(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

8/2015 FORU LEGEA, martxoaren 5ekoa, Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 51 - 16/03/2015; corr. err., BON 28/04/2015



ZIOEN AZALPENA

Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoak, Nafarroako Foru Komunitateari aitortzen dio, bere 44. artikuluan, gizarte laguntzaren alorreko eskumen osoa. Eskubide Sozialen Gutun baterako 9/1999 Foru Legeak, apirilaren 6koak, nafar guztientzako oinarrizko errenta aldarrikatu zuen, eskubide guztiez osotara baliatu ahal zitezen.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean prestazio bermatutzat jotzen zen hasieran “oinarrizko errenta” eta gaur egun “gizarteratze-errenta” deitutakoa; hau da, errenta hori jasotzeko baldintza berariazkoak betetzen dituzten pertsonen eskubide subjektibotzat eta, beraz, haiek Administrazio Publikoari exijitzeko modukotzat.

Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legeak aldaketa kualitatibo bat sartu zuen ordura arte “oinarrizko errenta” deiturikoan, halako moduz non bereizten baitziren, alde batetik, oinarrizko errenta modu koiunturalean jasotzen zuten familia-unitateak, ez horien kideak gizartean bazterturik egoteagatik, baizik eta lana galdu eta langabeziaren prestazioak eta sorospen guztiak ahitu zitzaizkielako –horiek eskatzen dutena da, nagusiki, laneratzea edo, bestela, beren enplegagarritasuna hobetzea–, eta, beste batetik, oinarrizko premiei erantzuteko eta, aldi berean, haiek eta beren familia-unitateak gizarteratzen laguntzeko helburua izanen duen baliabide bat behar zuten pertsonak.

Bereizketa horrek aintzat hartzen du gizarteratzeaz arduratzen diren adituek eta erakunde, instituzio eta entitate nazional nahiz nazioartekoek egindako azterlan eta txosten guztietan agertzen den premisa bat: hain zuzen, enplegua dela gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko estrategiarik onena.

Hala ere, helburu nagusi hori geroratuta utzi da gure gizartea pairatzen ari den krisiaren ondorio gogor eta mingarrien eraginez, zeinak agerian jartzen baitira etengabeko enplegu-suntsiketan, langabezia-tasen areagotzean eta lanpostu berri gehiago sortzeko zailtasunetan. Gainera, gobernu eskudunek aplikatutako neurriek ez dute izan, orain arte behintzat, aurreikusitako eta iragarritako emaitza.

Horren guztiaren ondorioz, pertsona askok agortzen dituzte langabeziako kotizaziopeko prestazioak eta ondorengo sorospenak, eta horrek pobrezia eta bazterketa arrisku handiagoa dakar gure gizartean.

Europa 2020 Estrategian jasotako premisetatik ondorioztatzen denez, lan egiteko adina duten helduen artean, langabeen pobrezia-arriskua lana dutenena baino bost aldiz handiagoa da.

Ez-aktiboen kasuan, erretiroa hartutakoak salbu, arrisku hori enplegua dutenena baino hiru bider handiagoa da. Horri gehitu behar zaio lan baldintzen prekarizazioa, krisi testuinguru honetan oso hedatuta dagoena eta “langile pobre” deitutakoen sorrera ekarri duena.

Baina langabeziak beste ondorio gehigarri batzuk ere baditu pertsonengan eta familiengan. Diru-sarreren gutxitzeak berekin dakartza hipotekak ordaintzeko zailtasunak, balizko etxegabetzeak, ez ordaintzeak eta baita osasun arazoak eta pertsonen arteko eta familia barreneko harremanen alorrekoak. Gainera, arazo horiek larriagotu egiten dira krisia luzatzearen eta aukera urritasunaren ondorioz.

Arrazoi horiengatik, gaur, inoiz baino gehiago, gizarteratze-errenta ulertu behar da gizarteratze aktiborako estrategia integral baten barruan, zeinak ezarriko baititu egiazko laneratzera bideratutako neurriak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Gizarte Politiketako Departamentuaren inplikazioa eta bien arteko koordinazioa handiagoak izan daitezen gainerako administrazio publikoekin eta eragile sozioekonomiko, entitate, gizarte erakunde eta abarrekin, enplegurako, prestakuntzarako eta laneratzerako politika aktiboak diseinatzeari dagokionez.

Hori dela-eta, araudi honen helburua da aurre egitea, batetik, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek egun bizi duten egoerari eta, bestetik, beharrizan sozialen areagotze justifikatuari, hori ekarri baitu krisiaren intentsitateak eta luzatzeak.

Izan ere, une honetan, pertsona askori eragiten dien epe luzeko lan falta ondorio oso negatiboak ekartzen ari zaizkie hainbat familiari, zailtasunak baitituzte beren oinarrizko beharrizanak asebetetzeko; horregatik, beharrezkoa da gizarteratze-errenta arautzen duen 1/2012 Foru Legea aldatzea, koiunturalak izatea espero dugun egoera horiei erantzuteko eta pobreziari eta bazterketari aurre egiteko zenbait neurri abian jartzeko, gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko, gizarte kohesioa ziurtatzeko eta krisialditik irteteko modu solidario bat errazteko.

Artikulu bakarra.–Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea aldatzen da.

Bat. 1. bis. idatz-zati berria gehitzen zaio 2. artikuluari. Testu hau izanen du:

“1. bis. Horri dagokionez, familia-unitatetzat hartuko da eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta, edozein dela ere haien sexu-orientazioa, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizirik harekin bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa duten pertsonak”.

Bi. 3. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. artikulua. Prestazioa jasotzeko baldintzak.

1. Gizarteratze-errenta jasotzeko baldintzak erregelamenduz ezarriko dira, eta gutxienez honako hauek eskatuko dira:

a) 18 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago izatea, edo 65 urte edo gehiago izatea familia-kargekin, edo bere ardurapean seme-alaba adingabeak dituen 18 urte baino gutxiagoko adingabe emantzipatua izatea.

d) Legezko bizitokia Espainiako lurraldean izatea.

Horren barnean sartuko dira enplegua galtzearen ondorioz legezko bizitokia kendu zaien familia-unitateak, baldin eta eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

e) Nafarroan bizitokia izatea, jarraian eta egiazki, eskaera aurkeztu baino lehenagoko hogeita lau hilabeteetan gutxienez. Nolanahi ere, Nafarroatik kanpoko egonaldiak ere aintzat hartuko dira, bi hilabetera artekoak, baldin eta norberaren edo gertuko senitartekoen osasun-arrazoiak direla medio egiten badira, edo lana bilatzeko, edo genero-indarkeriaren ondorioz; betiere, aurretik jakinarazi eta justifikatzen badira.

f) Foru lege hau indarrean sartu aurretik hamar urte baino gehiago eman izana Nafarroako Foru Komunitatean bizitzen. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen eskaera egin aurreko hogeita lau hilabeteetan bizitokia egiazki Nafarroan eduki izana.

e) Familia-unitatearen azken seihilekoko baliabide ekonomikoak txikiagoak izatea, hilabeteko zenbaketan, legokiokeen gizarteratze-errentaren zenbatekoa baino.

h) Edozein administrazio publiko eskuduni aldez aurretik eskatu izana zuzenbideari jarraikiz legozkiokeen prestazioak, pentsioak edo sorospenak, edozein motatakoak; baita mantenu eta/edo konpentsazioko pentsioak ezarri eta ordaintzeko zuzenbide-akzioak baliatzea ere.

2. Salbuespen gisa, gizarte politikaren arloko departamentu eskuduneko kontseilariak emandako foru agindu bidez, eta espedientean objektibotasunez justifikatutako arrazoiengatik, beste pertsona batzuk ere prestazioaren hartzaile izan ahalko dira, baldin eta haien familia-unitateek, artikulu honetako idatz-zatian ezarrita dauden baldintza guztiak bete gabe ere, premia-egoeran gelditzea eragin dieten inguruabar objektiboak pairatzen badituzte.

Aurreko lerrokadan xedaturikoa ezertan galarazi gabe, prestazioaren onuradun izan ahalko dira premia-egoeran dauden pertsonak, ondoko inguruabarretakoren bat pairatzen badute. Hala, prestazioa eskuratzeko salbuespen kasu hauek ezartzen dira:

a) Legezko bizitokiaren baldintzaren salbuespenak:

1. Hamasei urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten familia-unitateak, bizitokia Nafarroako Foru Komunitatean 2012ko abenduaren 31 baino lehenagotik dutenak, eta beren kideek, betiere, bizitokia Nafarroan modu jarraian eta egiazki izan badute eskaera egin aurreko hogeita lau hilabeteez, gutxienez.

2. 2012ko abenduaren 31 baino lehenagotik Foru Komunitatean bizi diren familia-unitateak, bizitokia Nafarroan modu jarraian eta egiazki izan badute eskaera egin aurreko hogeita lau hilabeteez gutxienez, eta, Nafarroako Foru Komunitatean lan egin ondoren, legezko bizitokirik gabe geratu badira lanpostua galdu izanaren ondorioz.

b) Errentagatiko diru-sarreren baldintzaren salbuespenak:

Bazterketa egoeran dauden eta gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak, bakarrik daudenak, beren familia-unitatean hartuta daudenak, bizitoki propiorik ez dutenak edo etxebizitza berean anai-arrebekin eta/edo gurasoekin bizitzen jartzen direnak deserrotze sozialeko prozesuen ondorioz; besteak beste, toxikomania, gaixotasun mental edota laneratzea zailago egiten duten bestelako nahasmen larriengatiko deserrotze-prozesuen ondorioz.

c) Etxebizitzaren arloko gizarteratze-programa edo -jarduketetan parte hartzen ari diren familia-unitateak, gizarteratze-kontratu bat sinatu dutenak gizarteratze-etxebizitzen eta alokairu sozialeko etxebizitzen programen laguntzaile gisa kalifikatutako entitateren batekin, kontratua amaitu arte.

e) Familia-unitateak, zeinetako kide bat amaitu gabeko gizarteratze- eta laneratze-prozesu trinko batean dagoen Nafarroako administrazio publikoetako batek zuzenean edo zeharka kudeatutako gizarteratze- eta laneratze-zerbitzu batean.

f) Foru Komunitateko harrera-baliabideetan dauden pertsonak, prostituzio-jarduna utzi ondoren gizarteratze- eta laneratze-ibilbideak egiten ari direnak”.

Hiru. 4. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“4. artikulua. Zenbatekoak.

1. Gizarteratze-errentaren prestazioaren zenbatekoa zehaztuko da errenta horretarako ezarritako zenbatekoak erlazionatuz familia-unitatearen diru-sarrerekin eta familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruarekin, honako eskalari jarraituz:

a) 1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren %100.

b) 2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren %120.

c) 3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren %130.

d) 4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren %140.

e) 5 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren %150.

Gizarteratze-errentaren zenbatekoa, hortaz, izanen da familia-unitatearen hileko baliabide ekonomikoak noraino eta aurreko kopuru horiek aplikatuta ateratzen den emaitza iristeraino osatzeko behar den kopurua.

2. Gutxieneko zenbatekoak erregelamenduz ezarriko dira”.

Lau. 5. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“5. artikulua. Jasotzeko aldia.

1. Gizarteratze-errenta emanen du gizarte-politikaren arloan eskumena duen departamentuak, hamabi hilabeterako oro har, baina iraupen beretsuko berritzeak egin ahal izanen dira, gehienez ere hogeita hamasei hilabete egin arte.

2. Salbuespen gisa, aipatu departamentuko kontseilariaren foru aginduaren bidez eta Gizarteratzearen Balorazio Batzordeak aldez aurretik aldeko txostena emanda, prestazioa jasotzeko gehieneko aldia, aurreko idatz-zatian ezarritakoa, luzatu ahalko dute egoera hauetakoren batean dauden eskatzaileek:

a) Familia-unitatearen parte diren hamasei urtez beherako kideen zaintzak galarazten duenean, salbuespenez eta aldi baterako, eskatzailearen eta gainerako kide helduen laneratzea.

b) Familia-unitatean osasun egoera larriak eta/edo bat-batekoak izatea, zailtzen dutenak eskatzaileak eta familia-unitateko gainerako kide helduak edozein lan-jarduera ordaindutan aritzea.

c) Familia-unitateko kide bat amaitu gabeko gizarteratze- eta laneratze-prozesu trinko batean dagoenean gizarteratze- eta laneratze-zerbitzu publiko batean, eta gehienez sei hilabetekoa izanen den luzapenaren aldeko txostena duenean.

d) Onuraduna langabezi egoeran baldin badago hogeita hamasei hilabeteko legezko epea amaitzen denean, eta dagokion departamentuak balorazioa egin ondoren, errenta hori behar den denboraz luzatu ahalko da.

d) Eskatzailea 60 urtez gorakoa denean eta, adina dela-eta, zailtasunak dituenean lan merkatuan sartzeko.

f) Familiaren babesik eta laguntza afektiborik gabeko pertsonen kasuan, haien bizi-egoerak okertze orokor bat nozitu duenean, deserrotze sozialeko bilakaera bat izan ondoren, arrazoi ezberdinak tarteko, hala nola toxikomaniak, gaixotasun mentala edo laneratzea zailtzen duten bestelako nahaste larriak.

3. Hogeita hamasei hilabete iragan eta epea berritzen den salbuespenezko kasuetan, prestazioaren zenbatekoak osatu eginen ditu hileroko baliabide ekonomikoak; aurreko artikuluaren 1. idatz-zatian familia-unitatearentzat aurreikusitako zenbatekoaren %100era ere irits daiteke osagarri hori”.

Bost. 6. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Gizarteratze-errentaren prestazioaren hartzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Gizarteratze-errenta zertarako eman zaien, hartarako erabiltzea.

b) Dituzten baliabideak arduraz administratzea, egoera ekonomikoa edo bazterketa-egoera larriagotu ez dadin.

c) Nafarroan modu efektibo eta jarraituan bizitzea prestazioa jasotzen den epe guztian; oinarrizko errenta hartzen duen familia-unitateko pertsona bat edo pertsona batzuk Nafarroako Foru Komunitatetik atera daitezke urtebetean hilabete baino luzeagoa ez den aldi batez, betiere hori aurrez jakinarazita kasuko oinarrizko gizarte zerbitzuari.

d) Kasuko inkorporazio-akordioa izenpetu eta betetzea.

e) Prestazioa jasotzen den aldi osoan, eskatzaileari nahiz familia-unitateko edozein kideri legozkiokeen prestazio ekonomikoetarako eskubide oroz baliatzea.

f) Lanerako prest egotea, bai titularra bai prestazioaren gainerako onuradunak ere, lanerako adina badute, salbu eta, oinarrizko gizarte zerbitzuen eta/edo gizarteratze- eta laneratze-taldeen iritziz, lan merkatuan sartzeko egoeran ez dauden pertsonak direnean.

g) Oinarrizko gizarte zerbitzuetako eta arlo honetako departamentu eskuduneko profesionalek egoeraren jarraipena egiteko deituz gero, kasuko elkarrizketetara joatea, inkorporazio-akordioan adierazitako maiztasun eta baldintzekin.

h) Gizarteratze-errentaren hartzailearen ohiko helbidea aldatzen den guztietan, aldaketa horren berri ematea.

l) Familia-unitateko adingabeak eskolatzea eta ziurtatzea haiek modu aktiboan, jarraituan eta etengabean joaten direla ikastetxeetara, nahitaezko etapan”.

Sei. 7. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“7. artikulua. Inkorporazio-akordioa.

1. Gizarteratze-errenta emateko, beharrezkoa da inkorporazio-akordio bat izenpetzea; bertan jasoko dira gizarteratze-errentaren hartzaileek bere gain hartutako konpromisoak, batetik, eta gizarteratzeko edo gizarteratu eta laneratzeko ibilbidea egiten laguntze aldera Administrazio Publikoak emanen duen sostengua, bestetik.

2. Inkorporazio-akordioa izan daiteke gizarteratzeko soilik, edo gizarteratzeko eta laneratzeko; hori erabakitzeko, kontuan hartuko da, batetik, prestazioa jasotzen duen familia-unitateko kideek zer ezaugarri, beharrizan eta aukera dituzten, eta, bestetik, akordioan zer helburu aurreikusi diren.

4. Administrazio Publikoak inkorporazio hori erraztuko duten programak eskaini beharko ditu, profil bakoitzaren araberakoak, eta haien jarraipena egin beharko du, edo gizarte-entitateekin lankidetza hitzarmenak egin beharko ditu.

5. Onuradunaren familia-unitatearen egoera zein den, izenpetuko den inkorporazio-akordioa gizarteratze-akordio bat izanen da edo, kasua bada, gizarteratze- eta laneratze-akordio bat.

6. Inkorporazio-akordio horretan parte hartuko dute, alde batetik, oinarrizko gizarte zerbitzuek edo, kasua bada, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeek, beren profesionalen bitartez; eta, bestetik, eskatzaileak eta, bidezkoa bada, bazterketa egoeran egoteagatik akordioan jasotako ekintzen onuradun izan daitezkeen familia-unitate hartzaileko adinez nagusiek.

Halaber parte hartu ahalko dute inkorporazio-akordio horiek prestatzen eta betetzen esku-hartze sozialaren eta soziolaboralaren alorrean jarduten duten gizarte ekimeneko entitateek, oinarrizko gizarte zerbitzuekin koordinatuta.

7. Inkorporazio-akordioa egituratuko da eskatzailearen eta bere familia-unitatea osatzen duten pertsonen ezaugarri, beharrizan eta ahalbideen arabera, eta bertan zehaztu beharko dira lortu beharreko helburuak, egin beharreko jarduerak eta horien epekatzea.

8. Akordioek aintzat hartuko dute bakoitzaren egoera, eta kontuan hartuko dituzte lanpostua galtzearekin eta langabeziagatiko prestazio eta sorospenak agortuta izatearekin loturarik zuzenena duten egoerak, behar bezala justifikatutako bestelako inguruabarren ondoriozko egoeren aldean.

9. Neurri egokiak ezarriko dira gizarteratze-errentaren prestazioa amaitzen duten pertsonek lehentasuna izan dezaten gizarte-enplegu babestua edo zuzeneko enplegu aktiboa lortzerakoan, eta lehentasuna, halaber, bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran egonda lana lortzeko zailtasun handiena duten biztanleria-sektoreen enplegagarritasuna bultzatze aldera administrazioek abian jarritako beste edozein laneratze-neurriren nahiz enplegua sustatzeko neurriren hartzaile izaterakoan”.

Zazpi. 8. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“8. artikulua. Prestaziorako eskubidea azkentzea.

Gizarteratze-errentaren prestazioaren hartzea arrazoi hauetakoren batengatik azkenduko da:

a) Iraunaldia amaitzeagatik.

b) Prestazioa ematean aintzat hartutako baldintzak aldatzeagatik, halako moduan non onuraduna prestazioa jasotzeko eskatutako baldintzetatik kanpo uzten baitute.

c) Gizarte-politikaren alorreko departamentu eskuduneko kasuko administrazio-unitateari inkorporazio-akordioa ez igortzeagatik behar diren datuez hornitua.

d) Inkorporazio-akordioa ez betetzeagatik.

e) Prestazioa jasotzeko eskatzen diren inguruabarrei eta baldintzei buruz behar diren datuak ezkutatzeagatik edo okerreko informazioa emateagatik.

f) Prestazioa jasotzen ari den aldian lan-eskaintza bati uko egiteagatik edo borondatezko baja edo lan eszedentzia hartzeagatik.

g) Ezarritako betebehar edo baldintzetakoren bat ez betetzeagatik.

h) Onuradunaren heriotzagatik, salbu eta erregelamenduz zehazturiko moduan familia-unitateko beste kide baten subrogazioa gertatzen den kasuetan.

i) Pertsona titularrak uko egiteagatik”.

Zortzi. 14. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“14. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinak ohartarazpena eginez zehatuko dira.

2. Arau-hauste larriak 100 eta 300 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

3. Arau-hauste oso larriak 300 eta 1.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

4. Artikulu honetan aipatzen diren zehapenez gain, bidegabeki jasotako kopuruak itzuli beharko direla ulertzen da”.

Bederatzi. Xedapen gehigarri bat, laugarrena, eransten da. Hona:

“Laugarren xedapen gehigarria.–Beste errenta batzuekiko bateragarritasuna.

Foru lege honetan ezarritako prestazioak bateragarriak izanen dira beste edozein prestazio jasotzearekin, kasuko prestazioari buruzko araudiarekin bat”.

Azken xedapenetan lehena .–Erregelamendu bidezko garapena.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez onetsiko du foru lege honen erregelamendu bidezko garapena.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko martxoaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1503612

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web