(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

27/2014 FORU LEGEA, abenduaren 24koa, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatu, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei aplikatu beharreko moduluak ezarri eta Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortzen duena.

BON N.º 254 - 31/12/2014



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortu eta zaintzea


ZIOEN AZALPENA

I

Babestutako etxebizitzen eta haien eranskinen salmenta eta alokairuko gehieneko prezioa Nafarroako Gobernuak ezartzen du urtero, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan aurreikusitako formula aplikatuz. Prezio horiek urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izateko ezartzen dira, modulu ponderatuen eta ponderatu gabeen arabera; modulu horiek foru lege horretan zehaztu, eta artikulu horretan azaltzen den formula erabiliz kalkulatzen dira.

2012ko abenduaren 18an, Kontuen Ganberak Etxebizitza babestuaren moduluari buruzko fiskalizazio-txostena egin zuen, 2005eko ekitalditik 2012ko ekitaldira bitartekoa, Nafarroako Parlamentuak eskatuta.

Modulua zehaztu eta eguneratzeari dagokionez, Kontuen Ganberak modulua eguneratzeko formula aztertzeko gomendioa egin zuen, berrikustean kontuan har zitezen, besteak beste, krisi ekonomikoaren egungo testuinguruak ekarritako baldintza sozioekonomiko berriak.

Arestian esan dugunez, Kontuen Ganberak 2012ko abenduaren 18an eman zuen bere txostena, eta etxebizitza babestuen gehieneko prezioek urtarrilaren 1etik aurrera izaten dituzte ondorioak. Horregatik, Nafarroako Gobernuak, presako gaia zela ikusirik, urte berriarekin eta 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan jasotako formularen aplikazioaren ondorioz moduluak berriz igo zitezkeelako, berehala onetsi zuen abenduaren 28ko 2/2012 Foru Lege-dekretua, Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituena, eta, halatan, etxebizitzen prezioa izoztu egin zuen urte hartan.

Foru lege-dekretu hori baliozkotzeko arauzko tramitean zehar, Nafarroako Parlamentuak erabaki zuen foru lege proposamen gisa tramitatzea, eta, erabaki haren ondorioz, maiatzaren 15eko 17/2013 Foru Legea onetsi zen, Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013 eta 2014an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituena; arau horren bidez, etxebizitzen prezioa 2013an izoztuta mantentzeaz gain, neurria 2014rako ere luzatu zen.

Horrela, etxebizitza babestuen prezioa ez da aldatu 2012., 2013. eta 2014. urteetan.

Nafarroako Gobernua behin baino gehiagotan agertu izan da prest Nafarroako Parlamentuko taldeekin adosteko zer modutan zehaztu etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei aplikatuko zaizkien moduluak. Horregatik, 2014an gaudenez, eta urte honen amaieran ezarri behar direnez 2015ean aplikatu beharreko moduluak, foru lege honen xedea da modulu horiek zehaztea hurrengo urterako, eta etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei aplikatuko zaizkien moduluak etorkizunean kalkulatzeko modua finkatzea.

Kontuen Ganberaren gomendioak aintzat hartuz, eta ikusirik, batetik, egungo formulan aurreikusitako erreferentziako adierazleetako batzuetan datuak ez direla eguneratu, eta, bestetik, adierazle horietan ez direla kontuan hartzen sustapen bakoitzaren eraikuntza arloko berezitasunak, erabaki da modulua kalkulatzeko ezarriko den sistemak kontuan hartuko dituela etxebizitza babestuen eraikuntzak eta sustapenak dituen egiazko kostuak, etekin tarte zentzuzko bat gehituta.

Formula horren helburu nagusia da oreka lortzea xede publikoen –etxebizitza babestua eskuratzeko aukera– eta etxebizitza mota honen sustapenek eduki beharreko errentagarritasun ekonomiko egokiaren artean; formularen alderdi on hauek aipatu daitezke:

Formula berriak alde batera uzten du zenbait materialen eta lan-eskuaren kostuen aldaketa, kostu horiek ez baitute beti zehatz-mehatz jasotzen sustapenaren kostuetan izandako aldaketa orokorra.

Formula berria loturik dago sustapenaren kostu orokorrekin, eta aldagaietako bat exekuzio materialaren aurrekontua da; etxegilearen eta sustatzailearen kostu batzuk, berriz, finkotzat hartzen dira, eta haien multzoa konstante gisa ageri da formulan; beste kostu batzuk, azkenik, aldagaitzat jotzen dira: lansari teknikoak, sustapenaren finantza kostuak, merkaturatze kostuak eta sustatzailearen etekina. Aldagai gisa hartzen diren kostuen urteko azterketak ezarriko du zein izanen den salmentako gehieneko balioa metro koadro erabilgarri bakoitzeko, eta horretatik aterako da moduluaren balioa.

Salmentako gehieneko prezioaren aldaketa exekuzio materialaren aurrekontuarekin lotuz gero, ez dira beharrezkoak izanen moduluaren aldaketa bereziak, eraikuntzan betekizun berriak ekar ditzaketen arau-aldaketek eragindakoak, aldaketa horiek sustapenetako exekuzio materialaren aurrekontuan islaturik agertuko baitira besterik gabe.

Horregatik beragatik, Nafarroan etxebizitza babestuen sustapenetan erabili ohi diren materialen kalitatea hobetu edo okerragotuko balitz, horrek zuzenean eraginen luke kasuan kasuko exekuzio materialaren aurrekontuen aldaketa, eta, horrenbestez, moduluaren balioarena ere.

II

Bestetik, foru lege honen xedea da Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortzea. Erregistro hori sortzeko beharra uztarturik dago Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzko uztailaren 2ko 24/2013 Foru Legean jasotako aurreikuspenekin. Egun, Espainiako Gobernuko lehendakariak aurkeztutako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoaren ondorioz, foru lege horren artikulu askoren aplikazioa etenda badago ere, arau horrek Etxebizitza Hutsen Erregistroa sortzeko agintzen dio Nafarroako Gobernuari.

Baina Nafarroako Gobernuak askoz harago joan nahi duten helburuak ditu arlo honetan. Horretarako, erregistro bat sortzeko asmoa du, eta bertan zentralizatu Nafarroako Foru Komunitatean dauden etxebizitzekin zerikusia izan dezaketen datu interesgarri guztiak. Interesa duen informazioa foru lege horren artikuluetan aletu eta xehatzen da; datu horietako bat da etxebizitza bat hutsik egoteko zantzuak izatea.

Era berean, Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorraren lehentasunezko beste helburuetako bat da bere informazioan beste erregistro batzuetan dagoena integratzea, bai Foru Komunitatean dauden erregistroen kasuan (Lurralde Aberastasunaren Erregistroa edo Efizientzia Energetikoari buruzko Ziurtagirien Erregistroa) bai Estatuan daudenen kasuan (Birgaitzeari, Hiri-berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Lege onetsi berriaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako zentsuak, adibidez).

Dudarik gabe, Etxebizitzen Erregistro Orokorra informazio iturri nagusietako bat izanen da etxebizitzaren arloan erabakiak hartzeko eta politika publikoen diseinua egiteko. Erregistroan informazio kopuru handia gordeko denez, hainbat arlotan neurri eraginkorragoak hartzeko bide emanen du, hala nola egun dauden etxebizitzak birgaitu, berroneratu eta berritzearen arloan, eta herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukerari dagokionez.

III

Horrez gain, foru lege honen bidez, hipotekaren ordainketari aurre egin ezinik ohiko etxebizitza galdu duten pertsonak babesteko Nafarroako Gobernuak jorratu duen bideari jarraitu nahi zaio. Orain arte, proposatu edo onetsi dira zenbait neurri arlo honetan. Neurri horiei foru lege honetan berritik sartutakoa gehitu behar zaie orain, etxebizitza babestuak alokatzeko baremoan puntuazioa izan dezakeen beste kontzeptu bat erantsiz. Neurri horrekin, aintzat hartu nahi da epaiketa bidezko edo epaiketaz kanpoko hipoteka-exekuzioko prozesuen ondorioz ohiko etxebizitzatik aterarazteko ebazpen judizial bat jaso duten pertsonen egoera zaila, babestutako etxebizitza bat alokatu ahal izateko baremoan berariazko puntuazioa emanez.

IV

Amaitzeko, foru lege honetan beste neurri batzuk ezartzen dira, prezio itunduko etxebizitzak desagertzea, adibidez. Babestutako etxebizitza mota hori Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean ere desagertu zen. Baina foru lege horrek, bederatzigarren xedapen iragankorrean, araubide iragankor bat ezartzen du, praktikan etxebizitza mota hau etorkizunean eraikitzea ahalbidetzen duena. Halere, ikusirik zein den higiezinen merkatuaren egungo egoera, prezio itunduko etxebizitzak saltzea ere nekeza izanik, beharrezkotzat jotzen da prezio itunduko etxebizitzen existentzia ez luzatzea.

V

Aurreko guztia ahalbidetzeko, foru lege honek artikulu bat, xedapen gehigarri bat, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu bere edukia garatzeko.

Artikulu bakarra.–Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea honela aldatzen da:

Bat.–10. artikuluan, 2., 5. eta 6. idatz-zatiak aldatzen dira. Hona testuak:

“2. Etxebizitzaren arloko kontseilari eskudunari dagokio etxebizitza babestuen eta haien eranskinen gehieneko salmenta-prezioa eta errenta finkatzea, foru lege honetan xedatutakoaren arabera; kasuko foru aginduaren bidez justifikatu beharko ditu artikulu honen 5. idatz-zatian jasotako formulan ezarritako aldagaien balioak, eta foru agindu hori onetsi aurretik parte-hartze sozialeko prozesu bat garatu beharko du, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

“5. Moduluak urtero eguneratuko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izateko, babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) salmentarako gehieneko balioa formula hau erabiliz kalkulatuta:

VMu = ((1.27 + H/100) x PEMu) / (0.755 - (F + Co + B)/100), hau da:

VMu = salmentarako gehieneko balioa, babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

H = Obra proiektuaren eta zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren ehunekotan adierazia. Kostu horren balio normala % 7koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kendu ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

PEMu = Exekuzio materialaren aurrekontua, eurotan, metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Hori kalkulatzeko, sustapen baten azalera erabilgarri osoa hauxe izanen da: etxebizitza eta garajeetarako azalera erabilgarri guztien batura eta trasteleku eta lokaletarakoen % 40.

F = Sustatzailearen finantza kostuak, salmentarako gehieneko prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala % 4koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kendu ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Co = merkaturatzearen kostuak, salmentarako gehieneko prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala % 2koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kendu ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

B = Sustatzailearen etekina, salmentarako gehieneko prezioaren ehunekotan adierazia (VM). Kostu horren balio normala % 11koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kendu ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Aldagai horiek zehazteko, babes ofizialeko etxebizitzen sustapen publikoak lehentasunez hartuko dira kontuan. Era berean, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan kalifikazioa jasotzeko aurkezten diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei buruzko datuak ere erabil daitezke. Horretarako, departamentuak sustatzaileei eskatzen ahalko die aurkez dezatela obra amaierako ziurtagiria, edo formulan aurreikusitako aldagaiak kalkulatzeko interesekoak izan daitezkeen beste datu batzuk.

5. 1. Modulu ponderatua.

Babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko balioa zehaztu ondoren, modulu ponderatua honela kalkulatuko da: balio hori zati babes ofizialeko etxebizitzen eta haien eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko salmenta eta alokairuko gehieneko prezioak zehazteko ezarrita dagoen koefizientea.

5. 2. Ponderatu gabeko modulua.

Ponderatu gabeko moduluaren balioa modulu ponderatuaren balioaren ehuneko 96koa izanen da”.

“6. Ezin izanen da inolako abalik eskatu alokairu publikoko errentamendu-kontratua egiteko”.

Bi.–25.1 artikuluari g) eta h) letrak gehitzen zaizkio; azken paragrafoaren edukia ere aldatzen da. Hona testuak:

“g) 5 puntu azken 2 urteetan, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan izena eman zuten egunetik kontatzen hasita, epaiketa bidezko edo epaiketaz kanpoko hipoteka-exekuzioko prozesu judizialen ondorioz ohiko etxebizitzatik aterarazteko ebazpen judizial bat jaso duten pertsonentzat”.

“h) 2 puntu alokairuko etxebizitza batean modu legalean bizitzeagatik, idatzizko kontraturik gabe, etxea beste norbaitek lagata edo beste norbaitekin partekaturik”.

“b), c), d), e), f), g) eta h) letretako puntuazioak ez dira metatuko eskabide bakar batean”.

Hiru.–65. artikuluari 27. idatz-zatia gehitzen zaio. Hona testua:

“27. Babestutako etxebizitzen sustapenean behin betiko kalifikazioa eskatzeko ezarritako gehieneko epeak ez betetzea, ez eta luzapenak ere, eman baldin badira, berdin delarik azkenean kalifikazio hori lortzea etxebizitzen adjudikazio-hartzaileen eta erosleen eskubideak eta interesak baloratzean”.

Lau.–VII. titulu berria gehitzen da. Hona testua:

“VII. titulua Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

75. artikulua. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra.

1. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortzen da, titularitate publikoarekin, izaera administratibokoa eta etxebizitzaren arloan eskuduna den departamentuari atxikia.

2. Titulu honetan xedatutakoak eta hori garatzeko eman daitezkeen xedapenek arautuko dituzte Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua.

76. artikulua. Helburuak eta xedeak.

1. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra Nafarroako etxebizitzen egoerari buruzko informazioa biltzen duen tresna da, eta helburu eta xede nagusi hauek ditu:

a) Erregistro bakar batean zentralizatzea Nafarroako etxebizitzei buruzko datuak.

b) Nafarroako etxebizitzen egoeraren jarraipena egiteko tresna izatea.

c) Beste administrazio publiko batzuei bermatzea beren eskumenak kudeatzeko behar dituzten datuak eskura ditzaketela.

d) Politika publikoen zerbitzura dagoen tresna informatiboa izatea, foru lege honen 3. artikuluan ezarritako printzipioekin bat.

e) Etxebizitza arloko azterlan, proposamen eta proiektuak egiteko datu interesgarriak emateko bitartekoa izatea.

f) Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen etxebizitza arloko politika diseinatzeko behar den informazioa ematea.

g) Lur-ondasunen Erregistroarekin eta Nafarroako katastroekin koordinatzea eta elkar osatzea, bai eta Hiri-birgaitzeari, -berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen lehen xedapen gehigarrian zehaztutako informazio sistema orokor eta integratuarekin eta sortuko liratekeen beste batzuekin ere.

77. artikulua. Jarduketak.

Aurreko artikuluan ezarritako helburuak eta xedeak betetzeko, erregistroa kudeatzeaz arduratzen den organoak lan hauek eginen ditu:

a) Modu iraunkorrean, integratuan eta eguneratuan izanen du eskura erregistroko informazio guztia, foru lege honetan jasotako aurreikuspenekin bat.

b) Edozein administrazio publikok edo haren menpeko erakundeek emandako informazioa gordeko du, erregistroaren kudeaketarako interesgarria baldin bada.

c) Lur-ondasunen Erregistroan eta Birgaitzeari, Hiri-berroneratzeari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen lehen xedapen gehigarrian zehaztutako informazio sistema orokor eta integratuan sartuko ditu eskatzen diren datuak.

d) Erregistroan dauden datu publikoei buruzko informazio publikoa eskuratzeko aukera bermatuko du, Foru Komunitateko Administrazioak horretarako ezartzen dituen bitartekoen bidez.

78. artikulua. Esparrua eta edukia.

1. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrean sartuko dira Nafarroako Foru Komunitatean dauden etxebizitzak. Horretarako, etxebizitzatzat hartuko da etxebizitzaren arloan aplikatzekoa den legeetan ezartzen dena.

2. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrean sarturik egonen dira, gutxienez, etxebizitza bakoitzari buruzko datu hauek:

a) Posta eta katastroko helbidea, azalera, adina eta kokapena, geoerreferentziatua.

b) Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan titular gisa ageri den pertsona.

c) Bizigarritasun zedula edo agiri administratibo baliokidea.

d) Etxebizitzaren babes mota, babestua baldin bada, eta erabilerarako edo sarbiderako araubidea.

e) Etxebizitzaren eraikinak ba ote duen eraikinen ebaluazio txostenik.

f) Efizientzia energetikoaren ziurtagiria.

g) Etxebizitza erosi, alokatu edo zahar-berritzeagatik lortutako laguntza publikoak, baldin badaude.

h) Errentan emandako etxebizitza babestuen kasuan, datu hauek jasoko dira, gutxienez: etxebizitza errentan eman duen sustatzailearenak, errentariarenak eta onartu diren laguntza publikoenak.

i) Zantzuen arabera, hutsik dauden etxebizitzak. Etxebizitza hutsik egotearen zantzu horiek zehazteko, etxebizitzan inor erroldaturik ote dagoen egiaztatzen ahalko da, edo bertan jarduera ekonomikorik betetzen ote den. Beste zantzu batzuk ere har litezke kontuan.

j) Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuaren iritziz interesa duten beste datu batzuk.

3. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan dauden datuekin sortu eta elikatuko da, bai eta beste administrazio publiko batzuetan eta haien menpeko erakundeetan har daitezkeenekin.

79. artikulua. Publikoki eskuragarria den informazioa.

1. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrean dauden datuei buruz publikoki eskuragarria den informazioa foru lege honetan ezarritakoak arautuko du.

2. Bereziki, honako hau joko da publikoki eskuragarria den informaziotzat:

a) Etxebizitzaren posta eta katastroko helbidea, azalera, adina eta kokaleku geoerreferentziatua.

b) Etxebizitzak bizigarritasun zedularik edo agiri administratibo baliokide indardunik duen.

c) Etxebizitzaren babes mota, babestua baldin bada, eta erabilerarako edo sarbiderako araubidea.

d) Etxebizitzaren eraikinak ba ote duen eraikinen ebaluazio txostenik, eta hala bada, zein den haren emaitza.

e) Efizientzia energetikoaren ziurtagiria.

f) Etxebizitza erosi, alokatu edo zahar-berritzeagatik lortutako laguntza publikoak, baldin badaude.

g) Etxebizitzaren jatorria, etxebizitza hori banketxe batek exekutatutako utzarazpen batetik heldu denean”.

h) Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak ezartzen duena, datuen babesa arautzen duten legeekin bat.

3. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak eskura jarriko du artikulu honetan aipatzen den informazioa, ezartzen diren bitartekoak erabiliz.

80. artikulua. Datuen babesa.

1. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrari dagozkion fitxategiak arau hauei lotuko zaizkie: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, datu pertsonalen babesari buruzkoa, eta 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, lege hori garatzen duen erregelamendua onesten duena. Aplikatu beharrekoa izanen da, halaber, Datu pertsonalak dituzten fitxategi informatizatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku daudenak, arautzen dituen uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuan fitxategi berrien sorrerari buruz xedatutakoa.

2. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorraren fitxategiaren arduradunak behar diren neurriak hartuko ditu teknika, kudeaketa eta antolamendu aldetik, datuen isilekotasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta, halaber, behar diren neurri guztiak hartuko ditu ukitutako pertsonek beren eskubideak erabili ahal ditzaten, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan xedatu bezala.

II. KAPITULUA. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortu eta zaintzea

81. artikulua. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuaren bidez, Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra osatuko du egun duen informazioa baliatuz, gutxienez ere foru lege honen 78. artikuluan ezarritako edukiarekin bat datorrena.

2. Etxebizitzak izan ditzaketen higiezinak identifikatzeko, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak bere artxiboetan eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dauden datuak erabiliko ditu, eta, horretarako, haren laguntza eska dezake.

82. artikulua. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra zaintzea.

1. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorraren zainketaren xedea izanen da bertan dauden etxebizitzei buruzko datuak mantentzea eta etengabe eguneratzea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arduratuko da egun erregistroan dauden datuen zainketa egokiaz. Horretarako, ahalegina eginen da foru lege honetan xedatutakoaren arabera garrantzizko informazioa izan dezaketen datu baseak eta artxiboak, eta, bestetik, Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrarekin integratzeko.

3. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortu eta zaintzeko lanetarako beharrezkoa den informazioa elkarri emanen diete administrazio publikoek, kasuko teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz, eta ukitutakoen baimena ez da beharrezkoa izanen, datu pertsonalei dagokienez.

4. Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorraren zainketaren arloan, Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuaren bidez, honako lan hauek betetzea, oro har:

a) Erregistroan dauden datuak kudeatu eta eguneratzea etengabe.

b) Egun dauden datuak aldatzeko proposamenak jaso eta gainbegiratzea, erregistroaren zainketa egokian laguntzen duten beste entitate edo pertsonek halakoak bidaltzen dituztenean.

c) Bere lana koordinatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo beste edozein administrazio publikoren beste organo batzuekin, erregistroaren kudeaketarako interesa duten datuak izan ditzaketenean.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo beste edozein administrazio publikoren organoen laguntza eskatzea, Erregistroaren kudeaketarako interesa duten datuak izan ditzaketenean.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo beste edozein administrazio publikoren organoekin lan egitea Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorreko datuetan interesa izan dezaketenean.

5. Etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzea, antolaketa mailakoak nahiz teknikoak, erregistroaren egiazkotasuna, isilekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta zainketa bermatzeko.

83. artikulua. Laguntza eman beharra.

1. Pertsona orok, natural nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu, du Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrari laguntzeko betebeharra, kasuko unitate administratiboak horretarako eskaera egiten duenean, eta, horretarako, erregistroaren zainketarako eta mantentzerako behar diren datu, txosten edo aurrekari guztiak emanen dizkio. Aurrekoa gorabehera, laguntza hori eskatzen ahalko da, soilik, behar-beharrezkoa denean, eskatutako datu, txosten edo aurrekariak ez daudelako Administrazioaren artxibo eta erregistroetan.

2. Administrazioak eta gainerako entitate publikoak, eta, oro har, eginkizun publikoak betetzen dituztenak behartuta daude Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorrari ematera erregistroaren mantentze eta eguneratze lanetarako beharrezkoak diren eta etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuak, bai xedapen orokorren bitartez, bai eskaera zehatzen bitartez, eskatzen dituen datu, txosten edo aurrekari garrantzizkoak.

3. Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, datu pertsonalak eman behar direnean ez da ukitutakoen baimenik beharko”.

Bost.–Xedapen gehigarri bat, hamabigarrena, gehitzen da. Hona testua:

“Hamabigarren xedapen gehigarria. Datu pertsonalak eskuratzea.

Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako aurreikusitako edozein laguntza eskatzeak esan nahi du, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako ondorio eta bermeekin, bai eskatzaileek bai beren familia-unitateko kideek etxebizitza arloko eskumena duen departamentuari berariaz baimena ematen diotela, zuzenean edo beste organo edo entitate publiko batzuen bidez zeharka eskatzeko, laguntza publikoak eskuratzeko baldintzen betetzea egiaztatzeko beharrezkoa den informazioa, erregistrokoa dela, katastrokoa, zerga arlokoa, ekonomikoa edo lan arlokoa, ondareari buruzkoa edo beste edozein”.

Sei.–Xedapen gehigarri bat, hamahirugarrena, gehitzen da. Hona testua:

“Hamahirugarren xedapen gehigarria.–Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako laguntzak eta diru-laguntzak.

1. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako laguntzak eta diru-laguntzak beren arauetan erregulatuko dira.

2. Arauketa hori bat etorriko da, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin, eta berezitasunak ezartzen ahalko dira emate-prozedurari edo kontrol, itzulketa edo zehapenen araubideari dagokienez”.

Zazpi.–Xedapen gehigarri bat, hamalaugarrena, gehitzen da. Hona testua:

“Hamalaugarren xedapen gehigarria. Hiri-kontribuzioaren ordainketa.

Babestutako etxebizitzen errentamendu-kontratuetan, hiri-kontribuzioa, betiere, errentatzaileak ordainduko du, eta ezin izanen da haren ordainketa errentariaren kargu utzi”.

Zortzi.–Xedapen gehigarri bat, hamabostgarrena, gehitzen da. Hona testua:

“Hamabosgarren xedapen gehigarria.–Errentamendu-kontratuaren esleipena eta berritzea.

Babes ofizialeko etxebizitzen eta Alokairuen Poltsari atxikitako etxebizitzen errentamendu-kontratuak esleitzean eta berritzean, kontuan hartuko dira, diru-laguntza eskuratzeko, aurreko urteko zerga-aitorpenetik heldutako datuak, non eta, lan-egoeragatik edo egoera ekonomikoagatik, beren diru-sarrerak ez diren gutxitu urte horretan; hala bada, berritzeko uneko datu errealei eginen zaie kasu, eta diru-laguntza eguneratzea eskatzen ahalko da edozein unetan, egoera ekonomiko hori edo lan-egoera hori aldatu denean”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2015ean aplikatuko zaizkien moduluak.

1. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2015ean aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.246,53 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

2. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2015ean aplikatuko zaien modulu ponderatugabea 1.192,85 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauindargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Bereziki, indarrik gabe gelditu da Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen bederatzigarren xedapen iragankorra.

Azken xedapenetan lehena .–Erregelamenduak emateko ahalmena.

Baimena ematen zaie Nafarroako Gobernuari eta etxebizitzaren arloko eskumena duen kontseilariari foru lege hau aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzaten.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko abenduaren 24an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1417689

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web