(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

281/2015 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 23KOA, “VIANAKO PRINTZEA” KULTURA SARIA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 258 - 30/12/2015



Atariko

1990ean, Nafarroako Gobernuak “Vianako Printzea” Kultura Saria sortu zuen, kulturaren eremuan, batez ere Nafarroaren errealitateari loturik, nabarmendu diren pertsona eta erakundeen ibilbide baliotsua goraipatzeko.

2010ean, “Vianako Printzea” saria “Vianako Printzea” Nafarroako nazioarteko sarien barrenean gelditu zen, Elkartasunaren sariarekin eta Mendekotasunaren Arretaren sariarekin batean, eta 2010eko eta 2011ko edizioetan, batera egin ziren hiru sarietarako deiak eta batera eman ziren.

2012. urtean, egoera ekonomikoaren eta Nafarroako Gobernuak eta, oro har, erakunde publiko guztiek gastuak zorrotz eta austeritatez murrizteko hartutako irizpideen ondorioz, komenigarri izan zen “Vianako Printzea” Kultura Sariak lehen zuen formatura itzultzea, xumeagoa eta gastu txikiagokoa, bi hamarkadatan erabilia izan baita; beraz, ongi errotutako tradizioa du.

Azkeneko aldietan hartutako eskarmentuarengatik, 2013. urtean komenigarritzat jo zen arauketa aldatzea, hautagaiek Nafarroarekin zuten lotura berreskuratuz eta epaimahaiaren osaera aldatuz: berriz ere Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kideek eratuko zuten.

Gaur egun beharrezkotzat jotzen da arauketan aldaketa berri bat egitea, saria ohorezkoa bakarrik izan dadin, zuzkidura ekonomikorik gabea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Vianako Printzea” Kultura Saria urtero emanen da.

2. “Vianako Printzea” Kultura Sariaren helburua izanen da kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana aintzat hartzea, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

3. Kultura arloko departamentu eskudunak egin eta kudeatuko du “Vianako Printzea” Kultura Sarirako deialdia, eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio epaimahaiak hartzen duen erabakia.

4. Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kideek osatuko dute Sariaren Epaimahaia. Kontseilu horretako idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

5. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaiak aztertuko ditu, eta, bakoitzaren merezimenduez gainera, hautagaiak Nafarroarekin duen lotura berezia ere baloratuko du.

6. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, foru dekretu baten bidez, epaimahaiak egindako proposamenak ikusita.

7. Erabakitzen den egunean emanen da saria.

8. Indarrik gabe gelditzen da 11/2013 Foru Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, “Vianako Printzea” Kultura Saria sortzen duena.

9. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Iruñean, 2015eko abenduaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1517253

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web