(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

25/2014 FORU LEGEA, abenduaren 2koa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duena.

BON N.º 243 - 15/12/2014



ZIOEN AZALPENA

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra erregulatu zuen, halakotzat jota pertsona publiko edo pribatuei dirua eskuratzea, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirua eman dadila onuradunen edo hirugarren pertsonen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.

b) Dirua emateak baldintza izan dezala helburu jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jarduera bat egitea, jokabide berezi bat hartzea, jada burutua dagoena edo burutzeko, edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunak bete egin behar ditu betebehar material eta formalak.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak xede izan dezala onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

Aipatutako testuan jasotzen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak Estatuko oinarrizko legedian sartutako aldaketak. Lege horren abiapuntua, zioen azalpenean aipatzen den bezala, baliabide publikoen erabileran efizientziarik handiena lortzeko kezka berezia da, eta horretarako, hain zuzen ere, kudeaketa-prozedura batzuk ezartzen dira, diru-laguntzen ematea eragin zutenez bestelako xedeetarako desbideratzeak eragozte aldera.

Ezinbesteko helburu horrek inspiratutako testuak irabazi asmorik gabeko entitateei aplikatzean, arazoak ekarri ditu kasu batzuetan, halako entitateek ez baitute helburu ekonomikoak lortzera bideratutako egiturarik, baina, aldi berean, irauteko funts publikoen laguntza behar baitute.

Arazo horiek honakoan dautza: batzuetan, legearen malgutasunik eza kaltegarri gertatzen da entitateek baliabideen kudeaketa efizientea egiteko, diruz lagundutako jarduera aurrera ateratzen dutenean aurreikusitakoa baino baliabide gutxiagorekin; horrenbestez, entitateek beren ekarpena handitu behar izaten dute, eta, kasu horietan, batetik, galerak izaten dituzte, eta, bestetik, aurrekoaren ondorio, beren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzen da.

Lege aldaketa honek konpondu nahi ditu egungo arauak eragindako distortsioak, bereziki hirugarren sektorea deitzen dena osatzen duten horrelako entitateei eragindakoak, eta horretarako bi artikulu gehitzen ditu.

Lehenengoak aukera bat jasotzen du, diru-laguntzaren xedea eskatzaileak garatu beharreko jarduerak finantzatzea den kasuetan, aurkeztutako eskaerak berregiteko, noiz eta azkenean diru-laguntzarako proposatu den zenbatekoa txikiagoa denean onuradunak egindako eskaeran agertzen dena baino.

Bigarrenaren helburua da aukera ematea baliabideen erabilera efiziente batetik heldu diren gerakin inbertitugabeak erabiltzeko, behin diru-laguntzaren helburuak beteta, diruz laguntzeko modukoak diren beste jarduera batzuen finantzaketarako.

Artikulu bakarra.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aldaketa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat.–20. bis artikulu berria gehitzen da, honako edukia duena:

“20. bis artikulua. Eskaerak berregitea.

1. Diru-laguntzaren xedea denean eskatzaileak garatu beharreko jarduerak finantzatzea, eta instrukzioa egin duen organoak proposatzen duen diru-laguntza txikiagoa denean aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, onuradunari eskatzen ahalko zaio, oinarri arautzaileetan hori aurreikusi bada, eskaera berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak doitu ditzan balizko diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera. Doitze horrek berekin ekar dezake, kasu bada, diru-laguntza jaso dezakeen jarduerarako aurreikusitako diru-sarrerak gutxitzea modu proportzionalean.

2. Berregindako eskaerak instrukzioa egiten duen organoaren adostasuna lortu duenean, eskaera hori, egindako jarduera guztiekin batera, organo eskudunari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.

3. Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.”

Bi.–28. bis artikulu berria gehitzen da, honako edukia duena:

“28.bis artikulua. Inbertitu gabeko gerakinak.

1. Diru-laguntza eman zeneko helburuak bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugabeak baldin badaude, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza-etekinak, zilegi izanen da diru-laguntza eman duen organoari eskatzea, oinarri arautzaileetan hori aurreikusten denean, haiek erabili ahal izatea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile horien arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta onuraduna egiten ari den jarduerak.

2. Eskaeran zehaztuko da amaitutako edo bidean dagoen –kasuan kasu– proiektuaren helburuen zabalpena, bai eta horri dagokion aurrekontua ere.

3. Diru-laguntza ematen duen organoak ebazpena emanen du, gerakina aplikatu behar zaion diru-laguntza emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.”

Hiru– Beste lerrokada bat gehitzen zaio 30. artikuluaren 3. idatz-zatiari. Hona testua:

“Hala ere, diruz lagundutako jarduera gauzatu ohi bada aurrekontu-ekitaldiarekin bat ez datorren urtaldi batean, nola izan baitaitezke kirol denboraldia edo ikasturtea, jarduera horretarako diru-laguntzak urtaldi horretara egokitzen ahalko dira, eta, horretarako, organo eskudunak aukera izanen du, Nafarroako Gobernuaren baimenik behar gabe, behar den gastu-konpromisoa hartzeko hurrengo ekitaldiaren kargura”.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko abenduaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1416751

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web