(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2014 FORU LEGE DEKRETUA, abenduaren 29koa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri jakin batzuen indarraldia 2015. urtera luzatu eta haien montepioetako klase pasiboen pentsioak eguneratzen dituena.

BON N.º 254 - 31/12/2014



ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako Parlamentuak presako zenbait neurri onetsi zituen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan. Aipatu neurriak, funtsean, ekonomiaren eta aurrekontuen egungo egoeran oinarriturik hartu ziren, eta horietako gehienen indarraldiari dagokionez, erabaki zen 2012. urtera mugatu zela, eta gerora erabakiko zela hurrengo urteetan luzatuko zen ala ez.

Abenduaren 26ko 25/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako Parlamentuak 2013. urtera luzatu zituen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legean aurreikusitako zenbait neurri. Modu berean, abenduaren 30eko 1/2013 Foru Lege Dekretuaren bidez, neurri berak 2014. urtera luzatu ziren. Neurri horien indarraldia 2014ra luzatzea eragin zuten inguruabarrak aldatu ez direnez, beharrezkoa da 2015. urtera ere luzatzea, eta horretarako, beharrezkoa da lege-mailako arau bat garatzea.

Alde horretatik, foru lege-dekretu honen bidez luzatu egiten da 2013an eta 2014an indarrean egon diren neurri beren indarraldia, hots, Parlamentuaren gehiengoaren borondateari jarraikiz onetsitako abenduaren 26ko 25/2012 Foru Legean ezarritakoa. Hona, neurri horiek:

–Langileek zerbitzu aktiboan segitzeko luzapena etetea.

–Zerbitzuagatiko dietak kentzea.

–Osasun Laguntzaren Zerbitzuko “Erabilera berezia” delako modalitateko tarifak erabiltzeko mugak.

–Nafarroako Gobernuko kideei eta gainerako goi karguei dagozkien neurriak.

Bestalde, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du pentsioen zenbatekoa urtero eguneratuko dela, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege bakoitzak ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezartzen duen ehunekoaren arabera. Alde horretatik, aintzat hartu beharra dago ez dagoela Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legerik 2015erako, izan ere, Nafarroako Parlamentuak, 2014ko azaroaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez, atzera bota du eguneraketa hori jasotzen zuen Nafarroako Gobernuaren proiektua.

Hori horrela izanik, bidezkoa da lege mailako arau bat onestea, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioen 2015erako eguneraketa jasotzeko. Aurreko urteetan bezala, erreferentziatzat hartuko da pentsio publikoek urte horretan jasaten duten igoera, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak horretarako xedatzen duenarekin bat.

Foru lege-dekretu honetan jasotako eguneraketaren arabera, zenbait inguruabarrek tratamendu berezia behar dute, esate baterako, alargun- eta umezurtz-pentsio minimoek; izan ere, indarreko araudiak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin lotzen ditu. Era berean, eta pentsio publikoen arloko araudi indarduna aplikatzeko, zehaztu da pentsioak ez direla eguneratuko baldin eta pentsio horiek berek bakarrik edo onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera pentsio publikoetarako oro har urtean ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badute.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluak hauxe ezartzen du 1. zenbakian:

“1. Kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izanen ditu, foru lege-dekretuaren forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege-dekretuaren xede izan honakoak: Foru Komunitateko erakundeen eta nafarren eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organiko honetan arautuak daudenena; lege organiko honen erreforma, eta lege hau garatzeko emandako foru legeena, legean bertan espresuki aipatzen direnena, hain zuzen; hauteskunde-araubidea; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.”

Gorago deskribatutako aparteko eta premiazko inguruabarrak direla-eta –bereziki 2015eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legerik ez izatea–, beharrezkoa da foru lege-dekretu bat onestea, izan ere aipatu lege organikoak ezartzen duen bezala, langileen arloko presako neurriek eta pentsioen eguneraketak kasuan kasuko urtearen urtarrilaren 1ean hartu behar dute indarra.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak.

2015. urtera luzatzen dira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak, hots, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen 1., 5., 6. eta 8. artikuluetan aurreikusitakoak.

2. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak eguneratzea.

1. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, indarreko araudiaren arabera eguneratzeko eskubidea dutenek, pentsio publikoek urte horretan duten igoera bera izanen dute.

2. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, alargun- eta umezurtz-pentsio minimoek lanbide arteko gutxieneko soldatari jarraituko diote, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

3. Pentsio publikoen arloko indarreko araudia aplikatzeko, eguneraketa ez da aplikatuko baldin eta aitortutako edo etorkizunean aitortuko diren pentsioek, berek bakarrik nahiz onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera pentsio publikoetarako urtean ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badute.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena .–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 2015eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko abenduaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1417550

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web