(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2015 FORU LEGEA, apirilaren 10ekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duena, desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeari dagokionez.

BON N.º 71 - 15/04/2015



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriak neurri batzuk arautzen ditu desgaitasuna dutenei erraztasunak emateko enplegu publikoa eskuratzeko, bai langile finkoentzako deialdietan bai aldi baterako kontratazio zerrendetan. Azken urteotan neurri horien aplikazioan bildu den esperientzia ikusita, komeni da aldaketa batzuk egitea neurri horietan, benetan erantzun diezaioten bilatzen den xedeari.

Funtzio publikoan sartzeko deialdiei dagokienez, hiru aldaketa egin dira desgaitasuna dutenentzako egungo erregulazioa hobetzeko: batetik, enplegu publikoaren eskaintzetan erreserbatutako lanpostuen kopurua igo egiten da, %5etik %7ra, Administrazio Publiko gehienen araudietan aurreikusitakoarekin bat; bestetik, erreserbatutako lanpostuetatik hautapen prozesuan betetzen ez diren guztiak gorde, eta hurrengo lan eskaintzan sartuko dira. Azkenik, enplegu lagunduaren arloko neurriak aurreikusten dira, desgaitasuna dutenak eskuratutako lanpostura egokitzen laguntzeko beharrezkoa den kasuan.

Aldi baterako kontrataziorako zerrendei dagokienez, desgaitasunak dituztenek egun duten lehentasuna aldatzen da, eta, aurrerantzean, eskainitako hiru lanpostuko bat, lehenbizikoa, haientzat erreserbatuko da. Aldaketa honen xedea da, hain zuzen ere, desgaitasuna dutenak eskainitako lanpostuetara egokitzeko aukerak hobetzea, eta, horrekin batera, gainerako zerrendetatik heldu diren izangaiak kontratatzeko aukerak ere aurreikusten dira.

Artikulu bakarra.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Aurrerantzean testu hau izanen du:

“1. Nafarroako Administrazio Publikoetako lan publikoaren eskaintzetan lanpostu hutsen %7 gutxienez gorde eginen da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenentzat, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta, dagokion unean, aipatutako desgaitasun gradua eta bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen badute. Hala eginen da, helburua izanik lortzea, denboraren poderioz, desgaitasuna duten langileen kopurua Administrazio Publiko bakoitzeko langile guztien %2koa izatea.

Hautapen prozesuak egin ondotik, desgaitasuna dutenek bete gabe gelditzen diren lanpostu erreserbatuak hurrengo lan eskaintzako kupoari gehituko zaizkio, baina gehienez ere %10 izanen dira.

2. Hautapen probetan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenentzat beharrezkoak eta zentzuzkoak diren egokitzapenak eta denbora eta baliabide doikuntzak eginen dira, hala eskatuz gero, desgaitasuna dutenek baldintza berdinetan parte har dezaten ziurtatzeko, ariketaren mamia aldatu gabe, betiere.

3. Desgaitasuna duten langileen egiazko integrazioa ziurtatzeko, lanpostuen benetako zereginak zehaztuko dira eta lanpostu horien eskatzaileen desgaitasunaren bakarkako balorazioa eginen da, halako moduz non desgaitasuna duen pertsona bakoitzak jakinen duen zer lanpostu eskura ditzakeen.

Aurreko idatz-zatietan ezarritako desgaitasun gradua izan eta, edozein txandatan, Administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira.

Era berean, enplegu lagunduaren arloko neurriak ezarriko dira, baldin eta desgaitasuna duen pertsonak halakoak behar baditu lortutako lanpostura egokitzeko.

Duen desgaitasunak ez badio kasuko pertsonari eragozten eskuratu duen lanpostuaren zeregin berekiak betetzea, beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira lanpostura iristea eta/edo bere lana egitea eragozten dioten oztopoak kentzeko.

4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostuko bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko da, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

5. Desgaitasuna dutenentzako txandan 1. idatz-zatiaren arabera ezarritako lanpostu kopurutik %25 erreserbatu ahal izanen da, gehienez ere, adimen gaitasuna mugakoa duten edo atzerapen mental arina edo moderatua dutenentzat, betiere %33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen badute. Erreserba berezi hori ezartzeko, nahitaezkoa izanen da horrelako desgaitasuna duten pertsonen berezitasunetarako egokiak diren lanpostu hutsak egotea enplegu publikoaren eskaintzan.

Idatz-zati honetan aipatzen diren lanpostuak betetzeko eta sartzeko prozedurak deialdi bereizien bitartez eginen dira, eta txanda ezberdinak ezarriko dira, mugako adimen-gaitasuna duten pertsonentzako batetik, eta atzerapen mental arin edo moderatua frogatzen duten pertsonentzat bestetik. Izangaiei ez zaie kasuan kasuko titulaziorik eskatuko, non eta lanpostuaren eginkizunak direla-eta derrigorrezkoa ez den berariazko titulazioa izatea. Proben helburua funtsean izanen da egiaztatzea izangaiek ba ote dituzten lanpostuari dagozkion eginkizunetan aritzeko behar diren jokabide-sail oinarrizkoak eta ezinbesteko ezagutzak”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Hauteskunde prozesuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aparteko orduak sorrarazten ahalko dituzte, horien lansari araubidea eta eginkizunak zeinahi diren ere, baldin eta 2015ean egiten diren hauteskundeak antolatzen eta garatzen parte hartzen badute, nork bere lanpostuko zeregin berekiak betetzeaz haratago sartzen duen denbora dela kausa, Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki bidez ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1505528

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web