(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2016 FORU LEGEA, ekainaren 21ekoa, Lehiakortasunari laguntzeko neurri berrietarako kreditu berezia emateari buruzkoa.

BON N.º 128 - 04/07/2016



ZIOEN AZALPENA

Gaur egungo egoeran, Nafarroako ekoizpen sektorearen lehiakortasunari laguntzeko neurrien esparrua handitzeko premia dago. Horretarako, beharrezkoa da, besteak beste, enpresa kudeaketaren arloan bikaintasuna sustatzeari bultzada ematea, gazteei beraien enpresak sortzen eta zabaltzen errazteko ekintzetan laguntzea, eta norberaren bizitza, lana eta familia bateratzearen alde egitea.

Kudeaketaren bikaintasunari dagokionez, ez dugu ahantzi behar azken hamarkadetan Nafarroako enpresek ahalegin handia egin dutela bikaintasuna lortzeko bidean, zenbait kontzeptu jorratuz: enpresaren gizarte erantzukizuna, erabateko kalitatea edo berrikuntza. Nolanahi ere, aurrerakuntzak gero eta azkarragoak eta lehia eta globalizazioa gero eta handiagoak direnez, beharrezkoa da lehiakortasuna hobetzen segitzea enpresen bikaintasunaren bidez. Hori dela eta, kudeaketa hobetu beharra dago, enpresen produktuak edo zerbitzuak kalitatezkoak izatea ez ezik beste arlo batzuen kudeaketan ere aurrerapausoak egiteko, esate baterako, pertsonen, berrikuntzaren edo talentuaren kudeaketaren arloan. Gogoeta horren ondorioz, egoki ikusten da “Kudeaketa aurreratuaren eredua” izenekoa zabaltzea, hura hedatuz eta prestakuntza emanez, ebaluazioa eginez enpresetan eta ezartzen lagunduz. Era berean, kudeaketarako bikaintasunaren ereduak txertatzeak dakartzan onurak ezagutzera emateko xedeaz, Nafarroako Bikaintasunaren Saria sustatzen da. Horretarako Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioaren laguntza dugu.

Bestetik, ekintzailetzaren errealitateak gero eta toki zabalagoa du gazteen artean, batez ere haietako asko eta asko langabezian daudelako. BAIren datuen arabera, 2015eko laugarren hiruhilekoan 25 urtez beherakoen artean langabeek % 46,5 egiten dute, eta gehiago dira gizonak (% 51,7) emakumezkoak baino (% 40,6); hori dela eta, ekintzailetzaren aukera oso erreala da besteren konturako lanarekin alderatuta. Beraz, Nafarroako gazteengan duen eragina aintzat hartuta, egokia da Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarteak ekintzailetzarekin lotuta bultzatzen dituen ekintzei laguntzea.

Beste alde batetik, norberaren bizitza, lana eta familia bateratzea garrantzi handiko elementua da, zeinak laguntzen baitu, batetik, enpresen lehiakortasuna, prozesuen kalitatea eta lan giroa hobetzen, eta, bestetik, langileen ongizate pertsonala, familiakoa, profesionala eta soziala hobetzen, haien motibazioa eta enpresaren helburuekiko konpromisoa ere handitzen dituen heinean. Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak sustatzen duen “Reconcilia” programa gakoa da neurri horren alde egiteko.

Helburu horiek erdiesteko modurik eraginkorrena, Nafarroan dagoeneko eraturik dauden entitate batzuei laguntzea da: aspaldian eremu horietan puntako jarduera betetzen dute, ordezkaritza zabala dute eta beste pertsona batzuk sartzeko irekita daude. Entitate horiek hauek dira: Nafarroako Bikaintasunerako Fundazioa, Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartea eta Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartea.

Neurri horiek ezartzeko, ordea, beharrezkoa da aurrekontuko kontsignazioa egitea 2016ko ekitaldirako Garapen Ekonomikorako Departamentuan. Horrenbestez, kreditu berezi bat eman beharra dago, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 13/2007 Foru Legeko 48. artikuluan ezarritakoarekin bat. Kreditu hori departamentu horren beraren beste kreditu batzuk erabiliz finantzatuko da, 2016an osorik edo zati batean beharko ez direnak hain zuzen. Plan Estrategikoak egiteko gastuen kontu-sailaren kasuan, lan horiek Administrazioaren baliabide berekiekin betetzen ari direlako. Eskualdeetako Plan Estrategikoen esparruko inbertsio proiektuetarako kapital transferentzien kontu-sailaren kasuan, berriz, 2016an ez dagoelako aurreikusirik kapital transferentziak beharko dituen inolako inbertsiorik egitea.

Era berean, foru lege honek, kontu-sail izendunak sortuz, eragile horiei laguntzak zuzenean emateko gaitzen du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

1. artikulua. Kreditu berezi bat ematea.

220.000 euroko kreditua ematen da, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren beharrei 2016ko ekitaldian erantzuteko.

Kreditu hori aurrekontuko kontu-sail hauetan aplikatuko da:

Kontu-saila:

810009 81310 4819 422204.–Nafarroako Bikaintasunerako Fundaziorako transferentzia, kudeaketaren arloko bikaintasun ekintzetarako. Zenbatekoa: 100.000 euro.

810009 81310 4819 422205.–Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkarterako transferentzia, ekintzailetza ekintzetarako. Zenbatekoa: 60.000 euro.

810012 81500 4819 494116.–Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarterako transferentziak, Reconcilia programaren kudeaketarako. Zenbatekoa: 60.000 euro.

Guztira: 220.000 euro.

2. artikulua. Kreditu bereziaren finantzaketa.

Kreditu berezi hau aurrekontuko kontu-sail hauen kargura finantzatuko da:

Kontu-saila:

810009 81310 2276 422203.–Plan estrategikoak. Zenbatekoa: 20.000 euro.

810009 81310 7609 422200.–Eskualdeetako plan estrategikoak. Zenbatekoa: 200.000 euro.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko ekainaren 2ean.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1607869

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web