehentasuntzat jo da hurrengo urteetarako gure autonomia erkidegoko osasun sisteman.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Haur eta nerabeen arloko prebentziorako eta sustapenerako estrategiaren helburuak ezartzea. Hona hemen:
a) Saihesteko moduko kausak dituen hilkortasuna gutxitzea haurtzaroan eta nerabezaroan.
b) Morbilitatea eta larritasuna gutxitzea haurtzaroan eta nerabezaroan lehentasunezkotzat jotako osasun arazoetan, haurdunaldiko eta jaiotzako konplikazioetan, arrisku psikosoziala atzematean eta haurren tratu txarretan eta nerabezaroko genero indarkerian.
c) Desgaitasuna gutxitzea haurtzaroan eta nerabezaroan, honako hauen bidez, esaterako: metabolopatien baheketa zabaltzea, estimulazio goiztiarreko jarduerak, errehabilitazio funtzionala eta diziplina anitzeko ebaluazio aldizkakoa garapen fisiko, psikiko eta/edo zentzumenezkoan defizita duten haurren artean.
d) Hautematen den osasun maila eta haurtzaroko eta nerabezaroko osasunarekin lotutako bizi kalitatea hobetzea, arreta berezia jarriz horien artean eritasun kroniko eta/edo larriak dituztenengan.
e) Bizimodu osasungarriak sustatzea eta jokabide arriskutsuak murriztea haurtzaroan eta nerabezaroan, arreta berezia jarriz obesitatearen prebentzioan, drogen eta mendekotasuna sortzen duten beste gai batzuen kontsumoan eta adingabeen haurdunaldi nahi gabeetan.
f) Bulkada ematea haurren eta nerabeen artean norberak osasuna zaintzeari eta ahalduntzeari.
g) Testuinguru osasungarriak sustatzea haurrak eta nerabeak mugitzen diren eszenatoki desberdinetan. Osasunaren sustapenerako eskolen sareari bulkada ematea.
h) Nafarroako osasun arloen artean izan litezkeen desberdintasunak murriztea jokabide arriskutsuetan eta osasun emaitzetan, arreta berezia jarriz haurren arrisku psikosozialean eta desgaitasunen bat duten adingabeengan.
i) Oztopo fisiko, zentzumenezko, geografiko, sozial, kultural edo generokoak gutxitzea haurrak eta nerabeak osasun sistemara iristeko tenorean.
j) Haurrek eta nerabeek zer eremutan eta zer modutan pairatzen dituzten tratu txarrak, nerabeen arteko genero indarkeria barne, horietan egoera arriskutsuak atzeman eta esku hartzea.
k) Ekarpenak egitea osasun sistema jasangarria izateko, populazio pediatrikoan saihesten ahal diren ospitaleratze kasuen tasa murriztuz eta etxeko ospitalizazioa eta eguneko ospitalea sustatuz zenbait prozesutan.
2. Haur eta nerabeen arloko prebentziorako eta sustapenerako estrategiaren ardura teknikoen egitura eta eginkizunak onestea. Hona hemen:
a) Honako hauek eratuko dute estrategiaren egitura teknikoa:
1. Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren arduradun teknikoa.
2. Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren programen koordinatzaileak.
3. Estrategiaren batzorde teknikoa.
b) Estrategiaren arduradun teknikoaren eginkizunak: arduradun tekniko bat izendatuko da Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiako burutzan, eta eginkizun hauek izanen ditu:
-Bere gain hartzea Nafarroako haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren zuzendaritza teknikoa.
-Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren garapen osoa bultzatzea, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean aurreikusitako helburuak betetzeko haur eta nerabeen arloko prebentzioari eta sustapenari dagokienez.
-Beharrezko egitura funtzionalak proposatzea Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategia garatzeko.
-Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren emaitzak ebaluatzeko sistema garatzea.
-Prestakuntza jarduerak sustatzea haur eta nerabeen arloko prebentzioan eta sustapenean, Nafarroako laguntza sare publikoan.
-Berariazko webgune bat kudeatzea osasunaren atarian, haurren eta nerabeen arloko prebentzioari eta sustapenari buruzko ezagutza kudeatzeko.
-Osasun Departamentua ordezkatzea beste erakunde eta instituzio batzuek haurren eta nerabeen arloko prebentzioari eta sustapenari buruz sustatzen dituzten foro teknikoetan.
-Parte hartzeko bideak sustatzea haur eta nerabeen arloko prebentzioari eta sustapenari dagokienez.
-Jarraibide tekniko egokiak ematea estrategiaren programetako protokoloak eta ekintzak benetan aplikatzen direla bermatzeko.
-Beharrezko teknologien eta sistemen garapena bultzatzea arazoak, arrisku faktoreak eta osasunaren desberdintasunak atzemateko, Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategia garatzen laguntzearren.
-Estrategiaren batzorde teknikoaren bileren deialdia egitea eta egiaztatzea egiten direla eta kideak joaten direla.
-Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan prestatu behar izatea estrategiaren ebaluazioari buruzko urteko txostena eta kasuan kasuko urterako aurreikusitako ekintza plana.
c) Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren programen koordinatzaileen eginkizunak: koordinatzaile bat izendatuko da programa bakoitzeko buru eta ondoko eginkizun hauek hartuko ditu bere gain kasuan kasuko programari dagokionez:
-Irizpideak eta protokoloak ezartzea programetako bakoitzean aurreikusitako ekintzei dagokienez eta jarraibideak proposatzea benetan aplika daitezen.
-Kasuan kasuko programari buruz Osasun Planean aurreikusitako ekintzen garapena bultzatzea.
-Emaitzak erregistratzeko eta ebaluatzeko irizpideak zehaztea, bide emanen dutenak haurren eta nerabeen osasuna prebenitu eta sustatzeko programa bakoitzari dagozkion adierazleak lortzeko.
-Prestakuntzaren edukiak proposatzea haur eta nerabeen osasuna prebenitu eta sustatzeko arloan.
-Ikerketa erronkak proposatzea haur eta nerabeen osasuna prebenitu eta sustatzeko arloan.
-Irizpide teknikoak zabaltzea haur eta nerabeen osasuna prebenitu eta sustatzeko arloan.
-Programaren ebaluazioa prestatzea.
d) Estrategiaren batzorde teknikoa: batzorde hau estrategia koordinatzeko eta aholkularitza emateko erakunde teknikoa da. Eginkizun hauek hartzen ditu bere gain:
-Beharrezko neurriak proposatzea Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategia gauzatzeko.
-Sostengua ematea estrategiaren arduradunari.
-Estrategiaren garapen eraginkorra planifikatzea eta helburu eta adierazle gakoak proposatzea, estrategiari lotutako kontratu-programetan eta kudeaketa hitzarmenetan erantsi beharrekoak.
-Estrategiaren hedapen eraginkorraren segimendua egitea, oztopoak analizatzea eta horiek zuzentzeko neurriak proposatzea.
-Estrategien aldaketa operatiboak proposatzea.
-Programen arteko jarduketak koordinatzea.
-Haur eta nerabeen osasuna prebenitu eta sustatzeari dagokionez garatutako berariazko protokoloak bateratu eta eguneratzea aldian-aldian.
-Prestakuntza plana diseinatzea.
-Erregistroen protokolo informatizatuak onestea eta beharrezko informazio sistemak garatzea estrategiaren ebaluazioa egiteko adierazleak eskuratzeko.
-Adierazleak ezartzea, haur eta nerabeen osasuna prebenitu eta sustatzearen emaitzak aztertzea osasun zentro eta esparruen arabera, eta Haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren urteko azken ebaluazioa onestea, Osasun Planaren Koordinazio Batzordeari igorriko zaiona.
-Batzorde teknikoak bere funtzionamendu araubidea ezarriko du, batzordeko idazkaria izendatuko, bileren maiztasuna zehaztuko, eta prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloko arduraduna aukeratuko du.
-Estrategien kontrolaren eta segimenduaren jarraitutasuna bermatzeko asmoz, Batzorde Teknikoak ahalmena du batzorde iraunkor bat sortzeko. Batzordeak berak onetsiko ditu haren kideak eta eginkizunak.
3. Lázaro Elizalde Soto, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren arduradun tekniko izendatzea.
4. Honako hauek programen koordinatzaile izendatzea:
-Araceli Mejías Jiménez, Erditzeen eta Obstetrizia eta Ginekologiako Larrialdietako Erizaintza Unitateko burua, eta Eva Arpa Nadal, ginekologoa, Haurdunaldiko eta erditzeko arriskuei aurrea hartzeko programaren koordinatzaile.
-Ainhoa Iceta Lizarraga, Nafarroako Ospitaleguneko Pediatria Ataleko burua, Margarita Aliaga Marín, Nafarroako Ospitaleguneko erizaina, eta Amalia Mercedes Cuartero Arteta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Arreta Goiztiarreko Zentroko zuzendaria, biak ala biak Haurren eritasun kronikoei arreta emateko eta desgaitasunari aurrea hartzeko programaren koordinatzaileak.
-Aurelio Barricarte Gurrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Esku-hartze Epidemiologikoaren eta Txertoen Ataleko burua, Haurrak txertatzeko programaren koordinatzaile.
-José Antonio Heras Galindo, pediatra, eta Juana Larrayoz Iriarte, oinarrizko osasun laguntzako erizaina, Oinarrizko Osasun Laguntzako haur eta nerabeendako osasun programaren koordinatzaile.
-María Rosario Múgica Martínez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko osasun publikoko goi mailako teknikaria, Haur eta nerabeen osasuna sustatzeko programa komunitarioaren koordinatzaile.
–Rocío Ibáñez Espinal, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko gizarte langilea, haurren berdintasun ezaren eta arrisku psikosozialaren arloko esku-hartze integralaren programaren koordinatzaile.
5. Honako hauek osatzen dute Nafarroako haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren Batzorde Teknikoa:
-Estrategiaren arduraduna, batzordeburua izanen dena.
-Programa bakoitzaren koordinatzaileak.
-Nafarroako Ospitaleguneko Zainketa Anbulatorioen eta Diagnostikoan Laguntzeko zuzendariordea: Elena Antoñanzas Baztán.
-Oinarrizko Osasun Laguntzaren ordezkaria: Rocío Ibáñez Espinal, Burlatako Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko gizarte langilea.
-Lurraldeetako kudeaketa arloen ordezkaria: María Sacramento Lorente Simón, Tuterako Oinarrizko Osasun Laguntzako Zainketetarako eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Ataleko burua.
-Herritarren ordezkaria: Laura Lecumberri Esparza, “Amagintza” emakume edoskitzaileen elkartea.
-Osasun Planeko unitate teknikoaren sostengua: Itxaso Mugarra Bidea, osasun plangintzaren teknikaria.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko uztailaren 18an.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1610690