(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2015 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abenduaren 16koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea aldatzen duena. Haren bidez, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautu ziren.

BON N.º 252 - 21/12/2015



ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 36. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeak puntualki aldatu zuen Ingurumenaren arloko fiskalitate neurriak eta tributu eta finantza arloetako beste neurri batzuk ezartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legearen 5. artikulua, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren karga-tasei 0,66ko koefizientea aplikatzea 2016ra luzatzeko asmoz.

Horrenbestez, Ingurumenaren arloko fiskalitate neurriak eta tributu eta finantza arloetako beste neurri batzuk ezartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legea aldatuta egonik, beharrezkoa da tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau ematea, bere aldetik, Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautu zituen martxoaren 18 11/2015 Foru Legearen bigarren artikulua aldatzeko, Estatuan unean-unean indarra duten funtsezko arau eta arau formal berak aplika daitezen Foru Komunitatean, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergari dagokionez.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 16an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen 2. artikuluko 18. idatzzatia aldatzea. Haren bidez, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegiefektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kredituerakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dira.

Honako hau izanen da Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautzen dituen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen 2. artikuluko 18. idatz-zatia:

“Hemezortzigarren idatz-zatia.–Xedapen iragankor bakarra. 2015 eta 2016 ekitaldietan aplikatu beharreko zerga-tasak.

2015 eta 2016 ekitaldietan, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergan aplikatu beharreko zerga-tasak kalkulatzeko, 11. idatz-zatiko tasak 0,66 koefizientearekin biderkatuko dira.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2015eko abenduaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1516872

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web