(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2016 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 18KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ, URTEKO AITORPEN INFORMATIBOEN ZENBAIT EREDU NAFARROAKO ZERGA OGASUNEAN AURKEZTEKO EPEA EZARTZEN DA.

BON N.º 15 - 25/01/2016



Atariko

Betebehar formalen eremuan, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 27.5.f) artikuluak xedatutakoaren arabera, tributudunek beren edo hirugarrenen zerga betebeharrei lotutako eta gorde beharreko liburuak, erregistroak, dokumentuak eta informazioa zerga administrazioari aurkeztu behar dizkiote, baita zerga ondorioak dituen edozein datu, txosten, aurrekari eta egiaztagiri ere. Agindu horretan ezarritakoaren arabera, erregelamendu bidez arautuko dira zerga betebehar horiek betetzeari lotutako inguruabarrak.

Bestetik, lege-testu horren 103. eta 104. artikuluetan ezarritakoaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko guztiek, pribatuek zein publikoek, eginkizun publikoak dituzten agintariek eta nortasun juridikorik ez eduki arren unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateek zergen arloan garrantzitsuak izan daitezkeen datu, txosten edo aurrekari guztiak aurkeztu behar dizkiote zerga administrazioari, beren zerga betebeharrak betetzeari lotutakoak edo beste pertsona batzuekiko ekonomia edo lanbide harremanen ondoriozkoak direnak. Betebehar horiek, oro har, erregelamendu bidez zehazten diren epeetan edo banakako errekerimenduen bidez beteko dira.

Betebehar horiek ezartzen dira ekonomia, finantza eta lanbide informazioaren datuak ezinbesteko elementuak direlako zerga administrazioak zergadunen zerga-egoera behar bezala egiaztatu eta likidatzeko, eta zergadunei behar dituzten laguntza eta informazioa emateko, beren zerga betebeharrak zuzen eta garaiz bete ditzaten. Ildo horretatik, zerga administrazioak zergen arloan garrantzitsuak izan daitezkeen datuak, tributudunari berari edo hirugarrenei buruzkoak, eskuratzeko erabiltzen duen oinarrizko tresna da aitorpen informatiboa.

Horrenbestez, kontuan harturik zergen kudeaketa modernoak zerga administrazioak eskuragarri duen informazioaren kalitatea hobetu behar duela, eta horren ondorioz zergen kudeaketari lotutako kostuak murrizten direla eta zerga betebeharrak betetzea errazten dela, eta baliabide publikoak eraginkorrago aprobetxatzen direla, bidezkoa da aitorpen informatibo gehienak aurkezteko epeak egun batzuk luzatzea, tributudunek errazago bete ditzaten.

Urriaren 10eko 126/2005 Foru Dekretuak urteko aitorpen informatiboen eredu batzuk Nafarroako Zerga Ogasunari aurkezteko epea ezartzen du, eta urte bakoitzeko urtarrilean bateratu zuen aurkezteko epea, edozein dela ere erabiltzen den euskarria. Horren ondorioz, bere xedapen indargabetzailearen 2. atalak indarrik gabe utzi zituen aitorpen informatibo hauek aurkezteko epeak: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 62. eta 90.2 artikuluetan ezarritakoak eta Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 40.2 artikuluan ezarritakoak.

Horrez gain, foru dekretu horren xedapen gehigarri bakarrean Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena eman zitzaion foru dekretuan bertan aipatzen diren aitorpen informatiboak aurkezteko modua, tokia eta epea zehazteko.

Foru agindu honen bidez ahalmen hori erabiltzen da, aipatu aitorpen informatiboak aurkezteko epea urte bakoitzeko otsailaren 5era arte luzatzeko, indarra hartzen duenetik. Horrela isilbidez indarra galtzen dute aipatu foru dekretuan ereduak aurkezteko ezarritako epeek, bai eta gaur arte eredu bakoitza arautzeko onetsi diren foru aginduetan ezarritakoek ere.

Bestetik, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenari dagokionez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46. artikuluarekin bat, zerga arloko informazioa emateko legez nahitaezkoak diren betebeharrak betetzeko xedea duten aitorpenak Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan aurkeztu beharko dira, zein bere araudiaren arabera, honako irizpide hauen arabera:

a) Enpresa eta lanbide jarduerak egiten dituzten tributudunen kasuan, jarduera horiek ikuskatzeko eskumena duten administrazioan.

b) Enpresa edo lanbide jarduerarik egiten ez duten tributudunen kasuan, segun helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean edo lurralde erkidean duten.

Horrenbestez, metatutako eskarmentua dela bide, tributuen kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko, eta tributudunek eta Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaileek zerga betebeharrak errazago bete ditzaten, kontuan harturik urtarrilaren azken egunetan zerga aitorpen asko aurkeztu behar direla, foru agindu honetan aipatzen diren urteko aitorpen informatiboen ereduak aurkezteko epea urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta otsailaren 5ean bukatuko.

Urriaren 10eko 126/2005 Foru Dekretuan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ematen zaion ahalmena Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari dagokiola ulertu behar da.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Aitorpen informatibo batzuk aurkezteko epea.

1. Jarraian adierazten diren urteko aitorpen informatiboen ereduak Nafarroako Zerga Ogasunari aurkezteko epea, aurreko urteko eragiketei dagokienez, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta otsailaren 5ean bukatuko, biak barne.

- H-70 eredua: Etxebizitzen sustatzaileek horien erosketa prezioaren kontura jasotzen dituzten kopuruen aitorpen informatiboa.

- 180 eredua: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Hiri higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta edo etekin batzuei dagozkien atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena.

- 181 eredua: Maileguen, kredituen eta ondasun higiezinei lotutako finantza-eragiketen aitorpen informatiboa.

- 182 eredua: Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa.

- 186 eredua: Etxebizitza kontuen aitorpen informatiboa.

- 187 eredua: Inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena, akzio edo partaidetza horiek eskualdatu edo itzultzearen ondorioz lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez.

- 188 eredua: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren konturako diru-sarreren eta atxikipenen urteko laburpena, bizitza edo elbarritasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren errentei edo etekinei dagokienez.

- 190 eredua: Lan etekinengatik, enpresa eta lanbide jarduera batzuengatik, sariengatik eta errenta-egozpen batzuengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena.

- 192 eredua: Altxorraren letrekin egindako eragiketen urteko aitorpen informatiboa.

- 193 eredua: Ondasun higigarrien kapitalaren zenbait etekinengatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta, zenbait errentarengatik, sozietateen gaineko zergarako eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarako egindako atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena.

- 194 eredua: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Besteren kapitalak eskuratu eta erabiltzetik datorren edozein aktibo amortizatu, itzuli, trukatu edo bihurtzetik sortutako kapital higigarriaren etekinen eta errenten gaineko atxikipenak eta konturako sarrerak. Urteko laburpena.

- 196 eredua: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Kapital higigarriaren etekinak eta edozein finantza-erakundetako kontuen ondoriozko kontraprestaziotik sortutako errentak, finantza-aktiboen gaineko eragiketetan oinarrituak barne. Horien gaineko atxikipenak eta konturako sarrerak, eta pertsona baimenduen eta edozein finantza-erakundetako kontuen saldoen urteko aitorpen informatiboa.

- 198 eredua: Finantza-aktiboekin eta bestelako higigarri-baloreekin egindako eragiketen urteko aitorpena.

- 199 eredua: Kreditu entitateen eragiketak identifikatzeko urteko aitorpena.

- 270 eredua: Atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena. Zenbait loteria eta apusturen sarien gaineko karga berezia.

- 291 eredua: Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Ez-egoiliarren kontuen aitorpen informatiboa.

- 296 eredua: Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena.

- 345 eredua: Planak, pentsio-funtsak, sistema alternatiboak eta gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezki sistematikoaren banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta menpekotasun aseguruak. Urteko aitorpena.

- 346 eredua: Entitate publiko edo pribatuek nekazariei edo abeltzainei ordaindutako diru-laguntzen eta kalte-ordainen aitorpen informatiboa.

2. Artikulu honetako 1. atalean aitorpenak aurkezteko aipatzen den epea nahitaez aplikatuko zaie bai paper inprimatuan, bai ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian, bai baliabide telematikoen bidez aurkezten diren aitorpenei.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2015. urteari dagozkion aitorpenei aplikatuko zaie lehen aldiz.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web