(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

22/2014 FORU LEGEA, azaroaren 12koa, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen duena.

BON N.º 232 - 24/11/2014



  I. TITULUA. Xedapen orokorrak

  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

  II. KAPITULUA. Osaera

  III. KAPITULUA. Organoak eta funtzionamendua

  IV. KAPITULUA. Baliabide teknikoak


  II. TITULUA. Partehartze instituzionala

  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

  II. KAPITULUA. Partehartze instituzionalaren edukia eta subjektu partehartzaileen eskubide eta betebeharrak

  III. KAPITULUA. Sustapena eta finantzaketa


ZIOEN AZALPENA

Europako demokrazia aurreratuek bereizgarri dute, besteak beste, elkarrizketa sozial iraunkorra instituzionalizatuta edukitzea administrazio publikoen eta ordezkaritasun handieneko sindikatu- nahiz enpresaburu-erakundeen artean, gizartearen hobekuntza orokorraren aldeko politika komunak taxutu eta parte hartzeko bitarteko gisa.

Guk geuk izan dugun nahiz konpartitu dugun esperientziak erakutsi digu erkidegoen garapen ekonomiko eta sozialerako funts-funtsezkoak direla elkarrizketa- eta akordio-esparruak, gobernuen eta ordezkaritasun handieneko solaskide sozialen artekoak. Europar Batasunean, aurrerapauso nabarmenak egin dira elkarrizketa iraunkorreko esparru horren instituzionalizazioan. Halatan, “Europa 2020” Estrategiak barnean hartzen ditu solaskide sozialak, oinarrizko parte bat direlakoan bai kontsultarako bai hark egiten dituen proposamenen taxuketan parte hartzeko. Era berean, eta lehenago, Europar Batzordeak 2002ko ekainaren 26an egindako komunikazioak zenbait orientabide jasotzen ditu elkarrizketa soziala indartzen saiatzeko, halatan gobernantza publikoa, erreforma ekonomikoak eta sozialak Europar Batasunean hobetze aldera [COM (2002) 341, bukaera]. Halaber, 2003/174/CE Erabakiaren bidez, “Hazkunde eta enplegurako hiruko goi-bilera soziala” ezarri zen; erabaki horrek, zeina 2013an berrikusi baitzen [COM(2013) 740, bukaera], hau esaten du hitzez hitz: “Elkarrizketa soziala erreforma ekonomiko eta sozialetarako indar eragile bat da. Lisboako estrategiak agerian uzten du zer zeregin duen Europarentzat giltzarri diren honelako erronkei aurre egitean: trebakuntzen eta gaitasunen hobekuntza, lan-antolamenduaren modernizazioa, aukera-berdintasunaren eta dibertsifikazioaren sustapena, edo bizitza aktiboa luzatzeko politikak garatzea. Solaskide sozialen arteko negoziazioak modurik onena dira modernizazioarekin eta aldaketaren kudeaketarekin zerikusia duten aferetan aurrerapausoak emateko”. Europako elkarrizketa sozialari buruzko 2004ko abuztuaren 12ko komunikazioak azpimarratu egiten du elkarrizketa sozialak hartu duen garrantzia, esparru ekonomiko nahiz sozialean gobernagarritasuna hobetzen lagundu duen aldetik; izan ere, enpresaburu- nahiz sindikatu-erakundeak, enpresa-zuzendaritzak eta enpresetako langileen ordezkariak oso hurbil daude elkarrengandik, eta oso zuzenki izaten dute lantegietan bizitzen den problematikaren berri.

Espainiako Konstituzioak atariko tituluan xedatzen du, 7. artikuluan, langileen sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek lagundu egiten dutela berezko dituzten interes ekonomiko eta sozialen defentsan eta sustapenean. Horrez gain, askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea aitortzen du, 28. artikuluko lehen lerrokadan, eta elkartze-eskubidea ere bai, 22. artikuluan.

Konstituzioak lan-munduan diharduten erakunde sozialei egiten dien aitorpena nazioarteko araudian ere islatzen da, hala nola Lanaren Nazioarteko Erakundearen 150. zenbakiko hitzarmenean.

Bestalde, Espainiako Konstituzioak, 9. artikuluko bigarren lerrokadan, botere publikoei agintzen die herritar guztiek bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte har dezaten erraztea.

Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoak eta Langileen Estatutuak “ordezkaritasun handieneko” izaeraren aitorpena arautu egin dute, bai eta izaera hori sindikatu- eta enpresaburu-erakunde jakin batzuei aplikatzea ere, haien ezarpenaren norainokoaren arabera, halatan kualifikatuz administrazio publikoekin duten harremanerako. “Ordezkaritasun handiena” instituzio hori Konstituzio Auzitegiaren doktrinak berretsi eta zedarritu du.

Bestetik, Nafarroan elkarrizketa sozialaren arloan izandako esperientzia izugarri emankorra izan da. Lan Harremanei buruzko Sektorearteko Akordioak, 1995eko ekainaren 8koak, zeina Nafarroako Gobernuak onartuta baitago, halako partaidetza-eredu baterako oinarriak ezarri zituen non, emaitza gisa, erkidegoaren suspertze ekonomiko nabarmen bat eta bertako lan-harremanen modernizazioa erdietsi baitziren. Akordio horren garapenak, eta akordio horretatik eratorritako akordioenak ere (besteak beste, Lan Gatazken Ebazte Estrajudizialari buruzko Lanbidearteko Akordioa, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eratzeko Akordioa, lau Enplegu Planak eta Garapen Iraunkorrari buruzko Akordio Soziala, jomuga gisa enplegua, laneko osasuna, immigrazioa, lanbide-heziketa eta abar hartzen dituztenak) markatu egin dute Administrazioaren eta solaskide sozialen arteko harremanen nondik norakoa, eta alderdien arteko ituna eta adostasuna erkidego honetako funtsezko balio izateraino eraman dituzte.

Horren emaitza modura, gaur egun jasaten duguna bezalako krisi ekonomiko larriaren astindupean egonik ere, ordezkaritasun handieneko solaskide sozialek –CEN-Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak, Unión General de Trabajadores de Navarra-UGTk eta Comisiones Obreras de Navarra-CCOOk– 2013an erabaki zuten haiek berrikusi eta eguneratzea. Agiri horretan, zeina NAOn argitaratu baitzen, adierazi zen borondatea zegoela elkarrizketa sozialeko agertoki berria sustatzeko. Akordioaren sinatzaileek azaldu zuten itun sozialak, azken bi hamarkadetan, emaitza garrantzitsuak eman dituela Nafarroaren garapen ekonomiko eta sozialerako. Baina krisi ekonomikoarekin agertu diren “garai berriek” eta “arazo berriek” “beharrezko egin dute prozedurak berregokitzea enpresen, langileen eta, oro har, gizartearen beharrizan eta eskakizun berrien arabera”. Agiri horretatik abiatuta, joan den urteko irailean, Elkarrizketa eta Itun Sozialerako Mahai Iraunkorra eratu zen. Mahai hori kontsultarako organo bat da, zeinaren helburu nagusiak baitira ekonomiaren nahiz lanaren arloko eta arlo sozialeko analisia, gogoeta, negoziazioa eta ituna. Kontsultarako organo gisa eta elkarrizketa eta itun sozialaren esparru berriari egonkortasuna, zuzenbidezko bermea eta erabaki-izaera emateko sortua izan arren, Mahaiaren beraren baitan erabaki zen behar ziren izapideak hastea haren arauketa sustatzeko.

Horrenbestez, baiezta daiteke ezen, une honetan, beharrezko egiten dela aurrerapauso bat ematea elkarrizketa sozialaren prozesuan. Erregulazio horrek argiro instituzionalizatu behar du aipatutako erakundeen elkarrizketarako eta parte-hartzerako esparrua, sindikatuen eta enpresaburuen ordezkaritzen parekidetasunetik abiatu behar duen ordezkaritza bat. Autonomia erkidego batzuk –Extremadura, Gaztela eta León eta Galizia– jada aurreratu dira bide horretan.

Hori guztia dela eta, jotzen dugu hauxe dela unea itunaren esparrua arrazionalizatu, modernizatu eta berritzeko, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortuz, haren bitartez aldeentzat argiro instituzionalizatuta egon dadin betebeharren eta eskubideen arloan bakoitzak bere gain hartu beharreko eginkizuna.

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eraketa eta izena.

1. Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen da ordezkaritasun handiena duten eragile ekonomikoen, sozialen eta Nafarroako Foru Administrazioaren bilgune, parte-hartze eta negoziazio instituzionalerako organo goren gisa. Izaeraz hirukoa da, eta une bakoitzean lanaren arloko eskumenak dauzkan departamentuari atxikiko zaio.

2. Foru lege honi dagokionez, elkarrizketa soziala honako hau dela ulertuko da: autonomia erkidegoko administrazioaren barruan, haren erakunde publikoetan eta entitate publikoetan langile eta enpresaburu guztiei dagozkien interes orokor, komun, sektorial eta sektoreartekoak sustatu eta defendatzeko lanak eta jarduerak egitea. Bereziki, arlo ekonomikoko, arlo sozialeko, lanaren arloko eta gizartearen bizi-kalitatean eragina duten interes orokorreko arlo guztietako gaien negoziazioa eta ituntzea.

2. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua da Nafarroako Gobernuak, Foru Komunitatean ordezkaritasun handiena duten sindikatuek eta enpresaburu-erakundeek elkarren arteko bilgune izateko duten organo instituzional iraunkorra, non elkarrizketa soziala gauzatu eta sustatuko baita, Nafarroaren kohesio sozialerako eta aurrerabide ekonomikorako faktorea den aldetik. Horri dagokionez, gizarte osoari adieraziko zaio elkarrizketa sozialaren balioa eta garrantzia.

2. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak, bere eginkizunetan, independentzia osoz eta ordenamendu juridikoaren menpe jardunen du.

3. artikulua. Eskumenak.

Bere eginkizunak betetzeko, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluari honako eskumenak dagozkio:

a) Elkarrizketa sozialaren xede diren arloak definitzea.

b) Elkarrizketa sozialarekin lotutako akordioak onestea.

c) Elkarrizketa sozialerako akordioen betetzeari eta eraginkortasunari buruzko jarraipena eta ebaluazioa, bai eta haien garapenerako neurriak erabakitzea ere.

d) Elkarrizketa sozialeko akordioak argitara ematea eta ezagutaraztea, bai eta haiekin lotutako gaiak ere; horrek, halere, ez du kaltetuko erkidegoko Administrazioko beste organo batzuek daukaten eskumena.

e) Kontseiluaren arabera elkarrizketa sozialaren arlokoak diren gaietan eragina duten araugintza-jarduketak eta erkidegoko Administrazioaren garrantzi bereziko beste jarduketa batzuk aldez aurretik ezagutzea.

f) Europako eskualde politikari, Europar Batasuneko Zuzenbidearen inguruko prestakuntzan eta haren aplikazioan parte-hartzeari, Nafarroaren eta Frantziaren arteko mugaz gaindiko harremanei eta Foru Komunitatearen eta Estatuaren arteko harremanei buruzko gaiak direla-eta Nafarroako Gobernuari eskatutako informazio guztia, elkarrizketa sozialean eragina duena, jasotzea.

g) Erkidegorako interes orokorrekoak diren gaiei buruzko azterlan eta txostenak egitea, beste organo batzuen eskumenak kendu gabe.

h) Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren urtealdi-oroitidazkia onestea.

i) Batzorde espezializatuen eraketa onestea.

j) Bulego teknikoari ematekoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak onesteko proposamena.

k) Elkarrizketa sozialaren garapenerako lagungarri diren gainerako jarduketa guztiak.

II. KAPITULUA. Osaera

4. artikulua. Osaera.

1. Honakoek osatuko dute Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua: kontseiluburuak, zeina Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen baita, eta kontseilukideek; hots, lan arloko legedia betearaztearen esparruan eskumena duen departamentuko kontseilaria eta Nafarroan ordezkaritasun handiena duten sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen maila goreneko ordezkari bana.

2. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko kideek, salbuespenezko kasuetan, ordezkoak izendatu ahalko dituzte, aurretik hori idatziz jakinarazita Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko idazkariari. Salbuespen gisa ere, aztertu beharreko gaiaren arabera, bileretara Kontseiluko kideen aholkulariak joan ahalko dira, aurrez kontseilukideak ados jarrita.

3. Kontseiluak idazkari baten laguntza izanen du. Bileretan parte hartuko du, ahotsarekin baina botorik gabe.

III. KAPITULUA. Organoak eta funtzionamendua

5. artikulua. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren organoak.

Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak honako organoak izanen ditu:

a) Kontseilua.

b) Kontseiluburua.

c) Batzorde iraunkorra.

d) Batzorde espezializatuak.

6. artikulua. Kontseilua.

1. Kontseiluak foru lege honen 4. artikuluko lehen lerrokadan adierazitako kideak izanen ditu. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak eraketa baliozkoa izateko, kide guztiak edo haien ordezkoak bertaratu beharko dira. Horien izendapena foru lege honen 4. artikuluko bigarren idatz-zatian xedatuaren araberakoa izanen da.

2. Kontseiluaren erabakiak aho batez hartuko dira.

3. Kontseiluak bere barne-funtzionamendurako erregelamendua landu eta onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

7. artikulua. Kontseiluburua.

Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko burua Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da, eta kontseilu horren ordezkaria izanen da.

Honakoak dira kontseiluburuaren eginkizunak:

a) Kontseiluaren bileretarako dei egitea.

b) Kontseiluaren bileretako buru izatea eta eztabaidak moderatzea.

c) Kontseiluaren bileren gai-zerrenda erabakitzea.

d) Legeek eta barne-funtzionamendurako erregelamenduak ematen dizkioten gainerakoak.

8. artikulua. Batzorde iraunkorra.

1. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak batzorde iraunkor bat edukiko du, honakoek osatua: lan arloko legedia betearaztearen esparruan eskumena duen kontseilaria, zeina batzordeburua izanen baita, Kontseiluko idazkaria eta Nafarroan ordezkaritasun handiena duten sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen bina ordezkari. Bileretara batzorde iraunkorreko kideen laguntzaileak joan ahalko dira, kideak ados jarrita.

2. Bere eginkizunak betetzeko, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko batzorde iraunkorrari honako eskumenak dagozkio:

a) Kontseiluari elkarrizketa sozialaren xede diren gaiak eta elkarrizketa sozialerako akordioen proposamenak aurkeztea.

b) Kontseiluari egitea erkidegorako interes orokorrekoak diren gaiei buruzko azterlan eta txostenak prestatzeko proposamena.

c) Kontseiluari Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren urtealdi-oroitidazkiaren proposamena aurkeztea.

d) Kontseiluari batzorde espezializatuak eratzeko proposamena aurkeztea.

e) Gaiak proposatzea Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren gai zerrendarako.

f) Kontseiluari proposamenak aurkeztea bulego teknikorako giza baliabideen eta baliabide materialen hornikuntzari buruz.

g) Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluko barne funtzionamendurako erregelamenduan finkatzen diren gainerakoak eta Kontseiluak berariaz esleitzen dizkionak.

3. Batzorde iraunkorraren erabakiak aho batez hartuko dira.

9. artikulua. Batzorde espezializatuak.

Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak batzorde espezializatuak sortu ahalko ditu, aurrez zehaztutako arloak sustatzeko, barne funtzionamendurako erregelamenduak araututakoaren arabera. Batzorde horiek, halaber, partaidetza parekidea izanen dute.

IV. KAPITULUA. Baliabide teknikoak

10. artikulua. Bulego teknikoa.

1. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak bulego tekniko bat eduki ahalko du, eta kontseiluak berak proposatuko du hura fisikoki non kokatu. Bulego horrek bere eginkizunak betetzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izanen ditu.

2. Bulego teknikoa funtzionalki Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren menpe egonen da; organikoki, berriz, lan arloko legediaren betearazpenaren esparruan eskuduna den departamentuaren menpe.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren jarduketa guztiak eginen ditu ziurtatze aldera bulego teknikoak giza baliabide eta baliabide material egokiak dituela.

4. Kontseiluak eta batzorde iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatu ahalko diote behar den dokumentazioa aurkez dezan haiek beren eginkizunak bete ahal izateko, eta haren zerbitzuan diharduten langileek agerraldia egiteko, komenigarritzat jotzen denean.

II. TITULUA. Parte-hartze instituzionala

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

11. artikulua. Xedea.

1. II. titulu honen xedea da Nafarroan ordezkaritasun handiena duten sindikatu- eta enpresaburu-erakundeek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan parte-hartze instituzionala izateko esparrua arautzea, gai ekonomiko eta sozialei eta autonomia erkidegorako interes orokorrekoak diren gai guztiei dagokienez.

2. Parte-hartze instituzional gisa ulertzen da, foru lege honi dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, ordezkaritasun handiena duten sindikatu- eta enpresaburu-erakundeek berezko dituzten interesen sustapenerako eta defentsarako lanak eta jarduerak egitea, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoko 6. eta 7.1 artikuluetan eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Testu Bategineko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

12. artikulua. Aplikazioeremua.

1. Foru lege honetan ezarritako parte-hartze instituzionala aplikatzekoa izanen zaie aholkularitza eta parte-hartze organoei, entitate eta erakunde publiko bakoitzaren berariazko araudiaren terminoetan, betiere honako esku-hartze esparruetan:

a) Nafarroako Gobernuaren Administrazioan sartutako entitate eta erakunde publikoak, lan arloko nahiz arlo sozial edo ekonomikoko eskumenak esleituta dituztenak.

b) Horretan sartzen dira honako esparruetan eskumenak dituzten entitate edo erakunde publiko guztiak: lana, enplegua, lanbide heziketa, ekonomia soziala, berdintasun-politikak, lan-merkatuarekin lotutako emigrazioa eta immigrazioa, politika sozialak eta, oro har, lan arloan edo arlo sozialean garrantzia duen beste edozein gai.

c) Nafarroako Gobernuaren Administrazioan sartutako entitate eta erakunde publikoak, esparru sozioekonomikoko eta foru autonomiaren garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko eskumenak esleituta dituztenak.

Horretan sartzen dira garapen autonomikoan, politika sektorialetan eta politika sozialetan eskumenak dituzten entitate eta erakunde publiko guztiak, bai eta, oro har, beren garrantzi sozioekonomikoa dela-eta foru lege honek arautzen dituen parte-hartze instituzionalerako tresnetara egokitzea komenigarritzat jotzen den beste edozein eskumen dutenak ere.

2. Foru lege hau ez zaie aplikatuko parte-hartzerako edo negoziazio kolektiborako organo sektorialei horiek okupazio publikoaren esparrukoak direnean, esparru horrek berariazko araubidea izanen baitu.

3. Foru lege hau ez zaio aplikatuko sektore pribatuko negoziazio kolektiborako eskubideari buruzko araudiari; izan ere, berariazko legediak arautuko du sektore hori.

4. Foru lege honen aplikazio-esparrutik kanpo geratuko dira erkidegoko Administrazioko enplegu publikoarekin lotutako parte-hartze organoak.

13. artikulua. Parte hartzeko irizpideak.

1. Ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen ordezkari-kopurua zehazteko, haien parekidetasunaren irizpideari men eginen zaio.

2. Ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen ordezkariak hautatzeko eta kargutik kentzeko, haiek egindako proposamenari men eginen zaio.

3. Ulertuko da ordezkari horiek adierazten dutela ordezkaritasun handieneko enpresaburu- eta sindikatu-erakundeek kasuko arloan duten jarrera.

II. KAPITULUA. Parte-hartze instituzionalaren edukia eta subjektu parte-hartzaileen eskubide eta betebeharrak

14. artikulua. Partehartze instituzionalaren edukia.

1. Parte-hartze instituzionala gauzatzen da ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen ordezkariek parte-hartze organoetan duten presentziaren bitartez.

2. Berariazko araudiaren bidez parte-hartze instituzionaleko eginkizunak esleituta dauzkaten organoek honako eskumenak izanen dituzte, gutxienez ere:

a) Aurretiaz ezagutzea lege-aurreproiektuak edo legeak garatzeko erregelamendu-proiektuak, haien eskumenekoak diren gaietan.

b) Informazioa jasotzea garaturiko plan, programa eta jarduketei buruz.

c) Jarduteko irizpide, gidalerro eta ildo nagusiak proposatzea eta horien prestaketan parte hartzea.

d) Nafarroako Gobernuari proposatzea kasuko parte-hartzearen esparruko gaietan komenigarri deritzeten legegintza-ekimenak edo jarduketa zehatzak.

15. artikulua. Partehartze instituzionala baliatzearen inguruko eskubide eta betebeharrak.

1. Ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen ordezkariek fede onaren printzipioari jarraituz beteko dituzte parte-hartze instituzionaleko beren eginkizunak.

2. Kasuko organoetan parte-hartze instituzionaleko eginkizunak betetzen dituzten pertsonek honako eskubide eta betebeharrak dauzkate beren zereginetan:

a) Parte-hartze organoen bileretan egotea.

b) Deialdia egin diezaieten eta kasuko informazioa behar den garaian eta forman jasotzea.

c) Eskueran dauzkaten dokumentuak zaintzea.

d) Bileretan lortzen eta erreserbatu gisa deklaratzen den informazioaren gaineko konfidentzialtasuna errespetatzea, bai eta informazio horrekin zerikusia duten deliberamenduei buruzkoa ere; halaber, informazioa soilik berezko dituen xedeetarako erabiltzea.

III. KAPITULUA. Sustapena eta finantzaketa

16. artikulua. Sustapena eta finantzaketa.

1. Foru lege honek araututako parte-hartze instituzionala sustatu eta konpentsatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urtero kontusail bat jarriko du, diru-laguntza izendun gisakoa. Kontusail horren xedea izanen dira ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeak, alde batera utzita erakunde horiek, esparru ekonomiko eta sozialeko interes orokorreko erakunde gisa, beren jarduera sustatzeko jasotzen dituzten diru-laguntzak.

2. Sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen ordezkariek organo instituzionaletan izanen duten presentzia doakoa izatea aurreikusten da; hori dela eta, ez dute inongo kalte-ordainik jasoko bertaratzeagatik nahiz gastuak konpentsatzeko.

3. Diru-laguntza izendunaren zenbatekoa urtero aldatuko da kontsumoko prezioen indizea (KPIa) bezala, erkidegoko aurrekontuaren hazkundearen mugarekin.

Azken xedapenetan lehenbizikoa .–Eraketa.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik hilabeteko epean, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratuko da.

Azken xedapenetan bigarrena .–Barnefuntzionamendurako erregelamendua.

Eratzen denetik sei hilabeteko epean, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak bere barne-funtzionamendurako erregelamendua onetsiko du.

Azken xedapenetan hirugarrena .–Partehartze instituzionalari buruzko arauen egokitzapena.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko gehieneko epean, lege honi egokituko zaizkio ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko organoetan izanen duten parte-hartze instituzionalari buruzko arauak. Ordura arte, erkidegoko Administrazioaren eta ordezkaritasun handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen arteko akordioek, beren edukian foru lege honek ukitutakoek, beren eragina izaten jarraituko dute.

Azken xedapenetan laugarrena .–Nafarroako Gobernuari baimena ematea.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatzeko behar diren xedapenak emanen ditu.

Azken xedapenetan bosgarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko azaroaren 12an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1415490

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web