(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2016 FORU LEGEA, irailaren 19koa, 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 191 - 03/10/2016



ZIOEN AZALPENA

2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen 15. artikuluak arautzen ditu sektore publikoak ematen dituen abal eta maileguak. Nolanahi ere, Garapen Ekonomikorako Departamentua abalak emateko baimentzea baizik ez du zehazten, deus ezarri gabe maileguen gainean, ez deus zehaztu gabe batzuen nahiz besteen gehieneko arrisku biziaren gainean. Gainera, ez ditu beharrezko mekanismoak ezartzen zuhurtasun finantzarioaren printzipioaren gainean araudiak ezartzen dituen mugak beteko direla bermatzeko. Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan definitzen da printzipio hori.

Omisio horiek zuzentzeko eta aipatu 15. artikuluaren erregulazioa osatu nahirik, 3.etik 8.era bitarteko idatz-zatiak gehitu dira, Baluarte Fundazioari eman beharreko maileguaren aipamen zehatza erantsi da eta agindu horretan ezarritako mugetatik, hala maileguetatik nola abaletatik, aparte utzi dira “BEI-Moderna Programa”ren esparruko eragiketak eta Nafarroako Gobernuak bere sozietate publikoekin edo sozietate publikoek beren artean hitzartzen dituztenak.

Bestalde, bidezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuaren zorpetze ahalmenaren muga 3.400.000 euro handitzea, horrek ez baitakar zorpetzea handitzea SEC 2010 terminoetan; diru hori enpresa publikoen zorraren amortizazioari dagokio baterakuntzaren perimetroaren barnean. Hori guztia, non ez zaien enpresa horiei baimena ematen eragiketa berriak formalizatzeko. Horrenbestez, ildo horretan aldatuko da aipatu 1/2016 Foru Legearen 17.1 artikulua.

Orobat, komenigarritzat jo da i) letra gehitzea aipatutako legearen 39. artikuluan; horren ondorioz baimentzen ahalko dira urte anitzeko gastu-konpromisoak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.2 artikuluan aurreikusi baino handiagoak, toki entitateei laguntzak eman behar zaizkienean bakoitzaren udal plan orokorrak hirigintzako araudira egokitzeko.

Lehen artikulua.–2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen 15. artikuluaren aldaketa.

2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen 15. artikuluari 3., 4., 5., 6., 7. eta 8. idatz-zatiak gehitzen zaizkio, eduki honekin:

“3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen abalen edo gisako beste bermeen gehieneko arrisku bizia 190.000.000 euro izanen da. Enpresa entitate publikoendako, fundazio publikoendako eta sozietate publikoendako, berriz, aitzineko ekitaldia bukatzean dagoen gehieneko arrisku bizia 50.000.000 euro handitu ondoko zenbatekoa izanen da.

4. Nafarroako Gobernuak gehienez ere 800.000 euroko maileguak ematen ahalko ditu; horretarako, baimena ematen zaio Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari zenbateko horretako mailegua emateko Baluarte Fundazioari.

5. Enpresa entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek gehienez ere 30.000.000 euroko maileguak ematen ahalko dituzte, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimenduta eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposatuta.

6. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 90.000.000 euro izanen da. Enpresa entitate publikoendako, fundazio publikoendako eta sozietate publikoendako, aitzineko ekitaldia bukatzean dagoen gehieneko arrisku bizia 30.000.000 euro handitu ondoko zenbatekoa izanen da.

7. Artikulu honetan ezarritako mugen kontaketatik aparte utzi dira, hala mailegu nola abaletarako, “BEI- Moderna programa”ren esparruko eragiketak. Eragiketa horiek Nafarroako Gobernuak baimentzen ahalko ditu, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposatuta, eta 65.000.000 euroko muga izanen dute. Gehieneko arrisku bizia izanen da aitzineko ekitaldia bukatzean dagoen gehieneko arrisku bizia 19.500.000 euro handitu ondoko zenbatekoa.

Artikulu honetan ezarritako mugen kontaketatik aparte utzi dira Nafarroako Gobernuak bere sozietate publikoekin edo sozietate publikoek beren artean, hala maileguetarako nola abaletarako, hitzartzen dituzten eragiketak.

8. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu zuhurtasun finantzarioaren printzipioari buruz araudiak ezartzen dituen mugak beteko direla bermatzeko. Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan definitzen da printzipio hori”.

Bigarren artikulua.–2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen 17. artikuluaren aldaketa.

2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko apirilaren 4ko 1/2016 Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatia aldatu eta honela idatzita geratuko da:

“1. Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko, muga bakarra ezarriz, alegia, 2016ko abenduaren 31ko saldo bizia ez izatea 2016ko urtarrilaren 1ekoa baino 82.882.000 euro handiagoa. Horietarik 12.900.000 euro enpresa publikoen maileguak berriro finantzatzeko izanen dira; 13.000.000 euro, C hepatitisaren tratamendurako botikak finantzatzeko; eta gainerakoa, aurreikusitako defizita (BPGd-aren %0,3) finantzatzeko”.

Hirugarren artikulua.–2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen 39. artikuluaren aldaketa.

2016ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2016 Foru Legearen 39.1. artikuluari i) letra gehitu zaio, eduki honekin:

“i) Toki entitateei laguntzak eman behar zaizkienean bakoitzaren hirigintza-planeamendua prestatzeko edo berrikusteko”.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko irailaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1610783

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web