(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2015 FORU LEGEA, urtarrilaren 22koa, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duena, klausula administratiboen agirietan klausula sozialak sartzeko.

BON N.º 21 - 02/02/2015



ZIOEN AZALPENA

Estatu sozial batean, botere publikoen jardunean aintzat hartu beharreko kontua da pertsonen garapena bermatzeko gutxieneko bizi-baldintza batzuk finkatzea.

Krisi ekonomikoak kalte handia eragin du lan-merkatuan. Langabezia hazi egin da, eta enplegua dutenen lan-baldintzak kasu askotan murrizketa handiak ari dira jasaten.

Horrenbestez, Parlamentu honi dagokio Nafarroako Foru Komunitateko lan-merkatuari ahal den egonkortasun handiena emateko formulak bilatzen saiatzea. Hain zuzen, kontratazio publikoa jarduera ekonomiko garrantzitsua da, eta beronetan botere publikoek esku har dezakete, kontratuetarako gutxieneko baldintza batzuk ezarriz. Enpresa pribatuetan jardunda ere, langile askok dihardu zeharka sektore publikorako, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen babesean eginiko kontratazioen bidez.

Lege hori da, hain zuzen, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea alegia, izaera sozialeko eskakizun xeheak sartzeko aukera ematen duten mekanismoak jasotzen dituena.

Beraz, beharrezko jotzen dugu Nafarroako Sektore Publikoan kontratista diren enpresentzat lan egiten duten beharginengan eragin zuzena duten bi arazo motari heltzeko mekanismoak ezartzea. Batetik, aplika daitezkeen lan-baldintzei buruzko segurtasun eza; hau bideratzeko gutxieneko baldintza gisa finkatzen dira –nahikoak eta bidezkoak direla uste izanik– enpresa kontratistaren jarduerari dagokion sektoreko esparru txikieneko azken lan-hitzarmen sektorialekoak. Bestetik, enpleguaren ezegonkortasuna, izan ere, langile askoren itxaropen laborala lotuta baitago enplegatzaileak sinatu duen kontratu publikoaren iraupenarekin; honi aurre egiteko exijentzia bat sartzen da, enplegua mantentzea, alegia, enpresa kontratista aldatuagatik ere.

Horretarako, kontratu publikoa egiteko prozesuan derrigor bete beharreko eduki gisa finkatzen da izaera sozialeko eskakizun jakin batzuk sartzea. Betebehar hau Nafarroako Foru Komunitateko Sektore Publikoa parte den esleipen-prozesuetako baldintza-agirien bidez gauzatuko da. Baldintza-agiri horietan, derrigor bete beharreko izaera sozialeko eskakizun gisa finkatuko dira, gutxienez, sektoreko esparru txikieneko lan-hitzarmen probintzialeko baldintzak errespetatzea, eta langileak subrogatzea enpresa kontratista aldatzen denean, nahiz kontratistak bere jarduera beste batekin azpikontratatzen duenean.

Aipatutako klausula sozialak urratu direla egiaztatuz gero, Administrazioak kontratua eteteko aukera izango du.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da izaera sozialeko zenbait eskakizun ezartzea, zeinak, ezarri beharreko edo ezar litezkeen beste eskakizun batzuk gorabehera, nahitaez sartu beharrekoak izanen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Sektore Publikoa osatzen duten entitateen kontratazio organoek egiten dituzten kontratazio-prozesuetan.

2. artikulua. Aplikazioesparru objektiboa.

Foru lege honetako xedapenak aplikatuko zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Sektore Publikoaren entitateek egiten dituzten kontratazio guztiei, zeinak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 3. artikuluan baitaude araututa.

3. artikulua. Aldatu egin da Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 49. artikulua. Honako testua izanen du:

“49. artikulua. Kontratuak gauzatzeari buruzko eskakizun sozialak edo ingurumenaren arlokoak.

1. Administrazio klausula partikularren agirietan, betekizun sozial edo ingurumenaren arloko zehatzak ezarri ahalko dira, kontratua exekutatzeko moduari buruzkoak eta haren ezaugarrien arabera egokituak. Esate baterako, ontzi, bilgarri edo produktu erabiliak berreskuratu edo berriz erabiltzea; produktu edo zerbitzuen efizientzia energetikoa; produktuak berriz erabil daitezkeen ontzietan ematea; kontratistaren kargura hondakinak edo produktu erabiliak jaso eta birziklatzea; luzaroko langabeei lana eman beharra; gazte eta langabeentzako prestakuntza jarduerak kontratistaren kargura antolatzea; sexuen arteko berdintasuna sustatzeko edo etorkinak integratzeko neurriak hartzea; legez ezarritako kopurua baino pertsona ezgaitu gehiago kontratatu behar izatea kontratua exekutatzeko; eta antzeko beste batzuk.

2. Betekizun horiek ezin izanen dira ezkutuko zehaztapen tekniko, aukeraketa irizpide edo esleipen irizpideak izan, eta, halaber, ezin izanen dute bereizkeriarik eragin, eta, horrela, kontratua burutzeko gaitasun teknikoa duen edozein lizitatzailek bete ahal izateko modukoak izanen dira.

3. Nolanahi ere, klausula administratiboen agirietan, honakoei buruzko ohartarazpenak jaso beharko dira:

a) Kontratu honek errespetatu egin behar ditu lanari, Gizarte Segurantzari eta lan-osasun eta -segurtasunari buruzko xedapenak (lege, araudi eta hitzarmenetakoak direla ere), batik bat enpresa kontratistaren jarduerari dagokion sektoreko esparru txikiena duen azken lan-hitzarmen kolektibo sektorialean ezarritako baldintzak.

b) Eskaintza ekonomikoak egokia izan behar du esleipen-hartzaileak aurre egin ahal izateko kasuan kasuko hitzarmen sektorialaren aplikaziotik heldu den kostuari; jasotako soldaten orduko prezioak ezin izanen dira inolaz ere izan hitzarmeneko orduko prezioak gehi gizarte segurantzako kostuak baino txikiagoak.

c) Zerbitzuen emakidaren kasuan, kontratazioa, kasua bada, gutxienik hiru hileko antzinatasuna duten langile guztien subrogazioa bermatzeko baldintzapean eginen da, beste enpresa batekoak izanagatik ere, kontratuko jarduera egiten ari badira; enpresaburu berria aurrekoaren eskubide eta betebehar laboraletan eta Gizarte Segurantzarekikoetan subrogatuta geratzen da, pentsio konpromisoak barne, araudi espezifikoan aurreikusitakoaren arabera, eta oro har, gizarte-babes osagarriari buruz bere gain hartu ahal izan dituen betebeharrei dagokienez. Kontratua esleitu zaion enpresak kontratuaren zati bat besteren esku uzteko aukera dagoela aurreikusiz gero, bigarren enpresa horrek jarduera hori egiten zuten langile guztiak subrogatu beharra daukala jasoko da; enpresaburu berria aurrekoaren eskubide eta betebehar laboraletan eta Gizarte Segurantzarekikoetan subrogatuta geratzen da, barne hartuta pentsio-konpromisoak –horien araudi espezifikoan aurreikusitakoaren arabera– eta, oro har, gizarte-babes osagarriaren arloan hartutako betebehar guztiak.

4. Baldin eta 1. eta 2. idatz-zatietan jasotako eskakizunak ez badira betetzen, kontratazio-organoak ondokoak izanen ditu aukeran:

a) Kontratua suntsiaraztea, kontratistaren ez-betetze erruzkoagatik, eta kontratista bi urterako ezgaitzea foru lege honen babesean egiten den edozein lizitazio deialditan parte hartzeko.

b) Kontratuaren gauzatzeari eustea, kontratuaren prezioaren %20ko zigorra ezarrita.

5. Kontratistak ez baditu betetzen artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritakoaren ondorioz kontratazio-agirietan sartzen diren klausula sozialak, kontratazio-organoak ondokoak izanen ditu aukeran:

a) Kontratua suntsiaraztea eta kontratista 5 urterako ezgaitzea foru lege honen pean gelditzen diren entitateekin kontratatzeko.

b) Kontratua kontratista berak exekutatzen jarrai dezala, baina kontratuaren prezioaren %35eko zigorra ezarrita.

Kontratua suntsiaraztea erabakitzen badu, kasuan kasuko administrazioak kontratuaren falta den zatia lizitazioan bigarren gelditu zen enpresari esleitzen ahalko dio, edo, enpresa horrek uko egiten badio, sailkapenean hurrengoak izan zirenei, sailkapen-ordenan”.

4. artikulua. Esleipenen gardentasun publiko eta instituzionala.

Lizitazio eta kontratazio prozesuetako klausula administratiboen agirietan adierazpen bat jasoko da, zeinaren bidez lehiakideek beren borondatez onartuko duten gardentasun instituzionala emanen dietela lizitazio-, esleipen- eta exekuzio-prozesutik heldutako datu guztiei, prozesu hori amaitu arteko datu guztiei alegia.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru lege hau ez da aplikatuko dagoeneko esleituta dauden kontratazioetan, ezta bera indarrean sartu aurretik tramitatzen ari zirenetan ere.

AZKEN XEDAPENA

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1501428

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web