2/2015 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abenduaren 16koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.
BON N.º 252 - 21/12/2015
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.
Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.
Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.
2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeak puntualki aldatu zuen Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea, hura Europar Batasuneko araudira egokitzeko asmoz, ondasunak Europar Batasunetik kanpo ondasunak esportatzearekin lotura zuzena duten zerbitzuak ematea salbuesteari dagokionez.
Bestalde, 250.000 eurora igo zuen ondasunak eskuratu eta inportatzeko gehieneko muga, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia aplikatzeko.
Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez, Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak.
Gainera, beharrezkoa da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 47.1 artikuluko laugarren eta bosgarren paragrafoak aldatzea, zehazteko ezen, kenkarien araubidean, enpresaren edo lanbidearen jarduerako sektore berezituetan, araubide erraztuaren bidez zergak ordaintzen dituzten jarduerek ez dutela kenkarirako eskubidea sortzen, salbu eta foru lege horren 68.5.3 artikuluan aurreikusitako ondasunak eskuratzean jasandako kuotak badira.
Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 16an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu:
Bat.–18.5 a) artikulua.
“a) Honako hauei ematea: esportazio horiek egiten dituztenei, ondasunen hartzaileei, haien aduanako ordezkariei edo batzuen edo besteen kontura ari diren garraio-kudeatzaileei eta kontsignatarioei.”
Bi.–47.1 artikulua, laugarren eta bosgarren paragrafoak.
“Ondasunak edo zerbitzuak hainbat jarduera sektore berezituetan batera erabiltzeko eskuratu edo inportatzen direnean, 50. artikuluko 2. idatz-zatian eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da eskurapen edo inportazio horietan jasandako kuotei zer kenkari portzentaje aplikatzen ahal zaien zehazteko; horretarako, sektore berezitu bakoitzean egindako eragiketak kontatuko dira, eta kontuan hartuko da ez dutela kenkarirako eskubiderik sortzen nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziko edo baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziko eragiketek, ezta araubide erraztukoek ere, kenkari portzentajea aplikatzen zaienean 68.5.3 artikuluan jasotakoez bestelako ondasunei edo zerbitzuei.
Aurreko lerroaldean xedatutakoaren salbuespen gisa, entitate taldearen jarduera sektore berezituan egindako eragiketak ez dira kontuan hartuko.”
Hiru.–69.2.6 artikulua.
“6.a Aurreko urtean, enpresaburuek edo profesionalek beren enpresa edo lanbide jarduera guztietarako eskuratu eta inportatutako ondasun eta zerbitzuak, ibilgetuko elementuei buruzkoak kenduta, 250.000 eurotik gorakoak direnean, balio erantsiaren gaineko zerga kanpo.
Aurreko urtean jardueraren bat hasi bada, eskuratu eta inportatutakoaren zenbatekoa urtean sartuko da.”
Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.
Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek 2016ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, 1. eta 2. idatz-zatian xedatutakoak izan ezik, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen baititu ondorioak.
Iruñean, 2015eko abenduaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1516873