(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

20/2014 FORU LEGEA, azaroaren 12koa, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legea hein batean aldatzen duena, Nafarroako tributuen arloan jakinarazpen elektronikoa sustatzeko.

BON N.º 232 - 24/11/2014



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako tributuen arloan jakinarazpen elektronikoa sustatzeko helburua lortzeko, mota askotariko ekimen eta neurriak behar dira, eta neurri esanguratsuenetariko bat foru lege honen bitartez egiten den lege-aldaketa da.

Azken urteotan teknologia berriak apurka-apurka baina etengabe sartu dira Nafarroako Zerga Ogasunean. Zerbitzu batzuetan (aitorpenak aurkeztu eta kontsultatzeko, zerga-zorrak ordaintzeko, zerga-informazioa deskargatzeko, ereduak eta inprimakiak erabiltzeko eta ziurtagiriak eskuratzeko, besteak beste) argi ikusten da zerbitzu telematikoak gero eta maizago erabiltzen dituztela herritarrek. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoak zerbitzu telematikoak herritarren eskura jarri ditu, betetzeko, horrela, esleitua duen eginkizuna, hau da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren izenean eta haren kontura, tributuak modu zuzen, erraz eta eraginkorrean kudeatzea eta biltzea.

Bide telematikoan aurkezten diren zerga-aitorpenen kopurua izugarri handitu da, eta Zerga Administrazio berriaren garapenaren adierazgarri nabarienetariko bat izan da herritarrentzat. Hala ere, herritarrek hasi eta Zerga Administrazioak bukatzen duen harreman elektroniko hori osatu egin behar da, komunikazioa osoagoa bihurtzeko eta bi norabideetakoa izan dadin. Horretarako, jakinarazpen elektronikoa ezarri eta sustatuko da tributuen arloan. Helburu hori lortzeko, Foru Komunitatearen zerga-antolamenduak beste pauso bat eman nahi du teknologia modernoen errealitate berrira egokitzeko, eta badaki jakinarazpen elektronikoak administrazio elektronikoaren agerbide garrantzitsuenetariko bat direla. Jakinarazpen elektronikoen oinarrian, herritarren, enpresen eta Zerga Administrazioaren arteko harremana eta komunikazioa ulertzeko beste modu bat dago, betiere segurtasun juridikoa behar bezala babestua duena.

Horrez gainera, nabarmendu beharra dago jakinarazpen elektronikoagatik onura garrantzitsuak lortzen direla efizientzia administratiboaren ikuspuntutik: batetik, paperezko jakinarazpena jaso dela egiaztatzeko izan ohi diren zailtasunak gainditzen direlako, eta, bestetik, izapide administratiboak –eta, horren ondorioz, jakinarazpenaren denbora eta kostuak– nabarmen murrizten direlako.

Jakinarazpen elektronikoa dagoeneko ezarrita dago Nafarroan, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeak arautzen baitute, baina ezin da ukatu praktikan gutxi erabiltzen dela eta, tributuen arloan, premiazkoa dela hura sustatu eta estimulatzea, dudarik ez baitago interes publikoarentzat eta herritarren eta enpresen interesentzat onuragarria izanen dela. Helburu horrekin, eta tributudunentzako zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzea xede delarik, Nafarroako Zerga Ogasuneko lantalde batzuek urtebete baino gehiago daramate atariko azterlan eta lanak programatzen eta egiten, Foru Komunitateko zerga-jakinarazpen elektronikoaren behin betiko garapen eraginkorra posible izan dadin behar diren aldaketa teknologikoak eta bitartekoenak prestatzeko.

Bestetik, komeni da azpimarratzea zerga-prozeduretan, edozein prozedura administratibotan bezala, berebiziko garrantzia duela egintzak eta ebazpenak behar bezala jakinarazteak, horren bidez tributudunari formalki jakinarazten baitzaio egintza edo ebazpena, eta, hain zuzen, egintzaren eraginkortasuna jakinarazpen horren ondorio baita eta jakinarazpenari esker administratuak egintzaren edukia zehazki ezagutzen eta, nahi izanez gero, inpugnatzen ahal baitu. Jakinarazpena ez da baldintza bat egintza administratiboa baliozkoa izateko, baina bai, ordea, eraginkorra izateko; izan ere, bidezkoak diren errekurtsoak aurkezteko epeen zenbaketa jakinarazpenarekin batera hasten da.

Beraz, jakinarazpenek oso eginkizun garrantzitsuak dituzte prozedura administratiboetan, egintzaren edukia aditzera ematen baitute, eta, modu horretan, ukituari aukera ematen dio komenigarritzat jotzen dituen neurriak hartzeko. Jakinarazpena berme bat da administratuentzat. Horregatik, egintza formal eta bermatzailetzat hartzen da eta zorroztasuna da nagusi baldintzak betetzeko orduan; izan ere, jakinarazpenak akatsen bat badu, ez du ondoriorik sortzen, salbu eta baliozkotzen bada, modu horretan behar diren ondorioak sortzen baitira. Uler daiteke egintza administratiboa ez dela benetan eraginkorra aldez aurretik arauzko jakinarazpena egin ez bada. Horregatik, egintza administratiboaren ondorioz zerga-zorrik sortuko balitz, ordaintzeko epeak zenbatzen hasiko lirateke jakinarazpena egiten denetik.

Foru Komunitateko tributuen arloko arauetan, jakinarazpena Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan arautzen da bereziki. Esan daiteke manu horretan araututakoak ongi bete duela bere eginkizuna azken urteotan; baina ikusirik, batetik, jakinarazpenen praktikan metatutako esperientzia eta, bestetik, jakinarazpen elektronikoari eman behar zaion bultzada, komenigarria da hura aldatzea. Hortaz, aipatutako 99. artikuluan baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena arautua badago ere, beharrezkoa da haren edukia hobetzea, behar bezala garatzeko eta gaur egun jakinarazpen elektronikoa egiteko dauden moduetara egokitzeko.

Lege beraren 26. artikulua ere aldatu da, haren edukia handitzeko eta eguneratzeko, bereziki jakinarazpenaren kasu bereziei dagokienez.

Foru lege proiektuak jakinarazpenaren erregulazioan sartutako hobekuntzak honako hauek dira:

Lehenengoa.–Aipatu 26. artikuluan, titular bat baino gehiago daudenean, kasu gehiago sartu dira, edozein zerga-betebeharretara hedatzeko, eta ez mugatzeko bakarrik zergapeko egintzara. Aurrekoaz gainera, bigarren lerrokada gehitu da kasu hau arautzeko: titular bat baino gehiago badaude ere, Zerga Administrazioak soilik horietako baten identitatea ezagutzen duenean. Kasu horretan, Administrazioak likidazioa eta jakinarazpena ezaguna den titularrari eginen dizkio, eta honek betebeharra osorik bete beharko du, non eta ez dituen berak ematen ordaindu behar duten gainerako titularren datu zehatzak eta bakoitzaren proportzioa. Esperientziak erakusten du araubide hori lagungarria izanen dela hurrengo arazoak konpontzeko, besteak beste: familia unitateei PFEZari buruzko jakinarazpena egiten zaienean; oinordeko bat baino gehiago daudenean oinordetzaren eta dohaintzen gaineko zergan; eta erantzukizunaren deribazioaren jakinarazpena pertsona batek baino gehiagok jasotzen ahal dutenean.

Bigarrena.–99. artikuluaren 1. idatz-zatian zehazten da jakinarazpena zerga-prozedura guztietarako arautzen dela, barne direlarik zehapenak jartzen dituztenak eta errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak bideratzen dituztenak. Zehaztapen hau garrantzitsua da honen inguruan sortutako zalantzak argitzeko: manua aipatu zerga-prozeduretan aplikatzen ahal den ala ez.

Hirugarrena.–Egin ohi den paperezko jakinarazpenari dagokionez, 2. idatz-zatiari bi xedapen garrantzitsu gehitu zaizkio. Batetik, behar bezala arautu da zer egin behar den jakinarazpena ematerakoan tributuduna hila dela edo haren nortasun juridikoa iraungi dela jakinen balitz. Bestetik, jakinarazteko beste modu bat ezarri da: posta-zerbitzu unibertsala esleituta duen operadoreak ezarritako posta-kutxetan uztea egintza edo ebazpena.

Horrez gainera, jakinarazpenaren eduki bermatzailea osatzen da, 4. idatz-zatian berariaz arautzen baita zer egin jakinarazteko bi saiakerak emaitzarik gabe egin direnean; kasu horietan, “iritsi izanaren abisua” etxeko gutun-ontzian utziko da, eta interesdunari aditzera emanen zaio Administrazioaren egoitzara agertzeko aukera duela ezartzen den epean egintza jasotzeko. Bestetik, egun gehiago ezarri dira bertan agertuz egiten diren jakinarazpenetarako iragarkiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko: hilabeteko asteazken guztiak.

2. eta 4. idatz-zatietan sartzen diren xedapen berri gehienak Posta Erregelamenduan ezarritakotik datoz, egiaztatu baita hainbat eginkizun interesgarri dituztela eta jakinarazpen administratiboen eraginkortasuna handitzen dutela.

Laugarrena.–Jakinarazpen elektronikoei dagokienez, erabat aldatzen da 99. artikuluko 5. idatz-zatia, munta handiko aldaketak egin baitzaizkio. Ezarri da, lehenik, jakinarazpen mota hau posible izan dadin interesdunak aldez aurretik berariaz eskatu edo baimendu behar izan duela. Hau da, ez da aski izanen lehentasunezkotzat jotzea.

Bigarrenik, aurrekoa galarazi gabe, erregelamenduzko arauari ahalmena ematen zaio derrigorrezko jakinarazpen elektronikoa ezartzeko pertsona juridikoei; zehatzago, pertsona fisikotzat jotzen ez diren entitateei. Lehen begiratuan inposizio eta karga kutsua duela badirudi ere, betebehar horrekin benetan aurrera egin nahi da Zerga Administrazioa efizienteagoa eta lagunkoiagoa izan dadin. Hortaz, oro har, Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Bide Elektronikoz Sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak bide ematen du lerrokada honetan aipatutako pertsona juridikoei betebeharra ezartzeko Administrazioarekin dituzten harremanetan soilik bide elektronikoak erabiltzeko, betiere behar diren tresna informatikoez baliatzeko baldintzak betetzen badituzte. Bestetik, berariaz aipatzen ez bada ere, zergen arloko idazki eta aitorpen guztiak telematikaren bidez aurkeztera behartuta dauden pertsona talde eta entitateek bete beharko dute jakinarazpen elektronikoa egiteko betebeharra. Hau da, ez du ekarriko haientzat zama edo zailtasun berezirik, ezta ezezagunik ere.

Hirugarrenik, argi uzten da jakinarazpen elektronikoak egiaztatu egin behar duela jakinarazpenaren xedeko egintza zer egun eta ordutan jarri den interesdunaren eskura, baita edukia noiz ikusi den ere. Baldin eta, jakinarazpena interesdunaren eskura jarri denetik hamar egun naturaleko epea pasatuta mezua ireki ez bada, jakinarazpena errefusatutzat joko da. Azkenik, erregelamendu bidez finkatuko da jakinarazpen elektronikoak praktikan nola egin. Erredakzioa espresuki irekia da, teknika informatikoetan etengabe gertatzen baitira berrikuntzak. Hori hala delarik ere, hasieran lehentasunezkotzat aukeratutako jakinarazpen-mota HEGren bidezkoa da (helbide elektroniko gaituaren bidezkoa). Helbide elektroniko gaituaren bitartez, edozein pertsonak edo entitatek helbide elektroniko bat izan dezake bide elektronikoz egiten diren jakinarazpen elektronikoak jasotzeko. Zerbitzu hau –dohainekoa da jakinarazpenaren hartzailearentzat, eta erabat betetzen ditu isilpekotasunaren eta egiazkotasunaren bermeak– erabiliena da gaur egun, alde handiz, jakinarazpen elektronikoak egiterakoan.

Tributuen arloan jakinarazpen elektronikoa arautzerakoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen printzipio orokorrak aplikatzen dira, nahiz eta zenbait berezitasun ezarri diren, aipatu foru legearen hirugarren xedapen gehigarriaren 1. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, hain zuzen ere hau baitio tributuei buruzko prozeduren berezitasunei dagokienez: “Foru lege honetan ezarritakoa aplikatzekoa izanen zaie soilik tributu prozedurei, beren arau berezietan xedatutakoaren kontra ez doan guztian”.

Artikulu bakarra.–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren aldaketa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren agindu hauek honako eduki hau izanen dute:

Bat.–26. artikulua. Titular bat baino gehiago direnean.

“26. artikulua. Titular bat baino gehiago direnean.

Betebeharra sortzen duen gertakari edo elementu berean tributudun bat baino gehiago biltzen badira, denak solidarioki daude behartuak betebehar horretan sartzen diren prestazio guztiak betetzera, salbu eta lege mailako arau batean espresuki besterik xedatzen bada.

Administrazioak betebeharraren titularretatik soilik bakar baten nortasuna ezagutzen duenean, huts-hutsik haren izenean egin eta jakinaraziko du ebazpena edo, kasua bada, tributu-likidazioa, eta titular horrek bere gain hartu beharko du betebehar guztia, non eta, betebeharra dirua ordaintzea izanik, betebeharraren zatiketa eskatzen ez duen. Zatiketa hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izanen da eskatzaileak aditzera ematea zein diren betebeharra duten gainerakoen datu pertsonalak eta helbidea eta bakoitzari nolako proportzioa dagokion”.

Bi.–99. artikuluko 1. idatz-zatia.

“1. Tributu desberdinak kudeatu, likidatu, egiaztatu, ikertu eta biltzeko prozeduretan, baita zehapen-prozeduretan eta zergei buruzko errekurtso eta erreklamazioetan bideratzen dituztenetan ere, jakinarazpenak egiteko modua erabakitzerakoan, ziurtatua gelditu behar du interesdunak edo bere ordezkariak jakinarazpena jasotzen duela, baita noiz jaso duen, jasotzailearen nortasuna, eta jakinarazitako egintzaren edukia ere.

Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio”.

Hiru.–99. artikuluko 2. idatz-zatia.

“2. Jakinarazpena honako tokietan egiten ahalko da: tributudunaren edo bere ordezkariaren helbide fiskalean, lantokian, jarduera ekonomikoa garatzen den tokian, halakorik baldin badago, edo tributudunak edo bere ordezkariak horretarako esandako tokian, edo horretarako egokia den beste edozeinetan.

Jakinarazpena egiterakoan tributuduna hila dela jakinen balitz, edo haren nortasun juridikoa iraungi dela, horren berri eman beharko da, eta Zerga Administrazioak hala dela egiaztatuko du. Kasu hauetan, jakinarazpena prozedurari amaiera ematen dion ebazpenari buruzkoa denean, jarduketa hori jakinarazpen saiakeratzat hartuko da, baina bakar-bakarrik prozeduren gehieneko epean jakinarazi beharra bete izanaren ondorio hutsetarako.

Jakinarazpena egiteko bidea posta-zerbitzu unibertsala esleituta duen operadoreak ezarritako posta-kutxa denean, bidalitakoa bulegoaren barrenean utziko da, eta posta-kutxaren titularrak berak edo espresuki baimendutako pertsonak jasotzen ahalko du kutxatik. Bidalitakoak bulegoan hamar egun natural eginik, jakinarazpena egintzat hartuko da. Jakinarazteko bide hau erabiltzez gero, interesdunak lehentasunezkotzat hartua izan behar du”.

Lau.–99. artikuluko 4. idatz-zatia.

“4. Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezin bada jakinarazpenik egin, eta gutxienez bitan egin bada saiakera zerga helbidean edo tributudunak edo bere ordezkariak horretarako adierazitako lekuan, espedientean jasoko dira jakinarazteko saiakeren inguruabarrak. Hartzailea ezezagun gisa ageri bada helbide edo leku horretan, saiakera bakar bat aski izanen da. Behin bi jakinarazpen-saiakerak huts eginik, hartzaileari, posible denean, iritsi izanaren abisua utziko zaio etxeko gutun-ontzian, eta aditzera emanen zaio, bi aletan eginen den eginbidean, Zerga Administrazioaren egoitzara agertzeko aukera duela ezartzen den epean jakinarazpena jasotzera. Azalduko zaio, orobat, zein izan diren jakinarazpena egiteko bigarren saiakerari buruzko inguruabarrak. Iritsi izanaren abisu hori ondorio informatiboetarako baizik ez zaio utziko.

Atal honetan aurreikusi eta jakinarazpena egiterik izan ez den kasuetan, tributudunari edo bere ordezkariari zitazioa eginen zaio jakinarazpena jasotzera ager dadin. Zitazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarki bakar baten bidez eginen da. Hilabete bakoitzeko asteazkenetan argitaratuko dira iragarki horiek, edo, egun horietan aldizkari ofizialik argitaratzen ez bada, aldizkaria ateratzen den lehenbiziko egunean. Iragarki horiek Zerga Administrazioaren beste bulego batzuetan ere jartzen ahalko dira jendaurrean. Bulego horiek zein diren erregelamendu bidez zehaztuko da. Aipatu diren iragarki horiek egiteko baliabide informatikoak, elektronikoak eta telematikoak erabiltzen ahal ditu Zerga Administrazioak, betiere tributu arloko araudiak ezartzen duenarekin bat.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, egiteko dauden jakinarazpenen zerrenda agertuko da, honakoak adierazita: tributuduna edo bere ordezkaria, oinarrian den prozedura, tramitazioaz arduratzen den organo eskuduna, eta horien hartzaileak jakinarazpena jasotzeko non eta zein epetan agertu behar duen. Nolanahi ere, agerraldia hamabost egun naturaleko epean eginen da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori iragaten bada bulegora agertu gabe, jakinarazpena egintzat hartuko da, legezko ondorio guztietarako, agertzeko ezarritako epea bukatu eta biharamunean.

Tributuduna edo bere ordezkaria ez agertzeagatik jakinarazitzat hartzen badira prozedura baten hasiera edo bere tramiteetako edozeinena, prozedura horren ondoko jarduera eta eginbideak ere jakinarazi zaizkiela joko da. Ez du galduko, nolanahi ere, beste edonoiz prozedura horretara agertzeko eskubidea. Nolanahi ere, prozeduran egiten diren likidazioak eta bahitutako ondasunak besterentzeko ebazpenak artikulu honetan ezarritako moduan jakinarazi beharko dira betiere”.

Bost.–99. artikuluko 5. idatz-zatia.

“5. Jakinarazpena bide elektronikotik egin ahal izateko, interesdunak espresuki egin beharko du horretarako eskaera edo eman beharko du horretarako baimena.

Aurreko lerrokadan adierazten den prozeduran alta ematen duten tributudunak ez dira behartuta egonen beste administrazio batean sartzera, salbu eta zergak zenbateko erlatiboen arabera ordaintzen dituztenak. Hitzarmen edo akordioen bitartez, aukera emanen da Estatuko nahiz beste foru erkidego bateko edozein zerga-administraziok egoitza fiskala Nafarroan duten tributudunei egin beharreko komunikazioak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bidez egin ditzan.

Arestian aipatutakoa deusetan ukatu gabe, erregelamendu bidez finkatzen ahalko da nahitaezkoa dela jakinarazpen elektronikoa egitea pertsona fisiko ez diren tributudunei.

Jakinarazpen elektronikoaren sistemak aukera eman behar du zehatz jakiteko zer egun eta ordutan eskura jarri zaion interesdunari jakinarazpenaren xede den egintza, baita zehatz jakiteko ere interesdunak noiz ikusi duen edukia. Jakinarazpena, une hartatik aurrera, egintzat hartuko da ondorio legal guztietarako.

Baldin eta, interesdunari jakinarazpena bidali zaiola ziurtatuta, hamar egun naturaleko epea pasatu eta mezua ez bada ireki, jakinarazpena errefusatutzat joko da, artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritako ondorioekin, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskaturik, mezua eskuratzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela frogatzen bada.

Jakinarazpen elektronikoak modu hauetakoren bat erabiliz eginen dira, erregelamendu bidez ezarritakoari jarraikiz betiere:

a) Helbide elektroniko gaituaren bitartez (HEG).

b) Jakinarazpena jaso izanaren adierazpena duen posta elektronikoaren sistemaren bat erabiliz.

c) Ezar litekeen beste bideren bat erabiliz, betiere araubide berariazkoan ezartzen diren epe eta baldintzetan jakinarazpena jaso ote den ziurtatzen bada”.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko azaroaren 12an.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1415492

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web