(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2016 FORU LEGEA, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetzaren gaineko araubidea eguneratzeari buruzkoa.

BON N.º 136 - 14/07/2016



SARRERA

Gaur egun, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza ondoko hauetan dago arautua: martxoaren 1eko 1/1973 Legearen bidez onetsitako Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 304. eta 307. legeetan, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluan, eta haren erregelamenduzko xedapenetan, zehazki Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetzari aplikatu behar zaion administrazio araubideari buruzko uztailaren 1eko 166/1988 Foru Dekretuan.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 48.2 artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko indarreko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren aldaketa foru lege bidez eginen da. Lege organiko horren 45.6 artikuluak ezarri zuen foru lege batek arautuko dituela Nafarroaren ondarea nahiz haren administrazioa, defentsa eta zainketa. 20.2 artikuluan xedatzen denez, berriz, lege organiko horretan berariaz aipatzen diren foru legeak onesteko, gehiengo osoaren aldeko botoa jaso beharko dute proiektu osoari buruzko azken bozketan; horrelako legeak dira, hain zuzen ere, foru lege honen bidez aldatu nahi diren bi xedapenak.

Foru lege honen arrazoia Borondatezko Jurisdikzioari buruzko uztailaren 2ko 15/2015 Legea berriki onetsi izana da, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen zenbait artikulu aldatu dituelako; horren xedea da Administrazioa abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura, orain arte epaitegiei zegokiena, eremu administratibora eramatea, bai eta prozedura horien emaitza den jaraunspeneko ondasunen likidazioa eta xedea arautzen zituzten Kode Zibilaren aginduak ere.

Era berean, uztailaren 2ko 15/2015 Legeak eta urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Lurzoruaren eta Hiri Zaharberritzeari buruzko Legearen Testu Bateginaren laugarren xedapen gehigarriaren 3. atalak testu berria eman diote azaroaren 3ko 33/2003 Legearen azken xedapenetako bigarrenari, Konstituzioaren 149.1 artikuluan araugintzarako eskumenak banatzeko aurreikusitako sisteman onartu diren aldaketak gehitzeko. Horrenbestez, foru lege honek lege prozesalen arloan Estatuaren eskumen osokoak diren arauak biltzen ditu, eta foru lege zibilen gaineko eskumen autonomikoak garatzen dituzten arauak jasotzen ditu, bai eta Nafarroako bere foru araubidearen indarrez dituen eskumen osoez baliatzen diren arauak ere.

Adierazitakoarekin bat, foru lege honek Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetzaren gaineko araubidea eguneratzen du, eta, horrela, abintestato jaraunslearen deklarazioak bide judizialetik gauzatzen den prozedura izateari utzi, eta prozedura administratibo bihurtuko da. Apirilaren 4ko 14/2007 Foru Lege indardunak antzeko aginduak jasotzen ditu beste kasu batzuetarako; horrekin bat, eta edukiari arau babes egokia emateko xedez, prozedurarako zenbait xedapen ematen ditu, besteak beste alderdi hauek arautzen dituztenak: ebazteko eskumena, publizitatearen baldintzak eta moduak, instrukzioan egin beharreko jarduketak, ebazteko gehieneko epea eta deklarazio administratibo horrek dituen edukia eta ondorioak ondasun eta eskubideen likidazioa egin arte.

Jaraunspeneko ondasunen likidazioak emandako zenbatekoari dagokionez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 304. legearen edukia aldatzen da, eta ezartzen da interes sozialeko xedeetarako baliatuko dela eta handituko duela Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkidura. Indarreko banaketa, hau da ongintzako, hezkuntzako, ekintza sozialeko edo lanbide erakundeen artean, Nafarroako Komunitatekoen eta udaletakoen artean erdi bana egiten dena, eguneratu egiten du aldaketa honek, kontuan hartuta horrelako erakundeen jardun eremua gero eta handiagoa dela, kausatzaileen mugimenduak eta egoitza-aldaketak herri eta hiri batean baino gehiagotan bizitzan zehar, eta prozesu horietarako erabiltzen diren bitarteko teknikoak eta langileak egokitu behar direla banatzen ahal den zenbatekoarekin.

Horrez gain, arau aldaketa hori Foru Komunitateko zergadunek interes sozialeko beste xede batzuetarako bideratzen dituzten tributuen ehuneko 0,7aren esleipena arautzen duen ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen edukiarekin lotzeko, apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluari idatz-zati berri bat, 9.a, erantsi zaio, honakoa zehazteko: jaraunspen horien likidazioak eragindako zenbatekoa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan xede hori hautatzen duten zergadunen kuota osoekin hornitzen den aurrekontuko kontu-sailari gehituko zaio.

Foru lege honek indarra hartu aurretik Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko hasitako prozedura judizialei dagokienez, xedapen iragankor bakarrak ezartzen du hasieraren datan aplikatzekoa den araudiaren menpe egonen direla. Likidatu eta banatzeko dauden jaraunspenei dagokienez, azkenik, haien tratamendua, xedea eta banaketa bateratzeko helburuarekin, foru lege honek eta haren erregelamenduzko xedapenek arautuko dituztela xedatzen da.

Lehenengo artikulua.–Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 304. Legearen 7. idatz-zatia aldatzea.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 304. Legearen 7) idatz-zatiaren testua hauxe izanen da:

“7) Aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen da oinordeko; horrek, ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondoren, jaraunspena baliatuko du interes sozialeko xedeetarako, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako ezarritako aurrekontu-zuzkidura handituko du”.

Bigarren artikulua.–Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikulua aldatzea.

Bat. 24. artikuluaren 5. idatz-zatia aldatzen da.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluko 5. idatz-zatiak testu hau izanen du:

“5. Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza foru lege honek, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauek eta aplikatzekoak diren arau osagarriek edo erregelamenduzkoek zuzenduko dute.

Nafarroako Foru Komunitateko abintestato jaraunslearen izaeraren deklarazioa bide administratibotik eginen du ondarearen arloko eskumena duen departamentuak, behar bezala justifikatu ondoren oinordetza utzitako pertsonaren heriotza, testamenturik gabeko oinordetza irekitzea bidezkoa dela, eta beste jaraunsle legitimorik ez dagoela egiaztatuta.

Deklarazioaren espedientea hurrengo idatz-zatietan eta horiek garatzen dituzten erregelamenduzko arauetan aurreikusitakoari jarraikiz tramitatuko da.”

Bi. 24. artikuluari 6., 7., 8. eta 9. idatz-zatiak gehitzen zaizkio.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24. artikuluko 6., 7., 8. eta 9. idatz-zatiak gehitzen dira, eta edukia hau da:

“6. Prozedurari ofizioz emanen zaio hasiera, organo eskudunak erabakita, berak bere ekimenez edo hauen ondorioz: goragoko agindu bat, beste organo batzuen eskaera arrazoitua edo salaketa, edo beste organo, entitate edo profesional batzuengandik jasotako jakinarazpenak.

Prozedura irekitzeko ebazpena “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta kausatzaileak azken helbidea izandako toki entitatera, hil zenekora eta ondasun gehienak zituenekora igorriko da, bertako iragarki oholetan argitara dezaten, horrek galarazi gabe zabalkunderako beste bitarteko batzuk ere erabiltzeko aukera. Ediktuak hilabetez egon beharko dira jendaurrean, eta epe horretan interesdun orok alegazioak aurkezten ahalko ditu, edo egokitzat jotzen dituen agiriak edo beste datu batzuk.

Espedientearen instrukzioak berarekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren oinordetza eskubideak bidezkoak direla ezartzeko beharrezkoak diren egintza eta egiaztapen guztiak egitea, eta kausatzaileaz eta bere ondasun eta eskubideez lor daitezkeen datu guztiak ere barne hartuko ditu. Herritarren laguntza ere eskatzen ahalko da, foru lege honen 54. artikuluak aipatutakoa.

Espedientean txosten juridiko bat ere egonen da, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko egindako jarduketen egokitasunaz eta nahikotasunaz, bai eta deklarazioa arautzen duten xedapenen betetzeaz ere.

Espedientearen ebazpena eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko abintestato jaraunslearen deklarazioa, departamentuan ondare arloko eskumenak dituen organoak emanen du, eta deklarazioan sartutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehaztua ere jasoko du, erabilera edo gozamenerako balizko mugekin eta espedientean horiei buruz izan daitekeen aipamen ororekin batera. Prozedura ebazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, irekitzen den egunetik hasita.

Ematen den ebazpena espedienteari hasiera emateko erabakia argitara eman eta iragarri den toki berberetan argitaratuko da; eta, kasua bada, jaraunspeneko ondasunen gaineko esku-hartzez arduratzen ari diren organo judizialei haren berri emanen zaie, eta, kasua bada, jaraunspenerako eskubidea izan lezaketenei jakinarazi beharko zaie.

Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 20.bis artikuluko 8. idatz-zatiarekin bat, azken xedapenetan bigarreneko 1. atalari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura honetan ematen diren ekintza administratiboen kontrako errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, soilik lehiaren eta prozeduraren gaineko arauak hausteagatik, bide administratiboa amaitu ondoren betiere. Administrazioa abintestato jaraunsle deklaratzeak edo haren alde ondasunak adjudikatu izanak beren jaraunspenerako eskubidea edo beste eskubide zibil batzuk kaltetu dituela uste dutenak dagozkion ekintzez baliatzen ahalko dira organo jurisdikzional zibiletan.

7. Nafarroako Foru Komunitateari abintestato jaraunslearen izaera emateko deklarazio administratiboak berarekin dakar jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzea, kausatzailearen ondasun eta eskubideen jabetza hartzea ahalbidetzen du, eta, kasua bada, eskubidea ematen du aginte judizialari haren zaintzapean daudenak entrega ditzan eskatzeko.

1946ko otsailaren 8ko Dekretuaren bidez onetsitako Hipoteka Legearen 14., 16. artikuluekin eta haiekin lotutakoekin bat, deklarazio hori titulu nahikoa da Nafarroako Foru Komunitatearen alde Jabetzaren Erregistroan inskribatzeko kausatzaileak bere izenean zituen higiezin edo eskubide errealak. Higiezin edo eskubide errealak lehenagotik inskribatu gabe baldin bazeuden, deklarazioa titulu nahikoa izanen da immatrikulazioa egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erantzukizuna, prozedura hauen xede diren ondasun eta eskubideen titulartasuna dela eta, organo judizialak entregatzen dituenean edo haien jabetza egiazkoa hartzen duenean, une horretan hasiko da.

8. Jarauntsiaren egiazko jabetza hartu ondoren, ondare arloko eskumena duen departamentuak haren ondasun eta eskubideen likidazioa eginen du, ordaindutako gastuak eta kalte-ordainak kenduta, baldin badaude. Likidazio hori egiteko prozedura erregelamenduz ezarriko da.

9. Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa sartu ondoren, interes sozialeko beste xede batzuetarako aurrekontuetan dagoen kopuruari gehituko zaio, hain zuzen ere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergan xede hori hautatu duten zergadunen kuota osoen baturarekin hornitzen den horri.”

Xedapen iragankor bakarra.–Foru lege honek indarra hartzen duenean hasiak diren prozeduretan aplikatu beharreko arauak.

Borondatezko Jurisdikzioari buruzko uztailaren 2ko 15/2015 Legearen bigarren xedapen iragankorraren 1. idatz-zatiarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura judizialak, foru lege honek indarra hartu aurretik hasita zeudenak, hasi aurretik aplikatzekoa zen araudiak zuzenduko ditu. Nolanahi ere, foru lege honek indarra hartzen duenean likidatzeko zeuden jarauntsiak eta likidazio horien emaitza diren kopuruen banaketa foru lege honek eta haren erregelamenduzko xedapenek zuzenduko dituzte.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe uzten diren xedapenak.

1. Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

2. Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetzari aplikatu behar zaion administrazio araubideari buruzko uztailaren 1eko 166/1988 Foru Dekretuak indarrean segituko du foru lege honen kontrakoa ez den guztian.

Azken xedapenetan lehena .–Foru lege hau gehiengo osokotzat hartzea.

Foru lege honek gehiengo osoa behar du onetsia izateko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2, 45.6 eta 48.2 artikuluen arabera.

Azken xedapenetan bigarrena .–Nafarroako Gobernuari ahalmena ematea.

Nafarroako Gobernuak behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzake foru lege hau garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Foru legeak indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1608265

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web