(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

237/2014 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 29KOA, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNEKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN 2015EKO LAN EGUTEGIA ONESTEN DA

BON N.º 254 - 31/12/2014



Atariko

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 311/2014 Ebazpenaren bitartez Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2015eko jaiegunen egutegi ofiziala erabaki ondoren, bidezkoa da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2015eko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa onestea, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera.

Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, esaterako lanaldiko atsedenaldia, prestakuntzarako ikastaroetara joatea eta norberaren arrazoiengatik lanera ez bertaratzea eta lantokitik ateratzea.

Foru agindu honen edukia Mahai Orokorrean negoziatu da erakunde sindikalekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Aste barreneko jaiegunak zehaztea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aste barreneko jaiegun hauek izanen dituzte 2015ean:

Urtarrilaren 1a: Urteberri.

Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

Martxoaren 19a: San Jose.

Apirilaren 2a: Ostegun Santua.

Apirilaren 3a: Ostiral Santua.

Apirilaren 6a: Pazko biharamuna.

Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

Uztailaren 7a: Sanferminak. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.

Uztailaren 25a: Santiago Eguna.

Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

Urriaren 12a: Espainiako Festa Nazionala.

Azaroaren 30a: San Saturnino egunaren ondoko eguna. Jaieguna Iruñean lan egiten dutenendako.

Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.

Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

Abenduaren 25a: Eguberria.

2. Zerbitzuak Iruñetik kanpo ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat, jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2015eko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herriko zaindariaren besta eguna eta herriko zaindariaren bestetako beste egun bat, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan aritzen diren langile guztientzat oro har ezartzen duenaren arabera.

3. Aurreko atalean xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren bestei dagokienez, zerbitzua Antsoainen, Atarrabian, Barañainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan, Sarrigurenen, Zizur Nagusian eta Zizurren ematen dituzten langileak. Horientzat, Iruñerako ezarritakoa izanen da jaieguna, hots, uztailaren 7a.

2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan urteko lanorduen kopurua 1.592koa izanen da eta honela banatuko da:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, ordutegiaren zati finkoa 9:00etatik 14:30era izanen da; gainerako ordutegia langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 17:00etara.

Ordutegi malgua ezarrita ez duten lekuetan, nahitaez aritu beharko da 8:00etatik 15:00ak arte; gainerako 20 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:40tik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte.

3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

a) Uztailaren 6a: San Fermin bezpera; 8:00etatik 12:00etara.

b) Uztailaren 8a, 9a, 10a, 13a eta 14a, Sanferminak: ordutegi finkoa, 9:00etatik 13:00etara.

c) Abenduaren 24a eta 31: lanaldiaren bukaeran, ordu eta erdiko murrizketa.

d) 5 ordu eta 40 minutuko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

a) 27 ordu eta 20 minutu, norberaren herriko zaindariaren festetan, kasu bakoitzaren arabera banatzekoak. Banaketa horretan, gutxienez ere egun bat osorik hartuko da. Murrizketa honek Iruñean diharduten langileenak bezainbat ordu egiten du, eta uztailaren 7a barne hartzen du.

b) Abenduaren 24a eta 31: lanaldiaren bukaeran, ordu eta erdiko murrizketa.

c) 5 ordu eta 40 minutuko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

5. Aurreko idatz-zatietan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla-eta, lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat (lana txandaka, gauez, etab.) dutenei, ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion mahai orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.

6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetako lan ordutegia ez-bezalakoa izatea baimen dezake, goiko atalean aipatutako mahai orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.

3. artikulua. Lanaldiko atsedenaldia.

Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa baino luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.

4. artikulua. Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

1. Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute.

2. Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Soilik Administrazioak erabakitzen duenean nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, hartuko da lan denboratzat, urteko lanorduen ondorioetarako. Halakoetan izanen dute eskubidea langileek, kasua bada, zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuen kalte-ordain ezarriak jasotzeko.

5. artikulua. Norberaren arrazoiak direlaeta lanera ez bertaratzea eta lantokitik ateratzea.

1. Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendukoen artean egonen dira norberaren arrazoiengatik lanera ez bertaratzeko eta lantokitik ateratzeko kasu guztiak.

2. Norberaren arrazoiengatik lanera ez bertaratzeko eta lantokitik ateratzeko, langileak arreta medikoa behar ez badu, baldin aipatutako erregelamenduko kasu berariazkoak ez badira, nahitaez norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak erabiliko dira, edo foru agindu honen 2. atalean ezarritako ordu-poltsakoak, eta, halakoetan, ez bertaratzeak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutakoei.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko abenduaren 29an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1417586

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web