268/2015 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 23KOA, LEHENDAKARITZAKO, FUNTZIO PUBLIKOKO, BARNEKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN 2016KO LAN EGUTEGIA ONESTEN DUENA
BON N.º 258 - 30/12/2015
Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 210/2015 Ebazpenaren bitartez Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2016ko jaiegunen egutegi ofiziala erabaki ondoren, bidezkoa da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2016ko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa onestea, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera.
Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, esaterako lanaldiko atsedenaldia, prestakuntzarako ikastaroetara joatea eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.
Foru agindu honen edukia Mahai Orokorrean negoziatu da erakunde sindikalekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz, AGINDU DUT:
1. artikulua . Aste barreneko jaiegunak zehaztea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aste barreneko jaiegun hauek izanen dituzte 2016an:
Urtarrilaren 1a: Urteberri.
Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
Martxoaren 24a: Ostegun Santua.
Martxoaren 25a: Ostiral Santua.
Martxoaren 28a: Pazko biharamuna.
Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. 12:00etatik aurrera jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
Uztailaren 7a, 8a eta 9a: Sanferminak. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
Uztailaren 25a: Santiago eguna.
Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.
Urriaren 12a: Espainiako Festa Nazionala.
Azaroaren 1a: Santu Guztien eguna.
Azaroaren 29a: San Saturnino. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.
Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.
Abenduaren 26a: Eguberri biharamuna.
2. Iruñean lan egiten ez duten langileentzat jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2016ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herriko festa eguna. Gainera, lan egiten den herriko zaindariaren festak direla-eta, jaiegun izanen dira festen hasierako eguna, 12:00etatik aurrera, eta hiru egun gehiago, herriko zaindariaren festak direla-eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat jaiegun izanen diren astelegunak ezartzen dituen Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenean xedatzen denari jarraikiz.
3. Aurreko atalean xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren festei eta herriko festei dagozkien jaiegunen ondorioetarako, zerbitzua Antsoainen, Barañainen, Berriozarren, Atarrabian, Burlatan, Zizur Nagusian, Zizurren, Mutiloan eta Sarrigurenen ematen duten langileak. Izan ere, haientzako jaiegunak Iruñerako ezarritako berberak izanen dira, hots, uztailaren 6a, 12:00etatik aurrera, uztailaren 7a, 8a eta 9a, eta azaroaren 29a.
2. artikulua . Urteko lanorduen banaketa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan urteko lanorduen kopurua 1.592koa izanen da eta honela banatuko da:
1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, ordutegiaren zati finkoa 9:00etatik 14:30era izanen da; gainerako ordutegia langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 17:00etara.
Ordutegi malgua ezarrita ez duten lekuetan, nahitaez aritu beharko da 8:00etatik 15:00ak arte; gainerako 20 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:40tik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte.
3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:
A) Sanferminak bitartean, 12 ordu eta 40 minutuko murrizketa lan ordutegian. Lan ordutegia hauxe izanen da:
a) Uztailaren 6a: San Fermin bezpera, ordutegi finkoa, 8:00etatik 12:00etara.
b) Uztailaren 11, 12a, 13a eta 14a, Sanferminak: ordutegi finkoa, 9:00etatik 14:00etara.
B) 1 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.
4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:
A) Kasuan kasuko herriko festak direla-eta, 12 ordu eta 40 minutuko murrizketa lan ordutegian, leku bakoitzaren ezaugarrien arabera banatu beharrekoa. Denbora hori Iruñean lan egiten duten langileei arrazoi horregatik dagokien berbera da.
B) Herriko festak bitartean, lehen aipatutako orduez gainera, gutxienez hiru egun oso ere eman beharko dira, Iruñean lan egiten duten langileek uztailaren 7an, 8an eta 9an hartzen dituzten egun horien baliokide gisa.
C) 1 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.
Herri bateko festen iraupena edo banaketa dela eta, ezinezko bada A) eta B) ataletan ezarritako konpentsazio osoa hartzea, adierazitakoari jarraikiz hartu ezin diren murrizketa-orduak atal honetan aurreikusitako ordu-poltsan sartuko dira.
5. Aurreko idatz-zatietan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla-eta, lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat (lana txandaka, gauez, etab.) dutenei, ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.
Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion mahai orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.
6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetan ezarritako lan ordutegiaz bestelako bat izatea baimen dezake, goiko atalean aipatutako mahai orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren, eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.
3. artikulua . Lanaldiko atsedenaldia.
Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.
4. artikulua . Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.
1. Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute.
2. Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak jasotzeko.
5. artikulua . Norberaren arrazoiak direlaeta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.
1. Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendukoen artean egonen dira norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko eta lantokitik ateratzeko kasu guztiak.
2. Langileak arreta medikoa behar duenean alde batera utzita, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak erabili beharko dira nahitaez, edo foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: F1517252