(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

274/2015 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 16KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAKO JARDUERETAKO OINARRIZKO LANBIDE TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 101 - 26/05/2016



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA:


Zioen Azalpena

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak adierazten du helburu estrategikoetako bat dela lanbide ikaskuntzaren aukera indartzea norberaren garapen nahiarekin bat datorren aukera gisa, eta, gainera, sistemako gainerako ikasketei begira irekia izatea; horretarako, beste ekimen batzuen artean, oinarrizko lanbide titulu berria sortu da, horretatik erdi mailako lanbide heziketara pasatzeko bidea emanez.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen premien arabera eta kasuko lurralde esparruko ekonomia premien arabera egokitzeko. Bestalde, helburu hauek ezartzen ditu: lanbide heziketaren eta hezkuntza sistemako gainerako ikasketen arteko mugigarritasuna arautu eta bideratzea, eta ikasketak goizegi utzi dituzten gazteei berriz ere hezkuntza sisteman sartzen laguntzeko neurriak hartzea.

Foru dekretu honen bidez, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide titulua lortzeko hezkuntza zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Lanbide Heziketako irakaskuntza tituluen katalogoko Oinarrizko Lanbide Heziketako zazpi titulu ezarri zituen maiatzaren 16ko 356/2014 Errege Dekretuaren I. eranskina garatzen du curriculum honek, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak erabiliz, zein Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortzen baita.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean kontuan hartu dira otsailaren 28ko 127/2014 Foru Dekretuaren II. kapituluan diseinuari buruz ezarritako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio hauek: “Nekazaritzako jarduera lagungarriak” kualifikazioa, urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretuak arautua, eta “Abeltzaintzako jarduera lagungarriak” izenekoa, maiatzaren 25eko 665/2007 Errege Dekretuak arautua, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide-jarduketarako gune batean biltzen dira. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa profesional honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, tituludun honek lan egin dezakeen lanbide inguruneari buruzko ohar batzuk ezarri dira, bai eta tituluarekin zerikusia duten sektoreen edo sektorearen prospektiba ere.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena.

5. artikuluak Euskararen curriculum tratamendua jasotzen du berariaz, dagokion hizkuntza ereduaren arabera.

Curriculumaren diseinuan, problemak ebaztearen bidez ikaskuntza sistema indartu beharra azpimarratu da. Metodologia honen helburua da ikasleek sakonago lortzea beren garapen pertsonal eta profesionalerako garrantzi handikoak diren zenbait balio eta gaitasun; horretarako, proiektuen kudeaketa erabiltzen da, horrek ikaskuntzarako benetako ingurune bat ematen baitu, gaitasunak errazago berengana ditzaten.

Halaber, zikloko bi ikasturteetan ikasleen tutoretzarako eremuak sortu dira. Tutoreen lanak, ikasle bakoitzaren prestakuntza prozesuaz orientatzeaz gain, gaitasun pertsonalak, pertsonen artekoak eta gaitasun sozialak eskuratzen lagunduko du. Eremu horretan lanbide orientazioari buruzko alderdiek ere tokia izan behar dute, eta ikasleek beren hezkuntza eta lanbide etorkizuna programatu eta kudeatu ahal izateko abilezia eta trebetasunak bultzatu behar ditu orientazio horrek.

Metodologia hauen aplikazioa ahal den neurrian errazteko eta, betiere, curriculumak ikaskuntzaren testuinguru jakin batzuetara egokitu ahal izateko, kontuan izan behar da arau honen esparruan lanbide moduluen erreferentziazko sekuentziazioa arautzen dela zikloko bi ikasturteetan. Hortaz, foru dekretu honetan ezarritako curriculuma ematen duten ikastetxeek eskaera egiten ahalko dute erreferentziazko sekuentziazio horretan aldaketa zehatzak aplikatzeko eta, horretarako, bidezkoak diren arrazoiak eman beharko dituzte. Horri buruz ezartzen den arauaren mende egonen da aldaketa horien onespena.

4

Sarbideei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide titulua lortu ondoren, 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua zehazten du, eta 9. artikuluak (3. eranskinean garaturik) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko loturak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta dagozkien 4. eta 5. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren irakasleku eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 16an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honek Elikagaien Industrietako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Elikagaien industrien lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Elikagaien Industrietako oinarrizko lanbide titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide titulua.

b) Maila: 1-Oinarrizko Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Nekazaritza.

e) Europako erreferentea: HNSN-3.5.3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak eta etengabeko ikaskuntzarako gaitasunak, baita produkzio sistemari buruzko erreferentzia eta prospektiba ere, foru dekretu honen 1. eranskinean zehaztuta daude.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Heziketa ziklo honen helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 A) eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, Lanbide Heziketako irakaskuntza tituluen katalogoko Oinarrizko Lanbide Heziketako zazpi titulu ezarri zituen maiatzaren 16ko 356/2014 Errege Dekretuaren I. eranskineko 3.2. atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

4. Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II moduluek komunikazioaren eta gizarte zientzien multzoko gaitasunak garatzen dituzte, eta horietan irakasgai hauek sartzen dira: Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza, Gizarte Zientziak eta, hala dagokionean, Euskara.

5. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Euskararen tratamendua.

1. Euskara irakaskuntzako lehen hizkuntza denean (1H), ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziazko edukiak Komunikazioa eta gizartea I eta II moduluetan Gaztelaniari buruz ezarritako ataletan jasotzen direnak izanen dira, Euskarari buruzko salbuespenekin, euskararen kodea eta euskalkiak ezagutzeari dagokionez.

2. Euskara irakaskuntzako bigarren hizkuntza denean (2H) modulu hauen barnean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziazko edukiak Komunikazioa eta gizartea I eta II moduluetan Ingelesari buruz ezarritako ataletan jasotzen direnak izanen dira, Euskarari buruzko salbuespenekin, euskararen kodea eta berariazko kultur edukiak ezagutzeari dagokionez.

3. Komunikazioa eta gizartea I eta II moduluen garapenean ezartzen denaren ondorioetarako, kasu guztietan interpretatu behar da lehen hizkuntza (1H) irakaskuntza prozesua garatzeko erabiltzen dena dela eta ez, nahitaez, ikasleen ama hizkuntza.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, betiere onarpenerako ezartzen diren baldintzetan. Gainera, titulu honek lehentasuna izanen du honako lanbide arlo hauetako erdi mailako titulu guztietan onartzeko:

-Nekazaritza.

-Elikagaien Industriak.

-Segurtasuna eta Ingurumena.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

Baliozkotzeei eta salbuespenei dagokienez, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua . Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko loturak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3. eranskinean ageri dira.

10. artikulua . Irakasleak.

1. Multzo komunei lotutako moduluak honako hauetan emanen dituzte:

a) Titulartasun publikoko ikastetxeetan, espezialitateren bateko Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioek, baldin dagokien multzo amankomuneko irakasgaietako edozein emateko gaituta badaude.

b) Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo hezkuntzakoaz bestelako administrazioetako titulartasun publikokoetan, irakaskuntza hauek emateko baimenduta badaude, dagokien multzo amankomuneko irakasgaietakoren bat emateko indarreko araudian ezarritako titulua eta baldintzak dituzten irakasleek.

2. Gainerako lanbide moduluetarako, kasuan kasuko lanbide moduluak emateko gaituta dauden sektore publikoko irakasleen espezialitateak 4 A) eranskinean azaltzen dira.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, titulartasun pribatuko ikastetxeetako irakasleei edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 4 B) eranskinean azaltzen dira.

4. Lanbide moduluak irakasteko gaikuntza ematen duten tituluak, titulartasun pribatuko ikastetxeetarako edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetarako, 4 C) eranskinekoak dira.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak emateko behar diren gutxieneko irakaslekuak eta ekipamenduak foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Beste lanbide trebakuntza batzuk.

Foru dekretu honetan ezarritako prestakuntzak produktu fitosanitarioen manipulatzailearen lanbide-txartelean eskatzen den gutxieneko ezagutza maila bermatzen du lanbide modulu guztietan, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jardun-esparrua ezartzen duen irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren arabera. Horrez gain, honetarako behar den gutxieneko ezagutza maila bermatzen du:

a) Oinarrizko trebakuntza mailan tratamendu pestizidak egitea ahalbidetzen du, Prestiziden, fabrikazio, merkaturatze eta erabilerarako erregelamendu tekniko eta sanitarioa onesten duen azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuaren eskakizunekin bat.

b) Biozidekin tratamenduak egiteko oinarrizko lanak, abeltzaintzako eremu, instalazio eta ibilgailuetan, indarreko araudiari jarraikiz.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa.- Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2015-2016 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenak Bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abenduaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA:

ERANSKINA

Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide titulua.

PDF formatuko artxiboa.

Iragarkiaren kodea: F1600809

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web