(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2015 FORU LEGE DEKRETUA, abenduaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri jakin batzuen indarraldia 2016. urtera luzatzen dituena.

BON N.º 257 - 29/12/2015; corr. err., BON 31/12/2015



Zioen azalpena

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri jakin batzuen indarraldia 2015. urtera luzatu eta haien montepioetako klase pasiboen pentsioak eguneratu zituen abenduaren 29ko 2/2014 Foru Lege Dekretuaren zioen azalpenean adierazten denez, Nafarroako Parlamentuak, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri batzuk onetsi zituen. Aipatu neurriak, funtsean, ekonomiaren eta aurrekontuen orduko egoeran oinarriturik hartu ziren, eta horietako gehienen indarraldiari dagokionez, erabaki zen 2012. urtera mugatu zela, eta gerora erabakiko zela hurrengo urteetan luzatuko zen ala ez.

Abenduaren 26ko 25/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako Parlamentuak 2013. urtera luzatu zituen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legean aurreikusitako zenbait neurri. Modu berean, abenduaren 30eko 1/2013 Foru Lege Dekretuaren bidez eta abenduaren 29ko 2/2014 Foru Lege Dekretuaren bidez, neurri berak 2014. urtera eta 2015. urtera luzatu ziren, hurrenez hurren.

Neurri horien indarraldia 2015era luzatzea eragin zuten inguruabarrak aldatu ez direnez, beharrezkoa da 2016. urtera ere luzatzea, eta horretarako, beharrezkoa da lege-mailako arau bat garatzea.

Ildo horretan, Foru Lege Dekretuan jasota dago 2013an, 2014an eta 2015ean indarra izan duten neurri berberen luzapena, salbu eta Osasun Laguntzaren Zerbitzuko “Erabilera berezia” delako modalitateko tarifetan mugak ezartzeari dagokiona, Nafarroako Administrazio publikoetako montepioetako langileak Osasun Sistema Nazionalean sartzeak berarekin dakarrelako kentzea langile horiek orain arte izan duten Osasun Laguntzaren Zerbitzua, Nafarroako Foru Diputazioak 1973ko abuztuaren 24an hartutako Erabakiaren bidez eta abuztuaren 19ko 186/2002 Foru Dekretuaren bidez arautua. Hauek dira aipatutako neurriak:

–Langileek zerbitzu aktiboan segitzeko luzapena etetea.

–Zerbitzuagatiko dietak kentzea.

–Nafarroako Gobernuko kideei eta gainerako goi karguei dagozkien neurriak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluak hauxe ezartzen du 1. idatz-zatian:

“1. Kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak ematen ahalko ditu, foru lege dekretuaren forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege dekretuaren xede izan lege organiko honetan araututako nafarren eta Foru Komunitateko erakundeen eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organikoaren berrikuntza edota hori garatzeko emandako foru legeena, hauteskunde-legedia eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak”.

Batetik, lehenago deskribatutako inguruabarrak, eta, bestetik, 2016ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legerik ez izateak, Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua tramitatzeko Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2015eko abenduaren 1eko bilkuran onetsi zuen egutegiaren arabera, Legebiltzarreko osoko bilkura 2016ko urtarrilaren 28an egitea aurreikusi baita, beharrezko egiten dute foru lege dekretu bat onestea, kasu berezi eta oso presakoa delako, aipatutako lege organikoaren artikuluak eskatzen duen bezala, alegia, langileen arloko presako neurri horiek 2016ko urtarrilaren 1ean hartu behar dutela indarra.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak.

2016. urtera luzatzen dira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak, hots, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen 1., 5. eta 8. artikuluetan aurreikusitakoak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena .–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta 2016ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko abenduaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1517248

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web