(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

270/2015 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 16KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN PRODUKTU GRAFIKO INPRIMATUARI LAGUNTZEKO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO TEKNIKARIAREN TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 101 - 26/05/2016



  ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA:


Zioen Azalpena

1

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VI. kapituluan jaso dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak, eta ezartzen da ikasketa horiek, lanbide heziketakoen antzera, erdi eta goi mailako zikloetan antolatuko direla, modulutan egituratuta. Era berean, adierazten du ikasketa horien xede nagusia dela ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea, arte plastikoen eta diseinuaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatuko duena.

Foru dekretu honen bitartez, Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua eskuratzea ahalbidetzen duen erdi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek urriaren 11ko 1436/2012 Errege Dekretua garatzen du, hain zuzen ere Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen dekretua, arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 13. artikulua aplikatuz onetsi ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide heziketako tituluetako curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, ikasketen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretu horretan onetsi diren diseinurako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barnean, gaitasun orokorra zein den definitzen da eta hura zehazten duten gaitasun profesionalak zein diren.

Produkzio-sistemari dagokionez, zenbait ohar ezartzen dira tituludun hauek beren lanean eta lanbidean izanen duten inguruneari buruz. Ingurune hori hauek osatzen dute: teknikariak zein lanbide esparrutan beteko duen bere lana, zein produkzio sektoretan arituko den eta zein diren bete ditzakeen zeregin eta lanpostu nagusiak.

0

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta irakatsi eta ikasteko jarduerei dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Banaketa horri esker, langileak trebatzeko prestakuntza profesionaleko beste eskaintza batzuk egin daitezke. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei, baliozkotzeei eta salbuespenei dagokienez, 6. artikuluak heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluko heziketa zikloa amaitu eta gero, eta 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du (4. eta 5. eranskinetan garatua).

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua deskribatzen da 9. artikuluan, 6. eranskinean garatzen baita, eta 10. artikuluan, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren ikasleku eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 16an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori komunikazio grafikoaren eta ikus-entzunezkoaren arteetako lanbide arlokoa da.

2. artikulua . Identifikazioa.

Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikaria.

b) Maila: Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen erdi mailako gradua.

c) Iraupena: 1.600 ordu.

d) Arteen lanbide arloa: komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezkoen bidezkoa.

e) Europako erreferentea: HNSN-3b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua . Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, lanbide gaitasunak eta produkzio sistemaren erreferentzia, abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena, hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua . Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen urriaren 11ko 1436/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. atalean ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 14. artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bateko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen baldin badira.

6. artikulua . Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua . Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluak bide ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotan zuzenean sartzeko, ezartzen diren onarpen baldintzak betez gero, eta maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako kasuetan berariazko probaz salbuetsirik.

2. Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluak ahalbidetzen die, hemezortzi urte beteak dituztenei, horrekin lotutako goi mailako heziketa zikloetara sartzea, proba baten bidez.

3. Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluak bide ematen du Batxilergoaren edozein modalitatetara sartzeko, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatuarekin bat.

8. artikulua . Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko heziketa zikloko moduluak baliozkotzen ahalko dira komunikazio grafikoaren eta ikus-entzunezko komunikazioaren lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, 4 a) eta 4 b) eranskinetan xedatutakoarekin bat.

2. Foru dekretu honetan arautzen den Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko heziketa zikloko moduluak baliozkotzen ahalko dira diseinu grafikoaren lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, irailaren 1eko 1456/1995 eta 1457/1995 Errege Dekretuetan araututakoekin, 4.c) eranskinean xedatutakoarekin bat.

3. 4.d) eranskinean ezartzen da Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloko zer modulurekin baliozkotzen diren batxilergoko irakasgaiak.

4. Foru dekretu honen 4.e) eranskinari jarraituko zaio, iraungiko den sistemako ikasleak sar daitezen foru dekretu honetan arautzen den Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloko ikasmailetan. Hain zuzen ere, hor zehazten da iraungiko den sistemako “Diseinu grafikoa” lanbide arloko “Autoedizioko eta Diseinu Grafikoko Amaierako Artea” izeneko Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako heziketa zikloko ikasleak nola sartuko diren.

5. Lanerako prestakuntza eta orientabideetako lanbide modulua baliozkotuko da baldin eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa ziklo bat gainditu bada.

6. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat, lan jardunarekin bat etortzeagatik salbuets daitezkeen Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloko moduluak 5. eranskinean (salbuespenak) daude zehaztuta.

7. Enpresa, estudio edo lantegietan bete beharreko prestakuntzaldi praktikoaz osorik edo zati batean salbuetsi ahal izanen da ikaslea, baldin eta frogatzen badu urtebeteko lan esperientzia duela, gutxienez, foru dekretu honetan araututako Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko heziketa zikloarekin zerikusi zuzena duen lanbide eremu batean.

8. Azken Obrako modulua ez da baliozkotuko ez eta salbuespenaren xede izanen ere, haren helburua baita espezialitatearen lanbide eremuko ezagutza, trebetasun eta gaitasun berariazkoak bateratzea kasuan kasuko ikasketa mailarako egokia den obra bat gauzatuz.

9. artikulua . Irakasleak.

Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eta tailerreko maisu-maistren kidegoko irakasleei dagokie. Foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

10. artikulua . Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloa irakasten duten ikastetxeetan, beharrezkoa izanen da, gutxienez, martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintza eta instalazio beharkizunak betetzea.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa izanen dute haietako bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakatsi eta ikasteko jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Tituluaren baliokidetasunak.

Ondorio akademiko eta profesional berberak izanen dituzte honako hauek: batetik, irailaren 1eko 1457/1995 Errege Dekretuaren araberako Diseinu Grafikoko Amaierako Arteko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluak eta abuztuaren 17ko 243/1998 Foru Dekretuak araututako Autoedizioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluak, biak ere Diseinu Grafikoko lanbide arlokoak, eta, bestetik, Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluak (horren curriculuma foru dekretu honetan ezartzen da).

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe utzi da abuztuaren 17ko 243/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Autoedizioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren tituluari dagokion erdi mailako heziketa zikloaren curriculuma ezartzen duena.

2. Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa .Ezarpena.

2015-2016 ikasturtetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak noiznahi ezar dezake foru dekretu honetan arautzen den curriculuma, abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako edozein modalitatetan.

Azken Xedapenak Bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abenduaren 16an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

ERANSKINA. DESKARGATU CURRICULUM HONEN DOKUMENTU OSOA:

ERANSKINA

Produktu Grafiko Inprimatuari Laguntzeko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikaria.

PDF formatuko artxiboa.

Iragarkiaren kodea: F1600691

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web