(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2016 FORU LEGEA, irailaren 19koa, Sozietateen gaineko zerga arautzen duen abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legea hein batean aldatzen duena, kirol klub batzuen zerga araubidea aldatzeari buruz Europako Batzordeak hartutako erabakia betetzeko.

BON N.º 191 - 03/10/2016



ZIOEN AZALPENA

Aurtengo uztailaren 4an, Europako Batzordeak Estatuko laguntzari buruzko SA. 29769 (2013/C) Erabakia hartu zuen, eta horren bidez adierazten du Espainiako Erresumak, Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren bidez, legez kanpoko laguntza bat ezarri zuela, Sozietateen gaineko Zergan pribilegio fiskal bat eman zielako kirol klub batzuei, horien artean “Club Atlético Osasuna” klubari ere, eta hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 108. artikuluko 3. idatz-zatiaren urraketa dela.

Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 19. artikuluak Espainiako kirol klub profesional guztiak kirol arloko sozietate anonimo bihurtzera behartzen zituen, baina aipatutako zazpigarren xedapen gehigarriak lau kirol klub salbuetsi zituen betekizun horretatik, kaudimenari eta kudeaketa onari zegozkien zenbait baldintza betetzen zituztelako. Lau klub horiek irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, baina jarduera ekonomiko profesionalak betetzen dituzte, eta, halere, haiei ematen zaien tratamendu fiskalak onura gehiago izaten ahal ditu antzeko jarduerak betetzen dituzten kirol arloko sozietate anonimoei aplikatzen zaienak baino.

Europako Batzordeak atera duen ondorioa da laguntza hori ez dela bateragarria barne merkatuarekin, eta, Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 107. artikuluko 1. idatz-zatiari jarraikiz, Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen xedapen gehigarri hori estatuko laguntza bat dela, bertan futbol profesionaleko klub batzuei Sozietateen gaineko Zergan lehentasunezko zerga-tasa izateko eskubidea ematen zaielako. Horrenbestez, Espainiako Erresumak bertan behera utzi beharko du aipatutako klub horiek jasotzen duten tratu selektiboa.

Zehazki, Europako Batzordeak ezartzen du Espainiako Erresumak aipatutako araubidea dela-eta emandako laguntza bateraezina berreskuratu beharko duela onuradunengandik, eta, horrez gain, kirol klub jakin batzuentzako zerga araubide hori kendu beharko duela, Erabakia hartu den egunetik aurrerako ondorioekin.

Nabarmendu beharra dago Europako Batzordeak ez duela zalantzan jartzen Nafarroako Foru Komunitatearen autonomia fiskala, ezta ere “agintea duela bere lurraldean aplikatu beharreko Sozietateen gaineko Zergaren zerga-tasa ezartzeko”. Batzordea jabeturik dago Nafarroak duen autonomia horretaz bai Estatuko laguntzen arauen aplikazioaren testuinguruan bai neurri baten izaera selektiboa ezartzean. Nolanahi ere, Batzordeak hartutako erabaki horren aztergaia hau da: aplikatu beharreko zerga araubidearen esparruan sozietate mota desberdinek izan ditzaketen ondorioak, bai eta tratu hori selektiboa ote den egoera berezi horretan, lurralde batetik bestera sozietateen gaineko zergaren zerga-tasan dauden desberdintasunak oso kontuan hartuta” (Erabakiaren 76. paragrafoa).

Batzordearen beste argudio bat da Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea Espainiako lurralde osoan aplikatzen dela, eta horren ondorioa izan daitekeela tratu desberdinak ematea autonomia erkidegoetan; horrez gain, Batzordearen hitzetan, gakoa ez da “Club Atlético Osasuna” klubak irabazi-asmorik gabeko erakundea izateak dakartzan onura jasotzen jarraitzea, baizik eta zenbait klubek baliatzen duten zerga-tasa txikiagoa izatea antzeko egoeran dauden beste enpresa batzuei oro har aplikatzen zaiena baino.

Hori guztia dela eta, Europako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateari ezartzen dion beharkizuna da hein batean salbuetsirik dauden entitateek Sozietateen gaineko Zergarako duten araubide berezi hori aldatzea, lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak araubide horretan sar ez daitezen hemendik aurrera.

Testuinguru horretan, foru lege honen xedea Europako Batzordeak aurtengo uztailaren 4an Estatuko laguntzaz hartutako SA. 29769 (2013/C) (ex 2013/NN) Erabakia betetzea da.

Foru lege honek artikulu bat eta azken xedapen bat ditu.

Hortaz, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin, artikulu bakarrak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen bi agindu aldatzen ditu.

Lehenengo eta behin, aldaketa bat egiten da 50.2 artikuluaren d) letran. 50. artikuluaren 2. idatz-zati horretan 100eko 23ko karga-tasa ezartzen da zenbait entitaterentzat, besteak beste irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakundeentzat. Aldaketaren xedea da, batetik, azken zati bat eranstea d) letra horretan; bertan, berariaz xedatzen da karga-tasa hori ez zaiela aplikatuko lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubei eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeei, horiei 50.1 artikuluan xedatutakoaren arabera dagozkien karga-tasa orokorrak aplikatuko baitzaizkie.

Bestetik, zehazten da, halaber, lehiaketa horien kalifikazioa eginen dela aplikatzekoa zaien kirol arloko araudian xedatutakoaren arabera.

Bigarrenik, eta esandakoaren ildotik, artikulu bakarraren helburua lege testu horren beraren 152. artikuluko a) letra aldatzea da, zehaztapen bat egiteko; alegia, hein batean salbuetsitako entitateen araubidea ez zaiela aplikatuko lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubei eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeei.

Agindu horretan, gainera, berriz argitzen da lehiaketa ofizial profesionalen kalifikazioa aplikatzekoa zaien kirol arloko araudian xedatutakoaren arabera eginen dela.

Aipatu beharra dago, batetik, legearen aldaketak futbol klubei ez eze, lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duen edozein kirol klub eta irabazi-asmorik gabeko entitateri ere eragiten diela. Izan ere, testuaren helburua da galaraztea ezein entitatek, edozein dela ere kirol arloa, abantaila selektiboa izatea pareko egoera faktiko eta juridikoan dauden beste entitate batzuen aldean. Lege aldaketaren aplikazio esparrua edozein kirol arlotako klub eta entitateetara zabaltzeko zergatia Batzordeak emandako arrazoibideetan bertan datza. Halatan, Batzordeak dio klubei irabazi-asmorik gabeko entitateei dagokien tratamendu fiskala erreserbatzea, kirol profesionalaren arloko beste klub batzuei aplikatu beharrekoa baino apalagoa den zerga-tasa barne, ez datorrela bat inongo sistema fiskalen logikarekin eta, gainera, zenbait klubentzat abantaila fiskal selektibo baten ondorioak dituela.

Bestalde, lehiaketen kalifikazioari dagokionez, komeni da azpimarratzea Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Lege horren 8.e) artikuluak xedatzen duela Kirolaren Kontseilu Nagusiaren eskumenak direla, besteak beste, Estatu mailako lehiaketa ofizial profesionalak kalifikatzea.

Era berean, lege testu horren 46.1 artikuluak ezartzen duenez, kirol lehiaketak honela sailkatzen dira:

a) Izaeraren arabera, lehiaketa ofizialak eta ez-ofizialak, profesionalak edo ez-profesionalak.

b) Esparruaren arabera, nazioarteko lehiaketak, estatukoak eta lurralde esparru txikiagokoak.

Horren osagarri, artikulu horren 2. idatz-zatiak adierazten duenez, estatu mailako lehiaketa ofizialak Espainiako kasuko kirol federazioak halakoxe kalifikatzen dituenak dira, salbu eta lehiaketa profesionalak, horien kalifikazioa Kirolaren Kontseilu Nagusiak egin behar baitu. Azkenik ezartzen du lehiaketa profesionalen kalifikaziorako irizpideak izanen direla, besteak beste, kluben eta kirolarien artean lanbide arloko loturak izatea eta lehiaketaren garrantzia eta alderdi ekonomikoa.

Estatuko arauarekin bat, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak 24. artikuluan xedatzen du Foru Komunitatean egiten diren kirol lehiaketak honela sailkatzen direla:

a) Esparruaren arabera, nazioartekoak, nazionalak, autonomia erkidegoen artekoak, Nafarroakoak eta lokalak.

b) Izaeraren arabera, lehiaketa ofizialak eta ez-ofizialak, eta profesionalak edo ez-profesionalak.

Azkenik, foru lege honen azken xedapenean ondorioak eta indarra hartzea jasotzen dira. Horrela, artikulu bakarrean xedatutakoarekin bat, legearen aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, baina 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Puntu horri dagokionez zehaztu beharra dago Batzordearen Erabakiaren 4. artikuluak xedatzen duela zenbait klubentzako abantaila kentzeak Erabakia hartzen den egunetik aurrera izanen dituela ondorioak; hau da, 2016ko uztailaren 4tik aurrera. Halere, komeni da legearen aldaketak ondorioak izatea 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, Batzordearen Erabakiaren ondorioak osotara eta berehala aplikatu beharrekoak izan daitezen kasu guztietan, zergaldia 2016ko urtarrilaren 1ean hasita dagoen kasuan ere.

Horrela, foru legeak berehala eta ondorio guztiekin betetzen du Europako Batzordearen Erabakia, hein batean salbuetsita dauden entitateen araubidean sartu eta 100eko 23ko karga-tasa berezia aplikatzeko aukera lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubei eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeei kentzeari dagokion zatian.

Artikulu bakarra.–Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen aldaketa.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen arau hauek honako testua izanen dute:

Bat. 50.2.d) artikulua.

d) Irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakundeak, legezko ordezkaritza karguetan aritzen direnek kobratzen ez badute eta dagokion organoaren aurrean erantzun behar baldin badute, entitate horiek Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea ezartzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritako tributu araubideaz baliatzeko baldintzak betetzen ez dituzten neurrian.

Halere, kirol lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubek eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeek aurreko idatz-zatiaren arabera dagozkien karga-tasa orokorrak aplikatuko dituzte.

Lehiaketa horien kalifikazioa eginen da aplikatzekoa zaien kirol arloko araudian xedatutakoaren arabera.

Bi. 152.a) artikulua.

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakundeak, legezko ordezkaritza karguetan aritzen direnek kobratzen ez badute eta dagokion organoaren aurrean erantzun behar baldin badute, entitate horiek Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea ezartzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritako tributu araubideaz baliatzeko baldintzak betetzen ez dituzten neurrian.

Halere, araubidea ez zaie aplikatuko kirol lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen duten kirol klubei eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitate eta erakundeei.

Lehiaketa horien kalifikazioa eginen da aplikatzekoa zaien kirol arloko araudian xedatutakoaren arabera.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean bertan aurreikusitako ondorioak izateko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko irailaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1610775

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web