(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

28/2014 FORU LEGEA, abenduaren 24koa, tributu-neurriei buruzkoa.

BON N.º 254 - 31/12/2014



ZIOEN AZALPENA

Foru lege honek hiru artikulu, bi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen ditu.

Lehen artikuluak aldaketa batzuk egiten ditu Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean, ondorioak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

Bat atalak 29.4 artikulua aldatzen du. Artikulu horrek tributu-zorraren erantzuleen araubide orokorra arautzen du.

Aldaketaren xedea da tramitazio laburtu bat arautzea erantzukizuna deribatzen den kasurako, tributu-likidazioen proposamenetan egun agintzen duen ereduarekin bat.

Hona prozedura: erantzuleari jakinarazten zaio erantzukizuna deribatzeko egintzaren proposamena, erantzukizun horrek eduki beharko lukeen zenbaterainokoa zehaztuta, eta hamabost eguneko epea ematen zaio alegazioak aurkezteko. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada edo berariaz uko egiten bazaio alegazioak aurkezteari, erantzukizuna deribatzeko egintza jakinarazi dela ulertuko da, proposatutako zenbaterainokoa barne. Hau da, alegaziorik ez badago, proposamen hori erantzukizuna deribatzeko egintza bilakatzen da.

Esan gabe doa erantzukizuna deribatzeko egintzaren proposamena, betiere, erantzuleari honakoen berri emanez jakinarazi beharko dela: eskaera eragin duen autolikidazioaren edo likidazio administratiboaren elementu guztiak, defentsarako dituen bideak eta, lehen aipatutakoaren haritik, zein unetan eman behar den jakinarazitzat erantzukizuna deribatzeko egintza.

Erregulazio honen helburua da gai honen inguruko tramite administratiboak arintzea alegaziorik ez dagoenean; izan ere, kasu horretan ez da beharrezkoa izanen erantzulearen deklarazioa modu formalean jakinaraztea, ez baita erantzun beharreko alegaziorik egonen.

Bi atalean, berriz, 52.5 artikuluan egindako akats bat zuzentzen da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 118. artikuluaren okerreko bi aipamen egiten baitira.

Hiru atalak hogeita bigarren xedapen gehigarria eransten du, tributu-zorra geroratzeko edo zatitzeko 2015ean egindako eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak ezartzeari buruzkoa.

2012. urtean aurrenekoz aurreikusi ziren arlo honi buruzko berariazko neurriak, eta hurrengo urteetan eutsi egin zaie, aldaketa txiki batzuk eginda.

Esan beharra dago neurri hau, funtsean, 2014rako ezarritakoaren berdin-berdina dela.

Hauxe da berritasun bakarra: zorren saldoaren %30 egiten duten errekargu eta interes berrituak ordaindu beharra kasu guztietara zabaltzen da. Orain hirugarren arauan bildu da beharkizun hori. Gaur arte, hilean 12.000 eurotik beherako kopurua egiten zuten gerorapen eskaeretan baizik ez zen exijitzen ordainketa hori. Neurri honekin, premiamendu bidezko bigarren gerorapenen baldintzak gogortzen dira.

Lau atalean hogeita hirugarren xedapen gehigarria eransten da, zerga arloko berandutza interesa urtean % 4,375koa izanen dela finkatzeko.

Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera, berandutzako interes-tasak berdina izan behar du nahitaez lurralde nazional osoan, eta, beraz, Estatuko 2015eko aurrekontuen lege proiektuan % 4,375eko berandutza interesa ezarri denez, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan ere hori bera onetsi beharko da.

Bigarren artikuluan, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu beharreko hondakin uren saneamenduko kanonerako tarifak onetsi dira.

Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean saneamenduko kanona sortu zen, zerbitzua emateari atxikitako zerga baliabidea izateko.

Azaroaren 26ko 34/2013 Foru Legearen bidez aldatu egin zen 10/1988 Foru Lege hori, kanonaren tarifen aldizkako eguneratzea Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen bidez onetsi behar ez izateko nahitaez, ordura arte bezala; horren ondorioz, gaur egun 13. artikuluak hau dio: “aplikatu beharreko tarifen zenbatekoa urtero finkatuko da foru lege batean”, eta horretan kontuan hartuko dira, besteak beste, finantza askitasuna, progresibotasuna ezarpenean eta tratu berdintasuna erabiltzaileentzat, sortzen duten kutsadura mailaren arabera.

Saneamenduko kanonaren tarifetarako igoera txiki bat proposatzen da, urtetik urtera Plan Zuzentzailearen gastuak handituz doazelako. Araztegi gehiago daude, eta ingurumen arloko betebeharrak direla eta, isurketen tratamenduak garestiagoak dira orain.

Hirugarren artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legea aldatzen du; aldaketaren xede honako departamentu hauen tasa batzuk dira: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua, Hezkuntza Departamentua eta Sustapen Departamentua.

Azkenik, lehen xedapen gehigarriak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 27. artikuluan aipatutako diruaren balio-galera zuzentzeko koefizienteak ezartzen ditu; bigarren xedapen gehigarriak, berriz, ezartzen du Sodenaren egoera berriari, sozietate mugatu bihurtu baita, aplikatuko zaiola Sociedad de Desarrollo de Navarra (Sodena) sortzeari buruzko urtarrilaren 2ko 1/1984 Foru Legea.

Lehenengo artikulua.–Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

2015ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko manu hauen testua honakoa izanen da:

Bat.–29.4 artikulua.

“4. Betiere, tributu-zorraren ordainketa exijitzeko administrazio-ekintza erantzuleei deribatzeko, administrazio-egintza bat beharko da, zeinean, interesdunari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna eta bere mota deklaratu eta haren zenbaterainokoa zein den zehaztuko baita.

Egintza hori jakinarazi eginen zaie, likidazioaren elementu funtsezkoak adieraziz, erregelamendu bidez finkatzen den moduan.

Espedienteari hasiera emateko unean organo eskudunak erantzukizuna deribatzeko egintzarako proposamen bat egiteko bide ematen duten elementu guztiak baditu, interesdunei proposamen hori jakinaraziko zaie, adieraziz espedientea egina dela eta hamabost eguneko epea dutela bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko.

Hamabost eguneko epe hori iragan ondoren alegaziorik aurkeztu gabe edo epe horretan aurkezteari uko eginda, erantzukizuna deribatzeko egintza proposamenean jasotako eran eman eta jakinarazi egin dela ulertuko da, eta interesdunei hala adieraziko zaie jakinarazpenean. Ordainketa egiteko eta errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko epeak kontatzen hasteko eguna izanen da erantzukizuna deribatzeko egintza jakinarazitzat ematen den eguna.

Ondorio horietarako, egindako proposamenean jaso beharko dira zorra eragin duen autolikidazioaren edo likidazio administratiboaren funtsezko elementuak, erregelamenduz ezartzen den moduan, egintza aurkatzeko bideak eta epeak, zorra ordaintzeko epea eta modua, bai eta erantzukizuna deribatzeko egintza jakinarazitzat emateko modua eta unea ere adieraziz, aurreko paragrafoan esandakoarekin bat, une horretatik aurrera erantzulearenak izanen baitira zordun nagusiaren eskubide guztiak.

Erantzukizunaren deklarazioari buruzko erabakiaren kontrako erreklamazio edo errekurtsoaren bidez, zor-eskaera egiteko bide ematen duen egintzaren oinarriaz gainera, oinarri horretako likidazioak ere aurkatu ahal izanen dira. Errekurtso edo erreklamazio horien ondorioz, ezin izanen dira berrikusi beste zergadunentzat irmo bilakatu diren likidazioak, ezpada errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztu duen erantzulearen beharkizunaren zenbatekoa.

Dena dela, 30.4 artikuluan ezarritako kasuetan, ezin izanen dira oinarri horrek hartzen dituen likidazioak aurkatu, erantzukizunaren zenbateko osoa baizik. Orobat, aipatu artikuluan aurreikusitako kasuetan, ez da 70.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuko, ateratzen den zenbateko deribatua zorretatik nahiz tributu-zehapenetatik etorri”.

Bi.–52.5 artikulua.

52. 5 artikuluan, bigarren paragrafoan 118.2 artikuluaz egiten den aipamena eta laugarren paragrafoan 118.4 artikuluaz egiten dena 118.3 eta 118.5 artikuluez eginak direla ulertuko da, hurrenez hurren.

Hiru.–Hogeita bigarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hogeita bigarren xedapen gehigarria. Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2015ean egiten diren eskaerei aplikatzen zaizkien neurri berariazkoak.

Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2015ean egiten diren eskaerei, betiere dirua biltzeko kudeaketa lana Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari badagokio, honako xedapen berariazko hauek aplikatuko zaizkie:

Lehena.–Geroratu beharreko zorraren zenbatekoa, guztira, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 51.1.b) artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa denean, ez da bermerik exijituko, betiere geroratu beharreko zorrari dagokion zerga edo kontzeptua sarturik ez badago aipatutako erregelamenduaren 48.3 artikuluan adierazitako salbuespenetan, gerorapenak hileroko maiztasuna badu eta ondoko bi inguruabarretako batean badago:

a) Epea hiru urtetik gorakoa ez izatea eta eskatzaileak tramitatu aurretik sartzen badu geroratzeko eskatutako zorraren % 30.

b) Epea bi urtetik gorakoa ez izatea eta eskatzaileak tramitatu aurretik sartzen badu geroratzeko eskatutako zorraren % 20.

Bigarrena.–Bai borondatezko epean bai ordainarazpen aldian egindako geroratze edo zatikatze eskaeretan, betiere geroratu edo zatikatu beharreko zenbatekoa 12.000 eurotik beherakoa bada, geroratze edo zatikatze epea urtebetekoa gehienez, eta maiztasuna hilerokoa, ez da bermerik exijituko, ez eta ordainketa egin beharra ere kasuan kasuko tramitazioaren aurretik.

Hirugarrena.–Premiamendu bidez geroratu edo zatikatu beharreko zorren artean baldin badaude bide horretan berean lehenago geroratu edo zatikatutako zorrak, kitatuta daudenak, zor horien saldoaren % 30 ordaintzeko exijituko da, bai eta bete gabeko geroratze edo zatikatzean kontuan hartu ziren zorrei dagozkien ordainarazpen aldiko errekarguak eta interesak ere, osorik, horiek ordaintzeko beharra atzeratu egin baitzen geroratzea onartu zenean, 117.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zenbateko horiek exijituko dira, halaber, bermea eratzeko beharra dakarten geroratze edo zatikatzeetan, Diru-bilketaren Erregelamenduaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Geroratu edo zatikatzeko eskaeran sartutako gainerako zorretarako, baldin badago, aurreko lehen eta bigarren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Laugarrena.–Borondatezko epeko zorren kasuan, geroratze edo zatikatze eskaera automatikoki ezetsiko da baldin eta osotara kitatu gabe badaude tributu-zorren lau geroratze edo gehiago, edo Nafarroako Ogasun Publikoaren beste eskubide ekonomiko batzuen ordainketaren lau geroratze edo gehiago, salbu eta geroratzeko eskatutako zorrak bermatzen badira edo aurrekoak bermaturik badaude aipatutako Diru-bilketaren Erregelamenduaren 50.1 eta 50.2.a) artikuluetan adierazitako berme motekin soil-soilik”.

Lau.–Hogeita hirugarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hogeita hirugarren xedapen gehigarria. Berandutza interesak.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, foru lege honen 50.2.c) artikuluan aipatzen den berandutzako interes-tasa, % 4,375ekoa izanen da urtean”.

Bigarren artikulua.–Hondakin uren saneamenduko kanonaren tarifak.

1. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, saneamenduko kanonaren tarifak hauek izanen dira:

a) Saneamenduko sare publikoetara konektatutako etxeko ur-erabilerei aplikatu beharreko karga tasak: 0,57 euro metro kubiko bakoitzeko.

b) Saneamenduko sare publikoetara konektatutako ur-erabilerei, etxekoak ez direnei, aplikatu beharreko karga tasak: 0,71 euro metro kubiko bakoitzeko. Karga kutsatzaileari dagokion indize zuzentzailea aplikatuko da, hala behar denean, apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 19/2011 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian araututako moduan.

c) Saneamenduko sare publikoei konektaturik ez dauden baina erakunde eskudunek eman beharreko baimen administratiboak dituzten erabiltzaileek: 0,085 euro metro kubiko bakoitzeko. Ibilgu publikora isurtzeko baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, a) edo b) letretan ezarritakoaren arabera dagokion tarifa aplikatuko da.

2. Ur-banaketan aritzen diren entitateek horniduragatiko tasak arautzen dituzten ordenantzetan ezarritakoa aplikatu ahal izanen diote saneamenduko kanonari ur-ihesak daudenean isuria kalkulatzen den kasurako, edo hobari sozialak aplikatzeko.

3. Arazketa-instalazio pribatuetatik datozen lohiei tarifa hauek aplikatuko zaizkie tratatuak izateagatik, baldin eta onartzen badira Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Zuzendariari atxikitako hondakin-uren araztegietako lohien lerroetan:

Neurketa/Prezioa.

5 m³ gehienez: 41,50 euro

10 m³ gehienez: 83,00 euro

10 m3-tik gora: 8,30 euro/m3

4. Aurreko zenbatekoei balio erantsiaren gaineko zerga gehituko zaie.

Hirugarren artikulua. Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legea.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen manu hauen testua honakoa izanen da:

Bat. 43.–artikuluan, 9. tarifa gehitzen da:

“9. tarifa: Apustu dendak.

1. Ustiatzeko baimena: 437,58 euro.

2. Ustiatzeko baimena berritzea: 202,98 euro”.

Bi.–51. artikulua, 1.3 tarifa.

“3. Beren ezaugarri teknikoengatik edo daramaten zamarengatik, baimendutako gehieneko masa eta neurriak gainditu edo erregelamenduz ezarritako gutxieneko abiadurara iristen ez diren ibilgailuak eskoltatu eta kontrolatzea eta haien zirkulazioa antolatzea: 32 euro, ordu eta foruzain bakoitzeko”.

Hiru.–87. artikuluan, 5. tarifa gehitzen da:

“5. tarifa: Aldi baterako ehiza baimenak: 12 euro baimen bakoitzeko”.

Lau.–91. artikulua. 2. eta 3. tarifak:

“2. tarifa: Arrantza barruti arruntean: 10 euro”.

3. tarifa. Arrantza intentsiboko barrutian: 10 euro”.

Bost.–VII. bis tituluko IV. kapituluaren testu berria:

“IV. kapitulua.–Arrantza kontinentaleko lizentziagatiko tasa.

92. artikulua. Zergapeko egintza.

Tasaren zergapeko egintza da arrantza kontinentalean aritzeko, lege indardunen arabera, beharrezkoak diren lizentziei dagozkien zerbitzu administratiboak ematea.

93. artikulua. Subjektu pasiboak.

Arrantza kontinentalerako beharrezkoak diren lizentziak eskatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak dira tasaren subjektu pasiboak.

94. artikulua. Sortzapena.

Lizentziak eskatzen diren unean sortu eta exijituko da tasa.

95. artikulua. Tarifak.

Tarifa hauen arabera eskatuko da tasa:

1. 5 urteko indarraldia duen lizentziarako: 60 euro.

2. Urteko lizentziarako: 12 euro”.

Sei.–99. artikuluan, 18., 19. eta 20. tarifak gehitzen dira:

“18. tarifa: Kirol teknikariaren titulua.

1. Tarifa arrunta: 50,20 euro.

2. 1. kategoriako familia ugaria: 25,10 euro.

3. 2. kategoriako familia ugaria: 0,00 euro.

19. tarifa. Goi mailako kirol teknikariaren titulua.

1. Tarifa arrunta: 72,80 euro.

2. 1. kategoriako familia ugaria: 36,40 euro.

3. 2. kategoriako familia ugaria: 0,00 euro.

20. tarifa. Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren titulua lortzeko proba libre modularretan izena ematea.

1. Tarifa arrunta: 10,00 euro.

2. 1. kategoriako familia ugaria: 5,00 euro.

3. 2. kategoriako familia ugaria: 0,00 euro”.

Zazpi.–119. artikulua. 2.3 tarifa:

“2.3. Erabilera bereziko bidaiarien garraio publikorako baimenak ematea edo berritzea: 14 euro”.

Zortzi.–119. artikulua. 6.1 tarifa:

“6.1. Ondoko azterketa hauek egiteko eskubideengatik: garraiorako lanbide- gaitasunaren titulua lortzekoa, segurtasun arloko aholkulariaren titulua lortzekoa edo berritzekoa, edo gidariaren lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzekoa: 22 euro”.

Bederatzi.–119. artikuluan, 6.3. tarifa gehitzen da:

“6.3. Lanbide-gaitasunaren edo segurtasun arloko aholkulariaren titulua edo gidariaren gaitasun txartela berritzea titularraren datu pertsonalak aldatu direlako: 5 euro”.

Hamar.–119. artikulua. 7 tarifa:

7. 2 eta 7.6 tarifak ezabatu dira eta 7.2 tarifa berria sortu da.

“7.2. Ikastetxearen titulartasuna aldatzea: 178 euro”.

Hamaika.–127. artikulua:

“127. artikulua. Tarifak.

EUROAK

1.    TARIFA

Eraikuntzak egitea, berregitea edo haien bolumena handitzea. Gasolina-zerbitzuguneak ezartzea eta gasolina eta lubrifikatzaileak banatzeko aparatuak instalatzea:

1.   3.000 euro bitarteko aurrekontua dutenak:

40,00

2.   3.000tik 6.000 eurora bitarteko aurrekontua dutenak:

75,00

3.   6.000tik 12.000 eurora bitarteko aurrekontua dutenak:

100,00

4.   12.000tik 30.000 eurora bitarteko aurrekontua dutenak:

155,00

5.   30.000 eurotik gorako aurrekontua dutenak:

210,00

2.    TARIFA

Eraikuntzen kontserbaziorako obrak egitea:

1.   3.000 euro bitarteko aurrekontua dutenak:

33,00

2.   3.000tik 6.000 eurora bitarteko aurrekontua dutenak:

42,00

3.   6.000 eurotik gorako aurrekontua dutenak:

55,00

3.    TARIFA

Itxitura edo eustorma eraikitzea:

1.   Itxitura ez gardena (fabrika-obra edo heskaia), metro linealeko:

3,75 (gu. t. 30)

2.   Itxitura gardena (hesola eta burdin haria edo sarea), metro linealeko:

2,00 (gu. t. 30)

3.   Eustorma, metro linealeko:

5,00 (gu. t. 30)

4.    TARIFA

Uraren, elektrizitatearen, gasaren, telefonoaren eta abarren lurpeko hodiak paratzea:

1.   Hodia babes eremuetan barna eramatea:

2,00 (gu. t. 30)

2.   Galtzada gurutzatzeko eroanbidea, metro 1,00 bitarteko diametrokoa, metro linealeko:

5,00 (gu. t. 30)

3.   Galtzada gurutzatzeko eroanbidea, fabrika-obraz edo zubi bidez, behin-behineko desbideraketa barne:

157,70

5.    TARIFA

Aireko lineak instalatzea:

1.   Goi tentsioko lineako zutoin edo metalezko dorre bakoitzeko, babes eremuetan:

10,85 (gu. t. 53)

2.   Behe tentsioko lineako edo bestelako lineetako zutoin bakoitzeko, babes eremuetan:

5,00 (gu. t. 36)

3.   Errepidea goi tentsioko linea batez gurutzatzea, zelaigunearen gaineko metro linealeko:

4,30 (gu. t. 53)

4.   Errepidea behe tentsioko linea batez edo bestelako linea batez gurutzatzea; zelaigunearen gaineko metro linealeko:

3,10 (gu. t. 36)

5.   Babes eremuan dagoen transformazio zentro bakoitzeko:

60,70

6.    TARIFA

Sarbideak, gurutzaguneak eta lotuneak:

1.   Finketarako sarbideak, zoladurak, aparkalekuak edo espaloiak egin, konpondu eta egokitzea:

40,00

2.   Maila bereko gurutzaguneak eta maila desberdinetako lotuneak eraikitzea:

204,00

7.    TARIFA

Harrobietako eta baso lanetako materialak gordetzea:

1.   Sei hilabetetik behera:

35,80

2.   Gehienez urtebetean:

57,85

8.    TARIFA

Bestelako obra eta aprobetxamenduak:

1.   Arbolak bota edo landatzea:

40,00

2.   Baskulak instalatzea:

40,00

3.   Babes eremuan hobi septikoa egitea:

42,10

4.   Lurpeko ur edo gas gordailua eta kutxetak egitea:

40,50

5.   Informazio seinaleak eta kartelak jartzea, unitateko:

35,80

6.   Eraikinak eraistea:

35,80

7.   Finkak zelaitu eta betelana egitea:

35,80

8.   Aurrekoetan sartzen ez diren obra mota guztietarako:

35,80”

Hamabi.–128. artikulua.

“128. artikulua. Fidantzak.

Emandako baimenen ondorioz errepideetan izan daitezkeen kalteen erantzukizunari dagokionez, zilegi izanen da honako fidantza hauek jartzeko exijitzea:

EUROAK

1.  

Errepidea “sator” batez gurutzatzea:

1.   100

2.  

Errepidea lurpetik gurutzatzea:

1.   100

3.  

Goi tentsioko linea airez gurutzatzea:

1.   100

4.  

Behe tentsioko linea airez gurutzatzea:

285

5.  

Finketarako sarbideak:

285

6.  

Zur-ustiategiak:

1.   100

7.  

Maila bereko gurutzaguneak eta maila desberdineko lotuneak eraikitzea, errepideak fabrikako obrekin edo zubiekin gurutzatzea eta behin-behineko desbideraketak egitea:

Obra exekuta- tzeko aurrekon- tuaren % 6,5. (1.000 euro gutxienez)

8.  

Tona-kopuru mugatua duten errepideetatik ibilgailu astunak pasatzea:

1.   000tik 30.000ra

9.  

Garraio bereziak Nafarroako Errepideen Sarean barna pasatzea (taularen arabera):

3.   000

5.   000

10.  000

100.000

10. 

Bestelako baimenak:

360

Garraio berezien fidantzen zenbatekoa, ibilbide berean eta ibilgailuaren ezaugarri hauekin:

Zabalera (m)

4,81 < A ≤ 5,50

5,51 < A ≤ 6,00

A > 6,01

Luzera (m)

45,10 < L ≤ 55,09

55,10 < L ≤ 60,09

L > 60,10

Altuera (m)

4,65 < h ≤ 4,75

4,76 < h ≤ 4,90

h > 4,90

Gehieneko masa edo tara

130,10 < P ≤ 160,09

160,10 < P ≤ 180,09

P ≥ 180,10

Masa ardatzeko (Tn/ardatza)

14,10 < p ≤ 15,09

15,10 < p ≤ 16,09

p ≥ 16,10

Fidantzaren zenbatekoa

3.   000 euro

5.   000 euro

10.  000 euro

Fidantza edo abal bakarraren edo osoaren zenbatekoa, garraiolari bakoitzeko urteko:

100.000 euro

Hamahiru.–146. artikulua.

–1. tarifa. Izen berria.

“Jatorriaren eta osasunaren gidak edo agiri baliokideak ematea (web gidak ez). Nazioarteko garraioaren osasun arloko ziurtagirien kasuan (Traces), aplikatu beharreko tasa bikoitza izanen da. Agiri bakoitzeko gutxieneko zenbatekoa 1,20 eurokoa izanen da eta gehienekoa 30 eurokoa”.

–2. tarifa. 3. puntuaren izen berria eta aldaketa.

“Baldintza bereziak agiriak ematean”.

“3. Traces agiria eman aurreko ikuskapena, abeltzaintzakoak ez diren espezieen kasuan eta abeltzaintzaren beste produktu batzuetarako: 25,00 euro”.

–4. tarifa. Puntu berria sortzea, 7.a.

“7. Esne gordinaren laginak hartzea eta horien kalitatea analizatzea: 75,00 euro”.

–5. tarifa. Aldaketa.

“5. Ekidoen erreseina edo zaldi-txartela ematea, abere bakoitzeko: 15:00 euro”.

–7. tarifa. Aldaketa.

“7. Batasunaren barrenean animalia bizien salerosketan aritzen diren agenteen erregistroa eta baimena behar duten animalia biziak garraiatzen dituzten ibilgailuen erregistroa: 25,00 euro”.

–9. tarifa. 1. puntuaren aldaketa eta 2. puntua kentzea.

“1. Abeltzaintzako ustiategien erregistroan inskribatzea: 10,00 euro”.

2. puntuko tarifa kendu da.

–10. tarifa. 1.7 eta 2.3 puntuak sortzea eta 3.1etik 3.9ra bitartekoak kentzea.

“1.7. PCR: 10,00 euro”.

“2.3. Mikobakteriorik badagoen aztertzea: 25,00 euro”.

3. 1etik 3.9ra bitarteko puntuetako tarifak kentzen dira.

–11. tarifa. Testu berria.

11.     TARIFA

ESTABLEZIMENDUEN ERREGISTRO OFIZIALEAN INSKRIBATZEA

EUROAK

1.   Establezimenduak eta bitartekariak, abereentzako elikagaiak:

50,00

2.   Albaitaritzako botiken establezimenduak:

50,00

3.   Azienda errepidez garraiatzen duten ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko zentroak:

50,00

4.   Giza kontsumorako ez diren eta animaliengandik datozen azpiproduktuak eta establezimenduak:

50,00

5.   Establezimenduen beste inskripzio ofizial batzuk:

50,00

6.   Aziendaren elikadurarekin loturiko ibilgailuak inskribatzea:

25,00

Hamalau.–XI. tituluaren IV. kapitulua.

XI. tituluko IV. kapitulua indargabetzen da (148. artikulutik 151.era bitartekoak).

Hamabost.–XI. tituluari IX. kapitulua gehitzea.

“IX. kapitulua. Europar Batasuneko etiketa ekologikoa emateagatiko tasa.

164. ter artikulua.

1. Zergapeko egintza.

Tasaren zergapeko egintza Europar Batasuneko etiketa ekologikoa ematea da.

2. Subjektu pasiboa.

Tasaren subjektu pasiboak Europar Batasunaren etiketa ekologikoa eskatzen dutenak dira.

3. Sortzapena.

Tasa Europar Batasunaren etiketa ekologikoa erabiltzeko eskaera aurkezten denean sortu eta exijituko da.

4. Tarifak.

Tarifa, oro har, 400 eurokoa izanen da.

Halere, tarifa 200 eurokoa izanen da enpresa txiki eta ertainen kasuan eta mikroenpresen kasuan (Batzordearen 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera) eta garapenean dauden herrialdeetako operadoreen kasuan.

Tarifa honetan ez da sartzen eskaeraren xede diren produktu edo zerbitzuen gainean egin beharreko proben edo egiaztapenen kostuari dagokion inolako elementurik. Kostu horiek eskatzaileek ordainduko dizkiete probak egiteko behar den gaikuntza duten entitateei.

5. Hobariak.

Eskatzeko tasa % 30 murriztuko zaie Ingurumeneko Kudeaketa eta Auditoretzako Batasunaren Sisteman erregistratutako eskatzaileei edo % 15, berriz, ISO 14001 arauaren araberako ziurtagiria dutenei. Murrizketak ezin dira metatu. Bi sistemak betetzen badira murrizketa handiena baizik ez da aplikatuko.

Murrizketa egiteko baldintza izanen da eskatzaileak berariaz konpromisoa hartzea etiketa ekologikoa duten bere produktuek kontratuaren balio epean Europar Batasunaren etiketa ekologikoaren irizpideak osotara betetzen dituztela bermatzeko, eta konpromiso hori modu egokian sartzea ingurumenaren arloan daraman politikan eta ingurumen arloko helburu zehaztuetan”.

Lehen xedapen gehigarria .–Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 27. artikuluan aipatutako diruaren baliogalera zuzentzeko koefizienteak.

2015ean hasten diren zergaldietan, Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 27. artikuluan aipatutako diruaren balio-galera zuzentzeko koefizienteak ondoko hauek izanen dira, eskualdatutako ondare-elementuak eskuratu diren urtearen arabera:

1983 eta aurrekoak: 2,422.

1984: 2,194.

1985: 2,047.

1986: 1,947.

1987: 1,886.

1988: 1,809.

1989: 1,720.

1990: 1,651.

1991: 1,593.

1992: 1,540.

1993: 1,478.

1994: 1,421.

1995: 1,351.

1996: 1,287.

1997: 1,255.

1998: 1,241.

1999: 1,233.

2000: 1,228.

2001: 1,202.

2002: 1,189.

2003: 1,170.

2004: 1,158.

2005: 1,144.

2006: 1,122.

2007: 1,097.

2008: 1,063.

2009: 1,040.

2010: 1,028.

2011: 1,028.

2012: 1,008.

2013: 1,000.

2014: 1,000.

2015: 1,000.

Bigarren xedapen gehigarria .–Sociedad de Desarrollo de Navarra (Sodena) sortzeari buruzko urtarrilaren 2ko 1/1984 Foru Legearen aplikazioa.

2011ko uztailaren 1ean eratutako Sociedad de Desarrollo de Navarra, S.L. sozietate publikoari aplikatzekoak izanen zaizkio Sociedad de Desarrollo de Navarra (Sodena) sortzeari buruzko urtarrilaren 2ko 1/1984 Foru Legean jasotako xedapenetatik beren izaerarengatik eta norainokoarengatik indarrean daudenak.

Azken xedapenetan lehena .–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako eraginekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko abenduaren 24an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1417690

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web