(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

107/2014 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 12KOA, NAFARROAN NEKAZARITZAKO ETA ABELTZAINTZAKO USTIATEGIEI LOTUTAKO PRODUKTUEN SALMENTA ZUZENA ARAUTZEN DUEN APIRILAREN 20KO 8/2010 FORU LEGEA GARATZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 238 - 05/12/2014



Zioen azalpena

Nafarroan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzena arautzen duen apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legearen xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez arautuko ditu, aplikatzekoa den araudiarekin bat eta, zehazki, Europako 852/2004 eta 853/2004 erregelamenduekin eta horiek garatzen dituzten arauekin bat, nekazaritzako elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren arloko arriskuak kontrolatzeko sistemak eta gainontzeko araudi aplikagarria, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiari lotutako nekazaritzako produktuen salmenta zuzenerako.

Foru lege horren xedea, bere 1. artikuluan ezarritakoa, da nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako nekazaritzako elikagaien zuzeneko salmenta, prestaketa eta produkzioa arautzea eta sustatzea. Eta helburuak, honako hauek dira:

a) Nekazaritzako egiturak hobetzea, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren pertsonentzat errenta duinak eta kontsumitzaileentzat prezio bidezkoak lortzeko.

b) Nekazaritzako, abeltzaintzako edota elikagaien ustiategi edo enpresa bideragarriak eta iraungarriak sortzea eta sustatzea.

c) Ziurtatzea lehenengo sektoreko ustiategien jarraipena, landa inguruneko garapen ekonomikoaren oinarrizko tresna baitira, eta tokiko baliabideei lotuago dauden sistemak mantentzea, ahalik eta pertsona gehienek iraun dezaten familia-nekazaritzaren esparruan.

d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien biziraupena ahalbidetuko duen balio erantsi gehigarri bat lortzeko aukera ematea.

e) Enplegua sortzea, nekazari gazteak jarduera horretan hastea eta enpleguaren egonkortasuna erraztea.

f) Gure nekazariak eta abeltzainak lehiatu ahal izatea araudi hau aspalditik duten Europako beste erkidegoetakoen baldintza beretan.

g) Produktu “berezituen” aukera bat sortzea, haien kalitateari, osasungarritasunari eta onargarritasunari begira, gizartean gero eta gehiago baloratzen den merkatua asetzeko.

h) Merkaturatze-zirkuitu laburrak eta zuzenak sustatzea, ekoizlearen eta eroslearen aprobetxamendu zuzena ahalbidetze aldera, produktu horien lekualdatze-, bitartekaritza- eta merkaturatze-gastuen murrizketaren ondorioz.

Foru legeak dioenez, manu batzuk erregelamenduz garatuko dira; beraz, beharrezkoa da gaurko araudia osatzea, kontuan hartuta, aurrekoaz gain, nekazaritzako elikagaien ustiategien produktuak merkaturatzeko mota honi aplikatzen zaion Europar Batasuneko araudia, baita Espainiakoa eta Nafarroakoa ere.

8/2010 Foru Legearen helburuak nasai definitu dira, eta argi dago lege horrek arloko operadoreek behartzen dituela kontsumitzaileendako elikagaien segurtasuna bermatzen duten eskakizun eta betekizun guztiak betetzera, aplikagarria den araudiarekin bat.

Horregatik, 8/2010 Foru Legearen garapenean xedapen hauek, besteak beste, kontuan hartu behar dira oinarri gisa:

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamendua, Elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituena. Erregelamendu horrek ardura nagusi hau, besteak beste, ezartzen du elikagaien enpresen operadoreentzat: merkaturatzen dituzten elikagaien segurtasuna eta haien trazabilitatea elikagaien katearen etapa guztietan.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamendua, elikagaien higieneari buruzkoa; elikagaien enpresaren operadorearentzako eskakizun hau aipatzen du, besteak beste: elikagaiak ekoiztu, eraldatu eta banatzen dituzten bere kontrolpeko establezimendu guztien berri ematea agintaritza eskudunari, honek eskatutako eran, erregistroan sartzeko. Erregelamenduaren hitzaurrean adierazten den bezala, baimena ematen da Arriskuen azterketa eta kontrolgune kritikoena (HACCP) sisteman oinarria duten prozedurak malgutasunez ezartzeko, egoera guztietan aplika daitezen. Elikagaien enpresa txikietan autokontrolerako sistemen aplikazio malgu horri lotuta, erregelamenduaren 7. artikuluak adierazten du Europar Batasuneko estatuek sustatuko dituztela estatu bakoitzeko higieneko praktika zuzenen gidak, eta, 8. artikuluarekin bat, HACCP sistemaren printzipioak aplikatzearren, Europar Batasuneko gidak eginen dira 9. artikuluaren arabera. Giden zabalkundea eta erabilera bultzatuko da, Espainiakoena nahiz Europar Batasunekoena. Hala ere, elikagaien enpresen operadoreek beren borondatez erabiliko dituzte gida horiek.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 (EE) Erregelamendua, animalia-jatorria duten elikagaien higieneari buruzko arau espezifikoak zehazten dituena; beste gai batzuen artean, honako hau zehazten du: erregelamenduaren arabera, baimena zein kasutan den derrigorrezkoa; eta animalia-jatorria duten elikagaiak biltegiratu, garraiatu eta haien osasun marka egiteko baldintzak.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamendua, elikagaien inguruan.

kontsumitzaileei ematen zaien informazioari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1924/2006 eta 1925/2006 (EE) erregelamenduak aldatzen dituena eta honako arau hauek indargabetzen dituena: Batzordearen 87/250/EEE Zuzentaraua, Kontseiluaren 90/946/EEE Zuzentaraua, Batzordearen 1999/10/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/13/EE Zuzentaraua, Batzordearen 2002/67/EE eta 2008/5/EE zuzentarauak eta Batzordearen 608/2004 (EE) Erregelamendua.

-Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea; 13 a) artikuluan, Foru Komunitateko osasun administrazioei esleitzen zaizkie osasun publikoarekin zerikusia duten hainbat jarduketa; haien artean, elikagaiak eta beroriek ekoiztu edo lantzen dituzten industria, establezimendu edo instalazioen osasun kontrola. Orobat, foru lege horrek, apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearekin bat, baldintzak ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean dauden elikagaien sektoreko establezimenduen funtzionamenduari buruzko jakinarazpenetarako edo osasun baimenerako.

Aurreko araudiaz gain, bera garatzen duen araudia baita eta Nafarroan aplikatu behar delako elikagaien osasun eta segurtasuneko arloan, 8/2010 Foru Legea erregelamenduz garatza honako hauek ere kontuan hartu beharko dira:

-Otsailaren 18ko 191/2011 Errege Dekretua, elikagaien eta haien inguruko enpresen osasun erregistro orokorrari buruzkoa; bere 2.1 artikuluan, erregistroan inskribatu behar diren elikagaien enpresak eta establezimenduak zehazten dira, eta 2.2 artikuluan, berriz, erregistroan inskribatzeko betebeharretik salbuetsita daudenak, autonomia erkidegoetan horretarako ezarritako erregistroetan inskribatu beharko direnak, elikagaien enpresaren operadoreak agintaritza eskudunei jakinarazi ondoren. Arau hori Foru Komunitatean aplikatzean 10/1990 Foru Legearen 23 b) artikulua kontuan hartuko da. Lege hori apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legeak, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituena, aldatu zuen. Aipatu artikuluak, osasun publikoarekin zerikusia duten beste jarduketa batzuen artean, baldintzak ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean dauden elikagaien sektoreko establezimenduen funtzionamenduari buruzko jakinarazpenetarako edo osasun baimenerako.

-Nafarroako Foru Komunitatearen erregelamendu aplikagarriak operadoreen erregistro eta elikagaien segurtasunaren arloan.

Bestetik, higieneko praktika zuzenen gidak elikagaien higienearen paketeko erregelamenduetan araututa daude eta, irizpideen eta prozeduren arabera, higieneko praktika zuzenen gidak egin dira, Espainiakoak nahiz Europar Batasunekoak, Nafarroako Foru Komunitatearen elikagaien zuzeneko salmenta egitea posible duten ia sektore guztiak jorratzen dituztenak. Horregatik, salbuespenak salbuespen, gida horiek erabiltzeko komeni da operadoreek Europar Batasunean edo Espainian onetsitako dokumentuak kontuan hartzea.

Nekazaritzako elikagaien artisautzaren berariazko arloa, Nafarroan, maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen da. Dagokien erregistroetan inskribatuta dauden artisautza enpresen produkzioa babesten da; aise frogatu da eraginkorra dela, eta horregatik komenigarritzat jotzen da gaur egungo araudia mantentzea, foru lege honen arabera aplikatu behar zaizkion baldintzak bete behar izatea galarazi gabe.

Foru lege horren aplikazioaren helburu berariazkoetarako, arau hauek ere bereziki garrantzitsuak dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoa; eta azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzkoa (aurreko zuzentarauaren transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora). Izan ere, printzipio orokor hau ezartzen dute: ez da baimen araubiderik finkatuko zerbitzu jardueretan sartzeko eta haietan aritzeko, salbu interes orokorreko arrazoi premiatsu bat badago. Baimena, halakorik bada, nahi den helburuarekiko proportzionala izanen da, eta ezin du baldintza baztertzailerik eskatu.

Ondorio horietarako, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legea argitaratu zen Nafarroan. Legearen IV. kapituluan, 11. eta 12. artikuluetan, erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa ezartzen dira enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko tresna gisa.

Bi tresna horiek kontuan hartu dira foru dekretu honetan, baita ekoizleen errolda ezartzeko beharkizuna (8/2010 Foru Legea aplikatzearen ondoriozkoa) betetzeko behar den sinplifikazio administratiboa ere. Errolda horrez gainera, Elikagaien Osasun Erregistroak eta Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroa ere badaude, baina horrek ez die karga handiagorik ekarri behar salmenta zuzeneko enpresen operadoreei.

Aurrekoarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 12ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea, Nafarroan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzena arautzen duena, garatzea du xede foru dekretu honek, honako arlo hauetan:

a) Errolda.

b) Jardueren aitorpenaren edukia.

c) Higiene arloko jardunbide zuzenen gida.

d) Salmenta zuzeneko jardueraren sustapena.

2. artikulua . Definizioak.

8/2010 Foru Legean ematen diren definizioak galarazi gabe, eta lege horren aplikazioa errazteko asmoz, elikagaien inguruko legediari buruzko Europar Batasuneko erregelamenduetan eta Espainiako araudietan ezarritako definizioak aplikatuko dira, berariaz honako erregelamendu hauetakoak:

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamendua, Elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituena.

Berariaz, ekoizpen primarioa, eraldaketa, nekazaritzako elikagaien produktuen merkaturatzea eta trazabilitatea terminoen definizioa haren 3. artikulukoak dira.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 852/2004 (EE) Erregelamendua, elikagaien higieneari buruzkoa.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 853/2004 (EE) Erregelamendua, Animali jatorriko elikagaien higienerako berariazko arauak ezartzen dituena.

-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamendua, elikagaien inguruan.

kontsumitzaileei ematen zaien informazioari buruzkoa.

3. artikulua . Aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoa honako hauei aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitatean: Nafarroako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan dauden nekazari eta abeltzainei, betiere haien ustiategietako nekazaritzako produktuak (ekoizpen primariokoak nahiz haien ustiategietan bakarrik lortutako lehengai nagusiak prestatu edo eraldatzeko prozesuetatik datozenak) salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen badituzte.

2. Halaber, aipatu erregistroan dauden nekazaritzako elikagaien eskulangintzako enpresei ere aplikatuko zaie, betiere nekazaritzako ustiategiari lotuta badaude eta haien ustiategitik lortutako lehengaiak dituzten nekazaritzako produktuak eta elikagaiak salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen badituzte.

3. 8/2010 Foru Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, manipulatutako, prestatutako edo eraldatutako produktuei dagokienez, aplikazio eremua honako jarduera hauei dagokie:

a) Fruituen eta barazkien zukuak, marmeladak eta kontserbak egitea.

b) Sagardoa, ardoa, likoreak eta pattarrak egitea.

c) Haragizko produktuak egitea.

d) Esnekiak egitea.

e) Eztia eta deribatuak manipulatu eta egitea.

f) Landare-espezieak manipulatzea, elikaduran erabiltzeko infusioetarako eta elikaduran erabiltzeko eragile aromatiko gisa.

g) Oliba-olio birjina estra egitea.

h) Hautatako, sailkatutako eta/edo paketatutako arrautza freskoak.

4. artikulua . Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiari lotutako ekoizpena.

8/2010 Foru Legearen 4. artikuluarekin bat, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak manipulatu eta eraldatzeko jarduera eta salmenta zuzena ustiategiei lotutako jardueratzat hartzen dira eta, horren ondorioz, halakotzat kontuan hartuko dira salmenta zuzena eta merkaturatze kate laburrak sustatzeko laguntzetarako arauetan eskatzaile izateko ezartzen diren baldintzetan.

5. artikulua . Salmenta zuzenaren motak eta betebeharrak.

1. Salmenta zuzenaren motak 8/2010 Foru Legearen 9. artikuluan ezartzen dira, eta operadoreen betebeharrak, berriz, legearen 10. artikuluan. Europar Batasunaren eta Espainiako araudi indardunarekin bat, operadoreek Elikadura arloko Enpresen eta Establezimenduen Osasun Erregistroan inskribatu dituen jardueretatik elikagaietarako ondorioztatzen diren merkaturatze aukeretara egokituko dira aipatu motak eta betebeharrak.

2. Produktu propioak salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen dituzten operadoreek fakturazio betebeharrak arautzen duten arau aplikagarriak bete beharko dituzte.

6. artikulua . Nekazaritzako elikagaiak zuzenean saltzen dituzten operadoreen Nafarroako errolda.

1. Nekazaritzako elikagaiak zuzenean saltzen dituzten operadoreen Nafarroako errolda sortzen da, helburu honekin: merkataritza mota horren eremuan, nekazaritzako ustiategien eta elikagaiak manipulatu, prestatu eta eraldatzen dituzten enpresen zerrenda mantentzea. Errolda horren informazioa publikoa izanen da Nafarroako Gobernuaren web orrian eguneratuko da, kontsumitzaileei eta ekoizleei produktuen merkaturatze zuzena errazteko. Erroldatutako operadoreen zerrenda Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroaren eskura jarriko da.

2. Honako hauek agertuko dira erroldan:

a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan dauden nekazaritzako ustiategiak, baldintza hauek betetzen badituzte: haien produktuak salmenta zuzenaren bidez merkaturatzea; foru dekretu honetan eta osasun arloko arauetan ezarritako betekizunak betetzea; eta inskribatzeko borondatez eskatzea.

b) Nekazaritzako Elikagaien Eskulangintzako Enpresen Nafarroako Erregistroan dauden nekazaritzako elikagaien eskulangintzako enpresak, baldintza hauek betetzen badituzte: kokapena Nafarroako Foru Komunitatean izatea eta manipulatzen eta merkaturatzen dituzten produktu guztiak haren nekazaritzako ustiategitik etortzea.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaio errolda.

4. Datu-base informatizatu gisa kudeatuko da eta, horregatik, informazioak eta haren tratamenduak konfidentzialtasuna gordeko dute, eta halako erregistroei aplikatzen zaizkion prozedurei jarraituko dizkie. Nolanahi ere, erroldari lotutako datu pertsonalen babesa arau hauei lotuko zaie: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, datu pertsonalen babesari buruzkoa, eta 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, lege hori garatzen duen erregelamendua onesten duena.

5. Ustiategi bakoitzaren jarduerari buruzko aitorpenari dagozkion datuak agertuko dira erroldan. Jarduerari buruzko aitorpena foru dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

7. artikulua . Errolda kudeatzeko prozedura.

1. Operadoreak erroldan sartzeko prozedurari hasiera emateko, inskribatzeko eskaera eta erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko dira, datu hauek bilduta, gutxienez: titularraren, ustiategiaren eta establezimenduaren erreferentzia, eskaeraren zioa, 8. artikuluan aurreikusitako jardueraren gaineko informazioa eta foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizuneko aitorpena.

2. Aurreko puntuaren araberako aurkezpena bakarra izanen da, eta nahikoa erroldako inskripzioa kudeatzeko eta merkaturatze mota honetarako ezartzen diren eskubideak izateko, ezertan galarazi gabe beste erregistro batzuetan (Elikadura arloko Enpresen eta Establezimenduen Osasun Erregistroa, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroa edo Nekazaritzako Elikagaien Eskulangintzako Enpresen Erregistroa) aldez aurretik egin behar den inskripzioa, gero egin daitezkeen kontrolak eta jarduera gauzatzeko behar diren baimen osagarriak.

3. Dokumentazioa toki hauetan aurkez daiteke: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan, nekazaritzako bulegoetan, Nafarroako Gobernuko beste erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan aurkezten ahalko dituzte interesdunek. Telematika bidez ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria baliatuz.

4. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak erroldan esleitutako inskripzio-identifikatzailearen berri emanen dio operadoreari, baita merkaturatze mota honek bere baitan hartzen dituen elikagaien arloko jarduerena ere.

5. Erroldan dagoen operadoreak titulartasunean, helbidean edo jardueran izandako aldaketaren edo jardueraren bukaeraren berri eman beharko dio Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari, gertaeraren egunetik hilabeteko epean. Horren berri ematez gainera, Elikadura arloko Enpresen eta Establezimenduen Osasun Erregistroan eta Nekazaritzako Elikagaien Eskulangintzako Enpresen Erregistroan establezimendu mota bakoitzerako ezarrita dauden komunikazio betekizunak bete beharko dira, eta osasun publikoaren, animalien osasunaren, nekazaritzako industriaren, industriaren, ingurumenaren eta hirigintzaren arloetako arau indardunek eskatutako baimenak izan.

6. Erroldaren inskripzioak, salmenta zuzenaren operadore gisa, indarraldi mugatua izanen du.

7. Administrazioak dokumentazioa eskatzen ahalko dio elikagaien operadoreari, haren jarduerak indarrean dagoen bitartean indarreko araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela egiaztatzeko, baita erroldan sartzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein informazio ere.

8. Kasu hauetan erroldako inskripzioa deuseztatuko da:

-Operadoreak hala nahi badu eta jardunari uztearen jakinarazpenean hala adierazten badu.

-Elikadura arloko Enpresen eta Establezimenduen Osasun Erregistroan eta Nekazaritzako Elikagaien Eskulangintzako Enpresen Erregistroan inskribatzeko eskatzen diren betekizunak betetzen ez badira, betiere inskripzio horiek nahitaezkoak direnean.

-Europar Batasunaren Nekazaritza Politikaren zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete beharreko legezko kudeaketa-beharkizunei eta nekazaritza eta ingurumen arloko baldintza egokiei lotutako arau indardunak betetzen ez badira.

8. artikulua . Jarduerari buruzko aitorpena.

1. 8/2010 Foru Legearen 10. artikuluarekin bat, salmenta zuzenaren araubidearen pean aritzen diren ustiategiek jarduerari buruzko aitorpena egin beharko dute.

2. Jarduerari buruzko aitorpenean honako hauek agertuko dira:

a) Ekoizpen primarioko produktutzat hartu eta haren ustiategian zuzenean saltzen diren produktuen zerrenda. Zerrendan, derrigorrez, produktuen espeziea zehaztuko da eta, nahi bada, haren azpiespeziea, barietatea, arraza edo mota (unitatearen zatia, aurkezpen era eta abar).

b) Zuzeneko salmentaren bidez merkaturatzen diren produktuak garraiatzeko ibilgailuen edo sistemen zerrenda.

c) Produktuak prestatzeko eta/edo kontsumitzaileei saldu edo emateko instalazioen kokapena.

d) Biltegi hotzeko edo produktuak izozturik kontserbatzeko ekipo eta instalazioak.

e) Zuzenean saltzen diren produktuak garbitu, sailkatu, azaldu eta saltzeko ekipamendu eta instalazioak.

f) Zuzeneko salmentaren jarduera gauzatzeko prozedura: ustiategian bertan, etxean bertan, herriko azoketan, ekoizleen merkatuan, ferietan, Interneten eta halako salmenta egitea ahalbidetzen duten beste moduak.

g) Jarduketa eremua, salmenta zuzenaren operadore gisa: udalerri bat, ondoz ondoko hainbat udalerri, Foru Komunitatea, ondoz ondoko hainbat autonomia erkidego, Espainia, Europar Batasuna edo Europar Batasunetik kanpoko herrialdeak.

h) Operadorearen ustez errolda kudeatzen duen unitatearentzat interesekoak diren oharrak (adibidez, marka propioren bat edo kalitateko figuraren bat izatea).

9. artikulua . Salmenta zuzenaren sustapena.

Nafarroako Gobernuak, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien arloetako jarduera lagundu eta sustatzeko programen barruan eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera, hainbat ekintza gauzatuko ditu salmenta zuzenaren jarduera sustatzeko, merkaturatzeko zuzeneko zirkuitu laburrak sustatzeko eta kontsumitzaileek merkaturatze mota hori onartzeko.

Xedapen Gehigarri Bakarra.- Higiene arloko jardunbide zuzenen gidak.

Nekazaritzako elikagaien enpresek Arriskuen Azterketa eta Kontrol Gune Kritikoak (AAKGK) sisteman oinarritutako etengabeko prozedurak sortu, aplikatu eta mantentzeari dagokionez bete behar dituzten betekizunak eta 852/2004 (EE) Erregelamenduaren 4. artikuluan ezartzen diren beste betekizun orokor eta berariazkoak ezertan galarazi gabe, salmenta zuzenaren erroldan dauden operadoreek higiene arloko jardunbide zuzenen gidak, Espainiakoak nahiz Europar Batasunekoak, erabiliko dituzte, betiere erregelamendu horretan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Azken Xedapenetako Lehena .Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko azaroaren 12an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1415402

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web