(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2015 FORU LEGEA, martxoaren 18koa, arautzen dituena energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga Nota de Vigencia

BON N.º 62 - 31/03/2015



ZIOEN AZALPENA

Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean sinaturiko akordioen indarrez, Nafarroarena izanen da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren ordainarazpena, argindarra ekoizten duen instalazioa lurralde horretan kokaturik badago. Instalazioa Nafarroako lurraldean eta lurralde erkidean baldin bada, zergaren ordainarazpena hura baimentzeko eskumena duen administrazioarena izanen da.

Zerga honek karga ezartzen du argindarra ekoizteko eta sistema elektrikoan sartzeko jardueren gain; haren ordainarazpenean, Foru Komunitateak aplikatzen dituen arau oinarrizko eta formalek Estatuak ezartzen dituenen eduki berdin-berdina izanen dute.

Orobat, akordioa egin da Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren ordainarazpenerako. Tributu hau gas horien kontsumoaren gain ezarri da, atmosfera berotzeko duten ahalmenean oinarriturik; hartan, Foru Komunitateak aplikatzen dituen arau oinarrizko eta formalek Estatuak ezartzen dituenen eduki berdin-berdina izanen dute.

Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren ordainarazpena Nafarroarena izanen da azken kontsumitzaileek Nafarroan kokaturiko instalazio, ekipo edo aparatuetan erabiltzen dituztelarik zergaren xede diren produktuak. Berotegi-efektuko gas fluordunak autokontsumorako direlarik, ordainarazpena Foru Komunitatearena izanen da, autokontsumo hori lurralde horretan gertatzen bada.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean aipatu Negoziazio Batzordean sinaturiko akordio beretan hitzartu denez, kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zergaren ordainarazpena Nafarroarena izanen da, baldin eta lurralde horretan badaude hirugarrenen funtsak gordetzen diren egoitza zentrala, sukurtsalak edo bulegoak. Bertzalde, Foru Komunitateari egotziko zaizkio bezeroa bertan egotea behar ez duten merkaturatze sistemen bidez mantentzen diren funtsak edo halako lurralde bati egozten ahal ez zaizkionak, gordailu lurralderatuetan duen partaidetzaren arabera dagokion heinean.

Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga honek karga ezartzen du kreditu-erakundeetan eraturiko gordailuen gain; haren ordainarazpenean, Foru Komunitateak aplikatzen dituen arau oinarrizko eta formalek Estatuak ezartzen dituenen eduki berdin-berdina izanen dute. Hori ukatu gabe, Foru Komunitateak zerga honen karga-tasak ezartzeko mugak eta baldintzak izanen dira lurralde erkidean aldiro indarra dutenak.

Lehenengo artikulua.– Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga Nota de Vigencia.

Bat atala.–Araubide juridikoa eta aplikatzeko araudia.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga Foru Komunitateak galdatuko du Hitzarmen Ekonomikoaren 31. bis artikuluari jarraikiz, eta artikulu honetan eta bera garatzen duten xedapenetan xedatzen dutenarekin bat.

Bi atala.–Zergaren izaera.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga izaera zuzen eta errealeko tributua da, argindarra ekoizteko eta sistema elektrikoan sartzeko jarduerak zergapetzen dituena, izanik hura zentraleko barretan neurtua Lau atalean aipatzen diren instalazioetako bakoitzaren bidez.

Hiru atala.–Zergaren ordainarazpena.

Hitzarmen Ekonomikoaren 31. bis artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zergaren ordainarazpena Foru Komunitatearena izanen da argindarra ekoizteko instalazioak Nafarroan direlarik.

Instalazioa Nafarroako lurraldean eta lurralde erkidean baldin bada, zergaren ordainarazpena hura baimentzeko eskumena duen administrazioarena izanen da.

Zerga honen konturako ordainketak aitzineko paragrafoetako irizpideen arabera eskatuko ditu administrazio batek edo bertzeak.

Lau atala.–Zergapeko egintza.

1. Zergapeko egintza da argindarra ekoiztea eta sistema elektrikoan sartzea, izanik hura zentraleko barretan neurtua Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean aipatzen diren instalazioetako edozeinetan.

2. Artikulu honi dagokionez, zentraleko barretako ekoizpena izanen da alternadorearen borneetan neurturiko energia, ken sorrerako kontsumo lagungarriak eta sarearekin lotzeko punturainoko galerak.

3. Artikulu honetan agertzen diren kontzeptu eta termino funtsezkoei dagokienez, eta bertan definitzen diren kasuetan salbu, Estatuan sektore elektrikoaren gainean dagoen araudian xedatzen denari jarraitu beharko zaio.

Bortz atala.–Zergadunak.

Zerga honen zergadunak izanen dira Tributuei buruzko abenduaren 17ko 13/2000 Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak, artikulu honen Lau atalean adierazten diren jarduerak egiten badituzte.

Sei atala.–Zergaldia eta sortzapena.

1. Zergaldia urte naturalarekin bat etorriko da, salbu eta zergaduna instalazioan jardueran aritzetik gelditzen bada, halakoetan zergaldia bukatuko baita gelditze hori gertatzen den egunean.

2. Zerga sortuko da zergaldiaren azken egunean.

Zazpi atala.–Zerga-oinarria.

1. Zerga-oinarria izanen da energia elektrikoa ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, energia elektrikoa zentraleko barretan neurtua.

Horri dagokionez, zenbateko osoaren kalkuluan kontuan hartuko dira Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoaren ondoriozko araubide ekonomiko guztietan aurreikusitako ordainsariak, kasuan kasuko zergaldikoak, baita berariazko araubide ekonomikoan aurreikusitakoak ere, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa ekoizteko eta sistema elektrikoan sartzeko jarduerez den bezainbatean.

Lotutako pertsona edo entitateen artean eragiketak egiten direnean, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean xedatutakoaren arabera, ordainsaria ezin izanen da merkatuko balioa baino txikiagoa izan. Merkatuko baliotzat hartuko da pertsona edo erakunde independenteek lehia askearen printzipioa errespetatzen duten baldintzetan erabakitakoa. Ondorio horietarako, merkatuko balioa zehazteko, abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean jasotako edozein metodo aplikatuko da.

2. Artikulu honen Lau atalean aipatu diren jarduerak zer instalaziotan egiten diren, horietako bakoitzerako zehaztuko da atal honetan definitutako zerga-oinarria.

Zortzi atala.–Karga-tasak.

Zergaren tasa % 7koa izanen da.

Bederatzi atala.–Kuota osoa.

Zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzearen emaitza izanen da kuota osoa.

Hamar atala.–Likidazioa eta ordainketa.

1. Zergadunak beharturik daude zergaren autolikidazioa egitera eta kuota ordaintzera, zergaren sorrarazpenaren ondoko azaroaren barnean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezartzen dituen arau eta ereduekin bat etorriz. Horretarako, kontuan hartu beharko dira ekoizpen elektrikoaren behin betiko neurriak.

2. Maiatzaren, irailaren, azaroaren eta hurrengo urteko otsailaren 1etik 20ra bitartean, zergapeko egintza gauzatzen duten zergadunek urte natural bakoitzeko hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabeteko epeari dagokion ordainketa zatikatua, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezartzen dituen arau eta ereduekin bat etorriz.

3. Ordainketa zatikatuak kalkulatuko dira zergaldiaren hasieratik aitzineko 2. idatz-zatiak aipatu hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabeteen amaiera arte ekoitzi den argindarraren balioaren heinean, izanik hura zentraleko barretan neurtua; horretarako, Zortzi atalean aurreikusitako zerga-tasa aplikatuko da eta aitzinetik egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoaren kenkaria eginen da.

Horri dagokionez, ekoizpenaren baliotzat hartuko da argindarra ekoizteagatik eta sistema elektrikoan sartzeagatik zergadunak instalazio bakoitzeko eta zergaldi bakoitzean eskuratu beharreko zenbatekoa, izanik hura zentraleko barretan neurtua.

Hala ere, ekoizpenaren balioak, instalazio guztiak barne, gainditzen ez duenean 500.000 euro aitzineko urte naturalean, zergadunak behartuak egonen dira, soilik, likidazio epea azaroaren 1etik 20ra bitartean daukan ordainketa zatikatua egitera.

Aitzineko urtean zergadunak jarduketan urte natural baino denbora laburragoan aritu badira, ekoizpenaren balioa urtera goitituko da.

4. Jarduera urtarrilaren 1aren ondotik hasten bada, une horretako zergaldiari dagokion likidazioaren konturako ordainketa zatikatuak egiteko, kontuan hartu beharko da zer hiruhilekotan den 500.000 euro baino handiagoa, instalazio guztiak barne direla, zergaldiaren hasieratik kalkulatutako ekoizpenaren balioa, hiruhileko horri dagokion likidazio epean eginen baitira ordainketa horiek.

5. Zergadunak eskuratu beharreko zenbateko osoa zein den ezaguna ez bada ordainketa zatikatuak egiteko tenorean, zergadunak behin-behinekoz finkatu beharko du, sistemako operadoreak eta, hala balegokio, Energiaren Batzorde Nazionalak kasuan kasuko ordainketa egiteko epearen aitzinetik egindako azken behin-behineko likidazioaren arabera.

Hamaika atala.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak tributuei buruzko abenduaren 17ko 13/2000 Lege Orokorrean aurreikusitakoari jarraiki kalifikatu eta zigortuko dira.

Hamabi atala.–Xedapen iragankor bakarra. Halako zergadun batzuek 2015eko azaroan egin beharreko autolikidazioa eta ordainketa zatikatua.

2014ko zergaldian energia elektriko berriztagarria ekoizteko Nafarroan kokatuta dauden instalazioen titular edo titularkideak izan diren zergadunek, instalazio horien potentzia instalatu nominala ez bada 100 kW baino handiagoa instalazio bakoitzeko, eta 2015ean segitzen badute hotien titular edo titularkide izaten, instalazio horiei dagokien ordainketa zatikatua baizik ez dute egin beharko, eta haren likidazio epea 2015eko azaroaren 1etik 20ra bitarte izanen da.

Aldiz, zergadun horiek berek ez dute egin beharko 2014ko zergaldiko urriko, azarokoi eta abenduko autolikidazioari dagokion kuotaren diru-sarrera.

Bigarren artikulua.– Berotegiefektuko gas fluordunen gaineko zerga Nota de Vigencia.

Bat atala.–Araubide juridikoa eta aplikatzeko araudia.

Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga Foru Komunitateak galdatuko du Hitzarmen Ekonomikoaren 36 bis artikuluari jarraikiz, eta artikulu honetan eta bera garatzen duten xedapenetan xedatzen dutenarekin bat.

Bi atala.–Zergaren izaera.

Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga bere eremu objektiboan sartzen diren produktuen kontsumoan eragiten duen zeharkako zerga bat da, eta fase bakarrean kargatzen du produktu horien kontsumoa, atmosfera berotzeko duten ahalmenaren arabera.

Hiru atala.–Eremu objektiboa.

Zerga honi dagokionez, "berotegi-efektuko gas fluordun" izaera izanen dute hauek: berotegi-efektuko gas fluordun batzuei buruz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluak 2006ko maiatzaren 17an eman 842/2006 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean jasotzen diren hidrofluorokarburoak (HFC), perfluorokarburoak (PFC) eta sufre hexafluoruroa (SF6), eta substantzia horiek dituzten prestakinak, baita birsortuak eta birziklatuak ere, salbu eta ozono-geruza ezabatzen duten substantziei buruz Europako Parlamentuaken eta Kontseiluak 2009ko irailaren 16an eman 1005/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera araututako substantziak.

Lau atala.–Zergaren ordainarazpena.

Hitzarmen Ekonomikoaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zergaren ordainarazpena Foru Komunitatearena izanen da Estatuko araudiak aipatzen dituen azken kontsumitzaileek Nafarroan kokaturiko instalazio, ekipo edo aparatuetan erabiltzen dituztelarik zergaren xede diren produktuak.

Berotegi-efektuko gas fluordunak autokontsumorako direlarik, ordainarazpena Foru Komunitatearena izanen da, autokontsumo hori lurralde horretan gertatzen bada.

Aitzineko paragrafoetan jaso ez diren gainerakoetan, ordainarazpena Foru Komunitatearena izanen da lurralde horretan baldin bada zergapeko egintza gertatzen den zergadunaren establezimendua.

Bortz atala.–Kontzeptuak eta definizioak.

1. "Azken kontsumitzailea": Berotegi-efektuko gas fluordunak erosten dituen pertsona edo entitatea, zerga jasanarazia dagoela hura berriz ere saltzeko, produktuetan sartzeko, azken erabilera egiteko bere instalazio, ekipo edo aparatuetan, ekipoak edo aparatuak fabrikatzeko, edo ekipo edo aparatuen karga, birkarga, konponketa edo mantentze lanak egiteko.

Berotegi-efektuko gas fluordunak erosten dituen pertsona edo entitatea betiere hartuko da azken kontsumitzailetzat, horiek erabiltzen dituelarik ekipoak edo aparatuak fabrikatzen edo ekipo edo aparatuen kargan, birkargan, konponketan edo mantentze lanetan, eta soil-soilik ziurtagiria duelarik gas fluordunen 3 kilogramo baino gutxiagoko karga hozgarria duten hozte sistema duten ekipoak manipulatzeko edo ibilgailuen barnean dauden pertsonen aisetasun termikorako hozgarri fluordunak erabiltzen dituzten hozte sistemak manipulatzeko, Gas fluordunen eta haietan oinarritutako ekipoen merkaturatzea eta manipulazioa eta haiek erabiltzen dituzten profesionalen zertifikazioa arautzen dituen ekainaren 16ko 795/2010 Errege Dekretuari jarraikiz.

Honi dagokionez, "ibilgailutzat" hartzen da pertsonak edo salgaiak garraiatzeko edozein bitarteko, kanpo direla trenak, itsasontziak eta aireontziak, eta barne, berriz, nekazaritzarako edo industriarako edozein makineria mugigarri.

2. "Ekipo eta tresna berriak": lehen aldiz erabiltzen diren edo abian jartzen diren ekipoak, tresnak eta instalazioak dira.

3. "Atmosfera berotzeko ahalmena": berotegi-efektuko gas fluordun batek karbono dioxidoaren ahalmenarekin alderatuta duen berokuntza klimatikorako ahalmena da, 100 urte inguruko epea hartuta kontuan. Gas horiek atmosfera berotzeko Hamaika atalaren 1. idatz-zatian adierazten den ahalmena dute.

4. "Prestakin batek atmosfera berotzeko duen ahalmena": Hamaika atalaren 1. idatz-zatian aipatzen den substantzia bakoitzaren pisuaren araberako zatikien batura atmosfera berotzeko duten ahalmenarekin eta +/- % 1eko pisu-tolerantziarekin biderkatzetik eratorritako batezbesteko haztatua da.

5. "Prestakina": bi substantziaren edo gehiagoren arteko nahasketa, horietako bat gutxienez berotegi-efektuko gas fluorduna denean, prestakin horrek atmosfera berotzeko duen ahalmena 150 baino txikiagoa denean salbu.

6. "Birziklatzea": berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga aplikatzekoa den lurraldean garbiketarako oinarrizko prozedura bidez egiten den tratamendua.

7. "Birsorkuntza": berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga aplikatzen den lurraldean prozedura edo tratamendu kimikoen bitartez egiten den berreskuratzeko tratamendua eta hobekuntza; betiere, gas fluordunaren ezaugarri teknikoei buruzko arauaren araberako mailak ezartzeko helburuarekin.

8. "Birsaltzailea": Bulego kudeatzaileak erregelamenduaren arabera baimendurik egoteagatik zergaren xede diren gasak salbuetsirik honako xede hauetako edozeinetarako erosten dituzten pertsona edo entitateak dira:

a) azken kontsumitzaile baten, edo bertze pertsona edo entitate baten eskutan uzteko, zerga aplikatzekoa den lurralde esparruan gero merkaturatu beharrez edo zerga aplikatzekoa den lurralde esparrutik kanpo erabili edo igorri beharrez.

b) bere bezeroen ekipo edo aparatuen kargan, birkargan, konponketan edo mantentze lanetan erabiltzeko.

9. Artikulu honetan agertzen diren kontzeptuei eta terminoei dagokienez, eta bertan hala definitzen den kasuetan salbu, berotegi-efektuko gas fluordunei buruz Europar Batasuneko eta Estatuko araudian xedatzen dena bete beharko da.

Sei atala.–Zergapeko egintza.

1. Zerga aplikatuko zaie:

a) Europar Batasunaren barnean ekoitzi, inportatu edo erosi ondoren lehenengoz saldu edo entregatzen diren berotegi-efektuko gas fluordunei. Era berean, lehen salmentaren edo entregaren parekoa izanen da enpresariek berotegi-efektuko gas fluordunak berriz saltzea, horiek bereganatzean Zazpi atalaren 1. idatz-zatiko a) letran araututako salbuespena aplikatu zaienean.

b) Berotegi-efektuko gas fluordunen autokontsumoari. Autokontsumotzat hartuko da aurreko hizkian aipatzen diren enpresariek, Europar Batasuneko erosleek, inportatzaileek edo ekoizleek berotegi-efektuko gas fluordunak erabiltzea edo kontsumitzea.

c) Zergaren xede den berotegi-efektuko gas fluordunen inportazio edo erosketari, hura Batasuneko herrien artean egiten delarik, eta gas horiek dauden produektuen erabilerak berekin dakarrelarik gas horiek berak atmosferara igortzea, hala nola aerosolak, eta poliuretanozko eta poliestireno estruituko sistema eta aparrak, bertzeak bertze.

2. Berotegi-efektuko gas fluordunen salmenta edo entregengatik ez da zergarik ordaindu beharko, baldin eta Europar Batasuneko ekoizleak, inportatzaileak edo erosleak zerga aplikatzen den lurralde-esparrutik kanpo bidali behar baditu.

Hauek ere zergatik salbuetsiak daude:

a) Salmentak edo entregak, autokontsumoa edo, aitzineko idatz-zatiko c) letraren kasuan, berotegi-efektuko gas fluordunen inportazioa edo erosketa Europar Batasuneko herrien artean, atmosfera berotzeko ahalmena 150ekoa edo handiagoa delarik.

b) Zergaren xede diren gasen galerak, neurgailu desberdinen zehazkabetasunen ondorioz, betiere egiaztatzen ahal baldin bada galera horiek daudela neurgailuak behar duen ziurtagirian pisuaren tolerantzia dela-eta zehazten dituen mugen barnean, izanik hura hori behar bezala homologatua, Metrologia Legalaren Nazioarteko Erakundeak ezarritako ziurtapen programarekin bat etorriz.

3. Aurkakoa frogatu ezean, berotegi-efektuko gas fluordunak zergarekin lotutako salmenta edo entregaren xede izan direla ulertuko da, zergadunek produktu fabrikatuen, inportatuen edo erosien norakoa justifikatzen ez dutenean.

Zazpi atala.–Salbuespenak:

1. Ondoko hauek salbuetsirik geldituko dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan:

a) Berotegi-efektuko gas fluordunak zerga aplikatzekoa den lurralde esparruan berriz ere saltzeko dituzten enpresariei lehen aldiz saltzea edo entregatzea, betiere horiek birsaltzaile izaera badute Bortz atalaren 8. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz.

b) Enpresariei berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea −produktu, ekipo edo aparatuetako edukiak barne−, horiek zerga aplikatzen den lurralde esparrutik kanpo bidaltzen edo erabiltzen direnean.

c) Berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea gas horien konposizioa guztiz aldatzeko transformazio kimikoko prozesuetan lehengai gisa edo bertze gas fluordunen nahasketarako lehengai gisa erabiltzen dituzten enpresariei.

d) Berotegi-efektuko gas fluordunak enpresariei lehen aldiz saltzea edo entregatzea, horiek lehen aldiz ekipo edo aparatu berrietan txertatzen direnean.

e) Enpresariei berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea, gas horiek inhalaziorako aerosol dosifikatzaile gisa aurkezten diren sendagaiak fabrikatzeko erabiltzen direnean.

f) Berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea, baldin bada ekipo, aparatu edo instalazioak kargatzeko, horietatik lehenik bertze gas batzuk atera direlarik, eta horiek utzi direlarik Administrazio Publiko eskudunak aitortutako hondakinen kudeatzaileen eskutan, desegiteko, birziklatzeko edo birsortzeko. Gas kopurua salbuetsia ez da izaten ahal ekipotik atera eta hondakinen kudeatzaileen eskutan utzi dena baino handiagoa.

g) Berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea itsasoz nahiz airez nazioarteko nabigazioa egiten duten itsasontzi edo aireontziei, jostetako nabigazio pribatua kanpo.

Aitzineko paragrafoari dagokionez, itsasoz nahiz airez nazioarteko nabigazioa egitea da zerga aplikatzekoa den lurralde esparrutik abiatu eta handik kanpora edo alderantziz egiten dena. Orobat, itsasoz nahiz airez nazioarteko nabigazioa egiten dela ulertuko da itsaso handian nabigatzen duten ontziek egiten dutelarik, industrian, merkataritzan edo arrantzan ari badira, baina ez garraioan, betiere nabigazioak, geldialdirik gabe, berrogeita zortzi ordu baino gehiago irauten badu.

2. % 95 salbuetsirik egonen dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, enpresariei egindako lehen salmentak edo entregak, atmosfera berotzeko 3.500 edo gutxiagoko ahalmena duten berotegi-efektuko gas fluordunak suteak itzaltzeko sistema finkoetara bideratzen direnean, edo suteak itzaltzeko sistema finkoetan inportatzen edo erosten direnean.

Orobat, % 95 salbuetsirik egonen da berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea zentro ofizialki aitortuei, helburua irakaskuntza baizik ez delarik, edo ikerketa lanak egiten dituzten zentroei, baita enpresa aholkularien edo ingeniaritzakoen proba laborategiei edo fabrikatzaileen ikerkuntzarakoei ere, betiere haietatik ateratzen ez badira edo hondakinen kudeatzaile baten bidez suntsitu direla justifikatzen ez bada.

Zentro horietako zuzendariek salbuespenaren aplikazioa eskatuko diote bulego kudeatzaileari. Bertze erabiletarako edo zentro horietatik ateratzeko diren gas fluordunei dagokienez, zuzendariak bulego kudeatzaileari eman beharko dio horien berri.

Halaber egonen da % 95 salbuetsirik berotegi-efektuko gas fluordunak lehen aldiz saltzea edo entregatzea, Indar Armatuen suteak itzaltzeko ekipoetarako direlarik.

Defentsa Ministerioak salbuespenaren aplikazioa eskatuko dio bulego kudeatzaileari. Eskaera horretan zehaztuko da berotegi-efektuko zenbat gas fluordun eta zer motatakoa erosi nahi den salbuetsirik, aurreikusitako beharren arabera. Eskaeran adierazitako inguruabarrak aldatuz gero, Defentsa Ministerioak horren berri eman beharko dio bulego kudeatzaileari.

3. Noiz eta horrela, mutatis mutandis betetzen direlarik bai artikulu honetan bai atal honen aitzineko idatz-zatietan arautzen diren salbuespenetarako erregelamenduzko arauetan biltzen diren baldintzak, salbuetsirik egonen dira berotegi-efektuko gas fluordunen autokontsumoak eta berotegi-efektuko gas fluordunenen inportazioak eta erosketak Europar Batasuneko herrien artean, Sei atalaren 1. idatz-zatiko c) letrak aipatzen dituenetarik direlarik.

4. Aitzineko 1., 2. eta 3. idatz-zatietan xedatua deusetan ukatu gabe, horrela erositako berotegi-efektuko gas fluordunak salbuespenerako eskubidea eragiten duten bertze erabilera batzuetara bideratzen badira, lehen salmenta edo entrega gas horiek zerga aplikatzekoa den lurralde esparruan kontsumitzen diren edo erabilera horietarako erabiltzen diren momentuan berean egin dela ulertuko da.

Zortzi atala.–Sorrarazpena.

1. Zergaren xede diren produktuak erosleen edo, hala badagokio, autokontsumoaren eskura jartzen diren momentuan sorraraziko da zerga.

2. Sei atalaren 3. idatz-zatian aurreikusitako kasuetan, produktua fabrikatzean, inportatzean edo erostean sortuko da zerga, irregulartasuna egin den data frogatu daitekeen kasuetan salbu, horrelakoetan hura izanen baita zerga sorrarazten den momentua.

3. Zazpi atalaren 4. idatz-zatian aurreikusitako egoeretan, lehen salmenta edo entrega egiten denean sorrraziko da zerga.

Bederatzi atala.–Zergadunak.

1. Zerga ordaindu beharko dute fabrikatzaileek, inportatzaileek, Europako Batasunaren barneko erosleek, hondakinen kudeatzaileek, baita salmenta edo entregak, inportazioak edo Batasunaren barneko erosketak edo zergari loturik dauden autokontsumorako jarduerak gauzatzen dituzten birsaltzaileek ere.

2. Zazpi atalaren 4. idatz-zatian aurreikusitako egoeretan, zergaduntzat hartuko dira berotegi-efektuko gas fluordunak zerga aplikatzen den lurralde esparruko salbuespenerako eskubidea aplikatzen ez zaien bertze erabilera batzuetara bideratzen dituzten enpresariak.

3. Sei atalaren 3. idatz-zatian aipatzen dituen kasuetan ulertzen da, kontrakorik frogatu ezean, berotegi-efektuko gas fluordunak zergarekin lotutako salmenta edo entregaren xede izan direla zergadunek produktu fabrikatuen, inportatuen edo erosien norakoa justifikatzen ez dutenean; halakoetan, zergadunak izanen dira fabrikatzaile, inportatzaile, Batasunaren barneko erosle edo birsaltzaileak, salmenta edo entrega horiek egiten badituzte.

Hamar atala.–Zerga-oinarria.

Zergaren xede diren produktuen pisuaren araberakoa izanen da zerga-oinarria; pisu hori kilogramotan adieraziko da.

Hamaika atala.–Zerga-tasa.

1. 1. tarifa:

Atmosfera berotzeko ahalmenaren araberakoa izanen da zerga.

Zerga-tasa kalkulatzeko, 0,020 koefizientea aplikatuko zaio gas fluordun bakoitzak atmosfera berotzeko duen ahalmenari; dena den, gehienez ere 100 euro ordainduko dira kilogramo bakoitzeko, honako epigrafe hauei jarraiki:

EPIGRAFEA

BEROTEGI-EFEKTUKO GAS FLUORDUNA

ATMOSFERA BEROTZEKO AHALMENA (PCA)

TASA-EURO/kg

1.1

Sufre hexafluoruroa

22.800

100,00

1.2

HFC-23

14.800

100,00

1.3

HFC-32

675

10,13

1.4

HFC-41

92

-

1.5

HFC-43-10mee

1.640

24,60

1.6

HFC-125

3.500

52,50

1.7

HFC-134

1.100

16,50

1.8

HFC-134a

1.430

21,45

1.9

HFC-152a

124

-

1.10

HFC-143

353

5,30

1.11

HFC-143a

4.470

67,05

1.12

HFC-227ea

3.220

48,30

1.13

HFC-236cb

1.340

20,10

1.14

HFC-236ea

1.370

20,55

1.15

HFC-236fa

9.810

100,00

1.16

HFC-245ca

693

10,40

1.17

HFC-245fa

1.030

15,45

1.18

HFC-365mfc

794

11,91

1.19

Perfluorometanoa

7.390

100,00

1.20

Perfluoroetanoa

12.200

100,00

1.21

Perfluoropropanoa

8.830

100,00

1.22

Perfluorobutanoa

8.860

100,00

1.23

Perfluoropentanoa

9.160

100,00

1.24

Perfluorohexanoa

9.300

100,00

1.25

Perfluoroziklobutanoa

10.300

100,00

2. 2. tarifa:

2. 1 epigrafea, Prestakinak: zerga-tasa kalkulatzeko, 0,015 koefizientea aplikatuko zaio prestakinetik eratorritako atmosfera berotzeko ahalmenari, betiere bost.4 apartatuan xedatua kontuan hartuta eta kilogramo bakoitzeko gehienez 100 euro ordainduko direla.

3. 3. tarifa:

3. 1 epigrafea.–1. tarifako gas birsortuak eta birziklatuak: zerga-tasa kalkulatzeko, 0,50 koefizientea aplikatuko zaio 1. tarifan zehaztutako tasari.

3. 3.2 epigrafea.–2. tarifako prestakin birsortuak eta birziklatuak: zerga-tasa kalkulatzeko, 0,50 koefizientea aplikatuko zaio 2. tarifan zehaztutako tasari.

Hamabi atala.–Kuota osoa.

Zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzearen emaitza izanen da kuota osoa.

Hamahiru atala.–Eragina.

1. Zergadunek sortutako kuoten zenbatekoa jasanarazi beharko diete zergaren xede diren produktuen erosleei. Erosleak kuotak jasatera behartuta egonen dira.

2. Jasanarazitako kuotak fakturan jasanaraziko dira, bertan jasotzen diren gainerako kontzeptuetatik bereizita. Zerga ordaindu behar ez duten edo salbuetsita dauden eragiketen kasuan, egoera hori berariaz adieraziko da aipatutako dokumentuan, betiere hobari horren aplikazioa jasotzen duen artikulu honetako manua argi eta garbi adieraziz.

3. Eragindako kuotak ez dira jasanaraziko ikuskapen-akten ondorio diren likidazio-kasuetan eta oinarrien zeharkako balioespeneko kasuetan.

Hamalau atala.–Kenkariak eta itzulketak.

1. Likidazio-aldi bakoitzari dagozkion autolikidazioetan, eta erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan, zergadunek herri-administrazio eskudunak aitortutako hondakin-kudeatzaileei eman dizkieten berotegi-efektuko gas fluordunei dagozkien zerga ordainduaren kuotak murrizten ahalko dituzte, horiek hondakinen sektoreko legedian jasotako dokumentazioari eta kontrolei jarraikiz suntsiarazteko, birziklatzeko edo birsortzeko helburuarekin.

Murrizketa hori gauzatzeko, suntsipena gertatu den likidazio-aldiari dagokion kuota murriztuko da. Eratorritako kenkarien zenbatekoa likidazio-aldi berean eragindako kuoten zenbatekoa baino handiagoa denean, diferentzia hurrengo autolikidazioetan konpentsatu ahal izanen da; betiere, diferentzia hori islatzen duen autolikidazioa aurkeztu denetik lau urte igaro ez badira.

2. Berotegi-efektuko gas fluordunen azken kontsumitzaileek, zerga ordaindu dutenean, eta Zazpi atalean aurreikusitako salbuespenak aplikatzeko eskubidea dutenean edo herri-administrazio eskudunak aitortutako hondakin-kudeatzaileei berotegi-efektuko gas fluordunak eman izana egiaztatzen dutenean −horiek hondakinen sektoreko legedian jasotako dokumentazioaren eta kontrolen arabera suntsitu, birziklatu edo birsortzeko helburuarekin, eta aurretiaz kenkaririk aplikatu ez bazaie−, hura itzultzeko eskatu ahal izanen diote Tributu Administrazioari, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.

Hamabortz atala.–Kudeaketa-arau orokorrak.

1. Sortutako kuotak adieraziko dituen autolikidazio bat aurkeztu beharko dute lau hilez behin zergadunek; era berean, zerga-zorra ordaindu beharko dute harekin batera.

2. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezarriko ditu aurreko idatz-zatian aipatzen diren autolikidazioak aurkezteko ereduak, epeak, betebeharrak eta baldintzak, bai eta, hala badagokio, aurretiaz produkturen prezioan jasan duen baina kenkaririk izan ez duen zergaren itzulketa eskatzekoak ere.

3. Sei atalean adierazitako jarduerak gauzatzen dituzten zergadunek nahitaez inskribatu beharko dituzte beren instalazioak berotegi-efektuko gas fluordunei buruzko zergaren lurralde erregistroan.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak zerga hori nahitaez ordaindu beharko dutenen erroldaren egitura zehaztuko du, baita horiek lurralde erregistroan inskribatzeko prozedura ere.

4. Merkataritzako xedapenek eta sektoreko bertze arau fiskal batzuek kontabilitatearen aldetik ezarritako baldintzak edozein direla ere, berotegi-efektuko gas fluordunen izakinen kontabilitatea erregelamendu bidez xedatzen den bidetik eramatea ezartzen ahalko da.

5. Hamaika atalaren 3. idatz-zatian aurreikusitako zerga-tasak aplikatzeko, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

Hamasei atala.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak tributuei buruzko abenduaren 17ko 13/2000 Lege Orokorrean aurreikusitakoari jarraiki kalifikatu eta zigortuko dira.

Hamazazpi atala.–Poliuretanoaren sektorerako araubide berezia.

Poliuretanoa ekoiztera bideratutako edo dagoeneko fabrikatuta dagoen poliuretano bidez inportatutako edo bereganatutako gas fluordunei aplikatu beharreko zerga-tasa kalkulatzeko, atmosfera berotzeko duen ahalmenaren arabera dagokion zerga-tasa −Hamaika atalean jaso dena− 0,10 koefizientearekin biderkatuko da.

Hemezortzigarren idatz-zatia.–Xedapen iragankor bakarra. 2015 eta 2016 ekitaldietan aplikatu beharreko zerga-tasak.

2015 eta 2016 ekitaldietan, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergan aplikatu beharreko zerga-tasak kalkulatzeko, 11. idatz-zatiko tasak 0,66 koefizientearekin biderkatuko dira.

Hemeretzi atala.–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak aldatzen ahalko ditu zerga-tasak eta haiek zehazteko magnitudeak, zergapean ez dauden kasuak, salbuespenak, kenkariak eta itzultzeak, artikulu honetan ezartzen direnak.

Hirugarren artikulua.– Kredituerakundeetako gordailuen gaineko zerga.

Bat atala.–Araubide juridikoa eta aplikatzeko araudia.

Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga Foru Komunitateak galdatuko du Hitzarmen Ekonomikoaren 31 quater artikuluari jarraikiz, eta artikulu honetan eta bera garatzen duten xedapenetan xedatzen dutenarekin bat.

Bi atala.–Zergaren izaera.

Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga zuzeneko tributua da, kreditu-erakundeetan eraturiko gordailuak zergapetzen dituena; horretarako modua eta baldintzak artikulu honetan aurreikusten dira.

Hiru atala.–Zergaren ordainarazpena.

Hitzarmen Ekonomikoaren 31 quater artikuluan ezarritakoaren arabera:

1. Zergaren ordainarazpena Foru Komunitatearena izanen da baldin eta lurralde horretan badaude hirugarrenen funtsak gordetzen diren egoitza zentrala, sukurtsalak edo bulegoak.

2. Foru Komunitateari egotziko zaio bezeroa bertan egotea behar ez duten merkaturatze sistemen bidez mantentzen diren funtsei dagokien zerga, bai eta halako lurralde bati egozten ahal ez zaizkion funtsei dagokien zerga ere, gordailu lurralderatuetan duen partaidetzaren arabera dagokion heinean.

3. Zergaren konturako ordainketak atal honen aitzineko idatz-zatietako irizpideen arabera eskatuko ditu administrazio batek edo bertzeak.

Lau atala.–Zergapeko egintza.

Zergapeko egintza da Sei atalean aipaturiko zergadunek hirugarrenen funtsak mantentzea, haien izaera juridikoa edozein dela, berekin badakarte itzultzeko betebeharra, salbu eta Espainiako lurraldetik kanpoko sukurtsaletan mantentzen diren funtsak.

Bortz atala.–Salbuespenak.

Honakoak daude zerga honetatik salbuetsiak:

–Espainiako Bankua eta diru-arauketako agintariak.

–Europako Inbertsio Bankua.

–Europako Banku Zentrala.

–Kreditu Ofizialeko Institutua.

Sei atala.–Zergadunak.

Zergaren zergadunak izanen dira:

a) Kreditu Entitateen Antolamenduari, Gainbegiratzeari eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1. artikuluak definitzen diren kreditu-erakundeak.

b) Atzerriko kreditu-erakundeek Foru Komunitatean dituzten sukurtsalak.

Zazpi atala.–Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria da urte naturaleko hilabete bakoitzean kreditu-erakundeen balantzearen pasibo erreserbatuko 4. kontu-sailari ("Bezeroen gordailuak") dagokion amaierako saldoaren batez besteko aritmetikoa egitetik heldu den zenbatekoa.

Horretarako, azken saldoa minoratuko da 4.1.5, 4.2.5, 4.3.2 eta 4.4.5 kontu-sailetan jasotako "balorazio doikuntzen" zenbatekoetan.

Atal honetan aipatzen diren parametroak dagozkie finantza-informazio publiko eta erreserbatuko arauei eta finantza-egoera orrien ereduei buruz Espainiako Bankuak kreditu-erakundeei emandako abenduaren 22ko 4/2004 Zirkularreko IV. eranskinean eta II. tituluan jasotakoei, edo horren ordezko arauan jasotakoei.

Entitate edo sukurtsal bat iraungitzen delarik edo jardueratik gelditzen delarik Espainiako lurraldean abenduaren 31 baino lehen eta zerga honi loturiko gordailuak bertze zergadun bati transmititzen dizkiolarik, orduan, gordailuen transmisioa kontabilitatean eragiketaren urteko urtarrilaren 1eko ondorioak izan ditzan erabaki bada, zerga honi dagokionez erosleari baizik ez zaizkio kontuan hartuko gordailu hauek.

Zortzi atala.–Zerga kuota.

Kuota osoa zerga oinarriari % 0,03ko karga-tasa aplikatuz kalkulatuko da.

Kuota diferentziala aterako da kuota osotik egindako konturako ordainketa kenduta, halakorik bada.

Bederatzi atala.–Zergaldia eta sortzapena.

Zergaldia urte naturala izanen da.

Halere, Foru Komunitatean jardueraren hasiera gertatzen den zergaldian, jarduera hasi den egunetik urte naturala bukatu bitartekoa izanen da zergaldia. Betiere, zergaldia bukatuko da entitate edo sukurtsala iraungitzen delarik edo jardueratik gelditzen delarik Foru Komunitateko lurraldean

Zergaldiaren azkeneko egunean sortuko da zerga.

Hamar atala.–Autolikidazioa.

Zergadunek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko dute zergaldiaren ondoko urteko uztailean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezartzen dituen tokian eta moduan.

Zergadunek bereizi beharko dituzte bezeroa bertan egotea behar ez duten merkaturatze sistemen bidez mantentzen diren funtsei edo halako lurralde bati egozten ahal ez zaizkionei dagokien zenbatekoa.

Hamaika atala.–Konturako ordainketa egin beharra.

Zergadunak behartuta daude aurkeztera konturako ordainketaren autolikidazioa, kasuko zergaldiarena, ekitaldi bakoitzeko uztailean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezartzen dituen tokian eta moduan, aitzineko zergaldiaren zerga-oinarriari zergaldi horretan indarrean den zerga-tasa aplikatzetik heldu den kuotaren % 50ekoa.

Zergadunek bereizi beharko dute bezeroa bertan egotea behar ez duten merkaturatze sistemen bidez mantentzen diren funtsei edo halako lurralde bati egozten ahal ez zaizkionei dagokien konturako ordainketaren zenbatekoa.

Hamabi atala.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak tributuei buruzko abenduaren 17ko 13/2000 Lege Orokorrean aurreikusitakoari jarraiki kalifikatu eta zigortuko dira.

Hamahiru atala.–Xedapen iragankor bakarra. 2015eko konturako ordainketa

2015eko zergaldiari dagokion konturako ordainketa izanen da 2015ean indarra duen karga-tasa 2014ko zergaldiko zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa, artikulu honetan aurreikusten denari jarraikiz kalkulatua.

Hamalau atala.–Xedapen indargabetzailea.

2015eko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin, indarrik gabe geldituko da Kreditu-entitateetako gordailuen gaineko zergari buruzko apirilaren 14ko 6/2014 Foru Legea.

Azken Xedapenetan

Lehena .–Erregelamendu bidez garatzea.

Nafarroako Gobernuak eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak foru lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emanen dituzte.

Bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2015eko urtarrilaren 1etik aitzina izanen ditu ondorioak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko martxoaren 18an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1504541

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web