31/2016 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 15EKOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, 113 EREDUA ONESTEN DUENA: “EUROPAR BATASUNEKO EDO EUROPAKO EKONOMIA GUNEKO KIDE DEN BESTE ESTATU BATERA, HAREKIN TRIBUTU ARLOKO INFORMAZIO TRUKE EGIAZKOA BALDIN BADAGO, BIZITOKIA ALDATZEAREN ONDORIOZKO ONDARE-GEHIKUNTZARI BURUZKO DATUAK JAKINARAZTEA”
BON N.º 48 - 10/03/2016
ERANSKINA.
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 24ko 23/2015 Foru Legearen bidez, berrogeita seigarren xedapen gehigarri berria eransten da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia).
Xedapen horren bidez ezartzen denez, zergadunak izaera hori galtzen duenean egoitza aldatzeagatik, ondare-gehikuntzatzat hartuko dira zergadunaren titularitateko edozein entitate motaren akzioek edo partaidetzek merkatuan duten balioaren eta haien eskuratze-balioaren arteko diferentzia positiboak, baldin eta, zerga honen aitorpena aurkeztu beharreko azken zergaldia baino lehenagoko hamabost zergaldietatik hamarretan, gutxienez, zergaduna egoiliarra izan bada, eta inguruabar hauetakoren bat tartean bada:
a) Xedapen horren 3. idatz-zatian aipatzen diren akzio edo partaidetza guztien merkatuko balioa 4.000.000 eurotik gorakoa izatea.
b) Aurreko a) letran aurreikusitakoa betetzen ez denean, zerga honen aitorpena aurkeztu beharreko azken zergaldiko sortzapen datan entitateko partaidetza %25etik gorakoa izatea, entitate horretako akzioen edo partaidetzen merkatuko balioa, xedapen honen 3. idatz-zatian aipatzen dena, gutxienez, 1.000.000 eurotik gorakoa bada.
Ondare-gehikuntzak aurrezkiaren errentaren zati izanen dira, eta zerga honetan aitorpena egin behar den azken zergaldiari dagokion zerga-oinarrian sartu beharko dira, erregelamendu bidez ezarritako baldintzekin eta, hala behar denean, autolikidazio osagarria eginda eta inolako zehapenik, berandutze interesik eta errekargurik ezarri gabe.
Nolanahi ere, bada espezialitate bat ondare-gehikuntza horien tratamenduan Egoitza Europar Batasuneko estatu batera edo Europako Ekonomia Guneko kide den estatu batera aldatzen bada (Espainiarekin zerga arloko informazioaren egiazko trukea duena, Iruzur Fiskalari Aurre egiteko neurriei buruzko azaroaren 29ko 36/2006 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 4. atalean aurreikusitako moduan).
Zergadunak espezialitate hori aplikatzea erabakitzen badu, ondare-gehikuntzak autolikidazioa egin beharra ekarriko du, soilik, zerga honetan aitorpena egin beharreko azken zergaldiaren hurrengo hamar zergaldien epean inguruabar hauetako bat gertatzen bada:
1. Lehena. Akzioak edo partaidetzak inter vivos eskualdatzea.
2. Zergadunak Europar Batasuneko edo Europako Ekonomia Guneko kide den estatu bateko egoiliarra izateari uztea.
3. Ondoko paragrafoan zehazten den jakinarazi beharra ez betetzea.
Xedapen horren 6.c) atalarekin bat, zergadunak zerga administrazioari jakinarazi beharko dizkio alderdi hauek, erregelamenduz zehazten den moduan: aurreikusitako berezitasunak aplikatzea aukeratu duela, agerian jartzen den ondare-gehikuntza, egoitza zein estatutara aldatu behar duen, helbidea adierazita, bai eta ondorengo aldaketak ere, eta akzioen eta partaidetzen titulartasuna ez duela aldatuko.
Adierazitako espezialitateei heldu gogo dien zergadunek jakinarazi behar hori betetzea errazteko asmoz, beharrezkoa da 113 eredua onestea: “Europar Batasuneko edo Europako Ekonomia Guneko kide den beste estatu batera, harekin tributu arloko informazio truke egiazkoa baldin badago, bizitokia aldatzearen ondoriozko ondare-gehikuntzari buruzko datuak jakinaraztea”.
Horrenbestez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren berrogeita seigarren xedapen gehigarriko 6 c) atalean ezarritakoarekin bat eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluak emandako gaikuntza erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . 113 eredua onestea.
1. 113 eredua onesten da: “Europar Batasuneko edo Europako Ekonomia Guneko kide den beste estatu batera, harekin tributu arloko informazio truke egiazkoa baldin badago, bizitokia aldatzearen ondoriozko ondare-gehikuntzari buruzko datuak jakinaraztea”. Foru agindu honen eranskinean dago jasota.
2. 113 eredua paperez edo telematika bidez aurkez daiteke, 5. artikuluan ezarritakoarekin bat.
2. artikulua . 113 eredua aurkeztera behartuak daudenak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek aurkeztu behar dute jakinarazpen hori, batetik, beren izaera galtzen badute Europar Batasuneko edo Europako Ekonomia Guneko kide den beste estatu batera, harekin tributu arloko informazio truke egiazkoa baldin badago, bizitokia aldatzearen ondorioz, Iruzur Fiskalari Aurre egiteko azaroaren 29ko 36/2006 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 4. atalean aurreikusi bezala, eta, bestetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren berrogeita seigarren xedapen gehigarriaren 6. atalean aurreikusitako espezialitateak aukeratu nahi badituzte.
3. artikulua . 113 ereduaren edukia
1. Datu hauek izan behar ditu jakinarazpen horrek:
a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren berrogeita seigarren xedapen gehigarriaren 6. atalean aurreikusitako espezialitateak aplikatzeko aukera.
b) Agertutako ondare-gehikuntza.
c) Akzioen edo partaidetzen titulartasunari eustea.
d) Bizitokia aldatzeagatik ondare-gehikuntza ekarri duten akzioak edo partaidetzak identifikatzea, baita titulartasunaren portzentajea ere.
e) Akzioen edo partaidetzen merkatuko balioa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren berrogeita seigarren xedapen gehigarriaren 3. atalean aipatzen dena.
f) Bizitokia noiz aldatu zen, zer Estatutara aldatu zen bizitokia, helbidea adierazita, baita ondoren helbidea aldatu duen ere.
g) Akzioak edo partaidetzak inter vivos eskualdatzen badira, eskualdaketaren balioa.
2. Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazpen horren bidez helarazten zaizkion datuak zergadun indibidual bakoitzari dagozkio.
4. artikulua . 113 eredua aurkezteko epea.
1. Leku aldaketa egiten denetik zergadunak leku aldaketaren ondorioz izaera hori galdu duen lehenbiziko ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen epea amaitzen den arte aurkeztu behar da jakinarazpena.
2. Helbidearen ondorengo aldaketak bi hilabeteko epean jakinarazi behar dira, aldaketa egiten denetik hasita.
113 eredua aurkeztea ez da inola ere Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 37. artikuluan aipatzen den helbide aldaketaren jakinarazpentzat hartuko. Horretarako, “Helbide aldaketaren edo norberaren edo familiakoen datuen aldaketaren berri ematea. Bikote egonkorren erregistro fiskala” izeneko 030 eredu berria onesteko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak apirilaren 4an eman 117/2014 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.
5. artikulua . 113 eredua aurkezteko moduak.
Fidantza modu hauetako edozeinetan eratu ahalko da:
a) Paper inprimatuan, foru agindu honen eranskinean ezarritako ereduaren arabera; bi ale ditu, “Administrazioarentzako alea” eta “Interesdunarentzako alea”. Inprimaki hori Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakiak sortzeko duen zerbitzuan lortuko da, beste inon ez, eta Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean eskuratzen ahal da.
b) Telematika bidez, Internet erabiliz, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.
6. artikulua . 113 ereduaren internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.
1. Jakinarazpenaren aurkezpen telematikoa baldintza hauen pean dago:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz, edo, bestela, bere identifikazio pertsonalerako kodea (PIN), Nafarroako Zerga Ogasunak emana, nortasuna frogatu ahal izateko.
Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.
d) Aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.
e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.
2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.
7. artikulua . 113 ereduaren internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko prozedura.
Jakinarazpenaren aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin nahi den eskaeraren eredua hautatu, eta eskaera aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Eskaera bete ondoren, igortzeko aukera erabili.
Eskaera egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da eskaera aurkeztu. Eskaera onartzen bada, Zerga Ogasunak pantailan haren datuak itzuliko ditu, egiaztapen kode seguru batekin eta aurkezpenaren ordu eta egunarekin balioztatuak. Eskaera onartu eta balioztatua inprimatu beharko da, kode elektronikoa barne.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA.