(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2016 FORU LEGEA, martxoaren 1ekoa, Toki inbertsioetarako indarreko plana antolatu eta sustatzeko neurriei buruzkoa.

BON 11/03/2016



SARRERA

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan aurreikusten denez, “Nafarroako Gobernuak, hartarako gaitasuna ematen dion foru lege baten esparruan, inbertsio planak ezarriko ditu, toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresna gisa, Foru Komunitateko lurralde osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea helburu”. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123.4 artikuluak, berriz, honakoa xedatzen du: “Halaber, kapital transferentzietarako ezarritako zenbatekoaren banaketa inbertsio planak sortzen dituzten foru legeetan paratuko den moduan eginen da”.

Urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen bidez 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Plana ezarri zen. Ondoren, ekainaren 17ko 13/2010 Foru Legea onetsi zen, Toki Inbertsioen Planaren Ohiz kanpoko Planari buruzkoa. Urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuaren bidez plan hori garatzeko arauak onetsi ziren.

Martxoaren 14ko 3/2012 Foru Legeak nabarmen aldatu zuen 16/2008 Foru Legea, eta aldi baterako luzatu zuen haren indarraldia, Toki Inbertsioen Plan berri bat onetsi arte.

2. Nolanahi ere, Toki Inbertsioen Plana arautuko duen legeria berria behar den bezala egiteko, beharrezkoa da Toki Inbertsioen Plan indardunean sartutako espedienteak arindu eta bultzatzea. Horretarako, bi jarduketa mota behar dira.

Lehenengo eta behin, Toki Inbertsioen Plan berria egin eta tramitatzen den bitartean presa aitortuko prozeduraren bidez eskaera berriak pilatzen jarraitzea saihestu beharra dago. Bestela, luzatu den eta neurri batean egungo beharrekin bat ez datorren araudi bati jarraikiz konpromisoak hartzen segitzeak atzerapenak eragin ditzake plan berriaren aurreikuspenetan eta ezarpenean. Halere, bidezkoa da obra berriak larrialdiko prozedura erabiliz sartzeko bidea zabalik mantentzea. Obren hasierako baimena emateko prozedura ere bere horretan utziko da, hau da, ez du etorkizuneko planean sartzeko eskubiderik emanen.

Bigarrenik, neurri berariazkoak behar dira 2012az geroztik luzatuta dagoen Toki Inbertsioen Planaren babeseko espedienteak antolatu eta bultzatzeko. Gaur egun, plan horretan eragin zuzena dute hiru foru legek, 16/2008, 13/2010 eta 3/2012 foru legeek alegia, bai eta arestian aipatutako 5/2009 Foru Dekretuaren 56 artikuluek ere. Arau sorta konplexua da, erabiltzen zaila, eta interpretatzeko orduan arazo ugari sortzen dituena. Horri eransten badiogu, luzea izateaz gain, zehaztu gabe uzten dituela garrantzizko zenbait alderdi, tramitatzeko baldintzei eta epeei dagozkienak, ez da harritzekoa inbertsio proiektu askoren abiadura motelarazi izana, are geldiarazi ere; horrek, zenbaitetan, proiektu horien jarraipena arriskuan jarri du, eta oztopo larriak ezarri ditu etorkizuneko Planerako erabiltzen ahalko den aurrekontuaz zentzuzko aurreikuspenak egiteko.

Kudeaketa arazo horiei gehitu behar zaizkie aurrekontuen arloko egonkortasunari buruzko legeria berriaren ondorioak, bereziki Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan jasotako xedapenek eta harekin lotutakoek eragindakoak.

Esandako guztiaren eraginez, urteak joan urteak etorri, xede honetarako kontu-sailen aurrekontu-gauzatzea ez da egokia izan. Eta horrek, azkenik, zerikusia izan du, ez nolanahikoa, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan duela zenbait urtetatik hona Toki Inbertsioen Planean erabili beharreko diru kopuruetan gertatu diren murrizketa zorrotzekin.

3. Lehenbailehen definitu, zehaztu edo argitu beharreko gai nagusiak, foru lege honetan mintzagai direnak, ondotik aipatzen dira.

Besteak beste, luzatutako egungo arauetan definitu gabe dauden edo irekiegiak diren zenbait epe zehazten dira.

Exekuzio proiektuetan eta/edo bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioaren egiaztapenetan akatsak zuzentzeko tramite eta epe batzuk ezartzen dira.

Bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioari buruzko azterketak hasiera batean emaitza negatiboa izaten duen kasurako alternatiba batzuk planteatzen dira.

Obrak hasteko zentzuzko epeak aurreikusten dira, bai eta balizko salbuespenak ere, behar bezala frogatutako interes publikoko arrazoiak tartean direnean. Horiek zehaztean, kontuan hartu da Toki Inbertsioen egungo Planaren luzapenean presa aitortuko prozeduraren bidez sartutako inbertsioei lehentasuna eman zitzaiela hain larritzat jo ez ziren beste behar batzuen gainetik, aldez aurretik definitutako irizpide tekniko batzuekin osatutako protokolo bati jarraikiz.

Obrak hasi eta amaitzeagatiko ordainketak jasotzeko eskaerak aurkezteko epeei eta betebeharrei dagokienez, aski izanen da obra aurreikusitako erabilera publikorako entregatu daitekeela ziurtatzen duen harrera-akta aurkeztea, enpresa kontratistaren adostasunik egon gabe ere.

Azkenik, akatsak zuzentzeko errekerimenduei osotara erantzuten ez zaienean, egindako obra edo obra zatiaren ikuskapena eginen dela aurreikusten da, aurreikusitako erabilera publikorako erabil ote daitekeen erabakitzeko. Baiezkoan, bidezkoa izanen da obraren jabeak eta zuzendaritzak (gutxienez) izenpetutako obra ziurtapenen bidez, bai eta fakturak edo kasuko kopuruak ordaindu izanaren ziurtagiriak aurkeztuz ere, frogatutako kostuaren zatiari dagokion ekarpen ekonomikoa ordaintzea.

Aipatutako azken bi neurriekin arrisku zehatz bati aurrea hartzen zaio, hain zuzen ere, obra egin duen enpresak, ados ez baldin badago harrerarako baldintzekin eta toki entitatearekin izenpetutako kontratuaren likidazioarekin, agiri horietan bere adostasuna adierazteari uko egiteko tentazioa izan dezake, presio neurri gisa, desadostasunak konpontzeko legez ezarritako bideetara jo beharrean.

4. Gainera, arlo honi buruzko erregulazioa argitu eta erraztu beharra dago, halako moduan non ez baita nahitaezkoa izanen lege eta erregelamendu mailako zenbait testu desberdin aldi berean erabili eta interpretatzea. Foru lege honen bidez, ukitutako toki entitate bakoitzak jakin dezake berehala zein den funtsean bere inbertsioaren egoera administratiboa.

Foru lege honen helburua da erantzun egokia ematea aipatutako gai guztiei.

1. artikulua. Foru legearen xedea.

Foru lege honen helburua da Toki Inbertsioen Planean sartuta dauden inbertsioak antolatu eta bultzatzea.

2. artikulua. Eskaera berriak onartzea.

1. Foru lege honek indarra hartu ondoren, ez da onartuko Toki Inbertsioen Planean sartzeko eskaera berririk urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen 9.2 artikuluan eta harekin lotutako xedapenetan jasotzen den presa aitortuko prozeduraz.

2. Foru lege honek indarra hartu ondoren, urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera larrialdiko obratzat kalifikatutakoei buruzko eskaerak onartuko dira.

3. Era berean, toki entitateek jarrai dezakete Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian obrak hasteko baimenak eskatzen, toki inbertsioen etorkizuneko planetan noizbait ere sartu ahal izateko, urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuaren 49. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

3. artikulua. Espedienteen tramitazioa.

1. Toki Inbertsioen Planean sartutako inbertsioei buruzko espedienteak foru lege honetan xedatutakoaren arabera tramitatuko dira, eta berariaz aurreikusirik ez dagoen kasuan, urriaren 24ko 16/2008 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamendua onetsi zuen urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.

2. Inbertsioa presa aitortukoa dela deklaratzen duen ebazpena foru lege honek indarra hartu aurretik jakinarazi baldin bada, gehieneko diru ekarpena ezartzeko eskatzen den dokumentazioa hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita.

Inbertsioa presa aitortukoa dela deklaratzen duen ebazpena foru lege honek indarra hartu ondoren jakinarazi baldin bada, gehieneko diru ekarpena ezartzeko eskatzen den dokumentazioa bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita.

3. Ez da inolako espedienterik tramitatuko toki entitateak uko egin badio eskatutako inbertsioari.

16/2008 Foru Legearen 17.1 artikuluko f) letran aipatzen den ukoa baliozkoa izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 90. eta 91. artikuluetan aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.

4. artikulua. Zuzenketa.

1. Azken epe bat emanen da, hilabetekoa, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, 16/2008 Foru Legearen 16. artikuluan aurreikusitako exekuzio proiektuetan dauden akatsak zuzentzeko, kasuko obraren xedea betetzeko eska daitezkeen baldintza teknikoak izateko eragozpena direnean.

2. Era berean, hilabeteko azken epea ematen da, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita, 16/2008 Foru Legearen 16. artikuluan aurreikusitako plan ekonomiko-finantzarioak zuzendu edo eguneratzeko, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak eguneratu gabe daudela edo akats teknikoak dituztela erabaki baldin badu toki entitateari jakinarazitako ekintza administratibo bidez, bai eta udalbatzen erabakiak zuzentzeko ere, foru lege horren 7. artikuluan jasotako finantzaketa konpromisoa barne.

Aurrekontu eta kontuei buruzko kontabilitateko espedienteak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 202.5 eta 242.5 artikuluek eta aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan foru lege hori garatzen duen 270/1998 Foru Dekretuaren 84. artikuluak aginduta bidali beharrekoak, aurkeztu ez dituzten toki entitate eskatzaileek aurkezteko azken epe bat izanen dute, hilabetekoa, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa aplikatuko da zuzentzeko errekerimenduak, eperik gabekoak, biltzen dituzten egintza administratiboak hartu dituzten toki entitateetan.

4. Aurreko idatz-zatietan aurreikusitakoa ez da aplikatuko zuzentzeko epe berariazkoak edo horien luzapenak jakinarazi direnean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. Akatsak zuzentzeko errekerimenduei behar bezalako erantzuna eman ezean, bidezkoa izanen da Toki Inbertsioen Planetik kanpo uzteko espedientea tramitatzea, 16/2008 Foru Legearen 17.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. artikulua. Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa.

1. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak ebaluatuko du inbertsioen bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa.

Inbertsioaren bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioak ebaluazio negatiboa jasotzen badu, toki entitateak hilabeteko epea izanen du, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, erabaki hauetako bat hartu eta Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko:

a) Inbertsioa bere finantza ahalmenera egokitzekoa.

b) Finantzaketarako formula alternatibo bat proposatzekoa.

c) 16/2008 Foru Legearen 9.2, 12.3, 14, 16.3 eta 17.1 artikuluetan aipatzen den salbuespeneko araubidean sartzeko eskatzea.

2. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren iritziz toki entitateak proposatutako konponbide alternatiboak zuzentzeko moduko akatsak baditu, hilabeteko azken epe bat emanen du zuzenketa egiteko.

3. Toki entitateak artikulu honen 1. idatz-zatian aipatzen diren erabakietako bat jakinarazten ez badu, edo akatsak zuzentzeko errekerimenduei behar bezalako erantzuna eman ezean, bidezkoa izanen da Toki Inbertsioen Planetik kanpo uzteko espedientea tramitatzea, 16/2008 Foru Legearen 17.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6. artikulua. Libreki zehaztu beharreko inbertsoei dagokien muga epea.

1. 16/2008 Foru Legearen 5. artikuluaren arabera libreki zehaztu beharreko inbertsioei dagozkien ekarpenak ordaintzeko eskatzeko azken eguna 2016ko abenduaren 1a izanen da.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako epean ordaintzeko eskatzen ez diren diru kopuruak diruzaintzako gerakinean sartuko dira.

7. artikulua. Obra jakin batzuen hasiera.

1. 16/2008 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan aipatzen diren obrak, hasi gabe daudenak, foru lege honek indarra hartu eta lau hilabeteko epean hasi beharko dira, baldin eta horien gehieneko ekarpen ekonomikoa foru lege honek indarra hartzen duenean zehazturik badago.

16/2008 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan jasotzen diren gainerako obrak lau hilabeteko epean hasi beharko dira, ekarpena ezartzen duen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuta.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa ez da aplikatuko plan zuzentzaileetako obretan, partikularren gaineko ukipenak daudenean; obra horiek foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean hasi beharko dira.

3. Obrak aurreko idatz-zatietan ezarritako epeetatik kanpo hasten badira, Toki Inbertsioen Planetik kanpo uzteko espedientea tramitatuko da, 16/2008 Foru Legearen 17.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, salbu eta salbuespeneko kasu batean, alegia, baimen berezia ematen bazaie, interes publikoaren onerako obrak atzeratzeko arrazoiak daudelako –toki entitateak frogatutakoak–, edo partikularren gaineko ukipenak ekartzen dituztelako, baina betiere inbertsioaren erabilera eta xedea babestuz.

4. Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, obren hasierako eguna zuinketaren aktan jasotakoa izanen da.

8. artikulua. Ordainketarako eskaerak, obra hasiera eta amaiera dela eta.

1. Obra hasierako ordainketarako eskaera, 5/2009 Foru Dekretuaren 48.1 artikuluak eskatutako dokumentazioarekin batera, hilabeteko epean aurkeztu beharko da, kontratua formalizatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Obra amaierako ordainketarako eskaera, 5/2009 Foru Dekretuaren 48.3 artikuluak eskatutako dokumentazioarekin batera, hilabeteko epean aurkeztu beharko da, obrak xede duen erabilera publikorako entregatu daitekeela frogatzen duen harrera akta egin eta biharamunetik kontatzen hasita, enpresa kontratistaren adostasunik ez badago ere.

3. Obra hasiera edo amaierako ordainketa egiteko eskaerak aurkezteko hilabeteko epea foru lege honek indarra hartzen duen egunetik hasita kontatuko da, kontratuaren egunaren edo obraren harrera aktaren egunaren ondotik bada.

4. Aurreko toki inbertsioen planetan sartutako obren amaierako dokumentazioa osatu eta, kasua bada, zuzendu beharko da hilabeteko epean, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita.

5. Ordainketarako eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, edo artikulu honetan aipatzen den dokumentazio guztia atxikirik ez badu, toki entitateari eskatu eginen zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak eransteko.

6. Zuzentzeko errekerimenduari behar den moduan erantzuten ez bazaio, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako obra edo obra zatia ikuskatuko du, aurreikusitako erabilera publikorako erabil daitekeen edo ez zehazteko. Baiezkoan, obraren jabeak eta zuzendaritzak (gutxienez) izenpetutako obra ziurtapenen bidez, bai eta fakturak edo kasuko kopuruak ordaindu izanaren ziurtagiriak aurkeztuz ere, Zerbitzuaren iritziz frogatuta dagoen kostuaren zatiari dagokion zenbatekoa ordaintzea bidezkoa izanen da.

9. artikulua. Gastu konpromisoak.

Proiektuak Toki Inbertsioen Planetik kanpo gelditzen badira, dagozkien gastu konpromisoak ere indarrik gabe geldituko dira.

Xedapen gehigarria .–Diruzaintzako gerakinaren xedea.

1. Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsa osatzen duten baliabide ekonomiko guztiak, kapital transferentzien arloan, aurrekontuetan erabili gabe badaude, edo jatorria ekitaldi itxietako ekonomian badute, diruzaintzako gerakin atxikitzat hartuko dira.

2. Gerakin hori, lehenengo eta behin, foru lege honetan xedatutakoa aplikatuta sortzen diren gastu konpromisoak finantzatzeko erabiliko da.

3. Aurreko idatz-zatian aipatutakoari aplikatu ondoren gerakin horretan gelditzen diren baliabide ekonomikoak etorkizunean toki inbertsioetarako onesten den planaren zuzkidura handitzeko erabiliko dira.

Xedapen indargabetzailea .–Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditu dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko martxoaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1602612

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web