(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2015 FORU LEGEA, martxoaren 18koa, Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoa sortzekoa.

BON N.º 60 - 27/03/2015



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.26 artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateak eskumen osoa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, legeria orokorrarekin bat.

Agindu horretan ezarritakoari jarraituz, eta Nafarroako Foru Komunitateak bereganatutako eskumenak ikusirik, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen, eta haren erregelamenduzko garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak ekarri zuen, zeinak Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi baitzuen.

Araudi horren babesean, Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoa sortzeko eskaera aurkeztu da, Foru Komunitatearen lurraldean helbidea duten profesional gehienek sinatua zeinen titulazio ofiziala halakoa baita non horretan jarduteko eskatzen baita elkargoa sortzea; eta eskaera horren tramitazioaren ondorioa da foru lege hau.

Otsailaren 26ko 327/1976 Dekretuaren bidez lortu zen Informatikako ikasketen unibertsitate-irakaspenaren ofizialtasuna; dekretu horrek sortu zituen Informatikako fakultateak eta Informatikako doktore eta lizentziadun tituluak. Urriaren 26ko 1459/1990 Errege Dekretuak Informatikako ingeniari unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zuen, eta hura lortzeko ikasketa planen jarraibide orokorrak onetsi zituen. Titulazio hori ezarriz lortu nahi den helburua da prestakuntza egokia ematea ingeniaritza horren berezko teknologietan eta oinarri teorikoetan. Informatikako lizentziadun titulua Informatikako ingeniari tituluarekin homologatu zen, irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren bidez.

Hori guztia dela eta, komenigarritzat jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko informatikako ingeniariak biltzeko lanbide elkargoa sortzea, lanbidea eta elkargoko profesionalen interesak defendatuko dituena, gizartearen interes orokorrekin bat, eta, legeen esparruaren mugapean, lanbide horren jarduna antolatuko duena.

Horrenbestez, eta kontuan harturik interes publikoko arrazoiak badirela Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoa sortzea justifikatzeko, foru lege honen bidez elkargo hori sortzen da.

1. artikulua. Elkargoa sortzea eta haren izaera.

1. Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoa sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa, bere nortasun juridikoaz hornitua, eta gaitasun osoa duela bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunak baliatzeko.

2. Lanbide Elkargoak nortasun juridikoa izanen du foru lege honek indarra hartzen duenetik, eta jarduteko gaitasuna, gobernu organoak eratzen direnetik.

2. artikulua. Jardunaren lurralde esparrua.

Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoaren jardunaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatearena da.

3. artikulua. Langile esparrua.

Titulu hauetakoren bat daukatenak sar daitezke Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoan: informatikako ingeniari titulua, urriaren 26ko 1459/1990 Errege Dekretuan arautua, zeinaren bidez sortzen baita Informatikako ingeniari unibertsitate-titulua eta hura eskuratzeko ikasketa planen jarraibide orokorrak ezartzen baitira; irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren bidez homologatutako titulua; edo atzerriko titulu baliokidea, agintaritza eskudunak behar bezala homologatua, ezertan ukatu gabe Europar Batasuneko araudia aplikatzetik eratorritakoa.

4. artikulua. Jardun profesionala eta elkargoan sartzea.

Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoan sartzea borondatezkoa izanen da, non eta aplikatzekoa den estatu-araudiak ez duen ezartzen hura nahitaezkoa izatea.

5. artikulua. Araudia.

Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoak lanbide elkargoei buruzko legedi indardunari, bere estatutuei eta, kasua bada, bere barne araubiderako erregelamenduari jarraituko die.

Xedapen iragankor bakarra.–Elkargoaren Estatutuak.

1. Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoa sortzeko prozedura administratiboa sustatzen duten profesionalek kudeaketa batzorde bat eratu behar dute, zeinak, foru lege honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, Elkargoaren behin-behineko estatutuak onetsi beharko baititu, ondoko puntu hauek arautuko dituztenak:

a) Elkargokide izateko bete beharreko baldintzak; elkargokide izateak, hain zuzen, bide emanen du Elkargoaren eratze-batzarrean parte hartzeko.

b) Eratze-batzarrerako deialdia egiteko prozedura eta eratze-batzarraren funtzionamendua. Deialdi hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Nafarroako Informatikako Ingeniaritzaren Lanbide Elkargoaren eratze-batzarrak honako betebeharrak izanen ditu:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.

b) Elkargoaren gobernu-organoetako kideak hautatzea.

3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsiak izan ondoren, Elkargoaren eratze-batzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, igorri beharko zaizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta horrek, organo eskudunak legezkotasun-kalifikazioa eman eta gero, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko martxoaren 18an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1504538

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web