(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

272/2015 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 16KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN GIZARTE INTEGRAZIOKO GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 101 - 26/05/2016



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HAU OSORIK:


Zioen Azalpena

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolatuak, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, Lanbide Heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan. Bestalde, 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikulua aldatzen du, non lanbide heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetako irakaskuntzetan sartzeko bete beharreko baldintzak arautzen diren.

Foru dekretu honen bitartez, Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretua garatzen du, Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide heziketako tituluetako curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, ikasketen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Arau honetan ondoko elementuak jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio hauek, hau da, autonomia pertsonaleko eta sozialeko gaitasunen heziketa, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak arautua, bitartekaritza komunitarioa eta desgaitasuna duten pertsonen laneratzea, urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuak arautua, gizarte eta hezkuntza arloko sustapena eta esku-hartzea desgaitasuna duten pertsonekin, uztailaren 22ko 1096/2011 Errege Dekretuak arautua, baita kualifikazio osatugabea ere, behar bereziak dituzten ikasleendako arreta, uztailaren 22ko 1096/2011 Errege Dekretuaren bitartez arautua eta Dinamizazio komunitarioa, urriaren 19ko 1368/07 Errege Dekretuaren bitartez arautua, jarduketa profesionaleko eremu bat dira, dauzkan eskumenek definitua. Erantsi diren lanbide moduluak euskarri gisa edukitzeaz gain, zabalera nahikoa eta beharrezko espezializazioa ditu, goi mailako teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Gutxienez ere bi dimentsio osagarri dituen sistema batean kokatzen da ingurune hori. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun honen lanbide jarduera Estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denboraren dimentsioa da, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den titulazioaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide-moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide-modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakatsi eta ikasteko jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi kurtsoetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, eta horrela, gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura prestakuntza eskaintzan berean integratzeko. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioko gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 16an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Gizarte Integrazioko goi mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Gizarte Integrazioa.

b) Maila: 3-Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak.

e) Europako erreferentea: HNSN-5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita produkzio-sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Gizarte Integrazioko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide-moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbidemoduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide-modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide-moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide-modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bateko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide-moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen baldin badira.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Giza eta Gizarte Zientzien modalitateko Batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa ziklo honetan sartzeko, uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarri bezala.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko graduko ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banatuak.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 4. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluen lanbide-moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi mailako hezkuntzako ikasketekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokienez, uztailaren 24ko 1074/2012 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua . Lanbidemoduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5 A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 5.B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua . Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 6.A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien titulazioak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren titulazioak foru dekretu honen 6.B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide-moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien titulazioak foru dekretu honen 6.C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa izanen dute haietako bakoitzean ematen diren lanbide-moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakatsi eta ikasteko jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide-moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarriak Lehenengoa .Tituluaren baliokidetasunak.

1. Uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, eta jarraian aipatzen diren teknikari espezializatuaren tituluek ondorio akademiko eta profesional berak sortuko dituzte:

a) Gizarte eta Familiaren Ekonomikoako teknikari espezializatua, Komunitateko Zerbitzuen arloa.

b) Gizarte Egokitzapeneko teknikari espezializatua, Komunitateko Zerbitzuen arloa.

c) Urritu Psikikoen Hezkuntzako teknikari espezializatua, Osasun arloa.

2. Era berean, martxoaren 30eko 115/1998 Foru Dekretuan araututa dagoen Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluak eta foru dekretu honetan arautzen den curriculuma duen Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluak ondorio akademiko eta profesional berberak izanen dituzte.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena .Beste lanbidetrebakuntza batzuk.

Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 3. atalean ezarritakoarekin bat.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Beste araudien indargabetzea.

1. Indarrik gabe utzi da martxoaren 30eko 115/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Gizarte Integrazioko goi mailako teknikari tituluari dagokion goi mailako heziketa zikloaren curriculuma ezartzen duena.

2. Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehenengoa.- 0017 modulua Gizarte trebetasunak.

Foru dekretu honetan zehaztutako “Gizarte trebetasunak 0017 modulua” aplikatzekoa izanen zaio bere edukiei, prestakuntza unitateen izendapenari eta haien garapenari dagokionez, abuztuaren 25eko 93/2008 Foru Dekretuan zehaztutako curriculumari, haren bitartez ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari tituludunaren egitura eta curriculuma, urriaren 30eko 63/2013 Foru Dekretuak aldatua, zeinaren bitartez aldatzen baitira Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan Lanbide Heziketako goi mailako teknikarien tituluen egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretu batzuk, hots, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen egokitutakoak.

Azken Xedapenak Bigarrena .Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2015/2016 ikasturtean ezarri ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken Xedapenak Hirugarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko abenduaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HAU OSORIK:

ERANSKINA

Gizarte Integrazioko goi mailako teknikaria.

PDF formatuko artxiboa.

Iragarkiaren kodea: F1600696

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web