264E/2016 FORU AGINDUA, EKAINAREN 17KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, PAZIENTEEN SEGURTASUNAREN ESTRATEGIAREN HELBURUAK ETA ERANTZUKIZUNAK EZARTZEN DITUENA.
BON N.º 194 - 06/10/2016
Pazientearen segurtasuna funtsezko osagaia da laguntzaren kalitatean. Gero eta garrantziagoa bilakatu da azken urte hauetan, eta, egun, lehentasunezkoa da osasun sistema aurreratuetan.
Osasun zerbitzuen egungo sistemek bereizgarri dute prozesu gero eta konplexuagoak aurrerapen teknologiko handiekin eta giza harreman ugariekin biltzea. Horrek onura garrantzitsuak egiten dizkio gizarteari, baina, halaber, arrisku handiagoa dakar morbilitate maila desberdineko ezbeharrak gertatzeko. Horiek murriztea erronka da osasun erakundeentzat.
Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak 2014ko irailaren 16an onetsitako 2014-2020 Nafarroako Osasun Planak ezartzen du pazientearen segurtasunaren estrategia dela bere lehentasunezko ekintza ildoetako bat.
Planean ezartzen da ezen, izaera estrategikoa duenez, beharrezkoa dela berariazko egitura tekniko batzuk ezartzea, haren jardunbidea arautuko duten praktika eta politikak finkatzeaz arduratuko direnak, eta segimendua eta ebaluatzeko baliabideak ere behar direla.
Horregatik, beharrezkoa ikusi da erantzukizun maila batzuk ezartzea, eta, hala, honako figura hauek sortzea: estrategiaren arduradun teknikoa, programaren koordinatzaileak eta estrategiaren batzorde teknikoa. Horietako bakoitzaren eginkizunak eta izendapena kasuan kasuko foru aginduetan finkatuko dira.
Ildo horretan, Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren helburuak eta erantzukizunak ezartzen dituen martxoaren 10eko 32/2015 Foru Aginduan, Pazientearen Segurtasunaren Estrategiari dagozkion helburuak, erantzukizun teknikoen egitura eta eginkizunak onetsi ziren, eta programa bakoitzaren arduraduna izendatu zen, baita horren arduradun teknikoa eta batzorde teknikoaren osaera ere.
Ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak horren egitura aldatu eta erantzukizunaren eremu berriak ezarri zituen.
Osasuneko kontseilariak otsailaren 2an eman 12/2016 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren eta organo zentralen egitura ezarri zen osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitateen mailan.
Foru agindu horren biez, Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Atala sortu zen, Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasun Zerbitzuaren menpean. Bere eginkizunetako bat da “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren segurtasunerako estrategiaren plangintza operatiboa, ezarpena eta jarraipena bere gain hartzea”.
Hori dela bide eta zenbait zuzendaritzaren eta burutzaren titulartasunak aldatzearen ondorioz, bidezkoa da hein batean estrategiaren arduradunak aldatzea eta horren eginkizun batzuk argiago zehaztea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren helburuak ezartzea. Hona hemen:
a) Osasun laguntzari lotutako infekzioen tasak murriztea.
b) Antibiotikoen erabilera egokia sustatzea erresistentziei aurrea hartzeko.
c) Sendagaiei eta osasun dispositiboei lotutako akatsak gutxiagotzea eta medikazioa bateratzea botika asko hartzen dituzten pazienteen artean.
d) Alor kirurgikoan, anestesian barne, suertatzen diren konplikazioak murriztea.
e) Konplikazioak murriztea osasun zaintzetan.
f) Konplikazioak murriztea osasun laguntzako alor medikoetan eta diagnostikokoetan, arreta berezia jarriz trantsizio asistentzialetan, bizia arriskuan dagoen egoeretan osasun dispositiboetan, eta erradiazio ionizatzaileen murrizketan.
g) Jakinarazteko eta ikasteko sistemak ezartzea eta pazientearen eta laguntzaileen komunikazioa eta parte-hartzea hobetzea pazienteen segurtasunari dagokionez, zertan hobetu atzemateko eta ekiteko ildoak ezartzeko.
2. Nafarroako Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren erantzukizun teknikoen egitura eta eginkizunak onestea. Hona hemen:
a) Honako hauek eratuko dute estrategiaren egitura teknikoa:
1. Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren arduradun teknikoa.
2. Segurtasun Programen koordinatzaileak.
3. Estrategiaren batzorde teknikoa.
b) Estrategiaren arduradun teknikoaren eginkizunak: arduradun tekniko bat izendatuko da Pazienteen Segurtasunaren Estrategiako burutzan, eta eginkizun hauek izanen ditu:
- Bere gain hartzea Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren zuzendaritza teknikoa Nafarroa osoan.
- Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren garapen osoa bultzatzea, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planean aurreikusitako helburuak betetzeko pazientearen segurtasunari dagokionez.
- Beharrezko egitura funtzionalak proposatzea Pazientearen Segurtasunaren Estrategia garatzeko.
- Pazientearen Segurtasunaren Estrategiaren emaitzak ebaluatzeko sistema garatzea.
- Pazientearen segurtasunari buruzko prestakuntza jarduerak sustatzea Nafarroako laguntza sare publikoan.
- Berariazko webgune bat kudeatzea osasunaren atarian, pazientearen segurtasunari buruzko ezagutza kudeatzeko.
- Osasun Departamentua ordezkatzea beste erakunde eta instituzio batzuek pazientearen segurtasunari buruz sustatzen dituzten foro teknikoetan.
- Pazienteek parte hartzeko bideak sustatzea laguntzaren segurtasunari dagokionez.
- Jarraibide tekniko egokiak ematea laguntzaren segurtasuna bermatzeko.
- Beharrezko teknologien eta sistemen garapena bultzatzea laguntzaren segurtasuna hobetzeko.
- Estrategiaren batzorde teknikoaren bileren deialdia egitea eta egiaztatzea egiten direla eta kideak joaten direla.
- Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan prestatu beharra estrategiaren ebaluazioari buruzko urteko txostena eta kasuan kasuko urterako aurreikusitako ekintza plana.
c) Pazienteen Segurtasunaren Programen koordinatzaileak: koordinatzaile bat izendatuko da programa bakoitzeko buru eta ondoko eginkizun hauek hartuko ditu bere gain kasuan kasuko programari dagokionez:
- Irizpideak eta protokoloak ezartzea programetako bakoitzean aurreikusitako ekintzei dagokienez eta jarraibideak proposatzea benetan aplika daitezen.
- Kasuan kasuko programari buruz Osasun Planean aurreikusitako ekintzen garapena bultzatzea.
- Laguntzari buruzko emaitzen erregistroaren eta ebaluazioaren irizpideak zehaztea.
- Hobetzeko ekintzak proposatzea eskura dauden frogen argitan, antolaketa aldatzea eta teknologia egokia erabiltzea barne, pazienteen segurtasuna hobetzeko kasuan kasuko programan.
- Prestakuntza edukiak proposatzea pazienteen segurtasunaren arloan.
- Ikerketa erronkak proposatzea kasuan kasuko programarako.
- Segurtasunaren arloko irizpide teknikoen hedapena egitea.
- Programaren ebaluazioa prestatzea.
d) Estrategiaren batzorde teknikoa: batzorde hau estrategia koordinatzeko eta aholkularitza emateko erakunde teknikoa da. Eginkizun hauek hartzen ditu bere gain:
- Beharrezko neurriak proposatzea Nafarroako Pazientearen Segurtasunaren Estrategia martxan jartzeko.
- Sostengua ematea estrategiaren arduradunari.
- Estrategiaren garapen eraginkorra planifikatzea eta helburu eta adierazle gakoak proposatzea, kontratu-programetan eta estrategiari lotutako kudeaketa hitzarmenetan erantsi beharrekoak.
- Estrategiaren hedapen eraginkorraren segimendua egitea, oztopoak aztertzea eta horiek zuzentzeko neurriak proposatzea.
- Estrategien aldaketa operatiboak proposatzea.
- Programen arteko jarduketak koordinatzea.
- Pazienteen segurtasunari dagokionez garatutako berariazko protokoloak bateratu eta eguneratzea aldian-aldian.
- Prestakuntza plana diseinatzea.
- Erregistroko protokolo informatizatuak onestea eta informazio sistemak garatzea.
- Proposamenak egitea teknologia arloan, pazienteen segurtasunari dagokionez.
- Adierazleak ezartzea, pazienteen segurtasunen emaitzak aztertzea osasun zentro eta esparruen arabera, eta Pazienteen Segurtasunaren Estrategiaren urteko azken ebaluazioa onestea, Osasun Planaren Koordinazio Batzordeari igorriko zaiona.
- Batzorde Teknikoak bere funtzionamendu araubidea ezarriko du, batzordeko idazkaria izendatuko, bileren maiztasuna finkatuko, eta prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloko arduraduna izendatuko du.
- Estrategiaren kontrolaren eta segimenduaren jarraitutasuna bermatzeko asmoz, Batzorde Teknikoak ahalmena du batzorde iraunkor bat sortzeko. Batzordeak berak onetsiko ditu haren kideak eta eginkizunak.
3. María Carmen Silvestre Busto andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko burua, Nafarroako Pazienteen Segurtasunaren Estrategiako arduradun tekniko izendatzea.
4. Honako hauek programen koordinatzaile izendatzea:
- Amaia Bacaicoa Hualde, Infekzio Nosokomiala prebenitzeko programaren koordinatzaile.
- María Teresa Sarobe Carricas, Laguntza espezializatuan osasun dispositiboei eta sendagaiei lotutako akatsak prebenitzeko programaren koordinatzaile.
- Cristina Agudo Pascual, Oinarrizko osasun laguntzan osasun dispositiboei eta sendagaiei lotutako akatsak prebenitzeko programaren koordinatzaile.
- Fabiola Oteiza Martínez eta Nicolás Zaballos Barcala, Arlo kirurgikoko konplikazioak prebenitzeko programaren koordinatzaile.
- Ana María Fernández Navascues, Osasun zaintzetako konplikazioen programaren koordinatzaile.
- Inmaculada Gimena Ramos, Osasun laguntzako alor medikoetako eta diagnostikoetako konplikazioak prebenitzeko programaren koordinatzaile.
- Gabriela Elizondo Rivas eta Marta Martín Vizcaíno, Zalantzarik gabeko identifikazio eta jakinarazpen sistemen programaren koordinatzaile.
5. Pazienteen Segurtasunaren Estrategiaren Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:
- Estrategiaren arduraduna, batzordeburua izanen dena.
- Programa bakoitzaren koordinatzaileak.
- Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari asistentziala.
- Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Kirurgikoen Zainketen eta Baliabide Materialen zuzendariordea.
- Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzaren ordezkaria.
- Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailea.
- Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren ordezkaria.
- Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.
- Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzuko burua.
- Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.
- Pertsona bat, pazienteen elkarteak ordezkatuz.
6. María Begoña Flamarique Chocarro, Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burua, izendatzea Osasun Mentaleko Kudeatzailetza ordezkatuz.
7. Ana Carmen Jaso López, Tuterako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua, izendatzea, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetza ordezkatuz.
8. Aurora Lozano, Nafarroako Alzheimerren Erien Senideen Elkarteko burua, izendatzea, pazienteen elkarteak ordezkatuz.
9. Indarrik gabe uztea martxoaren 10eko 32/2015 Foru Agindua, Pazienteen Segurtasunaren Estrategiaren helburuak eta erantzukizunak ezartzen dituena.
10. Izendapenak ukitutakoei igortzea eta foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.