(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

111/2014 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 26KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ADOPZIORAKO PROZEDURA ADMINISTRATIBOA ARAUTZEN DUENA

BON N.ş 250 - 24/12/2014



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. ADOPTATZAILEEN EGOKITASUNA


  III. KAPITULUA. ADOPZIORAKO PROZEDURA

  1. ATALA. NAZIO BARNEKO ADOPZIOARI ZEIN NAZIOARTEKO ADOPZIOARI APLIKATZEN ZAIZKIEN XEDAPEN KOMUNAK

  2. ATALA. NAZIO BARNEKO ADOPZIOAREN PROZEDURA

  3. ATALA. NAZIOARTEKO ADOPZIOAREN PROZEDURA


  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ADOPZIOEN ERREGISTROA


  V. KAPITULUA. NORBERAREN JATORRIAREN BERRI IZATEKO ESKUBIDEA ERABILTZEKO AHOLKULARITZAKO ETA LAGUNTZAKO JARDUKETA PROFESIONALAK

  1. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK

  2. ATALA. AHOLKULARITZAKO ETA LAGUNTZAKO JARDUKETAK


Zioen azalpena

1

2005eko abenduaren 14an Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta argitaratu zenetik hogei egunera indarra hartu zuen.

Foru lege horren azken xedapenetan hirugarrenak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak behar diren xedapenak emanen ditu foru legea garatu eta betearazteko. Foru lege horren lehenengo erregelamenduzko garapena urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Haren ondotik, honako foru dekretu hau da foru legearen bigarren erregelamenduzko garapena. Foru dekretu honen ardatza adopzioen aurreko prozedura administratiboak arautzea da, hala nazio barneko adopzioenak nola nazioarteko adopzioenak; izan ere, adopzioa adingabeen babeserako instituziorik esanguratsu eta garrantzitsuenetako bat da.

Aipatutako foru legeari hiru aldaketa egin zaizkio azkeneko urteotan: lehenbizikoa, azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legearen bidez. Horren ondorioz, aldaketa esanguratsu batzuk ezarri ziren adopzioaren arloan, batez ere egokitasun deklarazioaren eskaera ontzat hartu dela ondorioztatzeko epeari dagokionez, salbuespenezko kasuetan nazioarteko adopziora jotzeko baimenari dagokionez eta adopzio espedienteak bi herrialde ezberdinetan aldi berean tramitatzeari dagokionez. Bigarren aldaketa martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legearen bidez egin zitzaion, 75. artikulua aldatu baitzuen. Horren ondorioz, seme-alabarik gabeko familiei kendu zitzaien zero urtetik bi urte bitarteko adingabeak nazio barnean adoptatzeko zeukaten lehentasuna. Azkeneko aldaketa martxoaren 14ko 3/2014 Foru Legearen bidez egin da, eta horren bidez martxoaren 20ko 13/2013 Foru Legea aldatu da, hots, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea aldatu zuena.

2

Foru dekretu honek bost kapitulu, xedapen gehigarri bat eta azken bi xedapen ditu.

I. kapituluan xedapen orokorrak biltzen dira, erregelamenduaren xedeari eta aplikazio eremuari buruzkoak. Adopzio prozeduretan administrazioaren jarduera gidatuko duten irizpideak ere zehazten dira. Adingabearen interes nagusiari, haren eskubideei eta beharrei erabateko lehentasuna ematen zaie, tartean egon daitekeen beste edozein interesen gainetik. Adingabearen interes nagusiaren lehentasun horrek legedi osoan du eragina, eta justifikazioa ere ematen dio legediari berari. Izan ere, funtsezko xedea adingabea babestea da, eta, horregatik, Administrazioa behartzen du bere jardueran interes hori ezeren gainetik kontuan hartzera, eta, tartean beste eskubide edo interes legitimoren bat egonez gero, hari lehentasuna ematera.

Ez da ahaztu behar adopzioa, nazio barnekoa zein nazioartekoa, adingabeak babesteko neurri bat dela, eta beraz, haiei on egiteko ezarri dela, eta adingabeari haren garapen osorako familia egokia ematea duela helburu, familia horretan txertatuz. Alde horretatik, beraz, juridikoki errebokaezina den lotura sortzen da.

3

II. kapituluan adopziorako eskaintzen diren pertsonen egokitasuna aztertzen da. Pertsonen egokitasunak behar bezala bermatzen du adingabearen premiei erantzuteko eta, beraz, ingurune egonkor eta segurua eskaintzeko gaitasuna dutela, adingabeek garapen integralerako aukera izan dezaten. Horretarako, balorazio psikosoziala eginen da, adopzioa eskatzen duten pertsonena ez ezik adingabea garatuko deneko ingurunearena ere bai, horrela familia gunean eta ingurunean integratuko dela bermatzeko.

Adingabeak adoptatuko dituzten pertsonen egokitasuna behar bezala baloratzeko, bete behar diren gutxieneko eskakizun batzuk ezarri dira. Gardentasunaren eta objektibotasunaren mesedetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egokitasun hori deklaratzeko kontuan hartu behar dituen irizpideak finkatu dira.

Egokitasun deklarazioak gehienez ere hiru urteko indarraldia du, eta epe hori bukatu baino lehen eguneratu behar da. Egokitasun hori alda dezaketen inguruabarrak agertuz gero ere eguneratu beharko da egokitasun deklarazioa. Hortaz, eskatzaileek haien egoera pertsonalean eta familia-egoeran gertatzen diren aldaketen berri eman beharko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.

Azkenik, bigarren adopzioaren eta hurrengoen kasuan, egindako azterlana eta balorazioa eguneratuko dira. Nolanahi ere, urtebete igaro beharko da familiaren bizilekuan seme edo alaba biologiko edo adoptatua sartzen denetik bigarren adopzioa eta hurrengoak eskatu arte, adingabeak adopziozko familian moldatzeko eta integratzeko espazio egokia bermatuta izan dezan.

4

III. kapituluak adopzioaren aurreko prozedura administratiboa arautzen du, eta hiru ataletan banatzen da: lehenbizikoan, nazio barneko adopziorako eta nazioarteko adopziorako komunak diren xedapenak jasotzen dira; bigarrenean, nazio barneko adopzioaren aurreko prozedura arautzen da; eta hirugarrenean, nazioarteko adopzioaren aurreko prozedura.

Xedapen komunetan, adoptatzeko eskaintza aurkeztu aurretik Administrazioak antolatu behar dituen doako informazio eta prestakuntza bileretara joatea eskatzen da. Halaber, adoptatzeko eskaintzarekin batera aurkeztu behar diren gutxieneko dokumentuak ezartzen dira. Eskaintza ez onartzea eta ukatzea dakarten inguruabarrak azaltzen dira. Eskaintza eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, eskaintza Nafarroako Adopzioen Erregistroan inskribatuko da.

Eskaintza onartu ondoren, adoptatzeko interesa duten pertsonen egokitasuna baloratuko da. Horren ondorioz, egokitasunaren edo desegokitasunaren ebazpena emanen da, eta, espedienteak tramitatzeko orduan, eskaintzak Nafarroako Adopzioen Erregistroan sartzen diren hurrenkerari hertsiki jarraitzeko agintzen da, salbu eta ezaugarri bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko eskaintzen kasuan edo anai-arrebak familia bakar batean mantenu behar direnean. Eskaintzaren baliozko epea bost urtekoa da, eta epe hori igaro ondoren eguneratu beharko da. Epe horrek ez du zerikusirik egokitasun-ziurtagiriaren indarraldiarekin.

Kapitulu honen bigarren atalean nazio barneko adopzioaren prozedura administratiboaren tramitazioari buruzko berezitasunak azaltzen dira. Administrazioak Nafarroako Adopzioen Erregistroan inskribatuta dauden eskaintzaileetatik gutxienez hamar eduki beharko ditu egokitzat baloratuta adingabeen profil bakoitzerako, betiere eskaeren kopuruak gutxieneko kopuru hori mantentzeko aukera ematen badu. Arauak ematen dira, orobat, prozeduraren instrukziorako eta prozedura eteteko, adopzioaren aurreko bizikidetzaren jarraipenerako eta ebaluaziorako, adoptatzeko proposamenerako eta, azkenik, adopzioaren ondorengo jarduketetarako, hau da, familiei adopzioaren ondorioz gerta daitezkeen egoeretan aholku eta laguntza emateko egiten direnetarako.

Hirugarren atalean nazioarteko adopzioaren aurreko prozedura administratiboa arautzen da. Nazio barneko adopziorako prozedurari jarraitzen dio, baina berezitasun batzuetara moldatuta, nazioarteko adopziorako prozeduran adoptatu nahi diren adingabeen jatorrizko herrialdeen legedia kontuan hartu behar delako.

Aipatu beharra dago onartzen dela nazio barneko adopziorako eta nazioarteko adopziorako eskaintza aldi berean egitea. Dena dela, oro har, ez da onartuko nazioarteko adopziorako bi espediente aldi berean tramitatzea edo tramitazio bikoitza izatea herrialde ezberdinetan. Salbuespen gisa, azaroaren 8ko 18/2010 Foru Legeak azaltzen dituen aldaketak txertatzearren, beste herrialde batean bigarren espediente bat tramitatzea onartuko da baldin eta espedientea lehenengo herrialdean sartu zenetik hiru urte igarotakoan adingaberik esleitu ez bada eskatzaileei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik. Kasu horretan, adopzioa eskatzen zaion bigarren herrialdeari azaldu beharko zaio tramitea bikoiztu dela.

5

IV. kapituluak Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak sortutako Nafarroako Adopzioen Erregistroa arautzen du. Erregistro hori sortuz eta foru dekretu honetan biltzen diren arauen bidez, adopzioa eskatzen duten pertsonen lehentasun hurrenkera instituzionalizatzen da. Horrela, adopzioaren prozesua gardenago eta argiago bilakatzen da, eta kasu guztietan interesdunek erregistroan zein inskripzio-zenbaki duten eta zein tokitan agertzen diren jakiten ahalko dute.

V. kapituluan, azkenik, Kode Zibilaren 180.5 artikuluan ageri den aurreikuspen bat gauzatzen da, Nazioarteko Adopzioari buruzko 54/2007 Legearen bidez sartu zena, alegia. Hala, adoptatutako pertsonei erraztasunak emanen zaizkie beren jatorri biologikoei buruz iker dezaten, eta uneoro laguntza emanen zaie beren jatorria eta historia pertsonala bilatzeko.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat eginik, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 26an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da adingabeak adoptatzeko prozeduretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa zein izanen den arautzea, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea, aplikagarri den legedia zibila, eta adingabearen babesari buruz eta, zehatzago, adopzioari buruz dauden nazioko eta nazioarteko arauak.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru dekretu honen aplikazio eremuan honako hauek sartzen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tutoretzapean dauden adingabeen nazio barneko adopzioaren prozedura administratiboa.

b) Nazioarteko adopzioari buruzko prozeduretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokion esku-hartzea, arlo horretako berariazko legedia deusetan eragotzi gabe.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku-hartzearekin egiten diren adopzioen ondorengo jarduketak.

3. artikulua . Jarduteko irizpideak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adopzioaren arloan egiten dituen jarduketa guztietan, adingabeen interes nagusia lehenetsiko da, tartean egon daitekeen beste interes legitimo guztien gainetik egonen baita, eta Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean eta Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legean ezarritako jarduketa-printzipioak errespetatuko dira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adopzioaren arloan egiten dituen jarduketa guztietan irizpide hauek hartuko dira oinarri:

a) Jarduketa administratiboa objektiboa eta gardena izatea, baina kontuan harturik, aldi berean, adopzioaren arloko espedienteak erreserbatuak eta isilpekoak izan behar direla, ezinbestean.

b) Prozedura administratiboak orokorrean arintzea, adingabearen interesaren onerako.

c) Ezaugarri bereziak dituzten adingabeei buruzko espedienteak lehentasunez tramitatzea.

d) Espedienteak banan-banan aztertzea, adingabe bakoitzaren ezaugarri pertsonalak baloratuz.

e) Anai-arreben batasunari eustea. Horretarako, ahaleginak eginen dira anai-arrebak familia bakar batek adoptatzeko, horrek erregistroaren hurrenkera urratzea ekartzen badu ere, betiere adingabeen onerako bada.

f) Seme-alabak familian sartzeko hurrenkera naturala errespetatzea. Hortaz, ahaleginak eginen dira adoptatzen den adingabea aurreko seme/alaba biologikoa edo adoptatua baino gazteagoa izan dadin.

g) Ahal den neurrian, anai-arrebek beren arteko harreman pertsonalei eusteko erraztasunak ematea.

h) Adopziorako eskaintzen diren pertsona guztiak berdintasunez tratatzen direla bermatzea, eta prozedura mota bakoitzean hautapen irizpide berberak aplikatzen direla.

i) Adopziorako eskaintzen diren familientzako informazioa eta prestakuntza sustatzea, adopzioaren modalitateen berri emateko, eta adopzioa adingabea babesteko baliabide bat dela azpimarratzeko.

j) Adopzioen gaineko ebazpenen aurka egiteko eta erreklamazioak jartzeko bideei buruzko informazioa ematea, eta egokitasun balorazioak berrikusi eta eguneratzeari buruzkoa ere bai.

4. artikulua . Artxibo eta erregistroetan sarbidea izatea.

1. Adopziorako espediente bat osatzen duten dokumentu guztiak isilpekoak izanen dira eta sarbide murriztua izanen dute, adingabearen nahiz prozeduran parte hartzen duten gainerako pertsonen intimitaterako eskubidea bermatzeko.

2. Adopzio espediente bateko dokumentuak eskuratzeko bideari dagokionez, legedia orokorrean eta Nafarroako araudian xedatutakoa aplikatuko da, bat egiten duten interesak errespetatuz betiere.

5. artikulua . Erakundeen lankidetza.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adopzioaren arloko lankidetzarako hitzarmenak eta protokoloak sinatzen ahalko ditu entitate publikoekin, bere eskumenen eremuan, eta behar bezala baimenduta dauden entitate pribatuekin, baita familia adoptatzaileak eta pertsona adoptatuak ordezkatzen dituzten elkarteekin ere. Hitzarmen eta protokolo horietan lankidetzaren baliabide eta alderdi zehatzak azalduko dira.

II. KAPITULUA. ADOPTATZAILEEN EGOKITASUNA

6. artikulua . Metodologia.

1. Pertsonen egokitasunak behar bezala bermatzen du gai direla adingabearen premiei erantzuteko, legez ezarritako betebeharrak betetzeko eta, beraz, adingabeari egonkortasuna, maitasuna, estimulazioa, zaintza eta bere nortasun-ezaugarriekiko errespetua eskaintzeko, adingabeak garapen integralerako aukera izan dezan.

2. Egokitasun deklarazioa lortzeko adopzioaren eskatzaileen egoera pertsonal, familiar eta sozialaren eta harreman-egoeraren balorazio psikosoziala egin beharko da. Horiez gainera, lotura egonkor eta seguruak ezartzeko gaitasuna, hezteko trebetasunak eta adingabe bat zaintzeko eta haren ezaugarri eta inguruabar pertsonalak errespetatuz bere bizitza familiarrean sartzeko gaitasuna eta ahalmena ere baloratuko dira.

3. Adoptatzeko interesa duten pertsonen egokitasuna baloratzean kontuan hartuko da adingabearen interes nagusia, hori lehenetsiko baita tartean egon daitekeen beste edozein interes legitimoren gainetik.

7. artikulua . Egokitasun baldintzak.

Hona hemen haurrak eta nerabeak adoptatzeko eskatzen diren egokitasun baldintzak:

a) Bizibide egonkorrak eta nahikoak izatea.

b) Adingabeak zaintzeko egokiak diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea, eta, bereziki, eguneroko oinarrizko eginbeharrak egiteko beste pertsona baten edo batzuen laguntza edo arreta behar ez izatea.

c) Familia-bizitza egonkorra izatea.

d) Haurraren edo nerabearen integraziorako egokia den familia- eta gizarte-ingurune batean bizitzea.

e) Haien historia pertsonaletan adingabeentzat arrisku edo babesgabezia ekartzen ahal duen gertakaririk ez izatea. Horrelako gertakariak Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean zehaztuta daude.

f) Egoera berrietara egokitzeko ahalmena eta malgutasuna erakustea.

g) Haurraren edo nerabearen historia pertsonala eta familiarra errespetatzea eta haren jatorria onartzea.

h) Lankidetzarako eta konpromisorako jarrera positiboa agertzea.

i) Familia-unitateko kide guztiek adopzioaren aldeko jarrera izatea.

j) Aurreikuspenen arabera, adopziogaia behar bezala garatzeko oztopo izanen ez den adina izatea.

k) Adoptatzeko arrazoien artean lehentasuna ematea haurraren edo nerabearen interes nagusiari eta haren eskubideen babesari, adingabearen garapena bermatzeko.

8. artikulua . Egokitasuna baloratzeko irizpideak.

1. Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak baloratzeko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan adoptatzeko interesa duten pertsonei dagokienez:

a) Bizitzeko baldintza egokiak betetzen dituen etxebizitza bat edukitzea, eta ekipamendu komunitarioak erabiltzeko aukera izatea.

b) Bizibide nahikoak izatea. Horretarako, beren urteko diru-sarrerak gutxienez Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (aurrerantzean LGS) halako 1,5 direla frogatu beharko dute. Adoptatzaileen bizikidetza-unitatea bi kidek baino gehiagok osatzen badute (adoptatua barne), adierazitako kopuruari LGSaren laurdena gehituko zaio bitik gorako kide bakoitzeko.

c) Adoptatzeko interesa duten pertsonek eta haiekin bizi direnek eguneroko bizimoduko oinarrizko jarduerak egiteko laguntza beharrik ez izatea mugapen fisiko edo psikologikoren bat dutelako, betiere mugapen horrek, dituen ezaugarriengatik edo izan dezakeen bilakaeragatik, haurrak edo nerabeak behar duen arreta oztopa badezake edo haren garapena kalte badezake.

d) Adoptatzeko eskaintza egiten duten pertsonek guraso-ahalari datxezkion funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren adimen- eta afektibitate-gaitasuna, heldutasun emozionala eta trebetasun pertsonalak izatea. Halaber, adingabea arlo guztietan zaintzeko jarrerak, gaitasunak eta prestasuna izan behar dituzte, eta kontuan hartu behar dute adingabeen zaintzan beharrezkoa dela gizonen eta emakumeen ardurakidetza, eta familia-harremanak berdintasunean oinarrituta ezarri behar direla.

e) Adoptatzeko interesa duten pertsonek trebetasun pertsonalak izatea haurrarekiko edo nerabearekiko harremanaren ondorioz eta haren garapenaren ondorioz ager daitezkeen egoera berriei aurre egiteko.

f) Ezkontideen edo senar-emazteenaren pareko afektibitate-harreman baten bidez lotuta dauden bikoteen kasuan, biek adoptatzeko borondatea izatea.

g) Adoptatzeko eskaintza egiten duten pertsonek horretarako motibazio, jarrera eta aurreikuspen helduak eta egokiak izatea.

h) Adoptatzeko interesa dutenekin bizi diren pertsonek ere adopzioaren inguruan aurreko idatz-zatietan deskribatutako jarrerak, gaitasunak, motibazioak eta borondate orokorra izatea eta haiekin elkarbizitza-harreman positiboa izatea.

i) Adoptatzeko interesa dutenek adopziozko aita edo ama izatearen berezitasunak ulertzeko eta onartzeko gaitasunak eta prestasuna izatea, baita berezitasun horiei behar bezala aurre egiteko gaitasuna ere.

j) Adingabe batentzat adopzioaren bidez familia berri batean txertatzeak dakartzan zailtasunak ulertzea eta onartzea.

k) Jarrera egokia izatea haurrari edo nerabeari pertsona adoptatua dela azaltzeko eta haren arraza, etnia, kultura eta errealitate soziala errespetatzeko, baita haren aurrekari pertsonal eta familiarrak ere. Jakin behar dute, orobat, gerta daitekeela haurrak bere familia biologikoarekin harremanak eduki behar izatea, edo adoptatu aurretik bere bizitzan esanguratsuak ziren beste pertsona batzuekin.

l) Adoptatzeko asmoa duten pertsonen eta horiekin bizi direnen gizarteratzea egokia izatea arlo guztietan; gizarte- eta familia-sare bat osatua izatea aintzat hartuko da.

m) Jarrera positiboa eta prestasuna agertzea adopziorako prestakuntzaren aurrean, adingabea eta familia integratzeko prozesurako orientazioaren aurrean eta adopzioaren jarraipenaren aurrean.

n) Interesdunek osasun estaldura egokia izatea.

ń) Adoptatu behar den pertsonak aurreko azken seme edo alaba biologikoa edo, hala badagokio, adoptatua baino gazteagoa izan behar du, seme-alabak familian sartzeko hurrenkera naturala desoreka ez dadin.

o) Adopziorako eskaintzen diren pertsonen egoera juridiko penalak adopziorako trabarik ez ekartzea.

p) Nazioarteko adopzioen kasuan, gainera, adopzio eskaera hartzen duen herrialdeak ezartzen dituen berariazko eskakizunak kontuan hartuko dira.

2. Baloratzeko prozesuan, halaber, adoptatzeko eskaintza egiten duten pertsonak beherago adierazita dauden inguruabarretako batean dauden ala ez hartuko da kontuan. Izan ere, inguruabar horiek balorazio negatiboa jasoko dute eta, hala badagokio, larritasuna edo izandako asmoa kontuan hartuta, desegokitasunaren deklarazioa edo prozeduraren etendura eragin dezakete. Honatx inguruabar horiek:

a) Balorazioa egiteko garrantzitsuak diren datuak ezkutatu edo faltsutu izana, dagozkion legezko erantzukizunak galarazi gabe.

b) Adopzioa adingabearen ezaugarri fisiko jakin batzuen, sexuaren edo beste inguruabar pertsonal edo sozio-familiar baten baldintzapean jartzea.

c) Espedientean aplika daitezkeen prozedurei buruzko arauak edo arau horiek ezartzen dituzten betebeharrak ez betetzea.

d) Proposatutako edo esleitutako adingabea ez onartzea, betiere adingabea bere garaian egokitasuna deklaratzeko bete beharreko ezaugarrien araberakoa baldin bada.

9. artikulua . Egokitasun deklarazioa baliogabetzea.

1. Egokitasun deklarazioa baliogabetzeko arrazoiak dira Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62.1 artikuluan adierazitakoak.

2. Antolamendu juridikoaren kontrako gainerako arau-hausteek eta, bereziki, foru dekretu honetako arauen aurkakoek egokitasun deklarazioa baliogabetzea ekarriko dute, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 63. artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. artikulua . Egokitasun deklarazioaren indarraldia eta eguneratzea.

1. Egokitasun deklarazioak hiru urteko indarraldia du ematen den egunetik aurrera, eta adopzio prozesu bakar baterako balio du, betiere eskatzaileen inguruabar pertsonalak eta familia-inguruabarrak aldatzen ez badira. Deklarazio hori indarraldia amaitu baino lehen eguneratu beharko da, behar diren txostenen bidez, egokitasuna onartzeko aintzat hartutako inguruabarrak aldatu ote diren egiaztatzeko. Nolanahi ere, eskatzaileek egoera pertsonalean eta familia-egoeran izandako aldaketen berri emateko betebeharra dute.

2. Pertsona interesdunen egokitasuna aldatzen ahal duen inguruabarren bat sortuz gero, deklarazioa eguneratzeko prozedura inguruabar horien berri jakin bezain laster hasiko da, eta ordura arte indarra zeukan egokitasun deklarazioa eten eginen da. Hortaz, ezin zaie inolako adopziorik proposatu edo inolako adingaberik esleitu egokitasun deklarazioa etenda duten pertsonei. Hori dela eta, egokitasun deklarazioan eragina izan dezaketen egoera-aldaketak jakinarazteko betebeharra dute eskatzaileek. Egokitasun deklarazioa eguneratuz gero, indarraldiaren hiru urteak egokitasun deklarazioa eguneratzen duen ebazpenaren datatik aurrera hasiko dira zenbatzen.

Betiere, egokitasun deklarazioa eguneratu beharko da baldin eta familiaren bizitokian beste adingabe bat bizitzen hasten bada modu egonkorrean, izan seme-alaba biologiko edo adoptatua, izan familia-harreran urtebetetik gora hartzen den adingabea, inguruabar sozio-familiar berrien arabera. Adingabe bat familiaren etxera iristen denetik egokitasun deklarazioa eguneratu arte urtebete igaro beharko da.

3. Eguneratzearen ondorioz ikusten bada interesdunek egokitasuna onartzeko baldintzak betetzeari utzi diotela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak, interesdunei entzun ondoren, hori deklaratzeko ebazpen arrazoitua emanen du, eta, ondorioz, Adopzioen Erregistroan egindako inskripzioa deuseztatzea erabakiko du.

11. artikulua . Egokitasunaren balorazioa bigarren eta ondorengo adopzioetarako.

Bigarren adopzioaren edo hurrengoen kasuan, aurretik egindako azterketa eta balorazioa eguneratu eginen dira, gizarte- eta familia-inguruabar berriak kontuan hartuta.

III. KAPITULUA. ADOPZIORAKO PROZEDURA

1. ATALA. NAZIO BARNEKO ADOPZIOARI ZEIN NAZIOARTEKO ADOPZIOARI APLIKATZEN ZAIZKIEN XEDAPEN KOMUNAK

12. artikulua . Informazioa eta prestakuntza.

1. Adingabeak adoptatzeko eskaintza aurkeztu aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak antolatutako doako prestaketa-, informazio- eta prestakuntza-saioetan parte hartu beharko dute interesdunek.

2. Prestakuntza-saioek adopzio-proiektuaren inguruko alderdi legalei, psikologikoei, sozialei, hezkuntza arlokoei eta beste batzuei buruzko erabakiak hartzen laguntzea dute xede. Saio horietan adopzioaren arrisku eta zailtasun errealei, adingabeen zaintzan gizonek eta emakumeek izan behar duten ardurakidetzari eta berdintasunean oinarritutako familia-harremanak ezarri beharrari buruzko prestakuntza emanen da.

3. Eskatzaile guztiek nahitaez parte hartu beharko dute prestakuntza-saioetan, baina bertan ez da interesdunen baloraziorik edo irizpenik emanen. Hortaz, ez da inguruabar pertsonalen balorazioarekin lotua egonen.

4. Saioetan parte hartzeko, ezinbesteko baldintza izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunari aurretik jakinaraztea parte hartzeko interesa dutela. Interesdunek saioetara joateko prest daudela jakinarazten dutenetik saioetan parte hartzen hasi arteko aldia bi hilabetekoa izanen da gehienez. Horretarako, ezinbestekoa da parte-hartzaileen gutxieneko kopuru egokia duten taldeak osatzeko aukera izatea.

5. Prestakuntza-saioetan parte hartu izanaren egiaztagiria emanen da. Prestatzeko prozesua bukatu izanaren egiaztagiria emateko, beharrezkoa izanen da ikastaroa osatzen duten saio guztietara joatea.

6. Arrazoi justifikatu batengatik saioren batera joaterik izan ezean, interesdunek ondorengo deialdiren batean joan beharko dute saio horretara.

13. artikulua . Nazio barneko eta nazioarteko adopziorako prozeduraren hasiera.

1. Adingabe bat adoptatzeko interesa dutenek egokitasun deklarazioa emateko eskumena duen administrazio unitatearen Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan aurkeztu beharko dute eskaintza, horretarako prestatutako eredu normalizatuari jarraikiz.

2. Adoptatzeko eskaintzan eskaintza nazio barneko adopziorako, nazioarteko adopziorako edo bietarako den zehaztuko da.

Nazio barneko adopziorako eskaintzetan eskaera bi urteko edo gutxiagoko adingabe batentzat edo ezaugarri bereziak dituzten adingabeentzat den zehaztuko da. Ezaugarri bereziak dituzten adingabeak Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 75. artikuluan halakotzat definitzen direnak dira. Nazioarteko adopziorako eskaintzetan adopzioa zein herriri eskatzen zaion eta tramitatzeko bidea zein den zehaztuko da.

3. Nazioarteko adopziorako eskaintza bera egokitasuna baloratzeko eskaeratzat ere hartuko da.

4. Adopziorako eskaintza nazioarteko adopzio bat egiteko bada, adopziorako prozedura hasiko da eskaintza hori eta 14. eta 15. artikuluetan eskatutako dokumentazio guztia aurkeztearekin batera.

5. Adopziorako eskaintza nazio barneko adopzio bat egiteko bada, adopziorako prozedura hasiko da egokitasunaren balorazioa egiteko eskaera eta 15. artikuluan eskatutako dokumentazio guztia aurkeztearekin batera.

Egokitasuna baloratzeko eskaera Foru Administrazioak eskatutakoan aurkeztuko da, interesduna Adopzioen Erregistroaren lehenbiziko hamar tokietako batera iristen denean, edo ezaugarri bereziak dituzten adingaberen bat dagoenean adopzioan emateko moduan.

14. artikulua . Adopziorako eskaintzetan eskatzen den dokumentazioa.

1. Adopzioa egiteko eskaintzarekin batera, izan nazio barnekoa izan nazioartekoa, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Hitzez hitzeko jaiotza-agiria.

b) Hala badagokio, legez jaulkitako identifikazio agiriaren kopia.

c) Adopziorako eskaintzen diren pertsonen familia liburuaren kopia, edo, bestela, haien arteko ezkontzaren egiaztagiria, Erregistro Zibilak emana. Ziurtagiri hori eskatzen ahalko da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezinezkoa denean zuzenean lortzea baliabide elektronikoen bitartez.

d) Bikote egonkorren Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria, edo, bestela, indarreko araudiari jarraikiz bikote egonkorra eratu dutela egiaztatzeko agiria.

e) Adopziorako eskaintza egiten duten pertsonak Nafarroako Foru Komunitatean bizi direla egiaztatzeko erroldatze-agiria.

f) Adoptatzeko eskaintza egiten duen pertsona bakoitzaren zigor-aurrekarien ziurtagiria.

g) Adingabea zaindu ahal izatea galarazten dien eritasun fisiko edo psikiko bat ere ez dutela egiaztatzen duen txosten medikoa.

2. Aurkeztutako eskaintzan edo dokumentazioan akatsen bat badago edo dokumenturen bat falta bada, interesdunei errekerimendua eginen zaie hamar eguneko epean akatsa zuzen dezaten edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzaten. Adieraziko zaie, halaber, hori egin ezean, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela -betiere horretarako ebazpena eman ondoren-, eta eskaera artxibatu eginen dela.

15. artikulua . Egokitasuna baloratzeko eskaeretan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Nazioarteko adopziorako eskaintza egiten den unean, eskaintzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, haien egokitasuna baloratzearen ondorioetarako:

a) Zinpeko aitorpena, honako hauek jasotzen dituena:

-Seme-alaba biologikorik edo adopzio-prozesuan daudenik baduten.

-Ez daudela desgaituak epaile baten aginduz.

-Ez dietela inoren guraso-ahala kendu edo tutoretza batetik baztertu, eta ez dituztela sekula erantzule deklaratu beren seme-alabak edo beren tutoretzapekoak babesteko eginbeharrak ustez ez betetzeagatik irekitako haurren babeserako espediente baten ondorioz.

b) Zinpeko aitorpena, adierazteko onartzen dituela balorazio psikosozialeko prozesua, adopzioaren aurreko harrera-prozesuaren jarraipena eta, hala badagokio, adopzioaren ondorengo jarraipena.

c) Azken bi ekitaldietako errenta aitorpena.

d) Eskatzaileek emandako datuak egiaztatzeko eta Zerga Ogasunean edo Gizarte Segurantzan nahiz beste edozein erakunde publikotan haiei buruz dauden datuak ikusteko baimena, baldin eta datuok kasuan kasuko prozedurarako garrantzitsuak badira.

e) Adopzioari buruzko prestakuntza ikastaroetara joan izanaren ziurtagiria.

f) Zinpeko aitorpena, adierazteko onartzen dituela balorazio psikosozialeko prozesua, adopzioaren aurreko harrera-prozesuaren jarraipena eta, hala badagokio, adopzioaren ondorengo jarraipena.

2. Nazio barneko adopzio kasuetan, egokitasuna baloratzeko eskaerarekin batera, eskatzaileek aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia eta 14. artikuluan ezarritakoa aurkeztu beharko dute, dena behar bezala eguneratua.

16. artikulua . Eskaintza ez onartzeko inguruabarrak.

1. Adoptatzeko eskaintza ez da onartuko eskaintzaileak honako inguruabar hauetakoren batean daudenean:

a) Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean ez izatea, ezaugarri bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko salbuespen kasuetan izan ezik.

b) Eskaintzaileek ez frogatzea ezkonduta daudela edo izatezko bikotea eratua dutela, edota, hori frogatuta ere, bi urtez jarraian elkarrekin bizi izana ez frogatzea.

c) Eskatzaileei inoiz ere guraso-ahala kendu edo eten izana, edo tutoretza bat kendu izana.

d) Eskaintzaileek seme-alabak edo ardurapekoak babesteko betebeharrak ez betetzearen ondorioz haurren babeserako espediente bat ireki izana, eta hartan erantzuletzat deklaratuak izatea.

e) Epai bidez ezgaituta egotea edo jarduteko ahalmen osoa ez izatea.

f) Zigor-aurrekariak izatea.

g) Adingabe bat zaintzea eragozten dien eritasun fisiko edo psikikoren bat izatea.

2. Nazioarteko adopziorako eskaintzetan, honako inguruabar hauetakoren bat gertatuz gero, eskaintza ez da onartuko:

a) Bizibide nahikorik ez izatea.

b) Adopzioaren aurretik prestatzeko prozesua ez egitea.

c) Balorazio psikosozialeko prozesua ez onartzea.

d) Inguruabarrak kontuan hartuta, adopzioaren aurreko harreraren jarraipena edo, hala badagokio, adopzioaren ondorengo jarraipena ez onartzea.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez du onartuko adopziorako espediente ireki bat tramitazio bidean daukaten pertsonen eskaintza berririk, eskaera hori edozein herrialde edo autonomia erkidegotan aurkeztu dutela ere. Adopziorako eskaera baten tramitazioa hasia dela, Nafarroako Foru Komunitatean beste eskaera bat aurkeztu nahi bada, beharrezkoa izanen da lehenengo eskaera tramitatzen ari den autonomia erkidego edo herrialdean bukatzea adopzio prozesua, edo eskaera hari uko egitea.

4. Eskaintzaileen espediente bera ezin izanen da aldi berean tramitatu herrialde batean baino gehiagotan, aldi bereko tramitazioen kasurako ezarri dena salbu.

17. artikulua . Adopziorako eskaintza baztertzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako inguruabarren batengatik adopziorako eskaintza onartzen ez bada, jarduketak artxibatu eginen dira, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

2. Kasu horretan, eskaintza onartu ez izanaren arrazoiak desagertzen direnean aurkezten ahalko da beste eskaintza bat.

18. artikulua . Nafarroako Adopzioen Erregistroan inskribatzea.

1. Onartzen diren eskaintzak Nafarroako Adopzioen Erregistroan inskribatuko dira eta inskripzio-zenbaki bat emanen zaie.

2. Antzinatasunaren ondorioetarako, eskaintzaren lehen inskripzioaren data eta dagokion erregistro-zenbakia hartuko dira kontuan.

3. Eskaintzen berrikuntzarik izanez gero, horiek ere Erregistroan inskribatu beharko dira, eta lehenengo eskaintzak zeukan hurrenkera-zenbakiari eutsiko dio.

19. artikulua . Balorazioa.

1. Egokitasunaren balorazioa egiteko eskaera eta eskatutako dokumentazioa 14. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera aurkeztu ondoren, egokitasunari buruzko balorazioa eginen da, foru dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan azaltzen diren eskakizun eta irizpideak kontuan hartuta.

2. Balorazio hori egiteko, langile espezializatu batzuek gutxienez bi elkarrizketa eginen dizkiete eskaintzaileei. Lehenengo elkarrizketan balorazio psikosoziala egiteko galdetegia eman, eta haren xehetasunak azalduko zaizkie. Galderetan honako alderdi hauek jorratuko dira: eskaintzaileen egoera pertsonala, osasun egoera, motibazioak, hezteko gaitasunak, baliabide sozioekonomikoak eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko eta, oro har, pertsonen arteko berdintasunari lotutako balioak.

Bigarren elkarrizketa bat ere eginen da eskaintzaileen bizilekuan bertan. Elkarrizketa horretan galdetegi psikosozialarekin zerikusia duten alderdiak aztertuko dira. Behar izanez gero, beste elkarrizketa pertsonal batzuk ere egiten ahalko dira, balorazioa bukatzeko.

3. Balorazioa ahalik eta objektiboena izan dadin, galdetegi eta proba psikometrikoak erabiltzen ahalko dira. Galdetegi eta proba horien emaitzak espedienteari erantsiko zaizkio.

4. Interesdunak behartuak egonen dira galdetegi eta probak ikuspuntu teknikotik egokitzat jotzen den epean betetzera, eta betiere hiru hilabete igaro baino lehen. Hiru hilabete igarotzen badira galdetegia edo eskatutako probak itzuli gabe, prozedura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatu eginen dira, eta interesdunei hala jakinaraziko zaie.

5. Balorazioan, eskatzaileak ez ezik, familia-unitateko beste kide batzuk ere sartzen ahalko dira, betiere bizileku berean bizi badira.

20. artikulua . Hurrenkera.

1. Tramitazioan, eskaintzak Nafarroako Adopzioen Erregistroan sartu diren hurrenkerari jarraituko zaio.

2. Dena dela, ezaugarri bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko prest daudela adierazten duten eskaintzei lehentasuna emanen zaie, baita anai-arrebak familia berean elkartzeko direnei ere.

3. Lehenengo eskaera sinatzen duten eskatzaileen kopurua edo identitatea aldatzen bada, eskaintza berritzat hartuko da, salbu eta, lehenengo eskaera hura batera aurkeztu bazuten eta, eskatzaileetako bat hil ondoren, besteak eskaerari eustea erabakitzen badu.

21. artikulua . Eskaintzaren baliozko epea.

1. Adoptatzeko eskaintza bost urterik behin eguneratu beharko da, egokitasun ziurtagiriaren baliozko epea edozein dela ere. Horretarako, beste eskaera bat aurkeztu beharko da, eta, datuetan aldaketarik gertatuz gero, horien berri eman beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.

2. Eskaintza berritzen duten pertsonek inskripzio-zenbaki berarekin jarraituko dute Nafarroako Adopzioen Erregistroan.

3. Eskaintza hori aurreikusita dagoen epean berritzen ez bada, espedientea ofizioz artxibatu eginen da.

22. artikulua . Egokitasunaren deklarazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak interesdunen egokitasunari buruzko ebazpena eman eta jakinaraziko du, legez ezarritako epean.

2. Adopziorako eskaintza aurkeztu duten pertsonak egokiak ez direla erabakiz gero, ebazpenean horren arrazoiak agertu beharko dira.

23. artikulua . Adopzio prozeduraren bukaera.

1. Nazio barneko edo nazioarteko adopzioa gauzatu ondoren, hura sustatzeko espedientea bukatutzat jo, eta artxibatuko da, osasun arloko arrazoiei loturiko ezaugarri bereziak dituzten adingabeak adoptatzen direnean izan ezik. Kasu horretan, adopziorako eskaintza berritzen duten adoptatzaileek Adopzioen Erregistroan daukaten tokiari eutsiko diote eskaintza aurkeztua daukaten atal guztietan.

2. Tramitazio bikoitzeko kasuetan, foru dekretu honen 24. artikuluan araututakoari jarraikiko zaio.

24. artikulua . Bigarren adopzioa eta hurrengoak.

1. Adoptatzaileek adierazten badute bigarren adopzioa edo hurrengo bat tramitatu nahi dutela, eskaintza berritzat hartuko da, eta, beraz, Adopzioen Erregistroan noiz sartzen den, dagokion tokian inskribatuko da.

2. Kasu guztietan urtebete igaro beharko da familiaren bizilekura seme edo alaba adoptatu bat sartzen denetik bigarren adopzioa eta hurrengoak eskatu arte.

3. Bigarren adopzio-espedienteari hasiera eman ahal izateko, aurreko adopzioaren jarraipenaren inguruko betebeharrak bete beharko dira.

25. artikulua . Tramitazio bikoitzeko kasuak.

1. Tramitazio bikoitza deitzen zaio nazio barneko eta nazioarteko adopziorako eskaintza aldi berean tramitatzeari. Aukera hori onargarria izanen da, betiere.

2. Nazio barneko eta nazioarteko adopziorako eskaintza egina izanik adopzio bat gauzatzen bada, bukatu gabe dagoen adopzio-espedientea eten eginen da gutxienez urtebetez, eta epe hori bukatu ondoren, berriz helduko zaio espedienteari. Eskaintzaileak zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio.

2. ATALA. NAZIO BARNEKO ADOPZIOAREN PROZEDURA

26. artikulua . Egokitasun deklarazioa eskatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak uneoro egokitzat baloratuta edukiko ditu Nafarroako Adopzioen Erregistroaren lehenengo hamar tokietan inskribatuta dauden eskatzaileak, adingabeen ezaugarrien araberako atal guztietan, eta, betiere, eskaeren kopuruak horretarako aukera ematen badu.

2. Hori helburu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskuduna interesdunekin harremanetan jarriko da adoptatzeko eskaintzan adierazitako helbidean, eta 10 egun naturaleko epea emanen die adoptatzeko eta egokitasun balorazioa egiteko eskaera berritzeko. Halaber, ohartaraziko die, epe horren barrenean eskaerarik aurkeztu ezean, ebazpena eman eta jarduketak artxibatu eginen direla eta Nafarroako Adopzioen Erregistroan baja emanen zaiela.

3. Eskatzaileen egokitasuna baloratuko da Nafarroako Adopzioen Erregistroko inskripzioaren hurrenkera kronologikoaren eta egin zuten eskaintzaren edukiaren arabera. Ezaugarri bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko eskaintza egin bada, balorazioa egitean Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 75. artikuluan azaldutako ezaugarriak kontuan hartuko dira.

4. Adoptatzen ahal den adingabearen ezaugarrietarako egokitzat hartutako eskatzailerik ez badago, Erregistroan inskribatutako hurrengo eskatzaileen egokitasuna baloratuko da, inskripzioaren hurrenkera kronologikoaren eta egin zuten eskaintzaren edukiaren arabera. Pertsona egokirik aurkitu ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskuduna Erregistroan inskribatuta dauden pertsonekin harremanetan jartzen ahalko da adingabe hori adoptatzeko eskaintza aurkez dezaten.

27. artikulua . Prozeduraren instrukzioa.

1. Adopziorako eta egokitasunaren baloraziorako eskaera berritua aurkeztu ondoren, eskatzaileen inguruabar pertsonalak, familiarrak, sozialak eta ekonomikoak aztertu eta baloratuko dira. Horretarako, 18. artikuluan adierazitako elkarrizketak eta gaitasun-probak eginen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hasieran aurkeztutako dokumentazioa osatzeko agiriak aurkeztea eskatzen ahalko die eskatzaileei.

2. Probak eta elkarrizketak egin ondoren, eta dokumentazioa aztertu ondoren, lantalde teknikoek eskatzaileen inguruabarrei buruzko txostenak prestatuko dituzte, eskatzaileen egokitasuna baloratuko dute eta, hala badagokio, jarduketa osagarriak edota txostenetan lortutako datuak argitzeko edo zabaltzeko jarduketak eginen dituzte.

3. Eskatzaileek alegazioak egiteko eta prozedura tramitatzen den bitartean dokumentazioa eta bestelako datuak aurkezteko duten eskubidea galarazi gabe, prozeduraren instrukzioa bukatu ondoren eta eskatzaileen egokitasunari buruzko ebazpen-proposamena idatzi aurretik, espedientea aztergai izanen dute, hamar eguneko epean alegazioak egiteko eta bidezkotzat hartzen dituzten dokumentuak eta justifikazioak aurkezteko aukera izan dezaten.

4. Alegazioak jaso ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, eskatzaileen egokitasunari buruzko ebazpen-proposamen bat prestatuko da, behar bezala arrazoitua.

5. Edozein unetan eskatzaileak foru dekretu honen 9.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarren batean daudela egiaztatzen denean, eskaera ezesteko ebazpen-proposamena erredaktatzen ahalko da, larritasuna edo asmoa kontuan hartuta, balorazio-prozedura egin beharrik gabe eta interesdunei entzun ondoren.

28. artikulua . Egokitasunaren balorazioa geroratzea eta uko egitea.

1. Adopziorako eskaintzaileek egokitasuna baloratzeko eskaera aurkeztu behar dutenean ikusten bada inguruabar koiunturalengatik egokia izan daitekeela balorazioa geroratzea, zilegi izanen da balorazioa egin gabe uztea. Kasu horretan, pertsona horiek Nafarroako Adopzioen Erregistroan zeukaten antzinatasunari eutsiko diote kasuan-kasuan zehaztuko den denbora batez (bi urtez gehienez).

2. Egokitasunaren balorazioa hasita, egoerak izan dezakeen bilakaeragatik edo desagertzeko, konpentsatzeko edo aldatzeko aukeragatik espediente jakin bati buruzko erabakia atzeratzea gomendatzen duten inguruabar koiunturalak agertzen direnean, pertsona interesdunek zilegi izanen dute egokitasunaren balorazioari uko egitea. Horrelako kasuetan, ez zaie egokitasunaren balorazioa eginen. Dena den, kasu horretan, eskaintzaileek Nafarroako Adopzioen Erregistroan zeukaten antzinatasunari eutsiko diote kasuan-kasuan zehaztuko den denbora batez (bi urtez gehienez).

3. Erabaki hori interesdunei jakinaraziko zaie, horretarako arrazoiak eta espedienteari berriz ekiteko beharrezkoak diren baldintzak adierazita.

29. artikulua . Ebazpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunak interesdunen egokitasunari buruzko ebazpena emanen du, eta haiei jakinaraziko die, foru dekretu honen 21. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

30. artikulua . Adoptatzaileen hautaketa.

1. Adoptatzeko moduko adingabe bat dagoela jakiten den bakoitzean, egokitasun deklarazioa indarrean duen eta Nafarroako Adopzioen Erregistroan dagokion atalean lehenengo postuan dagoen eskatzaileari esleituko zaio haurra edo nerabea.

2. Salbuespen gisa, ezaugarri bereziak dituzten adingabeen kasuan, egoki deklaratuta dauden eta aurreko artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera dagokien pertsonek adingabe bat adoptatzea bideraezin bihurtzen duten arrazoiak -behar bezala egiaztatutako arrazoiak- daudenean, inskribatuta dauden pertsonen artean adingabea integratzeko eta behar bezala garatzeko aukerarik handienak eskaintzen dituztenak proposatuko dira. Horretarako, adingabearen historia eta ezaugarri pertsonalak hartuko dira kontuan, eta proposamena azaltzeko arrazoi teknikoak emanen dira.

3. Adoptatzaileak aukeratu ondoren, adingabea adopzioaren aurreko harrera-prozesu baten bitartez sartuko da familian, Kode Zibilean ezarritako betekizunei jarraikiz.

31. artikulua . Adopzioaren aurreko harreraren jarraipena eta ebaluazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak familian txertatu den adingabearen jarraipena eginen du harreraren aldian, eta familia behartua egonen da jarraipen horretan laguntzera.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, halaber, adopzioaren aurreko harreraren ebaluazioa eta jarraipena eginen ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Familiaren funtzionamenduak behar bezala egokitu beharko du adingabearen premietara. Halaber, familian txertatzeko aukera erraztu beharko dio adingabeari.

b) Familiak adopziorako egokitzat hartzeko arrazoi izan ziren oinarrizko baldintzak betetzen jarraitu beharko du.

32. artikulua . Adoptatzeko proposamena.

1. Adingabea familiara egokitzeko aldi bat ezartzea beharrezkoa ez bada, adoptatzeko proposamena adopzioaren aurreko harrera formalizatzearekin batera eginen da.

2. Egokitzeko aldi bat beharrezkoa bada, integrazio ona izan dela eta neurri hori adingabearentzat onuragarria izan dela frogatuta, hautatutako familiari egindako jarraipenari buruzko aldeko txostena eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adoptatzeko proposamena aurkeztuko du Epaitegian. Proposamen hori eta, hala badagokio, adopzioa eratzeko ebazpena Adopzioen Erregistroan inskribatuko dira.

33. artikulua . Adopzioaren ondorengo jarduketak.

1. Adoptatutako adingabeen interes nagusia babesteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak horrelako familientzat bereziki zuzendutako laguntza eta orientazio zerbitzuak eskainiko dizkie adoptatzaileei.

2. Jarduketa horien xedea familiei adopzioan sor daitezkeen egoeretan aholkua eta laguntza ematea da. Helburu horrekin, beharrezkoa izanez gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskuduna hezkuntza-, osasun- eta gizarte-sistemekin koordinatuko da, eta/edo haietara bideratuko ditu familiak.

3. ATALA. NAZIOARTEKO ADOPZIOAREN PROZEDURA

34. artikulua . Hastapena.

1. Nazioarteko adopziorako eskaintza egiteko eta egokitasun deklarazioa lortzeko prozedura ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsonek eskatuta hasiko da.

2. Egokitasun deklarazioa lortzeko interesa dutenek foru dekretu honen 14. artikuluan azaltzen den eredu ofizialaren arabera egin beharko dute eskaera. Adopzioa zein herritan tramitatuko den eta tramitatzeko bidea zein den zehaztu beharko dute. Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaile (NAEL) baten bitartez tramitatuz gero, eskaintza Nafarroako Foru Komunitatean dagokion herrirako baimenduta dauden erakundeetan egin beharko da. Halakorik egon ezean, beste autonomia erkidego batzuetan baimenduta dauden NAELen artean zein nahiago duen adierazten ahalko du.

3. Eskaeran bildutako datuak noiznahi aldatzen ahalko dira, baina horrek ez du esan nahi eskaeraren antzinatasuna galduko denik.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, honako aldaketa hauek eginez gero eskaera berritzat hartuko da, eta ondoriorik gabe geldituko da hasieran aurkeztutakoa:

a) Lehenengo eskaera sinatu zuten eskatzaileen kopurua edo identitatea aldatzen bada, salbu eta lehenengo eskaera batera aurkeztu bazuten eta, eskatzaileetako bat hil ondoren, besteak eskaerari eustea erabakitzen badu.

b) Herrialdez aldatzea erabakitzen denean eta lehendik muga bat ezarrita dagoenean bideratu daitezkeen espedienteen kopuruari dagokionez, eta, orobat, tramitatzeko bidea aldatzen denean, betiere aipatutako mugak aukeratzen den bidean eragina baldin badu.

35. artikulua . Eskaera ez onartzeko zergatikoak.

1. 15. artikuluan orokorrean ezarritakoez gainera, eskatzaileek jatorrizko herrialdean ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten kasuak izanen dira eskaera ez onartzeko inguruabarrak.

2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarren batengatik eskaera onartzen ez bada, eskaera ezesteko ebazpena emanen da, jarduketak artxibatuko dira, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

3. Kasu horretan, eskaera ez onartzeko zergatikoak desagertzen direnean aurkezten ahalko da familia adoptatzaile izateko beste eskaera bat.

36. artikulua . Prozeduraren instrukzioa, etetea eta ebaztea.

1. Prozeduraren instrukzioari, eteteari eta ebazteari dagokienez, foru dekretu honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tutoretzapeko adingabeak adoptatzeko ezarritako arau berei jarraituko zaie.

2. Instrukzio fasean, hala badagokio, dokumentuak zinpeko itzulpen bidez behar bezala itzuliak aurkezteko edo zinpeko itzultzaile bat idatziz izendatzeko errekerimendua eginen zaie eskatzaileei, dokumentazioa itzultzaile horri igortzeko, itzul dezan. Itzulpen horren kostuak eskatzaileek ordainduko dituzte.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, halaber, ebazpen arrazoitu baten bidez, aldi baterako eteten ahalko du nazioarteko adopzioen espediente berrien tramitazioa herrialde jakin baterako, baldin eta proportziorik ez badago edo proportziorik eza aurreikusten bada dagoeneko tramitatzen ari diren adopzioen kopuruaren eta hartan egiten diren esleipenen artean, eta espediente kopurua mugatu behar baldin bada espedienteak bideratu ahal izateko.

4. Horretarako arrazoi objektiboak baldin badaude, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ebazpen arrazoitu baten bidez, nazioarteko adopzio eskaeren aurkezpena ixten ahalko du, eta aurrerago berriz ireki.

5. Egokitasun deklarazioari buruzko ebazpenak eskatu den herrialderako eta deklarazioan adierazitako adingabeen ezaugarrietarako baino ez duela balio ulertuko da.

37. artikulua . Adingabeen aurresleipenak.

1. Nazioarteko adopzioa eskatzen duten pertsonak behartuak egonen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztera -zuzenean edo bitartekotza-lanetan jardun duen NAELaren bitartez- jatorrizko herrialdeko agintariek adingabea aurresleitu edo esleitu dietela, salbu eta herrialde horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, agintaritza zentrala den aldetik, zuzenean jakinarazten dionean.

2. Adingabearen jatorrizko herrialdeko legediak edo administrazio-praktikak aurresleipena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak -agintaritza zentrala den aldetik- onartu behar duela ezartzen duenean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan horretarako: esleitutako adingabearen ezaugarriak eta inguruabarrak eskatzaileen egokitasunari buruzko ebazpenean ezarritakoekin bat datozen ala ez, eskatzaileek adingabea onartzen duten ala ez, eta, hala badagokio, garrantzitsua izan daitekeen beste edozein faktore.

3. Aurrekoa kontuan hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aurresleipenaren onarpenari edo ezespenari buruzko ebazpen arrazoitua emanen du, eta eskatzaileei eta adingabearen jatorrizko herrialdeari jakinaraziko zaie ebazpen hori.

38. artikulua . Adopzioaren ondorengo jarraipena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berariazko jarduketak eginen ditu adopzioaren ondorengo jarraipena egiteko. Jarduketa horien xedea honako hau da: adoptatutako adingabearen egoera nolakoa den jakitea, adoptatzaileek adingabearen oinarrizko premiak behar bezala betetzen dituztela egiaztatzea, eta familiei aholkuak eta laguntza eskaintzea adopzioaren ondoriozko egoeretarako.

2. Oro har, adopzioa protokolo publiko baten bidez tramitatu bada edo adopzioan bitartekari lana egin duen NAELa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpokoa bada eta adoptatzaileek jarraipena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatu badiote, jarraipenari buruzko txostenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginen ditu.

Aurrekoa gorabehera, adoptatzaileek eskatzen badute jarraipena Nafarroako Foru Komunitateak egitea, zilegi izanen da administrazio hori arduratzea jarraipenaz, zuzenean edo zeharka, eta, kasu horretan, jarraipen horren kostua eskatzaileek ordaindu beharko dute.

Bestela, bitartekari lanetan jardun duen NAELak berak eginen ditu txosten horiek, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari bidali beharko dizkio baliozkotzeko. Jarraipen horren kostuak eskatzaileek ordainduko dituzte.

3. Adoptatzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztea, zuzenean edo bitartekari lanetan jardun duen NAELaren bitartez, adopzioa edo, hala badagokio, Espainiako Estatuan adoptatzeko helburua duen instituzio juridikoa eratu dela, eta hori erabakitzen duen ebazpenaren kopia konpultsatua eta ebazpenaren zinpeko itzulpena aurkeztea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztea, zuzenean edo bitartekari lanetan jardun duen NAELaren bitartez, adingabea iritsi dela.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrean behar bezala frogatzea, zuzenean edo bitartekari lanetan jardun duen NAELaren bitartez, adopzioa Erregistro Zibilean inskribatu dela.

d) Hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztea adingabearen jaiotza-agiri literalaren kopia, baita adopzioa eratu ondorengo jaiotza-agiri aldatua ere.

e) Adoptatutako adingabearen jatorrizko herrialdeko araudiak eskatzen dituen jarraipen-jarduketak onartzea.

f) Jatorrizko herrialdeak eskatzen badu, jarraipenari buruzko txostenak igorri aurretik legeztatzea eta itzulpen kautotu bat aurkeztea, kostuak beren gain hartuta.

4. Adopzioaren ondorengo jarraipenaren barrenean, honako jarduketa hauek egin beharko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak:

a) Jarraipenari buruzko txosten teknikoak prestatzea, adingabearen jatorrizko herrialdeak finkatzen duen aldizkakotasunarekin, artikulu honen 1. atalean ezarri den bezala.

b) NAEL batek adopzioari buruzko espedientea tramitatzeko bitartekari lanak egin baditu, NAEL horrek landutako jarraipen-txostenei adostasuna ematea jatorrizko herrialdera igorri aurretik.

c) Espedientea NAEL baten bitartekaritzarik gabe tramitatu denean, txostenak adingabearen jatorrizko herrialdera igortzea.

d) Adingabearen jatorrizko herrialdeko araudiak eskatzen dituen beste edozein jarduketa.

5. Adoptatzaileek jarraipenari dagokionez dituzten betebeharrak bete ezean, behar den zehapen prozedura irekiko da, erreferentziazko legedian ezarritakoari jarraikiz.

39. artikulua . Aldi bereko tramitazioak.

1. Oro har, ez da onartuko nazioarteko adopzioa egiteko espedienteak bi herrialde desberdinetan tramitatzea aldi berean, hau da, adopziorako eskaintza bi herrialde desberdinetan tramitatzea.

2. Salbuespen gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nazioarteko adopzioa eskatzen duten pertsonei baimena ematen ahalko die bigarren espediente bat hasieran eskatutakoa ez den herrialde batean tramitatzeko, espedientea lehenengo herrialdean sartu zenetik hiru urte igarotakoan eskatzaileei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik adingaberik esleitu ez bazaie.

Nazioarteko adopziorako egokitasunari buruzko bigarren ziurtagiria jasotzeko, norberaren nahiz familiaren egoeraren berrazterketa egin beharko da.

3. Nazioarteko adopziorako bi espediente aldi berean tramitatzeko hiru baldintza hauek bete beharko dira:

a) Bi eskaeretako bat automatikoki geldiaraziko da haur bat lehenbizikoz aurresleitzen denean, eta bi herrialdeetako bateko adingabe bat adoptatzen den unean artxibatuko da, berariazko ebazpen baten bidez eta interesdunei entzun ondoren.

b) Bigarren eskaeraren xede den herrialdeko erakunde eskudunak tramitazio bikoitzaren berri izan beharko du.

c) Adingabe bat adoptatzeko eskaera jaso zuen lehen herrialdean eskatutako salbuespenezko inguruabarrak desagertzen badira adingabearen aurresleipena egin aurretik, eskatzaileek irekita dauden bi espedienteetako bat aukeratu, eta besteari uko egin beharko diote nahitaez.

4. Nazioarteko adopzioa eskatu duten pertsonei adingabe bat esleitzen bazaie nazio barneko adopzioaren aurreko familia-harreran, horren berri emanen zaio nazioarteko adopzioaren eskaeraren xede den herrialdeari, eta ondorioz, azken prozedura hori eten eginen da gutxienez hamabi hilabetez. Hamabi hilabete horiek igarotakoan nazioarteko adopziorako prozedura berriro aktibatuko da, egokitasun deklarazioa eguneratu ondoren.

40. artikulua . Adopzioaren ondorioak aldi berean tramitatzen diren prozeduretan.

Nazioarteko adopzioko bi eskaera aldi berean tramitatzen baldin badira eta Foru Komunitateko Administrazioak adostasuna ematen badio bi herrialdeetako batetik heldu den adingabe bat esleitzeari, interesdunei entzunaldia eman ondotik, ebazpen baten bidez aginduko da tramitatzen ari den beste eskaeraren administrazio espedientea artxibatzeko.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ADOPZIOEN ERREGISTROA

41. artikulua . Aplikazio eremua.

1. Nafarroako Adopzioen Erregistroa adingabeen babesaren arloko eskumenak dituen departamentuaren mendean egonen da, eta honako hauek inskribatzea izanen du xede: onartzen diren adopzio eskaintzak, eskaintzen berritzeak, egokitasuna baloratzeko eskaerak, adoptatzaileen egokitasunari buruzko ebazpenak, Epaitegian aurkezten diren adoptatzeko proposamenak, adopzioak eratzeko ebazpen judizialak eta, hala badagokio, adopzioaren aurreko harrerak eta esleipenak.

2. Erregistroan sartzeak ez du esan nahi inskribatutako pertsonek benetan adingabe bat adopzioan hartzeko eskubidea izanen dutenik. Nafarroako Adopzioen Erregistroan egiten diren inskripzioek eta erregistroko idatzoharrek interesdunei ematen dieten eskubide bakarra inskripzioa eragin duten egintzen eta datuen agerrarazpen fidela izatea da.

42. artikulua . Erregistroko datuen isilpekotasuna.

1. Erregistroan inskribatutako datuak isilpekoak izanen dira, eta haien konfidentzialtasuna, segurtasuna, kontserbazioa eta osotasuna bermatuko dira. Adopziorako prozeduretarako erabiliko direla eta datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz soilik komunikatu edo lagako direla ere bermatuko da.

2. Inskripzioen ziurtagiriak Arartekoari, Fiskaltzari, agintari judizialei eta aplikagarri den legediaren arabera horretarako baimena dutenei soilik emanen zaizkie.

43. artikulua . Erregistroaren egitura.

1. Adopzioen Erregistroak hiru atal izanen ditu, Nazio barneko adopzioen atala, Nazioarteko adopzioen atala eta Eratutako adopzioen atala.

2. Nazio barneko adopzioen atalak honako azpiatal hauek izanen ditu: “Zero eta bi urte bitarteko adingabeak” eta “Ezaugarri bereziak dituzten adingabeak”. "Ezaugarri bereziak dituzten adingabeak" azpiatala, bestalde, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 75.2. artikuluan jasotako kategorietan banatuko da. Azpiatal bakoitza honako sail hauetan egituratuko da, eta sail horietako informazioa Erregistroko oinarrizko datutzat hartzen da:

a) Erregistro zenbakia.

b) Espediente zenbakia.

c) Eskaintzak erregistroetan sartu ziren egun eta ordua.

d) Egokitasuna baloratzeko eskaerak erregistroetan sartu ziren egun eta ordua.

e) Eskatzaileen izen-deiturak.

f) Egokitasun deklarazioari buruzko ebazpenaren data.

g) Adoptatzeko proposamena epaitegira bidali zeneko data.

h) Adopzio-autoaren data, eta aldeko edo aurkako autoa den.

i) Oharrak.

3. Nazioarteko adopzioen atalak, a), b), c), d), e), g) eta h) sailez gain, honako hauek ere izanen ditu, guztiek ere erregistroko oinarrizko datuak biltzen dituztela:

a) Adoptatzeko eskaintza zein herrialdetarako den.

b) Adopzio prozeduran bitartekari izanen den entitate laguntzailea, hala badagokio.

c) Ezaugarri bereziak dituen adingabe bat adoptatzeko eskaintza, adingabearen jatorrizko herrialdeko araudiaren arabera.

4. Eratutako adopzioen atalean gutxienez honako hauek agertuko dira: adingabearen izen-deiturak -jatorrizko izena barne-, adoptatzaileak eta guraso biologikoak.

44. artikulua . Inskribatzeko modua eta inskripzioaren ondorioak.

1. Adingabe bat adoptatzeko eskaintza eta horri erantsi beharreko dokumentazio guztia aurkezteak Adopzioen Erregistroan -kasuan kasuko atal eta azpiataletan- inskribatzeko eskubidea emanen du.

2. Nazio barneko adopzio prozeduretan, esleitzen den inskripzio zenbakia aintzat hartuko da adopzio aurreko harrera eta ondorengo adopzio proposamena formalizatzeko hurrenkera finkatzeko, ezaugarri bereziak dituzten adingabeentzat xedatutakoa izan ezik.

3. Nazioarteko adopzio prozeduretan, esleitutako inskripzio zenbakia egokitasunaren balorazioak egiteko irizpide gisa erabiliko da, eta, egoki deklaratutako familien artean ezartzen diren kupoak antolatzeko irizpide gisa, behar izanez gero.

45. artikulua . Ofizialtasuna eta datuen tratamendu automatizatua.

1. Inskripzioak, indargabetzeak eta albo-oharrak administrazio organo eskudunek eginen dituzte ofizioz.

2. Erregistroko idatzoharrak datuen tratamendu automatizaturako baliabideen bitartez eginen dira. Horrelakoetan, datuen babesa bermatuko da indarrean dauden legezko xedapenen arabera.

46. artikulua . Inskripzioak deuseztatzea.

1. Erregistroko inskripzioak indargabetuko dira honako inguruabarretako bat gertatzen bada:

a) Heriotza edo ezintasunaren deklarazioa.

b) Uko egitea edo atzera egitea.

c) Eskatzaile den bikotea banantzea.

d) Egokitasun deklaraziorako edo deklarazio hori eguneratzeko garrantzitsua den informazioa doloz aldatu edo ezkutatzea.

e) Egokitasuna gerora galtzea.

f) Adoptatzeko proposamen bati arrazoirik eman gabe uko egin izana.

g) Egokitasun balorazioa ez eguneratzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hala eskatzen duenean edo balorazio hori aldatu beharra dakarten inguruabarrak gertatzen direnean.

i) Adoptatzeko eskaintza bost urterik behin ez eguneratzea Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen arabera.

2. Aurreko ataleko c), d), e), f) kasuetan, inskripzioa indargabetu baino lehen interesdunei entzutea eman behar zaie.

3. Eratutako adopzioen ataleko inskripzioa ezin izanen da indargabetu.

V. KAPITULUA. NORBERAREN JATORRIAREN BERRI IZATEKO ESKUBIDEA ERABILTZEKO AHOLKULARITZAKO ETA LAGUNTZAKO JARDUKETA PROFESIONALAK

1. ATALA. XEDAPEN OROKORRAK

47. artikulua . Norberaren jatorriaren berri izateko eskubidea erabiltzeko erraztasunak ematea.

1. Kode Zibilaren 180.5 artikuluak onartu egiten du adoptatuek haien jatorriari buruzko datuak jakiteko eskubidea izanen dutela adin-nagusitasunera iristen direnean, edo adingabe diren bitartean, azken kasu horretan beren gurasoek ordezkari gisa jardunez gero. Eskubide hori gauzatzeko eta horretarako behar duten laguntza jasotzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa partaide dela, aholkuak eta laguntza emanen zaizkie, zerbitzu espezializatuen bitartez.

2. Adoptatuak bere jatorri biologikoari buruzko datuak -Nafarroako Foru Komunitatean hura adoptatu izanari buruzko administrazio espedientean ageri direnak, guraso biologikoen nortasunari buruzkoak barne direla- eskuratzeko, artxibo eta agirietara sarbidea izateko eskubideari buruzko legediari eta datu pertsonalak babesteko legediari jarraituko zaie, une bakoitzean indarrean dagoenari.

3. Nolanahi ere, hirugarrenei buruzko datuak -adingabearen guraso biologikoen identifikazio-datuak izan ezik- interesdunei emateko, hirugarren horiek baimena eman beharko dute aurretiaz eta espresuki, edo, hala badagokio, ebazpen judizial baten bitartez emandako baimena beharko da.

48. artikulua . Interesdun diren pertsona adoptatuak.

1. Adoptatutako pertsonek, adin-nagusitasunera iritsita, edo, adingabe diren bitartean, gurasoek ordezkatuta, zilegi izanen dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunari eskatzea adopzioen aferetarako zerbitzu espezializatuen laguntza eta esku-hartzea -betiere administrazio horrek adopzioan esku hartu badu-, bai bakoitzaren adopzioaren administrazio espedientean norberaren jatorri biologiko, kultura eta sozialari buruz ageri diren datuak eskuratzeko, bai eskubide hori erabiltzeko, baita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak eskaintzen duen familia bitartekaritzaren bidez, beren familia biologikoekin harremanetan jartzeko ere, hala badagokio.

2. Administrazioaren jarduketa hasi baino lehen, informazioa eta orientazioa emanen zaie, honako hauek jakitera emateko helburuarekin: norberaren jatorriaren berri izateko eskubidearen esanahia eta hedadura, garrantzia eta ondorioak, bai norberari dagokionez, bai ukitzen ahal diren hirugarrenen eskubide legitimoen errespetuari dagokionez, eta eskubide hori gauzatu ahal izateko jarduketak, hori guztia gogoeta prozesu bat bultzatzeko eta erabakiak errazago hartu ahal izateko.

49. artikulua . Beste interesdun batzuk.

1. Adopzioan emandako adingabe baten familia biologikoa direla frogatzen dutenek hari buruzko daturen bat jakiteko gogoa dutela adierazten ahalko dute, baina, bakar-bakarrik, harremanetarako datuak biltzeko, gero batean adoptatutako pertsonak bere familia biologikoarekin harremanetan jartzeko asmoa duela adieraziko balu ere.

Gerora adoptatutako adingabearekin bere garaian harreman esanguratsua izan zuten pertsonak familia biologikoko kideekin parekatzen ahalko dira kapitulu honetan aurreikusita dagoenaren ondorioetarako, baldin eta harreman hori adopzioaren administrazio espedientean onartzen bada edo aipatu pertsona horiek frogatzen badute.

2. Helburu horrekin -eta horrekin bakarrik-, pertsona interesdun horiei adoptatutako pertsonarekin harremanetan jartzeak beraientzat eta adoptatutako pertsonarentzat dauzkan garrantziaren eta ondorioen berri eman beharko zaie. Aurretik aholkua eta orientazioa ematearen helburua aurreko artikuluko 2. atalean ezarrita dagoena izanen da.

50. artikulua . Erregistroko idatzoharrak.

1. Adoptatutako edozein pertsonak adin-nagusitasunera iristen denean edo, adingabeen kasuan, bere gurasoek ordezkatuta, informazio eta orientazio prozesua bukatu ondoren, erabakitzen badu jakin nahi duela ea bere familia biologikoko kideren batek Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunaren aurrean espresuki eta modu formalean berari buruzko daturen bat jakiteko edo harremanetan jartzeko gogoa duela adierazi duen ala ez, organo horri idatziz jakinaraziko dio, eta bere adopzioari buruzko erregistroko idatzoharrean horren albo-oharra eginen da.

2. Halaber, adoptatutako pertsona baten familia biologikoko kideek, 43. artikuluan adierazi den helburuarekin, hari buruzko daturen bat jakiteko edo harremanetan jartzeko gogoa dutela agerrarazi nahi badute -horretarako aukera badago, agindu horretan aurreikusita dagoenaren arabera-, familia biologikoko kideak direla frogatu beharko dute; gero, gogo hori idatziz jakinarazi beharko dute, eta adopzioari buruzko erregistroko idatzoharrean horri buruzko albo-oharra eginen da.

3. Aurreko ataletan aipatu diren albo-oharrak Nafarroako Adopzioen Erregistroko arduradunak eginen ditu ofizioz, organo eskudunak jakinarazi ondoren.

4. Artikulu honetan aipatzen diren albo-oharrak berehala indargabetuko dira baldin eta bere garaian oharrok egiteko eskatu zutenek hasierako borondate horretan atzera egin nahi dutela espresuki adierazten badute.

51. artikulua . Administrazio espedientean informazioa erregistratzea.

Aurreko artikuluan ezarrita dagoena gorabehera, eta, hala badagokio, eskubidearen titularrari bere intereseko datuei buruzko informaziorik osoena eman ahal izateko, adopzioari buruzko espedientean berariazko eranskin bat sortuko da agerrarazteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunari adoptatuaren jatorriari eta historia pertsonalari buruz modu formalean jakinarazten zaizkion dokumentu, hirugarrenen borondatearen adierazpen, gertakari edo inguruabar guztiak.

2. ATALA. AHOLKULARITZAKO ETA LAGUNTZAKO JARDUKETAK

52. artikulua . Aholkularitzako eta laguntzako jarduera.

1. Aholkularitzako eta laguntzako jardueraren barnean honako hauek sartzen dira:

a) Aholkulariek eskatzailearen adopzioari buruzko administrazio espedientean dagoen informazioa eskuratzea.

b) Hala eskatzen duen adoptatuari aurretik informazioa eta orientazioa ematea.

c) Adoptatutako pertsona baten familia biologikoko kideei aurretik informazioa eta orientazioa ematea, hala badagokio.

d) Hala eskatzen duen adoptatuari bere familia biologikoko kideren batek bere garaian erregistroko idatzoharrik egiteko eskatu zuen jakinaraztea eta haren edukiaren berri ematea.

e) Adoptatutako pertsonari jakinaraztea bere administrazio espedientean ageri diren jatorri biologiko, kultural edo sozialari buruzko datuak.

2. Artikulu honetan aurreikusi diren jarduketa guztiak doakoak izanen dira eskatzailearentzat.

3. Laguntzeko jarduketak, kapitulu honetan araututa dauden ondorioetarako, honako hauek izanen dira:

a) Adoptatutako pertsonaren familia biologikoko kide diren pertsonak ikertu, identifikatu eta, bidezkoa bada, aurkitzeko lanak, hark eskatuta, foru dekretu honetan aurreikusten diren kasuetan. Ikertzeko eta aurkitzeko lana administrazio espedientean dauden datuetatik abiatuta eginen da, betiere datu pertsonalen babeserako aplika daitekeen legediak ezartzen duen mugarekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketa-eremuaren barnean.

b) Familia biologikoko kideen adostasuna -guraso biologikoena izan ezik- edo hirugarrenena lortu edo egiaztatzea helburu duten lanak, adinez nagusia den pertsona adoptatuak haiek identifikatzeko datuak izan ditzan, edo, hala badagokio, datu horiek zein baldintzatan eman behar diren zehazteko.

c) Adoptatuak berak aurreko letretan aipatutakoari dagokionez eskatutakoaren ondorioz lortzen diren datuak adoptatuari jakinarazteko lanak.

d) Adoptatutako pertsona baten jatorrizko familiako kideei hark baimendu duen informazioa emateko lanak, betiere pertsona adoptatuari buruzko daturen bat jakiteko edo harekin harremanetan jartzeko gogoa adierazi badute, kasu bakoitzean ezartzen dituen baldintza edo mugekin.

e) Nazio barneko adopzioen kasuan, adoptatutako pertsonaren eta familia biologikoaren -edo familia horretako kide berezien- arteko topaketa bideratzeko gestioak, adoptatutako pertsonak eskatuz gero, eta topaketa hori gertatzeko beharrezkoak diren prestaketa eta laguntza lanak, bi aldeak ados jartzen direnean eta topaketarako baldintzak erabakitzen dituztenean.

f) Nazioarteko adopzioen kasuan, jatorrizko herrialdeko agintaritza nagusiari adieraztea adoptatutako pertsonak bere jatorria bilatzeko asmoa duela, herrialde horretan arlo horretarako dagoen legediaren arabera, deusetan galarazi gabe, adoptatutako pertsonari espedientean bere familia biologikoari buruz dauden datuak ematea.

53. artikulua . Hala eskatzen duen adoptatuari informazioa eta orientazioa ematea.

1. Interesa duen adoptatuari informazioa eta orientazioa emateko lanak aholkularitzako eta laguntzako gainerako jarduketak egin aurretik egin beharko dira, eta profesionalek beraiek egin beharko dituzte, tokira bertaratuta.

2. Adoptatutako pertsonari aholkularitzarik osoena emateko, ahal dela, lehenbizi, profesionalak adopziozko gurasoekin bilduko dira, haiengandik garrantzitsua izan daitekeen informazioa jasotzeko. Adoptatutako pertsonak tramite hori egiteko baimena eman beharko du.

54. artikulua . Eskatzaileari informazioa transmititzea.

Adoptatutako pertsonari bere familia biologikoko kide batek hari buruzko daturen bat jakiteko gogoa edo harekin harremanetan jartzeko gogoa duela agerrarazten duen oharra dagoela jakinarazteko, eta ohar horren edukiaren berri emateko, ezinbestekoa izanen da adoptatutako pertsonak, behin adin-nagusitasunera iristen direnean edo, adingabeen kasuan, beren gurasoek ordezkatuta, aurretik jakitera ematea horren gainean hartu duen erabakia. Informazio hori emateko egintzan zerbitzu espezializatuek beharrezkoa den orientazioa emanen diote, bidezkoa izanez gero bere datuak familia biologikoko kide hari emateko edo kide harekin harremanetan jartzeko jarduketaren bat onartzen duen ala ez erabaki ahal izan dezan. Horretarako, laguntza-zerbitzuen esku-hartzea eskatuko da.

55. artikulua . Familia biologikoko kideei aurretik informazioa eta orientazioa ematea.

Adoptatutako pertsonari buruzko daturen bat jakiteko edo harekin harremanetan jartzeko gogoa dutela agerraraziko duen erregistroko idazpena egitea eskatzen den kasuetan, adoptatutako pertsona baten familia biologikoko kideei informazioa eta orientazioa emateko jarduketak foru dekretu honen 50.2 artikuluan aipatzen den bezala borondatea espresuki eta modu formalean azaldu baino lehen egin beharko dira, eta haien helburua izanen da, batetik, argibideak ematea kapitulu honetan ageri diren arauei eta idatzoharraren helburuari buruz, eta bestetik, aholku ematea daukaten asmoaren garrantziari eta ondorioei buruz. Adieraziko zaie, orobat, beren asmo hori adoptatutako pertsonak bere jatorriaren berri izateko eskubidearen barnean dagokion borondatearen eta ekimenaren mende dagoela, betiere gogoeta prozesu bat bultzatzeko eta erabakiak errazago hartu ahal izateko asmoarekin.

Xedapen Gehigarri Bakarra .Erregistroa eguneratzea.

Foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen adoptatzeko eskaintza egin duten interesdunak ofizioz sartuko dira Nafarroako Adopzioen Erregistroan, haien eskaeren edukia errespetatuta eta haien eskaintzen erregistro-datak kontuan hartuta. Eskaintza horiek inskripziorako eskatzen den gutxieneko dokumentazioa ez badute, hamabost eguneko epea emanen zaie dokumentazio hori aurkezteko. Epe hori igarotakoan dagokien dokumentazioa aurkezten ez badute, eskaintza artxibatzen ahalko da.

Azken Xedapenetan Lehena .Garatzeko gaikuntza.

Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruńean, 2014ko azaroaren 26an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politiketako kontseilaria, Íńigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1416514

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web