(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

25/2015 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 22KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN BATXILERGOKO IRAKASKUNTZEN CURRICULUMA EZARTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 127 - 02/07/2015



Zioen azalpena

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu du.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6. bis artikulu berriaren arabera, Gobernuari dagokio, besteak beste, oinarrizko curriculuma diseinatzea, irakaskuntzako helburu, gaitasun, eduki, ebaluazio irizpide eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandar eta emaitzen aldetik, lege organiko honek aipatzen dituen titulazioek Estatu osoan ofizialtasuna eta balioa izanen dutela ziurtatzeko.

Batxilergoko oinarrizko curriculuma abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu da. Nabarmentzekoa da hezkuntzaren erreforma honetan curriculumak antolaketa berria duela, irakasgaiak multzoka banatuta daudelarik: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak.

Enborreko irakasgaien multzoan bermatzen dira prestakuntza sendoa eskuratzea eta goi mailako hezkuntzan ikasketei etekina ateratzen jarraitzea ahalbidetzen duten ezagutzak eta gaitasunak, ikasle guztiendako komunak izan behar duten eta, edozein kasutan, etapa bukaerako proban ebaluatu beharko diren irakasgaietan.

Irakasgai espezifikoen multzoak autonomia handiagoa uzten du irakasgaien ordutegiak eta edukiak finkatzerakoan eta, orobat, irakasgaien eskaintza zehazteko.

Azkenik, autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaien multzoak autonomia maila handiena du eta bertan, hezkuntza administrazioek eta, bere kasuan, ikastetxeek berek diseinatutako irakasgaiak eskain ditzakete, hala nola, enborreko irakasgaien edo irakasgai espezifikoen zabalkuntzak.

Irakasgaien oinarrizko curriculuma eduki multzoetan, ebaluazio irizpideetan eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarretan antolatu da eta horiek erreferentzia gisa hartuko dira curriculumaren zehaztapenaren plangintzarako eta irakaskuntzaren programaziorako, etapari dagozkion helburuak eta gaitasunak erdiesteko xedearekin.

Zazpi gaitasun zehaztu dira, 2006ko abenduaren 18an Europako Parlamentuak eta Kontseiluak etengabeko prestakuntzarako gaitasun giltzarriei buruz emandako 2006/962/EC Gomendioa aintzat harturik.

Gaitasunak ekintza eraginkor bat lortzeko batera mobilizatzen diren abilezia praktikoen, ezagutzen, motibazioen, balio etikoen, jarreren, emozioen eta beste zenbait osagai sozialen eta portaerarekin loturiko osagaien konbinazioa dira. Beraz, praktikako ezagutza bezala ulertzen dira, alegia, jardun sozialetan parte-hartze aktiboa izanez eskuratutako ezagutza gisa. Jardun sozial horiek, halakoak izanik, hezkuntza formalaren testuinguruan, curriculumaren bitartez, zein hezkuntza ez-formaleko eta informaleko testuinguruan gara daitezke.

Gaitasunak, hartara, askotariko testuinguru akademiko, sozial eta profesionaletan aplikatzen den “egiten jakitea” bezala kontzeptualizatzen dira. Testuinguru desberdinetara transferitu ahal daitezen, ezinbestekoa da gaitasunetan dagoen ezagutza ulertzea, eta ezagutza hori gaitasunak osatzen dituzten abilezia praktikoekin edo trebetasunekin lotzea.

Hezkuntzako araudi berriaren berritasunetako bat da gaitasun jakin batzuen eskuratze mailaren gaineko banakako ebaluazioa eginen zaiela ikasleei etapa bukaeran. Titulua eskuratzeko nahitaezkoa izanen da banakako ebaluazio hori gainditzea.

1105/2014 Errege Dekretuko 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioz eta kontuan hartuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 47. artikulua eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuena, Nafarroako Gobernuak Batxilergoko curriculum hau garatu du bere eskumenen esparruko lurralderako. Horretarako garatu duen foru dekretu honek kontuan hartzen ditu gizartearen eskari berriak eta curriculumaren osagaietan txertatutako gaitasunen bidezko ikaskuntza indartzen du, irakaslana eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua berritu daitezen bultzatzeko.

Curriculuma aldatzeko prozesu hau erdiesteko funtsezkoa da irakaslearen rola. Diziplinarteko ikuspegi batetik eta metodologia didaktikoko autonomia handiago batetik abiatuta, gai izan behar du arazoak ebaztea, irakasgai desberdinetan ikasitako ezagutzak aplikatzea eta ikasleen jarduna sustatzea ahalbidetuko duten ikaskuntza egoerak edo atazak diseinatzeko.

LOEn sarturiko aldaketak aukera bat izan daitezke etapa honen diagnostikoa egiteko, zeinaren bidez alde indartsuak zein alde ahulak azaleratuko diren. Curriculum berria ezartzeko, oinarri gisa, indarrak mantenduko dira eta aurkitutako ahuleziak konpontzeko neurriei ekin beharko zaie. Diagnostiko honetatik abiatuta posible izanen da ikasle guztiak arrakastara eramanen dituzten hobekuntza ildoak ezartzea.

Arretaren fokua ikasle bakoitzarengan jarri behar da, edozein direla ere haren gizarte jatorria, ingurua, zailtasunak, etab. Hark arrakasta erdiestea izan beharko da edozein hezkuntza plangintzaren jomuga nagusia, bai Hezkuntza Departamentuarena bai ikastetxeena, irakasleena eta familiena, horien inplikazioa ezinbestekoa delarik prozesu honetan.

Batxilergoak ikasleei prestakuntza intelektual, zibiko eta etiko sendoa eman behar die eta, derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntza denez gero, errendimendu eta eskakizun akademikoko maila handiak izanen ditu.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek berek erronka eta xede modura izan behar dute ikasleek Batxilergoa bukatu behar dutela goi mailako hezkuntzako irakaskuntzei arrakastarekin aurre egiteko bideratuko dituen prestakuntza-maila intelektual eta gizatiarrareko maila egokiarekin.

Hori horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 22ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio esparrua.

Foru dekretu honek Batxilergoko curriculuma ezartzen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatuetan eta ikastetxe pribatu itunduetan erabiliko da.

2. artikulua . Printzipio orokorrak eta pedagogikoak.

1. Batxilergoaren xedea da ikasleei prestakuntza, heldutasun intelektual eta gizatiarra eta ezagutzak eta abileziak ematea, funtzio sozialak gara ditzaten eta bizitza aktiboan erantzukizunez eta gaitasunez sar daitezen. Era berean, ikasleak gaituko ditu goi mailako hezkuntzan sartzeko.

2. Batxilergoak bi ikasmaila ditu, modalitate desberdinetan garatuko da eta modu malguan antolatuko da, ikasleei prestakuntza espezializatua emateko, beren prestakuntzaren itxaropen eta interesen arabera, edo, behin hura bukaturik, bizitza aktiboan sartzeko aukera emateko.

3. Irakaskuntzak irakasgaitan egituratzen dira eta horiek, aldi berean, enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak dira.

4. Ikasleek Batxilergoa ikas dezakete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua baldin badute eta irakaskuntza akademikoen aukeran egindako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako amaierako ebaluazioa gainditu badute.

5. Era berean, Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua edo Kirol-teknikari titulua izanez gero, Batxilergoko irakaskuntzetako modalitateetako edozeinetan zuzenean sartzeko aukera izanen da.

6. Ikasleek Batxilergoa egiten lau urte igaro dezakete, araubide arruntean.

7. Batxilergoan erabiliko den metodologiak erraztuko ditu bakarkako eta taldeko lana, pentsamendu beregain, kritiko eta zorrotza, jakintza arloetan ikerketako teknika eta aztura erabiltzea eta ikasitakoa transferitzea eta aplikatzea.

8. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak irakasgai guztietan ikasteko beharrezko tresna izanen dira, goi mailako hezkuntzan ezinbestekoak direlako eta eguneroko bizitzarako eta lanean txertatu ahal izateko erabilgarriak direlako.

9. Irakurmena, idazmena eta jendaurrean egoki mintzatzeko gaitasuna landu beharko dituzte irakasleek irakasgai guztietan. Batxilergoko ikasleek, gainera, informazioa egoki erabiltzen ikasi behar dute, zernahi euskarritan eta iturritan, baita eskolako liburutegia ere.

10. Ikastetxeek metodologiak erabakiko dituzte eta horietan kontuan hartuko dira ikasleen ikasteko erritmo desberdinak eta norberaren ezaugarriak eta/edo ikasteko estiloak, ikasle guztiek beren gaitasunen garapen-maila gorena lor dezaten. Era berean, metodologia horiek nork bere kasa ikasteko gaitasuna eta taldean lan egitea bultzatu beharko dituzte.

11. Tutoretza eta hezkuntza orientazioa, orientazio psikopedagogikoa eta lanbide orientazioa ezinbestekoak dira etapa honetan. Irakasle tutoreek irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatuko dute eta harreman iraunkorra izanen dute familiarekin, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1. artikuluko d) eta g) letretan onartutako eskubideez baliatzea errazteko.

12. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan lehentasuna emanen zaie ahozko adierazpenari eta ulermenari eta gaztelania edo euskara haien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez dira erabiliko.

3. artikulua . Etaparen helburuak.

Batxilergoak ikasleengan gaitasunak garatzen lagunduko du, ondokoak egin ahal ditzaten:

a) Herritartasun demokratikoa gauzatzea ikusmolde global batetik abiatuta, eta Espainiako Konstituzioko balioek eta giza eskubideek iradokitako kontzientzia zibiko arduratsua eskuratzea, gizarte justu eta ekitatiboa egiterakoan erantzukidetasuna sustatuko duena.

b) Heldutasun pertsonal eta soziala sendotzea, modu arduratsuan eta beregainean jardun dezaten eta beren espiritu kritikoa gara dezaten. Gatazka pertsonalei, familiakoei eta sozialei aurrea hartzea eta era baketsuan ebaztea.

c) Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzea, gaur egun dauden berdintasun-eza eta diskriminazioak kritikoki aztertzea eta balioestea eta, bereziki, emakumearen kontrako indarkeria, eta pertsonen benetako berdintasuna eta edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatiko bazterkeriarik eza bultzatzea, desgaitasuna dutenei arreta berezia eginez.

d) Irakurketa, ikasketa eta diziplina azturak sendotzea, ikaskuntza behar bezala aprobetxatzeko beharrezkoak diren baldintza modura eta pertsona bezala garatzeko baliabide modura.

e) Gaztelania eta, kasua bada, euskara menderatzea, ahoz nola idatziz.

f) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan jariotasunez eta zuzentasunez adieraztea.

g) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eraginkortasunez eta arduraz erabiltzea.

h) Mundu garaikidearen errealitateak, haien aurrekari historikoak eta haien bilakaeraren faktore nagusiak ezagutu eta kritikoki balioestea. Beren inguru sozialaren garapen eta hobekuntzan elkartasunez parte hartzea.

i) Funtsezko ezagutza zientifiko eta teknologikoak eskuratzea eta aukeratutako modalitateari dagozkion oinarrizko abileziak menderatzea.

j) Ikerketaren eta metodo zientifikoen funtsezko elementu eta prozedurak ulertzea. Zientziak eta teknologiak bizi baldintzetan sortzen duten aldaketa ezagutu eta kritikoki balioestea eta ingurumenarekiko sentiberatasuna eta errespetua sendotzea.

k) Espiritu ekintzailea sendotzea, sormen, malgutasun, ekimen, talde lan, norberarekiko konfiantza eta zentzu kritikorako jarrerekin.

l) Sentiberatasun artistiko eta literarioa eta irizpide estetikoa garatzea, kulturarako prestakuntza eta aberaste iturri modura.

m) Gorputz hezkuntza eta kirola garapen pertsonal eta soziala errazteko erabiltzea.

n) Bide segurtasunaren arloan errespetu eta prebentzioko jarrerak sendotzea.

ñ) Nafarroako ondare natural, historiko, artistiko eta kulturala eta berezia egiten duten hizkuntzen, kulturen eta ohituren aniztasuna ezagutu, balioetsi eta errespetatzea.

4. artikulua . Curriculuma.

1. Curriculum bezala ezagutzen da irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuak zehazten dituzten elementuen arauketa.

2. Batxilegoko curriculumak elementu hauek ditu:

a) Foru dekretu honen 3. artikuluan ezarritako helburuak, etapa bukaerarako ikasleek erdietsi beharko lituzketen lorpen orokor bezala ulertuta.

b) Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak, edukiak modu bateratuan aplikatzeko haien ahalmenen garapen bezala ulertuta, jarduerak behar bezala egiteko eta testuinguru batean kokatutako problemak eraginkortasunez ebazteko.

c) Helburuak lortzen eta gaitasunak eskuratzen laguntzen duten edukiak edo ezagutzen, abilezien, trebetasunen eta jarreren multzoa. Etapa honetako edukiak irakasgaika antolatuta daude.

d) Ebaluazio irizpideak, gaitasunen eskuratze maila eta helburuen lorpen maila zehazteko balio dutenak. Balioetsi nahi dena eta ikasleek lortu behar dutena deskribatzen dute. Irakasgai bakoitzak bere ebaluazio irizpideak ditu, irakasgaian erdietsi nahi denaren araberakoak.

e) Ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak, ebaluazio irizpideen zehaztapen bezala ulertuta. Behagarriak, neurgarriak eta ebaluagarriak izan behar dute eta errendimendua edo erdietsitako lorpena mailakatzeko aukera eman behar dute. Halaber, proba estandarizatu eta konparagarriak diseinatzen laguntzen dute.

f) Metodologia didaktikoa, irakaslanaren deskribapena zein irakaslanaren antolaketa barne hartzen dituena. Ikasleek ikasi eta gaitasunak eta helburuak lortu ahal ditzaten irakasleek, kontzienteki eta hausnarturik, antolatzen eta planifikatzen dituzten estrategien, prozeduren eta ekintzen multzoa da.

3. Irakasle taldeei dagokie metodologia didaktikoaren gaineko erabakiak hartzea, ikasle guztien arrakasta erdiesteko ikuspegi egokienak bilatuz.

4. Irakasgai bakoitzerako edukiak, ebaluazio irizpideak eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak foru dekretu honen eranskinetan zehazten dira, Erlijiorako izan ezik.

5. Ikastetxeek foru dekretu honetan eta hauxe garatzeko arauetan ezarritako Batxilergoko curriculuma aplikatuko dute.

5. artikulua . Gaitasunak.

1. Ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza komunikazioa.

b) Matematika gaitasuna eta zientzia eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.

c) Gaitasun digitala.

d) Ikasten ikastea.

e) Gaitasun sozial eta zibikoak.

f) Ekimena eta ekintzailetza.

g) Kontzientzia eta adierazpen kulturalak.

2. Gaitasunak eraginkortasunez eskuratzeko eta curriculumean benetan txertatzeko, ikasleei gaitasun bat baino gehiago aldi berean lantzeko aukera emanen dieten ikaskuntza jarduera integratuak diseinatuko dira, ikasia errealitateari aplika diezaioten.

6. artikulua . Zeharkako elementuak.

1. Garapen jasangarriarekin eta ingurumenarekin, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gaizki erabiltzearen ondoriozko arrisku egoerekin, larrialdien eta hondamendien aurkako babesarekin, sexu esplotazioaren eta sexu abusuen arriskuekin eta desgaitasuna duten pertsonen gaineko tratu txarrekin loturiko edukiak sartzen dira Batxilergoko curriculumean.

2. Halaber, curriculumeko osagaiak gehitu dira ondokoetara bideratuta: ekintzailetza garatu eta sendotzea; enpresa eredu desberdinak sortu eta garatzeko gaitasunak eskuratzea; aukera berdintasuna, eta ekintzailea eta enpresaria errespeta daitezen sustatzea; eta, orobat, enpresa etika, bide hezkuntza eta segurtasuna eta arriskuei aurrea hartzea. Hori guztia sormenetik, autonomiatik, ekimenetik, talde lanetik, norberarenganako konfiantzatik eta zentzu kritikotik abiatuta.

3. Ikastetxeek, irakaskuntzako programazioen bitartez eta Hezkuntza Departamentuak xedatzen duenaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra eta genero indarkeriaren edota desgaitasuna duten pertsonen aurkako indarkeriaren, indarkeria terroristaren eta indarkeria, arrazismo eta xenofobia forma ororen prebentzioa sustatzen duten balioen garapena bultzatu beharko dute.

4. Era berean, ikastetxeek ekintzak burutuko dituzte ezein izaera edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta diskriminazio-ezak eta tratu berdintasunak berezko dituzten balioak sustatzeko helburuarekin eta horretarako, beste neurri batzuen artean, edozein diskriminazio mota suposatzen duten portaera eta eduki sexistak eta estereotipoak ekidinen dituzte.

5. Ikastetxeek, Hezkuntza Departamentuak xedatzen duenaren arabera, ekintzak burutuko dituzte norberaren, familiaren eta gizartearen esparru guztietako gatazkak modu baketsuan konpontzeko eta prebenitzeko eta bizikidetza hobetzeko ikaskuntza sustatzeko helburuarekin eta, orobat, askatasuna, justizia, berdintasuna, aniztasun politikoa, bakea, demokrazia, giza eskubideekiko errespetua, gizonei eta emakumeei errespetu bera izatea, desgaitasunak dituztenei errespetua izatea eta zuzenbide Estatuarekiko errespetua, terrorismoaren biktimekiko errespetua eta begirunea, indarkeria terroristarekiko gaitzespena eta indarkeria terroristaren eta indarkeria mota ororen prebentzioa sostengatzen dituzten balioak sustatzeko.

6. Ikastetxeek, proiektuen bitartez, ekintzak ezarriko dituzte programazio informatikoko oinarrizko trebetasunak eskuratzeko eta hobetzeko helburuarekin.

7. artikulua . Batxilergoko modalitateak.

1. Ikastetxeek, kasua bada, eskain ditzaketen modalitateak hauexek dira:

a) Zientziak.

b) Giza eta Gizarte Zientziak.

c) Arteak.

2. Giza eta Gizarte Zientzien modalitatearen barnean, ikasleek Giza Zientzien ibilbidea edo Gizarte Zientzien ibilbidea aukera dezakete.

8. artikulua . Batxilergoko lehen ikasmailaren antolaketa.

1. Zientzietako modalitatean, ikasleek enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokor hauek ikasi behar dituzte:

a) Filosofia.

b) Gaztelania eta Literatura I.

c) Matematika I.

d) Atzerriko Lehen Hizkuntza I.

e) Enborreko irakasgaien multzoko aukerako irakasgai hauen arteko bi irakasgai gehiago, Hezkuntza Departamentuaren erregulazioaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Biologia eta Geologia.

-Marrazketa Teknikoa I.

-Fisika eta Kimika.

2. Giza eta Gizarte Zientzietako modalitatean, ikasleek enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokor hauek ikasi behar dituzte:

a) Filosofia.

b) Gaztelania eta Literatura I.

c) Atzerriko Lehen Hizkuntza I.

d) Giza Zientzien ibilbidean, Latina I. Gizarte Zientzien ibilbidean, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I.

e) Enborreko irakasgaien multzoko aukerako irakasgai hauen arteko bi irakasgai gehiago, Hezkuntza Departamentuaren erregulazioaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Ekonomia.

-Grekoa I.

-Mundu Garaikidearen Historia.

-Literatura Unibertsala.

3. Arteetako modalitatean, ikasleek enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokor hauek ikasi behar dituzte:

a) Filosofia.

b) Artearen Oinarriak I.

c) Gaztelania eta Literatura I.

d) Atzerriko Lehen Hizkuntza I.

e) Enborreko irakasgaien multzoko aukerako irakasgai hauen arteko bi irakasgai gehiago, Hezkuntza Departamentuaren erregulazioaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Ikus-entzunezko Kultura I.

-Mundu Garaikidearen Historia.

-Literatura Unibertsala.

4. Ikasleek irakasgai espezifikoen multzoko irakasgai hauek ikasi behar dituzte:

a) Gorputz Hezkuntza.

b) Irakasgai hauen arteko bi, Hezkuntza Departamentuak araututakoaren eta ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Musika Analisia I.

-Anatomia Aplikatua.

-Kultura Zientifikoa.

-Marrazketa Artistikoa I.

-Marrazketa Teknikoa I, gurasoek edo legezko tutoreek edo ikasleak dagoeneko 1.e) atalean aukeratu badute izan ezik.

-Musika Hizkuntza eta Praktika.

-Erlijioa.

-Atzerriko Bigarren Hizkuntza I.

-Teknologia Industriala I.

-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak I.

-Bolumena.

-Enborreko irakasgaien multzoko irakasgai bat, ikasleak ikasi gabea, ondorio guztietarako espezifikotzat hartuko dena.

5. Autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgai multzoaren barnean, ikasleek Euskal Hizkuntza eta Literatura I irakasgaia ikasiko dute, dagokion hizkuntza ereduagatik beharrezkoa den kasuetan. Horren ordez, G ereduko ikasleek beste irakasgai bat ikas dezakete, Hezkuntza Departamentuak arauz ezarritakoaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera.

9. artikulua . Batxilergoko bigarren ikasmailaren antolaketa.

1. Zientzietako modalitatean, ikasleek enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokor hauek ikasi behar dituzte:

a) Espainiako Historia.

b) Gaztelania eta Literatura II.

c) Matematika II.

d) Atzerriko Lehen Hizkuntza II.

e) Enborreko irakasgaien multzoko aukerako irakasgai hauen arteko bi irakasgai gehiago, Hezkuntza Departamentuaren erregulazioaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Biologia.

-Marrazketa Teknikoa II.

-Fisika.

-Geologia.

-Kimika.

2. Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean, ikasleek enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokor hauek ikasi beharko dituzte:

a) Espainiako Historia.

b) Gaztelania eta Literatura II.

c) Atzerriko Lehen Hizkuntza II.

d) Giza Zientzien ibilbidean, Latina II. Gizarte Zientzien ibilbidean, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II.

e) Enborreko irakasgaien multzoko aukerako irakasgai hauen arteko bi irakasgai gehiago, Hezkuntza Departamentuaren erregulazioaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Enpresaren Ekonomia.

-Geografia.

-Grekoa II.

-Artearen Historia.

-Filosofiaren Historia.

3. Arteetako modalitatean, ikasleek enborreko irakasgaien multzoko irakasgai orokor hauek ikasi behar dituzte:

a) Artearen Oinarriak II.

b) Espainiako Historia.

c) Gaztelania eta Literatura II.

d) Atzerriko Lehen Hizkuntza II.

e) Enborreko irakasgaien multzoko aukerako irakasgai hauen arteko bi irakasgai gehiago, Hezkuntza Departamentuaren erregulazioaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera:

-Arte Eszenikoak.

-Ikus-entzunezko Kultura II.

-Diseinua.

4. Ikasleek irakagasgai espezifikoen multzoko irakasgai hauetako bi ikasi behar dituzte, Hezkuntza Departamentuak araututakoaren eta ikastetxeen eskaintzaren arabera:

a) Musika Analisia II.

b) Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak.

c) Marrazketa Artistikoa II.

d) Marrazketa Teknikoa II, gurasoek edo legezko tutoreek edo ikasleak dagoeneko 1.e) atalean aukeratu badute izan ezik.

e) Administrazioaren eta Kudeaketaren Oinarriak.

f) Filosofiaren Historia, gurasoek edo legezko tutoreek edo ikasleak dagoeneko 2.e) atalean aukeratu badute izan ezik.

g) Musikaren eta Dantzaren Historia.

h) Irudia eta Soinua.

i) Psikologia.

j) Erlijioa.

k) Atzerriko Bigarren Hizkuntza II.

l) Adierazpen Grafiko-plastikoko Teknikak.

m) Teknologia Industriala II.

n) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak II.

ñ) Enborreko irakasgaien multzoko irakasgai bat, ikasleak ikasi gabea, ondorio guztietarako espezifikotzat hartuko dena.

5. Autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgai multzoaren barnean, ikasleek Euskal Hizkuntza eta Literatura II irakasgaia ikasiko dute, dagokion hizkuntza ereduagatik beharrezkoa den kasuetan. Horren ordez, G ereduko ikasleek beste irakasgai bat ikas dezakete, Hezkuntza Departamentuak arauz ezarritakoaren eta, kasua bada, ikastetxeen eskaintzaren arabera.

10. artikulua . Atzerriko hizkuntzetan ematen diren irakaskuntzak.

1. Curriculumean aldaketarik ekarri gabe, curriculumeko irakasgai batzuk, osorik edo zati batean, atzerriko hizkuntzan irakatsi ahalko dira, Hezkuntza Departamentuak ezarritako araudiaren arabera.

2. Ikasleek etapan zehar irakasgaien terminologia propioa gaztelaniaz edo bere kasuan euskaraz, eta atzerriko hizkuntzan eskura dezaten ahalegina eginen da.

3. Curriculumeko irakasgai batzuk atzerriko hizkuntzan ematen dituzten ikastetxeek indarrean dagoen araudian ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte ikasleak onartzeko. Irizpide horien artean ez da eskakizun linguistikorik izanen.

11. artikulua . Ebaluazioa.

1. Ikasleek eskubidea dute ebaluazio objektibo bat izateko eta beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez balioetsiak eta aitortuak izan daitezen. Hezkuntza Departamentuak eskubide hori bermatuko du.

2. Ebaluazio irizpideak eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak erreferenteak izanen dira ikasle bakoitzak irakasgaietako bakoitzean erdietsitako errendimendua mailakatzeko, bai eta dagozkion gaitasunen eskuratze maila eta helburuen lorpen maila zehazteko ere.

3. Ikasleen ikaskuntza prozesuen ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa, integratzailea eta irakasgai desberdinen arabera bereizia izanen da.

4. Ebaluazioa ikasturte osoan zehar eginen da eta ikasleen ikaskuntzek prestakuntza izaera dute. Irakaskuntza prozesuak nola ikaskuntza prozesuak hobetzeko tresna da.

5. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa integratzailea da. Irakasle taldeak, ikaslearen irakasleek kasu bakoitzean eratuak, tutoreak koordinaturik, ikasleak irakasgai guztietan, bere osotasunean, izan duen bilakaera eta Batxilergoko helburuei eta behar diren gaitasunei dagokienez duen heldutasun akademikoa balioetsiko ditu. Hori hala izanik ere, ebaluazioaren izaera integratzaileak ez du galaraziko irakasgai bakoitzeko irakasleek ebaluazioa modu berezituan egitea, irakasgai horren ebaluazio irizpideak eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrak aintzat harturik.

6. Ikasmaila bakoitzean amaierako bi ebaluazio saio eginen dira, bata arrunta eta, bestea, berezia. Ebaluazio saio berezi hori eginen da saio arruntean irakasgai guztiak gainditu ez dituzten ikasleendako.

7. Irakasleek ikasleen ikaskuntzak, irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ebaluatuko dituzte eta horretarako lorpen mailaren adierazleak ezarriko dituzte programazio didaktikoetan.

8. Ikasleak Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaia ikastetik edo hartan ebaluatuak izatetik salbuetsiak izan daitezke, indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

12. artikulua . Ikasmailaz igarotzea.

1. Ikasmaila bakoitzaren bukaeran, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, irakasle taldeak egoki iruditzen zaizkion erabakiak hartuko ditu taldean, ikasleak ikasmailaz igarotzeari edo errepikatzeari dagokionez. Horretarako kontuan hartuko dira irakasgai bakoitzean lortutako errendimendua, etapako helburuak lortu direnetz eta behar diren gaitasunak zenbateraino eskuratu diren.

2. Ikasleek lehen ikasmailatik bigarren ikasmaila igaroko dira, irakasgai guztiak gainditu badituzte edo bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa izan badute, gehienez ere.

3. Irakasgai guztiak gainditu gabe bigarren ikasmailara igarotzen direnek lehen ikasmailan gainditu gabe utzitako irakasgaien matrikula ere egin beharko dute.

13. artikulua . Ikasmaila berean urte bat gehiago egotea.

1. Bigarren ikasmailara igaro ez diren lehen ikasmailako ikasleek urte bat gehiago egon beharko dute lehen ikasmailan eta ikasmaila horretako irakasgai guztien matrikula egin beharko dute.

2. Batxilergoko irakasgai guztiak gainditu ez dituzten bigarren ikasmailako ikasleek urte bat gehiago egon beharko dute bigarren ikasmailan eta bi aukera izanen dituzte: bata, kalifikazio negatiboa eskuratutako irakasgaien matrikula egitea eta, bestea, ikasmaila osoa errepikatzea.

3. 2.6 artikuluan Batxilergoa ikasteko adierazitako gehienezko epea gainditu gabe, ikasleek Batxilergoko ikasmaila bakoitza gehienez behin errepika dezakete, nahiz eta, salbuespenez, ikasmailetako bat bigarrenez errepikatzeko aukera izanen duten, aldez aurretik irakasle taldearen aldeko erabakia bada.

14. artikulua . Batxilergoko amaierako ebaluazioa.

1. Bigarren ikasmaila bukatutakoan, ikasleek etaparen banakako ebaluazioa egin beharko dute.

2. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ebaluazio irizpideak eta ebaluazioari dagozkion proben ezaugarriak ezarriko ditu Espainiako hezkuntza sistema osorako, proba horiek diseinatuko ditu eta deialdi bakoitzerako edukia ezarriko du. Hezkuntza Departamentuari dagozkio eginkizun horiek, euskararen hizkuntza gaitasunaren eskuratze-maila egiaztatzeko.

3. Ebaluazio horretara aurkezteko, ikasleek Batxilergoko ikasketa plana osatzen duten irakasgai guztietan ebaluazio positiboa (10 puntutik 5 puntu edo goragoko kalifikazioa) izan beharko dute.

4. Urtean gutxienez bi deialdi eginen dira: arrunta eta berezia.

5. Batxilergoko amaierako ebaluazioaren proba gaindituko da baldin eta 10 puntutik 5 edo gehiago ateratzen badira.

6. Ebaluazio hau gainditu ez duten edo Batxilergoko amaierako kalifikazioa goratu nahi duten ikasleek ebaluazioa errepika dezakete jarraiko deialdietan, aurretik eskaturik. Ikasleak gainditu dituen deialdietan lortutako kalifikaziorik altuena hartuko da kontuan.

7. Ikasleek ebaluazio honetan lortutako emaitzak ez badira aldekoak, ikastetxeak neurririk egokienak hartu beharko ditu. Zailtasunak konpontzen lagunduko duten emaitza kolektiboak edo indibidualak hobetzeko planetan finkatuko dira neurri horiek.

8. Hezkuntza Departamentuak hobekuntza jarduerak burutu ahalko ditu horretarako ezarritako balioen azpiko emaitzak dituzten ikastetxe publikoetan. Itunpeko ikastetxeetan, kasuan kasuko ituna arautzen duen legeari jarraituz jardunen da.

9. Hezkuntza Departamentuak bana-banako arreta neurriak ezar ditzake Batxilergoko amaierako ebaluaziora aurkeztu diren eta gainditu ez duten ikasleendako.

15. artikulua . Batxilergoko titulua.

1. Batxilergoko titulua eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da foru dekretu honetako 14. artikuluan aipatzen den Batxilergoko amaierako ebaluazioa gainditzea eta etapa horretan 10etik 5 puntuko edo gehiagoko amaierako kalifikazioa lortzea.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako Batxilergoko amaierako kalifikazioa lortuko da hurrengo a) eta b) ataletan lortutako emaitzak batuz:

a) Ikaslearen Batxilergoko ikasketa plana osatzen duten irakasgai bakoitzean lortutako zenbakizko kalifikazioen batez bestekoaren %60.

b) Batxilergoko amaierako ebaluazioan lortutako notaren %40.

3. Batxilergoko tituluak aukera ematen du goi mailako hezkuntza osatzen duten irakaskuntzetan sartzeko; irakaskuntza horiek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 3.5 artikuluan ezarritakoak dira.

4. Bere ikasketa planeko irakasgai guztietan ebaluazio positiboa lortu ondoren, foru dekretu honetako 14. artikuluan aipatzen den Batxilergoko amaierako ebaluazioa gainditu ez duen ikasleak Batxilergoko irakasgai guztiak gainditu dituela dioen ziurtagiria jasoko du. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 41.2.b), 41.3.a) eta 64.2.d) artikuluetan aurreikusitako lan eta ikasketa arloko ondorioak izanen ditu ziurtagiri honek.

16. artikulua . Ebaluazioaren dokumentu ofizialak.

1. Ikasketa espedientea, ebaluazio aktak, ikastetxe aldaketako txosten pertsonala eta ikasketa historiala dira ebaluazio agiri ofizialak. Era berean, Batxilergoaren amaierako ebaluazioaren txostena eta 15. artikuluko 4. atalean aipatutako ziurtagiria maila berekotzat hartuko dira.

2. Agiri horien ordez bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez egindako haien baliokideak erabil daitezke, betiere hauen egiazkotasuna, segurtasuna eta kontserbazioa bermatua bada, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean eta horiek garatzen dituen araudian ezarritako baldintzak eta bermeak betetzen badira.

17. artikulua . Aniztasunari erantzutea.

1. Hezkuntzako esku-hartzeak printzipio bezala hartu behar du ikasleen aniztasuna, eta ikasle guztien hezkuntza garapena bakoitzaren premien araberako arreta pertsonalizatuarekin bateratu behar du.

2. Ikasleen ikasteko erritmo desberdinak aintzat hartzen dituzten, ikasleek beren kabuz ikasteko gaitasuna laguntzen duten eta taldean ikastea sustatzen duten metodoak erabakiko dituzte ikastetxeek.

3. Ikasleen aniztasunari erantzuteko ikastetxearen baliabideak antolatzerakoan ekitateko, eraginkortasuneko eta osagarritasuneko irizpideei jarraituko zaie.

18. artikulua . Hezkuntza sostenguko premia berariazkoak dituzten ikasleak.

A) Printzipio orokorrak.

1. Hezkuntza sostenguko premia berariazkoak dituzten ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera berdinak izan ditzaten, hezkuntzako inklusioa, aukera berdintasuna eta diskriminazio-eza, malgutasun neurriak eta alternatiba metodologikoak, curriculumaren egokitzapenak, irisgarritasun unibertsala eta beharrezkoak diren neurri guztiak sustatuko ditu Hezkuntza Departamentuak.

2. Hezkuntza Departamentuak beharrezkoak diren baliabideak eskainiko ditu, arrazionaltasuneko eta eraginkortasuneko irizpideekin, arruntaz bestelako hezkuntza arreta behar duten ikasleek beren ahalmen pertsonalak ahalik eta gehien garatu eta ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak eta gaitasunak lortu ahal izan ditzaten. Ikasleek arreta horren beharra izan dezakete hezkuntza premia bereziak izateagatik, ikasteko zailtasun berariazkoak -besteak beste arreta faltaren nahastea eta hiperaktibitatea edo AFNH- izateagatik, adimen gaitasun handiak izateagatik, edota egoera pertsonaleko edo ikasketa historialeko gorabeherengatik.

3. Hezkuntza Departamentuak ikasle horiek curriculuma garatu ahal dezaten lagungarriak izanen diren irisgarritasun baldintzak eta sostengu baliabideak ezarriko ditu, eta ebaluazioak behar bezala eginen direla ziurtatzeko tresnak eta, behar denean, denborak eta sostenguak egokituko ditu, Batxilergoko amaierako ebaluaziorako barne. Egokitzapen horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.

B) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Malgutze-neurriak eta atzerriko hizkuntza irakasteko eta ebaluatzeko ordezko metodologiak ezarriko dira desgaitasunen bat duten ikasleentzat, batez ere, ahoz adierazteko zailtasunak dituztenentzat. Egokitzapen horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.

2. Era berean, ikasle mota bererako eta aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari eskatu eta hark onetsi ondoren, Batxilergoaren irakaskuntza malgutu daiteke, hartarako ezarriko diren baldintzetan.

C) Adimen gaitasun handiko ikasleak.

1. Adimen gaitasun handiko ikasleen eskolatzea indarreko araudiak ezartzen duen moduan malgutuko da, halako ikasletzat hartuko direlarik behar den kualifikazioko langileek Hezkuntza Departamentuak xedatzen dituen baldintzekin identifikatutakoak. Beste jarduketa batzuen artean curriculuma aberasteko programen bidez burutuko den malgutze horren barruan sar daiteke bai goragoko ikasmailetako helburu eta gaitasunak eskuratzea, bai edukiak zabaltzea bai eta beste neurri batzuk hartzea ere.

2. Adimen gaitasun handiko ikasleen eta ikasteko bereziki motibatutako ikasleen ikasteko erritmoa eta estiloa aintzat hartuko dira, haien gaitasunak ahalik eta gehien gara daitezen.

19. artikulua . Ikastetxeen autonomia.

1. Hezkuntza Departamentuak, indarrean dagoen legeriaren esparruan, ikastetxeen autonomia pedagogikoa, antolaketakoa eta kudeaketakoa bultzatuko ditu, irakasleen talde lana erraztuko du eta hezkuntza praktikatik abiatutako ikerketa lana eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako ikuspegiak sustatuko ditu.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 124.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, zuzendaritza taldeko kideak eta irakasleak agintari publikotzat hartuko dira eta Hezkuntza Departamentuak zainduko du beren eginkizunak gizarterako duen garrantziarekin bat datorren tratua eta begirunea jaso dezaten.

3. Zuzendaritza taldeak hezkuntza komunitateko kide guztien arteko giro positibo eta elkarlanekoa bultzatuko du.

4. Ikastetxeek aniztasunari erantzuteko Hezkuntza Departamentuak ezarritako neurriak garatuko dituzte, neurri horiek beren ikasleen ezaugarrietara eta beren hezkuntza-errealitatera egokituz, guztien premiak asetzeko, bai ikasteko zailtasun handienak dituzten ikasleenak, bai ikasteko gaitasun edo motibazio handiena dutenenak. Horretarako, ikasleen ikasteko erritmo desberdinak aintzat hartzen dituzten, ikasleek beren kabuz ikasteko gaitasuna laguntzen duten eta talde lana sustatzen duten metodologiak erabakiko dituzte.

5. Halaber, ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, esperimentazioak, lanerako planak, antolamendu moduak edo eskola ordutegia luzatzea erabakitzeko ahalmena dute, Hezkuntza Departamentuak ezarri bezala betiere, baina inola ere ezin ezarriko zaizkie familiei edo Hezkuntza Departamentuari ekarpen edo eskakizun bereziak.

20. artikulua . Etapa barruko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren arteko koordinazioa.

1. Bi koordinazio mota aurreikusiko dira, gutxienez:

a) Koordinazio horizontala, ikastalde bereko irakaskuntzan parte hartzen duten irakasleendako ezarria. Honen helburua izanen da esku-hartze ildo koherenteak bai eta arazoen eta desegokitzapenen tratatamendua bermatzea, talde mailan, hala nola norbanako mailan.

b) Koordinazio bertikala, koordinazio didaktikorako departamentu bakoitzaren bitartez, irakasgai bera ikasmaila batean baino gehiagotan ematen duten irakasleendako ezarritakoa. Honen helburua izanen da irakasgaietako curriculumaren garapen koherentea bermatzea, ikasleek etapa bukaerarako ezarritako gaitasunak eta helburuak erdiets ditzaten.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik Batxilergora iragatea errazteko, arreta berezia emanen zaio bi etapen arteko koordinazioari.

21. artikulua . Familien partehartzea.

1. Etapa honetan familien eta ikasleen funtsezko erantzukizuna errespetatu eta bultzatzeko, ikastetxeek tresnak ezarriko dituzte hezkuntza prozesuan haien parte-hartzea eta konpromisoa errazteko, irakasleen erabakiak lagunduz.

2. Familiei informazioa emanen zaie ikasleak ikasketetan egiten duen aurrerapenari zein sortzen diren balizko zailtasunei buruz.

3. Tutoreen eta familien arteko koordinazioan ikuspegi prebentiboa gailenduko da.

4. Irakasle tutoreek familien inplikazioa eta elkarlana bilatuko dute irizpide eta jarduketa koherenteak koordinatzeko.

5. Halaber, ikastetxeek familiekin eta ikasleekin konpromisoak hartzea sustatuko dute. Horietan zehaztuko da hezkuntzako aurrerabidea errazteko batzuk eta besteak zer jarduera egitera konprometitzen diren.

6. Ikastetxeetan guraso elkarteen lanaren alde eginen da. Hartara, ikastetxeko zuzendariak beren jardueretarako, prestakuntza jardueretarako barne, ikastetxeko instalazioak erabiltzen utziko die, indarreko araudian ezarritako baldintzetan.

Lehenengo Xedapen Gehigarria .Erlijio irakaskuntzak.

1. Erlijio irakaskuntzak foru dekretu honen 8. eta 9. artikuluetan xedatutakoaren arabera sartuko dira Batxilergoan.

2. Erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Estatu espainolaren artean izenpetutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakora egokituko da. Nahitaez eskaini beharrekoa izanen da ikastetxeendako, eta borondatezkoa ikasleendako.

3. Beste erlijio batzuen irakaskuntza Estatu espainolak Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin egindako lankidetza akordioetan xedatutakora egokituko da eta, hala badagokio, beste erlijio-konfesio batzuekin izenpetzen diren akordioetan xedatutakora.

4. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren curriculuma eta Estatu espainiarrarekin hezkuntza arlorako lankidetza hitzarmenak sinatzen dituzten gainerako konfesioen erlijioaren curriculumak elizaren hierarkiak eta erlijio bakoitzeko agintariek ezarriko dituzte, hurrenez hurren.

5. Testuliburuen eta ikasmaterialen erabileraren inguruan erabakitzea eta, hala egin behar denean, haiek ikuskatu eta onestea, kasuan kasuko agintari erlijiosoei egokituko zaie, Espainiako Estatuarekin izenpetutako akordioetan ezarritakoarekin bat etorriz.

6. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte, ikasturtearen hasieran, ikasleen familiei beren seme-alabek erlijio irakaskuntzarik jasotzea nahi duten ala ez adierazteko aukera izan dezaten bermatzeko.

7. Erlijio irakaskuntzaren ebaluazioa Batxilergoko gainerako irakasgaietakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Nafarroako euskalkiak.

1. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako eskualde jakin batzuetan mintzatzen diren euskalkiak irakastea eta eskolan erabiltzea sustatuko du, ikasketak euskaraz egiten dituzten edo euskara ikasten duten ikasleendako.

2. Hezkuntza Departamentuak irakasleek Nafarroako euskalkiak jakiteko prestakuntza bultzatuko du eta, halaber, xedapen honen 1. puntuan ezarritakoa bete dadin behar diren ikasmaterialak egitea bultzatuko du.

Hirugarren Xedapen Gehigarria .Hizkuntzen tratamendu integratua.

Curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntzari modu integratu eta koordinatuan ekin behar zaio, hizkuntzen ikaskuntza optimizatzeari begira, betiere haien curriculumaren, zeina foru dekretu honetan ezartzen den, eta gerora hura garatzen duten arauen arabera.

Laugarren Xedapen Gehigarria .Ariketa fisikoa eta dieta orekatua bultzatzea.

1. Ariketa fisikoa eta dieta orekatua gazteen portaeraren parte izateko neurriak hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak.

2. Horretarako, ikastetxeekin batera, ikasleek kirola eta ariketa fisikoa egitea sustatuko du, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatzeko garapen egokia bermatze aldera, eskumena duten erakundeen gomendioei jarraituz.

3. Ikastetxeetan horretarako hartzen diren neurriak diseinatu, koordinatu eta ikuskatzeko ardura esparru horietan kualifikazio edo espezializazio egokia duten irakasleek hartuko dute.

Bosgarren Xedapen Gehigarria .Helduen Hezkuntza.

1. Hezkuntza Departamentuak Helduen Hezkuntzaren ezaugarriak, antolaketa, ebaluazioa eta titulazioa nola irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak ezarriko ditu eta irakaskuntza horiek emateko baimena duten ikastetxeak zehaztuko ditu.

2. Batxilergoko titulua eskuratu nahi duten helduendako eskaintza haien egoera eta beharrei egokitutakoa izanen da. Bertaratu beharreko irakaskuntzaren eta urrutiko irakaskuntzaren bitartez eginen da.

3. Batxilergoaren eskaintza Helduen Hezkuntza eraentzen duen malgutasun printzipioari egokitu ahal izateko, Hezkuntza Departamentuak heldu horiendako prestatuko duen eskaintzan ez da foru dekretu honetako 12. eta 13. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko.

Seigarren Xedapen Gehigarria .Ordutegia.

Hezkuntza Departamentuak Batxilergoari dagozkion irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautuko ditu, kontuan hartuz enborreko irakasgaien multzoko irakasgaiei dagozkien eskola orduak, etaparen ikasmaila bakoitzean modu globalean zenbatuta, ez direla izanen haien ordutegi orokorreko eskola ordu guztien %50 baino gutxiago. Zenbaketa horretan, ez dira kontuan izanen ordutegi orokorrari aplika dakizkiokeen ordutegi luzapenak.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria .Modalitate aldaketa.

Batxilergoko ikasketetan ikasleek modalitatea alda dezakete. Hezkuntza Departamentuak aldaketa hori gauzatzeko baldintzak arautuko ditu.

Zortzigarren Xedapen Gehigarria.- Beste Batxilergo batzuk.

Hezkuntza eskaintzaren plangintza zuzen baterako ezartzen dituen irizpideen arabera, Hezkuntza Departamentuak Nazioarteko Batxilergoa eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako edo nazioarteko akordioak izenpetu diren estatuetako tituluak edo diplomak lortzea ahalbidetzen duten programen ezarpena erraztuko du; titulu edo diploma horiek Batxilergoaren baliokideak izanen dira.

Bederatzigarren Xedapen Gehigarria .Lotura araudiari.

Foru dekretu honetan ezarritakoaren interpretazioa ez da inoiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzen duen abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuan ezarritakoaren aurka egonen, hori oinarrizkoa denez.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

1. Batxilergoko irakaskuntzak bere osotasunean ezartzen direnetik hasita, foru dekretu honen azken xedapenetako lehenean ezarritakoari jarraikiz, indarrik gabe geldituko da maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretua. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko irakaskuntzen egitura eta curriculuma.

2. Era berean, indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken Xedapenetako Lehena .Ezartzeko egutegia.

1. Foru dekretu honetan araututako Batxilergoko irakaskuntzak 2015-2016 ikasturtean lehen ikasmailarako ezarriko dira, eta 2016-2017 ikasturtean bigarren ikasmailarako.

2. 2015-2016 ikasturtean Batxilergoko bigarren ikasmailarako maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Arauen garapena.

Hezkuntzako kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko apirilaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Deskargatu dokumentua osorik, eranskinak barne

Iragarkiaren kodea: F1503359

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web