(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

275/2015 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 16KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN INSTALAZIOKO ETA ALTZARI-HORNIKUNTZAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 101 - 26/05/2016



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA:


Zioen Azalpena

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, lan munduan sartzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, Lanbide Heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan. Bestalde, Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetako irakaskuntzetan sartzeko bete beharreko baldintzak aldatzen ditu.

Foru dekretu honen bitartez, Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuta, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, curriculum honek ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretua garatzen du, Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek diseinuari buruz onetsi dituen jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio oso horiek, alegia, Altzarien instalazioa, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautua, eta Zurgintzako elementuen instalazioa, abuztuaren 31ko 1136/2007 Errege Dekretuak arautua, eta, orobat, osatu gabe dauden kualifikazioak, hots, Zuraren eta deribatuen mekanizazioa eta Altzariak eta arotzeriako elementuak muntatzea, biak otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuaren bidez arautu baitziren, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa goi mailako teknikari honek lana lortuko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Gutxienez ere bi dimentsio osagarri dituen sistema batean kokatzen da ingurune hori. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera Estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio da, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, non gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura heziketa-eskaintzan berean integratuko baita. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluaren heziketa zikloa bukatu eta gero; 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du; eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua dago) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren lekuen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 16an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxoa izeneko lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Instalazioa eta Altzari-hornikuntza.

b) Maila: 2-Erdi Mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxoa.

e) Europako erreferentea: HNSN-3b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, bai eta produkzio-sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Instalazioko eta altzari-hornikuntzako heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotara, betiere onarpenerako ezartzen diren baldintzetan.

2. Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluak sarbidea ematen du goi mailako heziketa zikloetarako, prestakuntza ikastaro berariazko bat gaindituz gero, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 18.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako tituluak Batxilergoko edozein modalitate egiteko aukera ematen du, baita Gobernuak erabakitzen dituen Batxilergoko ikasgaiak baliozkotzeko ere, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34.2 artikuluari jarraikiz.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 4. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculum garapena ezarriak dituzten lanbide moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin eta Batxilergoko irakasgaiekin eta gaitasun unitateekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokionez, ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoa bete beharko da.

9. artikulua . Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua . Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6.A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 6. B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 6.C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar bestekoa izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarriak Lehenbizikoa .Tituluaren baliokidetasunak.

1. Ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, ondoren aipatzen diren tituluek eta foru dekretu honetan arautzen den curriculuma duen Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikari tituluak ondorio profesional berberak sortuko dituzte:

a) Zurgintzako teknikari laguntzailea, Zurgintza adarrekoa.

b) Zurgintzako eta Altzarigintzako teknikari laguntzailea, Zurgintza adarrekoa.

2. Era berean, Arotz-lanak eta Altzariak Neurrira Egin eta Instalatzea izeneko teknikari tituluak, ekainaren 24ko 262/1996 Foru Dekretuak arautzen duenak, Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako tituluaren (zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen den) ondorio profesional eta akademiko berak izanen ditu.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena.- Beste lanbide trebakuntza batzuk.

Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko lanbide moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe utzi uzten da ekainaren 24ko 262/1996 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Arotz-lanak eta Altzariak Neurrira Egin eta Instalatzea izeneko teknikari tituluari dagokion erdi mailako heziketa zikloaren curriculuma ezartzen duena.

2. Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa.- Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenak Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abenduaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA:

ERANSKINA

Instalazioko eta Altzari-hornikuntzako teknikaria.

PDF formatuko artxiboa.

Iragarkiaren kodea: F1600810

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web