(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2016 FORU LEGEA, ekainaren 9koa, Nafarroako Kontseiluari buruzkoa.

BON N.º 115 - 15/06/2016



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Osaera eta antolamendua


  III. KAPITULUA. Eskumena eta funtzionamendua


  IV. KAPITULUA. Araubide juridikoa, ekonomikofinantzarioa eta langileei buruzkoa


Texto

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 28. ter artikuluak, urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoak emandako testuaren arabera, xedatzen du Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile nagusia dela, eta bere funtzioak autonomia organiko eta funtzionalarekin betetzen dituela, bere objektibotasun eta independentzia bermatze aldera. Halaber, xedatzen du foru lege batek arautuko dituela Nafarroako Kontseiluaren osaera, hautaketa, eskudantziak, araubide juridikoa eta funtzionamendua.

Nafarroako Kontseiluari 1999an ezarri zitzaion araubide juridikoa gaurkotu eta haren funtzionamendua hobetzeko, autonomia organiko eta funtzionala duen organo aholku-emailea den aldetik, eta haren kideen kualifikazio tekniko zorrotza, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna bermatzeko, bidezkoa da erakunde hori foru lege honen bitartez arautzea.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da.

2. Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak autonomia organiko eta funtzionalez beteko ditu, bere objektibotasuna eta independentzia bermatze aldera.

3. Bere eginkizunetan diharduela, Nafarroako Kontseiluak ordenamendu juridikoa gordetzen dela begiratuko du. Abaguneari eta komenigarritasunari dagozkien alderdiak baloratuko ditu gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatzen duenean; halaber, baloratuko du Administrazioak eraginkortasun handiagoa izatea bere helburuak betetzerakoan.

4. Kontseiluari aholkua eskatzea nahitaezkoa izanen da hala ezartzen denean lege honetan edo beste batzuetan, eta gainerakoetan aukerakoa izanen da.

5. Kontseiluaren irizpenak idatziz emanen dira beti eta ez dira lotesleak izanen, legez kontrakoa esaten ez den bitartean.

II. KAPITULUA. Osaera eta antolamendua

2. artikulua. Kontseilukideak.

1. Kontseilua bost kidek osatuko dute, izen aitortua eta gutxienez ere hamabost urteko lanbide-esperientzia izan eta nafar izaera politikoa daukaten juristen artean izendatuak.

2. Nafarroako Kontseiluko kideak zortzi urtez izendatuko dira eta ezin izanen dira berriz hautatuak izan.

3. Kontseilukideak independenteak izanen dira eta ezin izanen dira kargutik kendu.

3. artikulua. Nafarroako Parlamentuak eginiko hautaketa.

1. Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurari dagokio hautatzea, gehiengo osoz, Nafarroako Kontseiluko kide izendatuak izateko proposatuko diren pertsonak.

2. Kontseiluan postu huts bat suertatzen denean, hilabeteko epean jarriko da abian hura betetzeko prozedura, hurrengo idatz-zatietan xedatuari jarraituz. Nolanahi ere, postu hutsak banaka bete beharko dira, postu huts bat baino gehiago betetzeko prozedurak metatzen utzi gabe.

3. Honakoek proposatu ahalko dituzte postu hutsak betetzeko izangaiak:

a) Parlamentu-talde batek edo batzuek.

b) Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.

4. Proposamenarekin batera, izangai bakoitzak bere onarpena adierazten dueneko idazki bat aurkeztuko da.

5. Nafarroako Parlamentuak, hautaketa egiten den Osoko Bilkuraren saioa egin baino lehen, izangaia edo izangaiak deituko ditu arloan eskuduna den batzordean agertzera, beren merezimenduak azal ditzaten.

4. artikulua. Izendapena eta karguaz jabetzea.

1. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak hautatu den pertsonaren izena jakinaraziko dio Foru Komunitateko lehendakariari, izenda dezan.

2. Izendatuak izan eta hurrengo hogeita hamar egun naturalen barruan jabetuko dira karguaz kontseilukideak, zin eginez edo hitz emanez Nafarroako foru araubidea beti errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta beren karguari dagozkien betebeharrak zintzo beteko dituztela.

5. artikulua. Antolamendua.

1. Nafarroako Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da bertaratuta egotea haren kideetatik hiru, gutxienez ere.

2. Kontseiluburua kontseilukideen artetik hautatuko da, gehiengo osoz eta isilpeko bozketan. Gehiengo osoa lortzen ez bada, beste bozketa bat eginen da. Horretan boto gehien eskuratu duen pertsona joko da hautatutzat. Berdinketarik gertatuz gero, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketa errepikatu egiten bada, adinez zaharrena den pertsona suertatuko da hautatuta. Kontseiluburua hautatu ondoren, Foru Komunitateko lehendakariari proposatuko zaio hura izenda dezan. Kontseiluburuaren agintaldiak gehienez lau urte iraunen du, eta ezin izanen da berriz hautatu.

3. Kontseiluburuaren kargua hutsik badago, edo kontseiluburua kanpoan edo eri dagoenean, haren ordez ariko da idazkari ez den kiderik adinduena, beste bat hautatu edo ordezkapenaren zergatia desagertu arte.

4. Kontseiluko idazkaria kontseilukideen artetik hautatuko da, gehiengo osoz eta isilpeko bozketan. Gehiengo osoa lortzen ez bada, beste bozketa bat eginen da. Horretan, boto gehien eskuratu duen pertsona suertatuko da hautatua. Berdinketarik gertatuz gero, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketa errepikatu egiten bada, pertsonarik gazteena hautatuko dute. Hautaketaren ondoren, Foru Komunitateko lehendakariari proposatuko zaio hura izenda dezan. Kontseiluko idazkariaren agintaldiak gehienez lau urte iraunen du, eta ezin izanen da berriz idazkari bera hautatu.

5. Idazkari-kargua hutsik badago, edo idazkaria kanpoan edo eri dagoenean, haren ordez ariko da lehendakari ez den kiderik gazteena, beste bat hautatu edo ordezkapenaren zergatia desagertu arte.

6. artikulua. Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eginkizunak.

1. Kide guztiek eratzen duten Osoko Bilkuran bildurik, honako eginkizunak dagozkio Nafarroako Kontseiluari:

a) Irizpenak onestea.

b) Funtzionamendurako barne arauak onestea.

c) Aurrekontuen eta kontuen aurreproiektuak onestea.

d) Plantilla organikoa, langileen zerrenda eta enplegu eskaintza publikoa onestea.

e) Urteko oroitidazkia onestea.

f) Errekurtso administratiboak ebaztea.

g) Nafarroako Kontseiluari dagozkion eta inongo beste organori esleituta ez dauden gainerako eginkizunak.

2. Kontseiluaren erabakiak baliozkoak izateko, kideen gehiengo osoa bertaratuta egotea beharrezkoa izanen da, eta betiere, kontseiluburua eta idazkaria, edo zuzenbidearen arabera haien ordez dihardutenak.

3. Erabakiak hartuko dira bertaratzen diren kideen gehiengoaren botoaz. Berdinketarik gertatuz gero, kontseiluburuaren kalitatezko botoa izanen da erabakigarri.

7. artikulua. Kontseiluburuaren eginkizunak.

Kontseilukide gisa dagozkionez gain, kontseiluburuak honako eginkizunak ere izanen ditu:

a) Nafarroako Kontseiluaren ordezkaritza.

b) Kontseiluaren bileretarako deia egitea, eta bileretako buru eta zuzendari izatea.

c) Gaiak kontseilukideen artean banatzea, haien gaineko txostena egin dezaten, sarrera-ordena kronologikoaren araberako banaketa-sistema baten bitartez.

d) Kontseiluaren gastu-espedienteak baimentzea idazkariak haiek izapidetu baino lehen, bai eta 15.000 eurotik beherako kontratuak ere.

e) Erregelamendu organikoak finkatzen dituen gainerako eginkizunak.

8. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Kontseilukide gisa dituen eginkizunez gain, idazkariak beste eginkizun hauek ere izanen ditu:

a) Kontseiluko langileen burutza izatea, diziplina-ahalmena barne.

b) Kontseiluaren bilkuretarako behar den dokumentazioa aztertu eta prestatzea.

c) Kontseiluaren bilkuren akta egitea.

d) Kontseiluak ziurtagiriak emateko eta jakinarazpenak egiteko duen organoa izatea.

e) Erregelamendu organikoak finkatzen dituen gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Karguuztea.

1. Kontseilukideek honako arrazoiren batengatik utziko dute kargua:

a) Uko egiteagatik.

b) Hiltzeagatik.

c) Kargualdia amaitzeagatik.

d) Ezusteko bateraezintasunagatik.

e) Eginkizunen ez-betetze larriagatik.

f) Doluzko delituagatiko zigorra jasotzeagatik, epai irmo baten bitartez.

g) Ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratutako ezgaitasunagatik.

h) Nafartasun politikoa galtzeagatik.

2. Kargu-uztea Foru Komunitateko lehendakariaren foru-dekretu bidez gauzatuko da. Aurreko idatz-zatiko d) eta e) letretan aipaturiko kasuetan beharrezkoa izanen da espediente bat, Nafarroako Gobernuak bere kabuz edo Nafarroako Parlamentuaren eskariz eta interesdunari nahiz Kontseiluari entzunaldia emanez izapidetua.

Goiko a), c) eta h) letretako kasuetan, kontseilukideek jardunean segituko dute beren eginkizunetan, harik eta ordezkoa hautatu eta karguaz jabetzen den arte.

10. artikulua. Etetea.

Nafarroako Gobernuak, Kontseiluaren eskariz eta haren iritzia entzun ondoren, kontseilukideei beren karguko jarduna eten ahalko die, 9.1. artikuluko d) eta e) letretan adierazitako kargu-uzte arrazoiei buruz ebazteko behar den ezinbesteko epeak dirauen bitartean, eta, halaber, auzipetze-kasuan edo akusazio penal irmoa dagoenean.

11. artikulua. Betebeharrak.

Nafarroako Kontseiluko kideak behartuta egonen dira normaltasunez joatera jorratu beharreko gaiei buruzko eztabaidarako bilkuretara eta deitzen zaien gainerakoetara; eskatzen zaizkien azterlan, ponentzia eta lanak -beren karguari dagozkionak- egitera, eta jarduketak eta eztabaidak isilpean gordetzera.

12. artikulua. Bateraezintasunak.

Beste edozein arau indardun aplikatzearen ondorioz izan ditzakeen bateraezintasunez gain, Nafarroako Kontseiluko kide izatea kargu hauekin izanen da bateraezin:

a) Nafarroako Gobernuko kide izatearekin.

b) Europako Batasuneko, Estatuko, autonomi erkidegoetako zein toki entitateetako erakundeetako edozein kargu hautetsirekin.

c) Alderdi politiko, sindikatu edo enpresario erakundeetako edozein zuzendaritza-kargurekin.

d) Fiskal edo epaile karreretan jardunean egotearekin.

e) Herri lan edo zerbitzu publikoen emakidadun edo kontratista diren enpresetako edozein zuzendaritza-kargurekin.

13. artikulua. Ordainsariak.

1. Kontseilukideek eskubidea izanen dute Kontseiluaren lan bilkuretara joategatik erregelamenduz ezartzen diren mantenu-sariak jasotzeko. Egun bakoitzeko ez da sortuko mantenu-sari bat baino gehiagorako eskubiderik.

2. Horrez gain, kontseilukide guztiek eskubidea izanen dute erregelamenduz ezartzen den diru-ordaina jasotzeko, irizpenetarako txostenak egiteagatik.

III. KAPITULUA. Eskumena eta funtzionamendua

14. artikulua. Irizpenak.

1. Honako afera hauetan Nafarroako Kontseiluaren aholkua nahitaez eskatu beharko da:

a) Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldatzea.

b) Estatuko oinarrizko legedia garatzeko edo Europako erkidegoko zuzenbidearen transposizioa egiteko eman beharreko foru legeen aurreproiektuak egitea.

c) Nafarroako Kontseiluaren antolamendua, eskumena eta funtzionamendua ukitzen duten foru legeen aurreproiektuak edo administrazio-xedapenen proiektuak.

d) Legegintzako foru dekretuen proiektuak, tributu-harmonizaziokoak izan ezik.

e) Konstituzio Auzitegiari konstituziokontrakotasun errekurtsoak eta eskumen-gatazkak aurkeztea.

f) Foru Komunitateak Estatuarekin eta autonomi erkidegoekin sinaturiko hitzarmen eta lankidetza akordioak, horiek sinatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurretiazko baimena behar denean, eta horiei buruzko edozein zalantza edo desadostasun.

g) Legeak betearazteko ematen diren erregelamenduen edo xedapen orokorren proiektuak, baita horien aldaketak ere, antolamendu hutsezkoak izan ezik.

h) Foru Komunitateko Administrazioaren eskubide ekonomikoei buruzko transakzio judizialak edo estrajudizialak, eta aipatu eskubideei buruz sor daitezkeen gatazkak arbitrajepean jartzea, baldin eta, bi kasu horietan, auzigaia berrehun eta berrogeita hamar mila euro baino gehiagokoa bada. Edonola ere, kontsulta ez da nahitaezkoa izanen berariazko araudian aurreikusitako konkurtso-prozesuetako akordio eta hitzarmenen kasuan.

i) Ondare-erantzukizuneko erreklamazioak, zeinetan hirurehun mila euroko edo gehiagoko kalte-ordaina eskatzen den.

j) Legearen arabera Nafarroako Kontseiluaren nahitaezko txostena edo aholku-organo baten irizpena behar duen beste edozein gai.

2. Halaber, Nafarroako Kontseiluak irizpena emanen du aukerako kontsulta gisa helarazten dizkioten gai guztietan, Nafarroako Gobernuak hala erabakita bere lehendakariaren bitartez eskatzen duenean, dela bere ekimenez, dela zuzenbide publikoari loturiko Nafarroako entitate edo erakundeek eskatuta, edo Nafarroako Parlamentuak bere lehendakariaren bitartez hala eskatzen duenean Eledunen Batzarraren, Legebiltzarreko Mahaiaren, bi parlamentu-talderen edo foru parlamentarien bosten baten ekimenez, edo Nafarroako Arartekoak eskatzen duenean; azken horren kasuan, herritarren eskubideak defendatu eta babesteko egindako ikerketen karietara.

3. Kontseiluak txostena emandako gaiei buruzko xedapen eta ebazpenek adierazi eginen dute Kontseiluaren irizpenaren arabera emandakoak diren ala hartatik urruntzen diren.

15. artikulua. Irizpena eskatzea.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariari dagokie Nafarroako Kontseiluaren irizpenerako eskabidea egitea.

2. Nafarroako toki entitateetako buruei eta beste korporazio, erakunde edo entitate publikoen ordezkaritza berenganatua duten organoei dagokie Nafarroako Kontseiluaren irizpena eskatzea, indarra duen legeriaren arabera nahitaezkoa den kasuetan.

16. artikulua. Irizpenen onespena eta publizitatea.

1. Kontseiluaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu irizpenak. Gehiengoak hartzen duen erabakiaren edo haren arrazoiketaren aurkako iritzia dutenek idatziz azaldu ahalko dute beren boto partikular arrazoitua, zeina irizpenari erantsiko baitzaio.

2. Onesten direnetik hilabeteko epean argitaratuko dira Kontseiluaren irizpenak, haren erregelamendu organikoan aipatzen diren bideetatik.

17. artikulua. Epeak.

Eskuarki, Nafarroako Kontseiluak berrogeita bost egun balioduneko epean eman beharko ditu eskatzen zaizkion irizpenak. Organo eskatzaileak espedientea presakoa dela justifikatzen duen kasuetan, Kontseiluak epea hamabost egun baliodunera arte jaitsi ahalko du.

Salbuespen gisa, Kontseiluak, ebazpen arrazoitu bidez, epe orokorra luzatu ahalko du; gehienez ere, hogeita hamar egun baliodun gehiago. Aipaturiko ebazpena txostena eskatu duenari jakinaraziko zaio.

Kontseiluak irizpenik ematen ez badu adierazitako epean, izapidea beteta dagoela eta aholkua eskatu zaion gaiari buruz eragozpenik ez dagoela ulertuko da.

18. artikulua. Dokumentazioa.

Kontsulta eskaerarekin batera, aztertuko den aferaren inguruko dokumentazio osoa aurkeztu beharko da. Kontseiluak uste badu espedientea osorik ez dagoela, kontseiluburuaren bitartez eskatu ahalko ditu beharrezkotzat jotzen diren aurrekari, txosten eta proba guztiak. Kasu horretan, irizpena emateko aurreko artikuluan ezarri epea eten eginen da; behin baino ez, betiere.

19. artikulua. Alde interesdunei entzutea.

Kontseiluaren aztergai jartzen diren aferetan interesa duten aldeei entzunaldia eman ahal zaie Kontseiluburuak erabakiko du entzunaldia egitea, interesdunek eskatuta edo bere kabuz. Entzunaldi hori beti eginen da administrazio publiko batek kontsultan zuzeneko interesa izan eta hala adierazten badu.

20. artikulua. Adituen txostenak eta partehartzea.

1. Kontseiluak administrazio publikoei eta bestelako erakunde publikoei irizpena emateko beharrezkotzat jotzen dituen aurrekari, txosten tekniko edo dokumentuak eskatu ahalko dizkie.

2. Kontseiluak, halaber, aztergai jartzen zaizkion aferetan gaitasun tekniko nabarmena duten pertsonen parte-hartzea eskatu ahalko du, txostena egin dezaten; kontratu publikoei buruzko foru legedia zaio enkargu horri aplikatzekoa. Kasu horretan, Kontseiluaren azken irizpenean adierazi beharko da zehazki zer eskatu zaien txosten-eskabidean, eta txostena irizpenari erantsiko zaio.

21. artikulua. Oroitidazkia.

Kontseiluak urtero oroit-idazkia prestatu eta Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari igorriko die. Bertan, aurreko ekitaldiko jarduna azaldu eta jarduketa juridiko-administratiboa hobetzeko egoki deritzen iradokizunak aurkeztuko ditu.

IV. KAPITULUA. Araubide juridikoa, ekonomiko-finantzarioa eta langileei buruzkoa

22. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Kontseiluari ezarriko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzekoa den araubide juridiko bera, kontratazioari, erantzukizunari, gardentasunari eta administrazio- edo barne-araubidekoak diren gainontzeko arloei dagokienez.

2. Kontseiluburuak Kontseiluko administrazio- edo barne-araubidearen arloan emandako egintzen aurka aukera egonen da gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko, Kontseiluko Osoko Bilkurari zuzendua. Kontseiluak arlo beretan hartzen dituen erabakiek amaiera emanen diote bide administratiboari.

23. artikulua. Ekonomia eta finantzaaraubidea.

1. Nafarroako Kontseilua loturik egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzekoa zaion ekonomia- eta finantza-araubidera.

2. Nafarroako Kontseiluak bere urtealdi-aurrekontuaren aurreproiektua prestatuko du, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuan sartua izateko, programa independente gisa.

3. Nafarroako Kontseiluak independentzia organiko eta funtzionala badu ere, Foru Komunitateko Administrazioaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketari buruzko arau orokorren menpe egonen da.

24. artikulua. Langileak.

1. Nafarroako Kontseiluaren zerbitzuko langileen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei oro har aplikatzekoa zaiena izanen da.

2. Maila-igoerako mugigarritasuna eta maila bereko mugigarritasuna Nafarroako Kontseiluaren, Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Parlamentuaren artean aplikatuko dira. Horretarako, Nafarroako Kontseiluko funtzionarioek parte har dezakete Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Parlamentuak egiten dituzten lanpostu-betetze lehiaketetan eta txanda murriztuaren bidez lanposturatzeko hautaprobetan, eta alderantziz.

3. Idazkariak langile-aferetan emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Kontseiluko Osoko Bilkurari zuzendua.

Lehen xedapen iragankorra .–Karguuztea.

1. Nafarroako Kontseiluko egungo kideek kargua utziko dute beren agintaldia amaitzeagatik, eta lehenagoko araudiak ezartzen zuen epea laburtu edo luzatuko da hurrengo idatz-zatietan xedatu bezala.

2. Foru lege honek indarra hartzearekin, beren kargua utziko dute Nafarroako Gobernuak izendatutako Nafarroako Kontseiluko egungo bi kideek.

3. Foru lege honek indarra hartzearekin, bere kargua utziko du Nafarroako Parlamentuak aurreko araudiaren arabera hautatutako kideetatik karguan denbora gehien eman duenak. Antzinatasun bera izanez gero, zozketa bidez hautatuko da nork utziko duen kargua.

4. Foru lege honek indarra hartu eta bi urteren buruan, bere kargua utziko du, kasua bada, Nafarroako Parlamentuak aurreko araudiaren arabera hautatutako kideetatik karguan denbora gehien eman duenak. Antzinatasun bera izanez gero, zozketa bidez hautatuko da nork utziko duen kargua.

5. Foru lege honek indarra hartu eta lau urteren buruan, bere kargua utziko du, kasua bada, Nafarroako Parlamentuak aurreko araudiaren arabera hautatutako kideetatik karguan denbora gehien eman duenak. Antzinatasun bera izanez gero, zozketa bidez hautatuko da nork utziko duen kargua.

6. Foru lege honek indarra hartu eta sei urteren buruan, bere kargua utziko du, kasua bada, Nafarroako Parlamentuak aurreko araudiaren arabera hautatutako kideetatik karguan denbora gehien eman duenak. Antzinatasun bera izanez gero, zozketa bidez hautatuko da nork utziko duen kargua.

7. Foru lege honek indarra hartu eta zortzi urteren buruan, bere kargua utziko du, kasua bada, Nafarroako Parlamentuak aurreko araudiaren arabera hautatutako kideetatik karguan denbora gehien eman duenak. Antzinatasun bera izanez gero, zozketa bidez hautatuko da nork utziko duen kargua.

Bigarren xedapen iragankorra .–Berritzea.

Behin aurreko xedapen iragankorrean araututako kargu-uzteak gertatuta eta Kontseiluko kideek beren kargua utzi ondoren, kargu horien berritzea eginen da, foru lege honetako artikuluetan xedatuaren arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten da Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legea, bai eta foru lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo apalagoko xedapen oro.

Azken xedapenetan lehena .–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatzeko arauak emateko eta foru lege hau betetzeko behar diren neurriak hartzeko.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko ekainaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1607313

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web