(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2015 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 15 - 23/01/2015



ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35.4. artikuluak ezartzen du ezen, Foru Komunitateari dagozkion zerga bereziak ordainarazteko, unean-unean Estatuko lurraldean indarra duten oinarrizko printzipioak eta funtsezko eta formazko arau berak aplikatuko dituela hark. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak, gutxienez ere lurralde komuneko datu berak jasoko dituztenak, onesten ahalko ditu, eta likidazio aldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean desberdinduko ez direnak, finkatzen ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten funtsezko eta formazko arau berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

Azaroaren 27ko 28/2014 Legeak hainbat aldaketa ekarri ditu fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedapen komunetan; aipatu lege horrek beste lege hauek aldatu zituen: Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea, Kanarietako Araubide Ekonomiko eta Fiskalaren alderdi fiskalak aldatzeari buruzko ekainaren 7ko 20/1991 Legea, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta ingurumen arloko fiskalitate neurri batzuk eta tributu eta finantza arloetako beste zenbait neurri ezartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legea. Bereziki, hidrokarburoen (zehazki, gas naturalaren) gaineko zergaren sorrarazpenari dagokionez, baita fabrikazioaren gaineko aipatu zerga bereziak kudeatzeko arau orokorrei ere. Orobat, fabrikazioaren gaineko zerga berezietako arau-hausteen eta zehapenen erregulazioa hobetu da, arau-hauste arinak eta larriak bereizi dira, eta gutxieneko zenbateko batzuk ezarri zehapen jakin batzuetarako.

Aldaketa horiek direla eta, beharrezkoa da, lehen aipatutako legegintzarako eskuordetzea erabiliz, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu baten bidez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 54.1 artikuluarekin bat, Estatuarekin sinatutako Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak Estatuko lurraldean indarra duten arau berdin-berdinak –bai funtsari bai formari dagokionez– aplikatu behar dituen alderdietarako.

Berariaz xedatzen da 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituztela ondorioak 20/1992 Foru Legean egindako aldaketek. Eta hori, oinarri hartuta arau horiek atzerako eraginkortasuna izaten ahalko dutela, indarra har dezaten harmonizazioaren xedeko araubide erkidegoko arauekin batera, 14/2004 Foru Legearen 54.4 artikuluari jarraituz.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta 2015eko urtarrilaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DU:

Artikulu bakarra. Abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea aldatzea.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legetik aipatzen diren agindu hauek testu hau izanen dute:

Bat.–7.13. artikulua:

“13. Artikulu honen aurreko zenbakietan ezarritakoa gorabehera, fabrika edo biltegi fiskaltzat hartzen diren instalazioetatik ateratzen den gas naturala hartaz hornitzeko kostubidezko kontratu baten barrenean gertatzen denean, fakturazio aldi bakoitzeko gas naturalaren hornidurari dagokion prezioaren zatia eskatu daitekeenean sorraraziko da hidrokarburoen gaineko zerga. Aurrekoa ez da aplikatuko gas naturala beste fabrika, gordailu fiskal edo hartzaile erregistratu batera igortzen denean, ezta hornidura hodi finkoez ez beste baliabide batzuen bitartez egiten denean ere.

Artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitakoa aplikatzeko, aurreko lerroaldean aipatzen diren gas naturalaren horniduraz beste batzuetarako, gehienez ere hirurogei egunez jarraian gas naturalez egindako hornidura guztia epe hori amaitu eta hurrengo hilabete naturaleko lehen egunean fabrika edo biltegi fiskaletik atera dela ondorioztatu dezakete subjektu pasiboek.”

Bi.–18. artikulua 1. eta 3. zenbakiak eta 5. zenbakiko c) letra:

“1. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien subjektu pasiboek eta haiek ordaintzera behartuta dauden gainerakoek dagozkien tributu aitorpenak aurkeztu beharko dituzte, eta bidezko diren autolikidazioak egin, baita bermeak aurkeztu ere, zerga arloko betebeharren erantzule direnez”.

“3. Fabrikazioaren gaineko zerga berezien subjektu pasiboek eta haiek ordaintzera behartuta dauden gainerakoek zerga-zorra zehaztu eta ordaindu beharko dute Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak ezartzen dituen prozedura, modua eta epeak betez”.

“c) Produktu horien zirkulazioan eskatzen ahal diren baldintzak eta, bereziki, erkidegoko zirkulazioa eta lurralde barrenekoa babestu behar duten edozein dokumentutako erabilera baldintzak”.

Hiru.–19. artikulua, 2., 3., 5. eta 6. zenbakiak. 7 zenbakia gehitu zaio artikuluari:

“2. Betiere, honako hauek zerga arloko arau-hauste larriak dira:

a) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak fabrikatzea, lege honetan eskatzen diren baldintza eta beharkizunak bete gabe, ezta hura garatzeko erregelamenduan ematen diren xedapenak ere.

b) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuen zirkulazioa helburu komertzialekin lurralde barrenean, dokumentu administratibo elektroniko batean babestuta egon behar denean baina erreferentziako kode administratiboa, horretarako agintari eskudunek esleitua, ez duenean.

c) Fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak edukitzea helburu komertzialekin, sorrarazitako zerga ordainduta duela, etendura araubidea aplikatu dela edo salbuespen kasua dela frogatu gabe.”

“3. Aurreko zenbakiko a), b) eta c) letretan aipatu arau-hausteek dirutan izanen dute zehapena; hain zuzen ere, produktuen kopuruei legozkiekeen kuoten %100, arau-haustea atzeman zen egunean indarra zuen tasa aplikatuta kalkulaturik; gutxienez ere, 1.200 euro.

Aurreko lerroaldean adierazitakoaren arabera dagokion zehapena %25 igoko da, zerga arloko arau-hausteak errepikatzen direnean. Inguruabar hori gertatutzat emanen da arau-hausleak azken arau-haustea egin aurreko bi urtean ebazpen irmo baten bidez zehatua izan denean bide administratiboan, aurreko 2. zenbakian ezarritako debekuetako edozein urratzeagatik.”

“5. Lurralde barrenean fabrikazioaren gaineko zerga berezien xedeko produktuak helburu komertzialekin zirkulatzea tributu arloko arau-hauste arina da, baldin eta zirkulazio hori babesteko erregelamenduz ezarritako dokumentuen arabera dokumentuaren funtsezko datu errealak isildu badira edo oker eman, eta tributu arloko arau-hauste larria ez bada. Arau-hauste hori dirutan zehatuko da; hain zuzen ere, zirkulazioan diren produktuei legokiekeen kuotaren %10; gutxienez ere, 600 euro.

Honako hauek zirkulazioko dokumentuen funtsezko datuak dira:

1. a–Zer salgai garraiatzen den eta zenbat zuzen identifikatzeko behar diren datuak.

2. a–Bidaltzailea, hartzailea edo produktuak zuzen identifikatzeko behar diren datuak, zirkulazio dokumentuaren zenbakia barne.

3. a–Zirkulaziokoko zigiluen kasuan, haien zenbakiak edo edukiera eta haien korrespondentzia ontziekin.

4. a–Bidalketa zein egunetan hasi zen.”

“6. Zerga arloko arau-hauste arintzat joko da marka fiskalik edo ezagutzakorik ez dituzten edari alkoholdunak edo tabako gaiak helburu komertzialekin edukitzea, baldintza hori erregelamenduz eskatzen ahal denean, non ez zaion 2. zenbakian adierazitakoa aplikatzen jokabide horri. Arau-hauste hori honela zehatuko da:

a) 150 euroko isuna, helburu komertzialekin eta markak erakutsi gabe 1.000 zigarroko multzo bakoitza izateagatik; 600 euro, gutxienez ere, arau-hauste bakoitzeko.

b) 10 euroko isuna litro bakoitzeko, helburu komertzialekin eta markak erakutsi gabe, edari eratorriak izateagatik; 600 euro, gutxienez ere, arau-hauste bakoitzeko.

Aurreko a) eta b) letretan ezarritako zehapenak gorantz graduatuko dira, isunaren zenbatekoari %25 gehituta, arau-hausteak errepikatuz gero. Arau-haustea errepikatutzat emanen da arau-hausleak azkena egin aurreko bi urtean ebazpen irmo baten bidez zehatua izan denean bide administratiboan zenbaki honetan ezarritako debekuak urratzeagatik.”

“7. Zerga arloko arau-hauste arintzat joko da marka fiskal faltsuak, birsortuak edo errekuperatuak edukitzea. Arau-hauste horri 10 euroko isun finkoa jarriko zaio marka fiskal faltsu, birsortu edo errekuperatu bakoitzeko.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1500563

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web