2/2015 FORU LEGEA, urtarrilaren 22koa, lan elkartuko mikrokooperatibei buruzkoa.
BON N.º 21 - 02/02/2015
2013-2015 urteetarako Nafarroako Ekonomia Sozialeko Plan Estrategikoak, Moderna Planaren esparrukoak, helburu du enplegua gehitzen laguntzea, ekonomia sozialeko enpresa berriak sortuz.
Foru lege honen xedea da mikroenpresen eraketa sustatu eta bultzatzea, lan elkartuko kooperatiba-elkarteen eredupean, Nafarroaren hazkunderako eta enpresa-ehunduraren etorkizuneko garapenerako oinarri gisa, kalitatezko enplegua sortzeko eredu bat baita.
Planteamendu hau Europar Batasunetik bultzatu izan diren orientabide eta politikekin bat dator, zeinek elkarren osagarri diren bi beharrizani erantzuten baitiote. Batetik, enpresa txikien sorrera bultzatzea, bereziki hamar langile bitarteko mikroenpresak, eta horretarako sozietate-formula errazak ezartzea, enpresa txikienen errealitateari hobeki egokituak.
Bestetik, orokorrean, araudiak ez du egiten enpresen tamainaren araberako tratamendu-desberdintasunik, eta, horren ondorioz, arauak ezartzen dituen betekizunak betetzea zail egin dakieke enpresa txikienei. Mikroenpresen kasuan, beren izaera eta inguruabarrak direla eta, izaera administratiboko betekizunak ez dira batere lagungarri gertatzen; alderantziz, oztopo handi bat izaten dira haien sorrerarako.
Azken urte hauetan, Europar Batasunak eta Estatuak merkataritza-alorreko lege-aldaketa batzuk egin dituzte, enpresa-ekimen berriak abian jartzeko bete beharreko baldintzak sinpletze aldera, betiere bilatuz enpresa txiki eta ertainen eraketan eragin berezia duten aldaketak, zeren eta halako enpresak funtsezkoak baitira enplegu-sorrerarako.
1. Mikrokooperatiba lehen graduko kooperatiba-sozietatea da, lan elkartukoa, eta bere araubide juridikoa foru lege honek ezartzen du, kooperatiba-sozietateen barruko espezialitate gisa.
2. Mikrokooperatiba bat eratzeko, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeari jarraituz eratutako kooperatiba-sozietate baten estatutu sozialak foru lege honetara egokitzeko, edo kooperatiba ez den sozietate bat mikrokooperatiba bihurtzeko, sustatzaileek edo kasuko organo sozialak sozietateari mikrokooperatibaren nolakotasuna espresuki egotzi beharko diote.
3. Mikrokooperatiba iraupen mugagabeko bi langilek, gutxienez, eta hamarrek, gehienez, osatuko dute, lanaldi osoan nahiz partzialean.
4. Mikrokooperatibak foru lege honetan xedatuaz arautuko dira, eta, osagarri gisa, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeaz.
1. Mikrokooperatiba eratzeko edo beste entitate bat mikrokooperatiba bihurtzeko nahiz horretara egokitzeko, eskritura publikoa egin eta sozietatea Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharko da. Inskripzio horren indarrez hartuko du nortasun juridikoa eratu berriko mikrokooperatibak.
2. Kooperatiben arloan eskuduna den Nafarroako Gobernuko departamentuak mikrokooperatibentzako estatutu sozialen eredu orientagarri bat onetsiko du, eta interesdunen eskura jarriko du mikrokooperatibak eratzen dituztenean. Eredu horrek jasoko ditu, gobernu-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoa taxutzeari dagokionez, foru lege honek ezartzen dituen hautabide ezberdinak.
3. Estatutu sozialen eredu orientagarria aldaketarik sartu gabe erabiltzeak berarekin ekarriko du estatutu horiei buruzko aldez aurretiko kalifikazioaren izapidetik salbuetsita egotea. Kasu horretan, eratze-eskritura kalifikatzeko eta inskribatzeko epea ez da izanen berrogeita zortzi ordutik gorakoa.
4. Entitate horien izenean ezinbestean agertuko da “Mikrosozietate Kooperatibo” adierazpena edo horren laburdura den “Mikrosoz. Koop.”
3. artikulua. Besteren konturako langileak eta iraupen mugatuko bazkidelangileak kontratatzeko mugak.
1. Mikrokooperatibek, beren nortasun juridikoa hartu eta zazpi urteko gehieneko epe batez, iraupen mugatuko bazkide-langileak izan ahalko dituzte, baina halakoen kopurua ezin izanen da izan iraupen mugagabeko langileena –lanaldi osokoak nahiz partzialekoak– baino handiagoa.
2. Zazpi urteko epe horretan berean, mikrokooperatiban besteren konturako kontratu mugagabea duten langileak ez dira bost baino gehiago izanen, salbu eta enpresaren behar objektiboengatik kopuru hori gainditu behar bada, gehienez ere hiru hilabetez. Epe hori gainditu ahal izateko, baimen zioduna eskatu beharko zaio, epe mugatu baterako, Nafarroako Gobernuko kooperatiben arloko departamentu eskudunari, eta azken horrek hogeita hamar eguneko epean ebatzi beharko du eskaria; administrazio-isiltasunaren kasuan, baimena eman egin dela ulertuko da.
3. Aurreko idatz-zatietan aipatzen den zazpi urteko epe hori iraganda, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeak ezarritakoak izanen dira mikrokooperatibak besteren konturako kontratu mugagabedun langileak eta iraupen mugatuko bazkide-langileak kontratatzeko mugak.
4. Aurreko idatz-zatietan jasotako kasuetan, behin beren nortasun juridikoa hartu zutenetik zazpigarren urtea iragan denean, mikrokooperatibek kooperatiben arloko Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunean frogatu beharko dute Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legeak arlo honi buruz ezarritako betekizunak betetzen dituztela.
4. artikulua. Bazkideen ekarpenak zedarritzea.
Bi bazkidek osatutako mikrokooperatiben kasuan, bazkide bakoitzaren ekarpenak %50ekoak izanen dira.
Mikrokooperatibek hasierako derrigorrezko ekarpenak exiji diezazkiekete besteren konturako langileei, sozietatean sartu ahal izateko iraupen mugagabeko bazkide-langile bezala edo iraupen mugatuko bazkide bezala, eta ekarpen horiek, bazkide mota bakoitzaren kasuan, izanen dira, gehienez ere, sozietatera azken sartutako bazkide-langileak guztira eginiko derrigorrezko ekarpenen adinakoak, dagokion bezala eguneratuta. Edonola ere, eguneratze hori ezin izanen da handiagoa izan ekarpenak egin zirenetik Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako Nafarroako KPIak aplikatzetik ateratzen dena baino.
5. artikulua. Organo sozialak.
1. Hauek izanen dira mikrokooperatibaren organo sozialak: kooperatibaren batzar orokorra eta gobernu-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoa, zeina pertsona bakarrekoa izan baitaiteke –administratzaile bakarrekoa–, pertsona anitzekoa –administrari solidario edo mankomunatuak dituena– edo kolegiatua –zuzendaritza-kontseilua duena–.
2. Batzar orokorraren araubidea, foru lege honetan xedatuta ez dagoen orotan, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legean ezarritakoa da.
3. Gobernu-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoa mikrokooperatibako bazkide-langileek osatuko dute beti, eta foru lege honetan eta Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.
4. Mikrokooperatiben gobernu-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoa, zuzendaritza-kontseiluaren modalitatea hautatzen denean, gutxienez ere bi pertsonak osatuko dute, eta kasu horretan lehendakari eta idazkari karguak izanen dituzte.
5. Karguek bost urte iraunen dute, eta epe hori iraganda, haietarako pertsona berak hautatuko dira, edo beste izendapen bat eginen da.
6. Zuzendaritza-kontseiluaren erabakiak modu baliodunean emandako botoen gehiengo soilaz hartuko dira, halakotzat kontatu gabe bilkurara joan diren kontseilarien abstentzioak. Lehendakari kargua duenaren botoak ebatziko ditu berdinketak.
7. Artikulu honetako laugarren idatz-zatian jasotako kasua gertatzen bada, idazkariak aukera izanen du batzar orokorra biltzeko deialdia egiteko, baldin eta lehendakariak ez badu deialdia egin bazkide batzuek (gutxienez, boto guztien %20 ordezkatzen dutenak) egindako deialdi-eskaera jaso ondorengo hogei egunetan. Nolanahi, horrek ez du ezertan kaltetzen lehendakariaren kontra erantzukizun-akzioaz baliatzea.
8. Mikrokooperatibako bazkide guztiak gobernu-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoko kide direnean, ez da kontu-hartzailerik izendatu beharko.
6. artikulua. Estatutu sozialak egokitzea.
1. Mikrokooperatibak iraupen mugagabeko langile-bazkideen gehieneko kopurua gainditzen badu sei hilabete baino gehiagoz, estatutu sozialak egokitu beharko ditu Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legean ezarritakora.
2. Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen babesean sortutako lan elkartuko kooperatiba-sozietateren batek mikrokooperatibaren forma hartu nahi badu, eta arau honetan horretarako finkatu diren betekizunak betetzen baditu, bere estatutuak lege honen xedapenetara egokitu beharko ditu.
Lehen xedapen gehigarria .–Agiri elektroniko bateratua.
Prozedura eta tresna telematikoen garapenak hori bideratzen duenean, Nafarroako Gobernuak behar diren neurriak hartuko ditu agiri elektroniko bateratu batek aukera eman dezan mikrokooperatibak eratzeko, abian jartzeko eta horiei aholkua emateko; halaber, hitzarmenak eginen dira horien funtzionamendu hobea lortzen lagun dezaketen erakunde, administrazio eta sozietateekin.
Bigarren xedapen gehigarria .–Ekintzaileen arretarako guneak.
Kooperatiben arloan eskuduna den Nafarroako Gobernuko departamentuak Nafarroako mikrokooperatibak sortzeko ekintzaileen arretarako gune izaera emanen die Nafarroako Foru Komunitateko jarduketa-esparrua duten irabazi asmorik gabeko entitateei, eta gune horietan arreta ematen egonen diren pertsonen ezaugarri teknikoak eta lanbide-profila finkatuko ditu.
Lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikagarria izan arte, Nafarroako mikrokooperatibak sortzeko ekintzaileen arretarako guneek izaera hori aitortzen dien ebazpen administratiboan esleitzen zaizkien jarduerak eginen dituzte .
Doakoak izanen dira Nafarroako mikrokooperatibak sortzeko ekintzaileen arretarako guneen zerbitzu guztiak.
Hirugarren xedapen gehigarria .–Araubide fiskala.
Mikrokooperatibei aplikatzekoa izanen zaie Kooperatiben Araubide Fiskalari buruzko ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legean lan elkartuko kooperatibentzat ezarritako araubidea, eta 3. artikuluan aipatzen den zazpi urteko epean aplikatuko dira artikulu horren 2. idatz-zatian aurreikusitako mugak, 9/1994 Foru Legearen 7. artikuluko 3. idatz-zatian adierazitakoen ordez.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: F1501429