(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

30/2015 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 20KOA, AGIRIEN DIGITALIZAZIOA ETA AGIRI ELEKTRONIKOEN KOPIA ETA BIHURKETA ARAUTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE PUBLIKOEN ESPARRUAN

BON N.º 108 - 05/06/2015



Zioen azalpena

Administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak herritarren zerbitzuan izanen den administrazio elektroniko eraginkorraren ezarpena bultzatzea du xede, teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak pixkanaka gehituz bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen administrazio prozeduren tramitazioan bai haien barruko nahiz kanpoko hartu-emanetan. Lege hori betetzeko, nabarmen handitu da informazioaren eta komunikazioaren teknologien aplikazioa prozedura horietan, eta beharrezkoa da bide horretan aurrera egitea administrazio elektroniko osoa, eraginkorra eta efizientea ezartzeko.

Administrazio prozeduretan gero eta agiri elektroniko gehiago biltzen dira, paperezko agiri konbentzionalekin batera, gainera; errealitate hori aintzat hartu beharrekoa da, alderdi juridikoak, teknikoak eta artxibo arlokoak dituela ahaztu gabe, eta bi euskarrietako agiriak aldi berean erabiltzen diren denboran gerta daitezkeen gorabeheretarako konponbide integratu eta baliagarria aurkitzen saiatu beharko dugu.

Nolanahi ere, edozein konponbidek bat etorri beharko du Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearekin, 30. artikuluan kopia elektronikoak arautzen baititu, eta bateratuta egon urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Interoperabilitatearen Eskema Nazionalarekin, Administrazio Publikoek erabilitako sistemen eta aplikazioen arteko operatibitate teknikoa, semantikoa eta antolaketakoa ziurtatzeko behar diren baldintzak ezartzen baititu. Izan ere, horrek ahalbidetzen du zerbitzu publikoen sarbide elektronikoaren bitartez eskubideez baliatu eta betebeharrak betetzea, eta onuragarria da eraginkortasun eta eragimen administratiborako.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan tresna korporatiboak hedatu dira, hala nola, Espedienteen Kudeatzaile Korporatiboa (Extr@), dagoeneko hedatuta dagoena, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Sistemak sor ditzakeenak; horrexegatik, beharrezkoa da neurri orokorrak hartzea tramitazio administratiboa egokia izan dadin gaur egun Foru Komunitateko Administrazioak agirietarako erabiltzen dituen euskarri guztietan, bai eta haien arteko erlazioetan ere.

Horregatik, foru dekretu honetan euskarri elektronikoaren eta paperezko euskarri konbentzionalaren arteko trukearen aukera lantzen da, eta trukeak bete beharreko baldintzak ezartzen dira; horrekin batera, agiri elektronikoen kopiak egiteko eta haien bihurketarako baldintzak arautzen dira; era berean, aurreikusten da espedienteen tramitazioan eta artxiboan euskarriak ordezteko aukera, administrazio espedienteen tramitazio elektroniko osoa lortzeko, Artxibo Digitalean gordeta eta zainduta izateko gaitasunarekin, eta, horrela, espediente mistoak izenekoak, euskarri elektronikoko agiriak eta konbentzionalekoak dituztenak, alegia, kudeatu eta artxibatzean dauden zailtasunak gainditzeko.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluari entzunda eta harekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen xedea da baldintzak eta prozedurak arautzea, batetik, agiri elektronikoen kopia elektronikoak, paperean dauden agirien kopia elektronikoak, digitalizatu ondotik, eta agiri elektronikoen papereko kopiak eraginkortasun juridiko osoarekin lortzeko, eta, bestetik, agiri elektronikoen bihurketa egiteko, guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta erakunde publikoen barrenean.

2. artikulua . Agiri elektronikoen kopia elektronikoak.

1. Agiri elektronikoen kopia elektronikoek jatorrizko agiri elektronikoaren balio eta eraginkortasun juridiko berak izanen dituzte, betiere formatuan eta edukian aldaketarik izan ez badute.

2. Agiri elektronikoen kopia elektroniko partzialak egiten ahal dira, jatorrizko agiriaren edukiaren laburpenak eginez, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Jatorrizko agiria Administrazioaren esku egon beharko da. Jatorrizko hori gorde egin beharko da.

b) Jatorrizkotik lortutako agiriak “kopia partzialaren” izaera ezarria izan beharko du “egoera” izeneko metadatuan.

c) Jatorrizkotik lortutako agiriaren metadatuetan jatorrizko agiria identifikaturik egon beharko da.

d) Agiri elektronikoen kopia elektronikoak egiteko organo eskudunaren sinadura elektronikoak baimenduta egon beharko du kopiak.

3. artikulua . Paperean emandako agirien kopia elektronikoak.

1. Jatorrian paperean emandako agirien kopia elektronikoek, hurrengo atalean deskribatzen den digitalizazio prozesu batez egindakoek, jatorrizko agirien balio eta eraginkortasun berak izanen dituzte.

2. Jatorrian paperean emandako agirien kopia elektronikoak digitalizazio prozedura batekin eginen dira, hau da, urrats guztien integritatea bermatuz, zeregin hauek beteko dituen prozesu informatiko batekin:

a) Bitarteko fotoelektriko bat erabiliz digitalizatzea, gailuarekin lotutako memorian irudi elektroniko bat lortzeko.

b) Digitalizatutako agiri elektronikoari metadatuak ematea, Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Ereduan, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Egoitza Elektronikoan” argitaratutakoan, xedatutakoaren arabera.

c) Bidezkoa bada, agiri elektronikoaren optimizazio automatikoa, irakurgarria dela ziurtatzeko, halako moduan non jatorrizko agiriko eduki oro ikusteko eta kudeatzeko modukoa izanen baita (unbralizazioa, orientazioa, ertz beltzak kentzea, edo antzekoak).

d) Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Ereduan segurtasunari eta interoperatibitateari dagokienez ezarritako baldintzak betetzea.

e) Sinadura elektronikoa izatea, modu automatizatuan egin daitekeena Administrazioaren zigilu elektronikoaren bitartez.

4. artikulua . Agiri elektronikoen papereko kopiak.

1. Bitarteko elektronikoak erabiliz egindako agirien papereko kopiek jatorriko agirien balio eta eraginkortasun berak izanen dituzte, betiere elektronikoki sortutako kode bat ezarria baldin badute, edo bestelako egiaztatze sistemaren bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Egoitza Elektronikoaren bidez kasuan kasuko artxibo elektronikoetan sartu, eta haren identitatea jatorrizko agiriarekin alderatzeko bide ematen duena.

2. Era berean, paperean kopiatu ahal izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen esku dauden agiri elektronikoak, betiere kopia hori osoa baldin bada eta bertan jasota badago edukia zehatz-mehatz, eta jatorri elektronikoa duela adierazita, bai eta identifikatzeko eta lokalizatzeko behar diren datuak ere. Kopia horiek jatorrizko agirien balio eta eraginkortasun berak izanen dituzte.

5. artikulua . Kopia kauto elektronikoak.

1. Agiri administratiboaren publikoaren edo pribatuaren kopia kautoa izanen da organo eskudunak edozein euskarritan egiten duena, Interoperatibitatearen Eskema Nazionalean, Segurtasuneko Eskema Nazionalean eta hura garatzeko arau teknikoetan aurreikusitakoa errespetatuz, betiere kopia egin duen organoaren identitatea eta edukiarena bermaturik badaude.

2. Herritarrek paperean baizik ez dauden jatorriko agirien kopia kautoak aurkeztu beharko dituzte jatorrizko agiri horiek, salbuespenez, espedientean nahitaez gorde behar badira.

6. artikulua . Kopia egiteko eskumenak.

1. Agiri elektronikoen kopia elektronikoak, osoak edo partzialak, formatu edo eduki aldaketarik gabekoak, paperean emandako agirien kopia elektronikoak eta agiri elektronikoen papereko kopiak egitea kopiatutako agiria izapidetu edo kudeatzen duen unitate administratiboaren eskumena izanen da, betiere kopia hori foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat egiten bada.

2. Edozein modutan ere, lehendakaritzako gaietako eskuduna den kontseilariak erregistroko bulego bati edo gehiagori gaikuntza eta behar diren bitartekoak eman diezazkieke, herritarrek paperean edo digitalizatzeko moduko beste euskarri batean aurkezten dituzten eskabideen, idazkien edo jakinarazpenen kopia elektronikoa egin dezaten, arau honetan onetsitako prozedurarekin bat. Horrelakoetan, herritarrei itzuliko zaie jatorrizko dokumentazioa, kasuan kasuko irudi elektronikoa lortu ondoren; aurkeztutakoaren ziurtagiria jatorrizko eskabidea bera izanen da, eta bertan eginen da dagokion erregistroko idazpena, idatziz, digitalizazioa dela adierazita. Tramitazio administratiboaren hurrengo urratsak lortutako agiri elektronikoekin eginen dira, jatorrizko agirien balio eta eraginkortasun berak izanen baitituzte.

3. Era berean, foru dekretu honetan aipatzen diren agirien kopia egin dezakete paperean emandako agirien kopiak, konpultsatuak edo kautoak, paperean egiteko eskumenak dituzten unitate administratiboek ere.

4. Artikulu honen 2. eta 3. ataletan aipatzen diren unitateek kopia kautoak emateko gaikuntza izanen dute.

7. artikulua . Agiri elektronikoen bihurketa.

Agiri elektronikoen bihurketa egitean agiri elektroniko berriak sortuko dira, jatorrizko agiriarena ez den beste formatu edo bertsio batekin; jatorrizko agiri elektronikoen balio eta eraginkortasun juridiko berak izanen dituzte baldintza hauek betetzen direnean:

a) Artxiboen eta agiri ondarearen arloan eskumena duen organoak baimendu beharko du bihurketa.

b) Jatorrizko agiriaren edukia, testuingurua eta egitura gorde beharko dira, eta, haien izaera dela eta, bihurketan tratamendu berezia behar duten osagaiak identifikatu beharko dira.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Egoitza Elektronikoan onarturik dagoen formatu berri bat erabili beharko da.

d) “Formatu aldaketa duen kopia” dioen metadatua ezarri beharko da.

e) Sinadura elektronikoa, modu automatizatuan egin daitekeena Administrazioaren zigilu elektronikoaren bitartez.

f) Jatorrizko agiri elektronikoak Administrazioaren esku egon beharko du.

8. artikulua . Euskarriak ordeztea.

Foru dekretu honetan ezarritakoarekin bat kopia elektronikoak edo kopia kauto elektronikoak behin lortu ondoren, ulertuko da euskarriak ordeztu egin direla, eta jatorrian paperean kopiatu eta emandako agiriak suntsitu ahal izanen dira, artxiboen eta agirien arloan indarra duen araudiarekin bat.

9. artikulua . Agiri eta espediente elektronikoen kudeaketa.

1. Agiri elektronikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxibo Digitalaren sisteman gorde eta zainduko dira, betiere beteta baldin badituzte “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Egoitza Elektronikoan” argitaratutako Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Ereduan ezarritakoaren arabera nahitaezkoak diren metadatuak.

2. Espediente elektroniko bat osatzen duten agiri elektronikoek beteta izan behar dituzte espedientearen metadatuak, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Egoitza Elektronikoan” argitaratutako Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Ereduan ezarritakoaren arabera nahitaezkoak direnak.

3. Espediente elektronikoak Artxibo Digitalaren sisteman artxibatuko dira, eta, behin tramitazioa amaitu eta espedientearen nahitaezko metadatu guztiak ezarrita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan artxiboen eta agiri ondarearen arloan eskumena duen organoari eskualdatuko zaizkio, bera izanen baita hortik aurrera zaintzeaz arduratuko dena.

Xedapen iragankor bakarra.-Dagoeneko existitzen diren agiri eta irudi elektronikoak.

Foru dekretu hau argitaratu baino lehenagotik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dauden agiri eta irudi elektronikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxibo Digitalean sartzen ahal dira, prozedura hau erabiliz:

a) Aipatutako agiri edo irudi elektronikoen eskumena duen zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, eta bertan adierazi baliodunak direla eta sartzea baimentzen dela.

b) Artxibo Digitala duten Agiriak Kudeatzeko Ereduan, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Egoitza Elektronikoan” argitaratutakoan, agiri elektronikorako nahiz espediente elektronikorako ezarritako nahitaezko metadatuak beteta izatea.

c) Prozesua ziurtaturik egotea Administrazioaren zigilu elektronikoarekin.

Azken Xedapenetan Lehena .Lehendakaritzako kontseilariari gaikuntza ematea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 20an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1507849

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web