(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

28/2016 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 11KOA, OSASUN DEPARTAMENTUARENDAKO ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOENDAKO ONDASUN ETA ZERBITZUAK EROSTEKO ESKUMENA BERRANTOLATZEN DUENA INFORMAZIO SISTEMEN ETA ZERBITZU ETA APLIKAZIO INFORMATIKOEN ARLOAN.

BON N.º 107 - 03/06/2016



Atarikoa

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36.3. artikuluak ezartzen du ekonomiaren arloan eskumena duen departamentuak izanen duela eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, erakunde autonomoak kanpo, hornidura kontratuak sinatzeko. Halaber, 36.4. artikuluak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakunde autonomoetan kontratuak sinatzeko ahalmena haien estatutuetan zehaztuko dela.

Ondoren, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 17ko 422/2007 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan hornidura kontratuak sinatzeko eskumenak berrantolatzen dira eta laugarren idatz-zatian Administrazio osoak erabiltzekoak diren hornidura batzuk modu zentralizatuan egitekoak direla deklaratu zen. Horien artean, informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoak daude.

Foru agindu horren zortzigarren idatz-zatiak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari (gaur egun Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentua) zenbait ondasunen hornidura zentralizatua egiteko eskumena esleitzen dio, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren telekomunikazioko ekipo edo sistemak eta informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoak.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 3. artikuluan xedatuaren arabera, departamentu horren barnean Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusia dago. Zuzendaritza nagusi horren eskumenak dira, besteak beste, Foru Komunitateko Administrazioarendako eta haren erakunde autonomoendako azken erabiltzailearen ekipo informatikoak eta oinarrizko softwarea zehaztu, erosketa kudeatu eta mantentzeko eginkizunak gauzatzea, aipatu foru dekretuaren 5. artikuluko e) letran ezartzen denari jarraikiz.

Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoek ez dituzte behar diren baliabideak azken erabiltzailearen ekipo informatikoen eta oinarrizko softwarearen eskuratu eta mantentze-lanak egoki kudeatzeko. Horregatik bidezkoa da gai horretako eskumenak berrantolatzea Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusia izan dadin eskumen hori erabiltzen duena.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko maiatzaren 11ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.- Osasun Departamentuarendako eta haren erakunde autonomoendako ondasun eta zerbitzuak eskuratzea informazio sistemen eta zerbitzu eta aplikazio informatikoen arloan.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskuratuko ditu Osasun Departamentuarendako eta haren erakunde autonomoendako ondasun eta zerbitzuak informazio sistemen eta zerbitzu eta aplikazio informatikoen arloan, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurrekontuko kontu-sailen kargura finantzatuko dira.

Lehen xedapen gehigarria.- OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuetako aldaketa.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 117. artikulua aldatu da, honela geldituko baita idatzita:

“117. artikulua. Kontratazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontratazio araubidea Nafarroako administrazio publikoetako eta haien erakunde autonomoetako kontratazioari buruzko berariazko legedian ezarritakoa izanen da.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskuratuko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Departamentuarendako ondasun eta zerbitzuak informazio sistemen eta zerbitzu eta aplikazio informatikoen arloan.”

Bigarren xedapen gehigarria.- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuetako aldaketa.

Uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren estatutuen 55. artikulua aldatu da, honela geldituko baita idatzita:

“55. artikulua. Kontratazioa.

Institutuko kontratazio araubidea Nafarroako administrazio publikoetako eta haien erakunde autonomoetako kontratazioari buruzko berariazko legedian ezarritakoa izanen da.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskuratuko ditu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarendako ondasun eta zerbitzuak informazio sistemen eta zerbitzu eta aplikazio informatikoen arloan.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.- Arauak indargabetzea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua aldatzen duen urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria indarrik gabe gelditzen da eta, halaber, foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1605948

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web